astekaria 2016/12/23
arrowItzuli

bizigiro

Desordenari buelta ematen

Urtzi Urkizu

Desordenari buelta ematen

Etxean ordena jartzeko bi gaitasun behar dira: atsegin zaiguna gorde eta gainontzekoa botatzea, eta mantendu ditugun gauzak non jarri erabakitzea. Ordenan, garrantzitsuena ez da erabakitzea zer botako dugun, baizik eta bizitza guztirako zer gorde nahi dugun erabakitzea». Japoniako Marie Kondo budistaren hitzak dira. Munduko etxe askotan ordena jartzen ari den guruarenak. Etxe barneko antolaketari buruzko lau liburu idatzi ditu, eta, 30 herrialdetan, sei milioi ale baino gehiago saldu ditu. Munduan eragin handiena duten 100 pertsonen zerrendan sartu zuen iaz Time aldizkariak. Kondo ziur dago etxeko ordenak bizitzari eragiten diola. Haren teorien arabera, pertsona batek bere etxea «modu egokian» ordenatzen badu, ez du berriro egin beharko. «Horretara jartzen direnek hobe dute ez hastea oroitzapen nostalgikoak sortzen dituzten objektuekin. Hobe zerbait errazagoarekin hastea: arroparekin».

Ordenaren «magiari» lotutako best seller-aren ostean, Kondok beste liburu bat idatzi du: KonMari metodoaren gida bat da, erakusteko arropa nola tolestu —eskuoihalak eta arropak bertikalean gordetzea proposatzen du—, armairuak eta tiraderak nola antolatu; liburuak, paperak eta gainontzeko objektuak nola ordenatu behar diren. Etxea «zoriontasunez» betetzea da asmoa.

Daniel Marañon psikologo klinikoa da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Nortasuna, Balioespena eta Psikologia tratamendua Saileko irakaslea. Haren iritziz, etxeko ordenak, berez, ez du zoriontasuna areagotzen edo handitzen. «Hala ere, ordena orekatua izateak herritarren eguneroko bizitzan lasaitasuna eta ongizatea ezar dezake. Ordenak espazioa handitzen du, bista arinarekin espazioa modu erraz batean arakatu ahal izango da. Horrek, adibidez, garbitasuna islatuko du». Marañonen iritziz, etxean edo lan egiten den tokian gauza asko eta desordenatuak izateak estresa sor dezake. «Gauza asko desordenatuak izatea gure barneko isla baino ez da. Hau da, gauzak ez baditugu antolatzen, berez lanpetuta edo estresatuta gaudelako, gerora gauzak desantolatuta ikusteak estres handiagoa sorraraziko digu». Etxe bakoitza mundu bat da, edonola ere. Marañonek uste du ordenak eremuaren «garbitasun bisuala» dakarrela, eta horrek, era berean, estresa aldendu dezakeela. «Gainera, askoz ere eraginkorragoak izango gara gauzak bilatzeko edo gordetzeko orduan, eta ez dugu denbora galduko. Beste kontu bat da Marie Kondok proposatzen duen metodoa, hau da, soilik gelditzea zoriontasuna transmititzen diguten gauzekin». Psikologoaren iritziz, best seller-ak saltzeko metodo on bat baino ez da Kondorena.

Japoniako guruaren jarraitzaileak mundu osoan daude. Euskal Herrian ere badira herritarrak, haren liburuak irakurri, eta metodoa betetzen dutenak. Jarraitzaile horietako bat da Susana Perez-Mallaina irakaslea: «Kondoren metodoak bere alde onak ditu. Gustatu zait ideia, eta ados nago esaten duenean etxean bakarrik maite dituzun gauzak gorde behar dituzula». Metodoari erabilgarritasuna aurkitu dio: «Kontu batzuetan, haren irizpideak hartu ditut kontuan, eta ongi joan zait. Adibidez, haren arauei jarraituta antolatu ditut lepoko zapiak. Baina jertseekin, ordea, ez zait erosoa iruditu».

Ordenarekin, oreka

Badira pertsonak, etxean desordena nagusitzen bada, urduri jartzen direnak. Horietako bat da Ana Rosa Arizmendi Lehen Hezkuntzako irakaslea: «Etxean gauzak ordenan ez badaude, oreka galtzen dut. Etxean ezin naiz telebista aurrean eseri, ez badut aurretik etxean ordena minimo bat ikusten. Lantokian gauza bera gertatzen zait; dena kontrolpean izan behar dut». Perez-Mallainak ere nahiago izaten ditu gauzak ordenatuta ikusi: «Etxea gauzaz beteta eta desordenaturik edukitzeak egonezina sortzen dit. Objektuak ondo antolatuta badaude, ordea, horrek lasaitasuna ematen dit, eta etxean toki gehiago lortzen baduzu, are hobeto». Perez-Mallaina, Arizmendi bezala, urduritu egiten da etxea ordenatuta ez badago: «Nahiz eta gauzak non dauden jakin, desordenak estresa sortzen dit».

Maria Maritxalarrek 84 urte ditu, bakarrik bizi da, eta harentzat ere ez da garrantzi gutxikoa etxea ordenan izatea: «Etxeak norbera nolakoa den erakusten du. Kezka sortzen dit etxeko gauzak ordenan ez izateak. Zenbaitetan, eremu batzuk desordenatuago egoteak ez du axola hainbeste, baina beste batzuetan, bai». Gazteagoa zenean, ordenaren inguruko kontuekin ez zen hainbeste kezkatzen. «Badaude bizitzan kontu garrantzitsuagoak, eta askotan utzi izan dut ordenarena bigarren mailan. Adibidez, beste pertsonekin dugun harremana garrantzitsuagoa da hori baino. Edonola ere, kontuan hartzeko gaia da etxea ordenan izatea. Pertsonaz asko esaten du».

Ez da Arizmendiren, Perez-Mallainaren eta Maritxalarren kasua, baina badira ordenarekin gaixotu arte itsututa bizi direnak. Pertsona horiek agertzen duten psikopatologia nahasmendu obsesibo-konpultsiboa da. Marañonek azaldu duenez, pertsona horiek gehiegizko garrantzia ematen diote ordenari, garbitasunari edota gauzak era simetriko batean izateari. «Portaera horien bueltan, kutsatzeko beldurra edota hondamendi baten beldurra izan daitezke. Garbitasuna edo ordena beldur eta antsietate hori desagerrarazteko modua da», gaineratu du psikologoak.

Arizmendik dio bere aitak —90 urte ditu— ez duela halako patologiarik, baina haren filosofia oso lotuta dagoela oreka ematen duen ordenarekin. «Toki bat gauza bakoitzarentzat, eta gauza bakoitza bere tokian». Hala esaten du beti Arizmendiren aitak. «Ez da garbiena gehien garbitzen duena, gutxien zikintzen duena baizik. Teoria horien arabera du aitak bizitza antolatua. Egunero egiten ditu etxeko lanak. Eta, adibidez, edalontzi bat erabiltzen badu, une horretan bertan garbitzen du». Arizmendik berak ez du sakrifiziotzat jotzen etxea ordenan jartzeko pasatzen duen denbora: «Ordena gustukoa dut; dena bere lekuan edukitzea gustatzen zait. Atsegin handia ematen dit gauzak ordenatzeak, ondo ikus daitezen, eta zer dagoen kontrolatzeko. Ordenatzea ez da lana, plazera da». Haren etxean, ordea, ez dira denak horrelakoak. «Etxeko besteak ez dira ni bezalakoak ordenari dagokionez, eta horrekin askotan sufriarazten didate».

Etxe aldaketak

Kondori maiz galdetzen diote ea hobea den ordena jartzea etxe aldaketa bat egin aurretik, ala ondoren. «Aurretik! Hala aldarrikatzen dut beti. Nahiz eta oraindik ez dugun etxe berria aurkitu, daukaguna ordenatu behar dugu, luzamendurik gabe. Zergatik? Orain bizi garen etxeak eramango gaituelako berrira. Izan ere, etxe guztiak sare bategatik lotuak daude».

Etxez aldatzean, zenbaitetan, gauza asko botatzen dira. Marañonek azaldu duenez, zerekin jarraitu eta zerekin ez tentuz begiratzen da etxe aldaketetan: «Zer izango da baliagarria etorkizunean? Zeri atera diogu erabilgarritasuna? Urteetan metatutako objektuak begiratzeak zenbait emozio aktiba ditzake, segun eta nolako balioa eta esanahi pertsonala ematen diegun objektu jakin horiei». Perez-Mallainari iruditzen zaio etxe aldaketak beti aprobetxatu behar direla, «maitasunez», gauzak botatzeko.

Etxez aldatu gabe ere, soilik zoriontasuna ematen duten objektuekin gelditzea aholkatzen du Kondok. Maritxalarrek uste du etxea «arindu» daitekeela, baina ez dela beti erraza izaten. «Askotan bihotzak ez dizu uzten etxea arintzen. Buruak, agian, esaten dizu zerbitzurik ematen ez duten objektu batzuk bota behar direla, baina bihotzak ez dizu uzten. Ia baliorik ez duten gauzak gordetzen ditugu sarritan». Kondok bere best seller-ean alde praktikari begiratzen dio: «Bota ezin duzun zerbait topatzen duzunean, tentuz pentsatu behar da zein den bizitzan duen eginkizuna. Ezustekoa hartuko duzu ikustean objektu askok bere eginkizuna betea dutela. Egin duten ekarpena aitortu, eta esker onez joaten uzten dituzunean, bizitzan dituzun objektuak benetako ordena batean jarriko dituzu». Marañonek, ordea, nabarmendu du objektu bat botatzeak edo mantentzeak zenbait emozio azalarazi ditzakeela: tristura, poza, gorrotoa, beldurra... Emoziorik gabe ere zaila izaten baita bizitzaren ordena.

BERRIAn argitaratua (2016/12/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA