astekaria 2016/12/23
arrowItzuli

mundua

EBren eta Marokoren arteko arrantza akordioak ez du eraginik Saharan

Ander Perez Zala

EBren eta Marokoren arteko arrantza akordioak ez du eraginik Saharan

Marokok eta EB Europako Batasunak arrantza eta nekazaritza liberalizatzeko 2012ko otsailean adostutako akordioak ez du eraginik Mendebaldeko Saharan. Hala ebatzi du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak: «Mendebaldeko Sahara itunetik kanpo geratu zen». Marokoren okupazioa gorabehera, Saharako herriak beste aitortza bat jaso du.

2015eko abenduan partzialki baliogabetu zuen itun hori Europako Auzitegi Orokorrak, Mendebaldeko Saharan legez kanpo aplikatzen ari zela argudiatuta; Fronte Polisarioak aurkeztu zuen errekutsoa. Atzo, ebazpena ezagutaraztearekin batera, auzitegiak azaldu zuen helegite hori aurkezteko beharrik ez zegoela. Honela argudiatu du erabakia: «Akordioak ez du aipatzen Mendebaldeko Sahara, eta Fronte Polisarioaren borroka zilegia da, NBE Nazioa Batuen Erakundearen iritziz. Auzitegi Orokorrak ez ditu kontuan hartu nazioarteko zuzenbideko legeak; alegia, Mendebaldeko Sahara ez dela Marokoko Erreinuaren parte». Horren ondorioz baliogabetu du joan den abenduko erabakia. Gainera, Batasuneko auzitegiak ohartarazi du Europako Kontseiluak ez dituela aztertu itunaren ondorioak: «Kontseiluak huts egin du Marokok Mendebaldeko Sahararen baliabide naturalak ustiatu izanak sahararrengan duen eragina aztertzerakoan».

Fronte Polisarioaren Europarako ordezkari Mohamed Sidatik «pozez» hartu du erabakia: «Europako justiziak argi dio Marokok ez duela ez subiranotasunik eta ez zilegitasunik Mendebaldeko Saharan. Gainera, Saharako herriaren autodeterminazio eskubidea berresten du ebazpenak». Sidatik 28 estatukideei eskatu die sententzia onar dezatela, eta Marokoren «legez kanpoko okupazioa sendotzen» duten akordioak, finantzaketa eta proiektuak amai ditzatela. Fronte Polisarioaren ustetan, Mendebaldeko Sahararen baliabide naturalak ustiatzen dituztenen «gaizkidea» da Europako Batasuna, gatazkaren amaiera baketsua lortzeko «beste oztopo bat».

Ebazpenaren berri izan eta gutxira, EBren atzerri politikarako buru Federica Mogherinik eta Marokoren Atzerri ministro Salahddine Mezouarrek EBren eta Marokoren lankidetzaren garrantzia azpimarratu dute, ohar bateratu batean. Maroko-EB harremanak «inmunizatzeko» deia egin dute Marokoko agintariek, Efe berri agentziak zabaldu duenez; Saharak Marokoren parte izaten jarraituko duela defendatuko dute. Joan den irailean, EBko Justizia Auzitegiko abokatu Melchior Watheletek iragarri zuen EBren eta Marokoren arteko akordioa ezin zitekeela aplikatu Mendebaldeko Saharan. 2014ko urrian, berriz, auzitegiak atzokoaren antzeko ebazpena bat eman zuen. Suediako arrantza «ilegaltzat» jo zuen Mendebaldeko Saharan.

Ibilbide gatazkatsua

Ituna urtebetez luzatu zuten Marokok eta EBk, 2011ko uztailean. Zailtasun handiak izan zituen azken horrek. Izan ere, 27 estatu kideetatik hogeik baino ez zuten babestu akordioa; hiru herrialde kontra agertu ziren, eta beste lau abstenitu egin ziren. Marokok Mendebaldeko Saharako itsas eremuan arrantzatzeak errezeloak sortu zituen zenbait estaturen artean, baita han egiten dituen giza eskubideen urraketak ere. Itunaren arabera, 138 ontzik jaso zuten hango uretan arrantzatzeko baimena. Marokok, trukean, 36,1 milioi euro hartzen ditu urtean.

Urte hartako abenduaren 14an, baina, ituna luzatzearen aurka agertu zen Europako Parlamentua. Carl Haglund diputatuak egindako txostena bozkatu zuten parlamentariek, eta, horren arabera, ituna legez kanpokoa da, besteak beste, sahararren baliabide naturaletan esku hartzen duelako. 326 diputatuk sostengatu dute txostena, eta 296 aurka agertu ziren. Marokok, berriz, gauerdira arteko epea eman zien Europako ontziei haren urak uzteko. Fronte Polisarioaren iritziz, Europako Parlamentuak giza eskubideekiko «konpromisoa» berretsi zuen erabaki horrekin. Hala ere, hurrengo urteko otsailan akordio berri bat lortu zuten bi aldeek. Tartean liskarrak izan ziren, eta 2013ko abenduan berritu zuten arrantzarako eta nekazaritzarako ituna.

Mendebebaldeko Sahararen lurraren %80 dago Marokoren kontrolpean—kostaldeko zatia barne—; Fronte Polisarioak independentzia eskatu du hainbatetan, eta autodeterminazio erreferendum bat antola dezala. Marokok 1976an okupatu zuen Mendebaldeko Sahara. Urteetako gatazka armatuaren ostean, 1991an Marokok eta Fronte Polisarioak su-etena sinatu zuten: NBEko Bake Plana. Minurso eratu zen orduan erreferenduma antolatzeko, eta data ere ezarri zen: 1992ko urtarrilaren 26a. Erroldan, 74.000 saharar zeuden. Ez da sekula galdeketarik egin.

BERRIAn argitaratua (2016/12/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA