astekaria 2016/12/23
arrowItzuli

mundua

Hagaren aurkako erasoaldia

Ander Perez Zala

Hagaren aurkako erasoaldia

Justizia existitzen bada, denentzat izan behar du; ez da inor kanpoan utzi behar: bestela, ez litzateke justizia izango». Paul Auster eleberrigile estatubatuarraren esaldiak ezin hobeki definitzen du NZA Nazioarteko Zigor Auzitegian azken hilabeteotan gertatzen ari dena. Burundik, Gambiak eta Hegoafrikak auzitegitik ateratzeko tramiteak hasi dituzte, eta Afrikako beste hainbat herrialde bide bera hartzear daude. Erabaki horiekin, nazioarteko auzitegiaren ahultasuna ageriago geratu da. Denbora gutxian, kolpe gogorrak jaso ditu Hagako auzitegiak.

Azken hilabeteotan areagotu egin dira NZAri eginiko kritikak. Afrikako agintari kritikoek «arrazistatzat» dute erakundea, eta soilik kontinente horretako herrialdeetako kasuei garrantzia emateaz akusatu dute. Burundi eta Hegoafrikaren ostean, Gambiak bide bera abiatu du, baina, oposizioak presidentetzarako hauteskundeak irabazi ostean, ezjakintasuna da nagusi gai horren inguruan. Presidente berriak ez du auzitegitik atera nahi, baina ezinezkoa da atzera egitea herrialdeko egoera konpondu arte.

Gainera, Kenyak, Txadek, Kongoko Errepublika Demokratikoak, Boli Kostak eta Afrika Erdiko Errepublikak iragarri dute zalantzak dituztela, eta aztertzen ari dira parte hartzen jarraitu ala ez. Laburbilduz, Afrikako estatuen babesa galtzen hasi da nazioarteko auzitegia. Oraingoz herrialde gutxi diren arren, sinbolikoki pisua dute erabaki horiek, Afrikako hainbat herrialde lehenak izan baitziren auzitegiaren sorrera bideratu zuen Erromako Estatutua sinatzen. Gainera, Afrika da sinatzaile gehien duen eremua: 34 herrialde.

Orotara, 124 estaturen sinadura du testuak. Afrikako agintariek gehien erabilitako argudioa da NZA «kolonialismo mota berria» dela. Datuak azterturik, pentsa daiteke argudioak pisua duela, baina ez da hala. Egun, hamar kasu ikertzen ari da auzitegia —Hagan du egoitza, Herbehereetan—. Horietatik bederatzi Afrikako estatuetako kasuak dira: Kongoko Errepublika Demokratikoa —bi kasu—, Uganda, Afrika Erdiko Errepublika, Libia, Boli Kosta, Mali, Darfur eta Kenya. Hamargarrena Georgia da. Kritikak ikusirik, auzitegiko fiskalburu Fatou Bensouda gambiarrak pisuzko erantzuna eman du: bederatzi ikerketa horietatik sei, herrialdeek berek eskatuta abiatu dituzte. Libia eta Darfurren kasuan, NBE Nazioa Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak eskatuta hasi dira, eta, Kenyaren kasuan, aurreko fiskalburuaren lanari jarraituz —2003tik 2012ra Luis Moreno Ocampo argentinarra izan zen fiskalburua—. Auzitegiaren lanaren aldekoen ustetan, agintari afrikarrek nazioarteko justizia saihestu nahi dute. Eta badirudi arrazoia dutela: Burundik urriaren 7an iragarri zuen nazioarteko auzitegitik ateratzeko asmoa, Hagak herrialdeko presidente Pierre Nkurunziza ikertuko zuela iragarri eta gutxira. Herrialdeko presidenteorde Gaston Sindimworen hitzetan, «beltzen eskubideak zapaltzea da NZAren helburua». Nazioarteko hainbat erakunderen arabera, genozidio bat gertatzear da Burundin. Hegoafrikaren kasuan, Jacob Zuma presienteak argudiatu du nazioarteko auzitegiaren lana bateraezina dela lege nazionalekin eta immunitate diplomatikoarekin. Zumak 738 ustelkeria salaketa ditu. Dena den, auzitegitik irteteko eskatu eta urtebetera aterako dira ofizialki erakundetik; beraz, atzera egiteko aukera dute oraindik.

Irekitako hamar kasu horiez gain, auzitegia atariko azterketak egiten ari da beste hamar herrialdetan: Afganistan, Burundi, Kolonbia, Nigeria, Gabon, Gineako Errepublika, Palestina —joan den urtean sartu zen auzitegian PAE Palestina Askatzeko Erakundea—, Komoreetako Batasuna, Ukraina eta Erresuma Batua. Azken horren kasuan, britainiar soldadu batzuk Iraken gerra krimenak egiteaz leporatu dituzte —hilketak eta torturak barne—.

NBEko idazkari nagusi ohi eta NZAren bultzatzaile Kofi Annanen iritziz, Afrikako herritarrak Hagaren alde daude, «batez ere gerra krimenen eta genozidioen biktimak». Auzitegiaren beharraz ohartarazi du The Guardian egunkarian idatzitako iritzi zutabe batean: «Afrikarentzat, NZA da auzitegirik sinesgarriena. Afrikak nazioarteko auzitegia nahi du. Afrikak nazioarteko auzitegia behar du. Afrikak nazioarteko auzitegia babesten jarraitu beharko luke».

Erromako Estatutua

2002an ekin zion lanari erakundeak. Hiru urte lehenagoko Erromako Estatutuaren ondorioz sortu zen nazioarteko auzitegia, NBEk bultzatuta. 124 herrialderen sinadura duen arren, soilik 30 bat estatuk berretsi dute. Berretsi ez dutenen artean, nazioarteko potentzia nagusi batzuk daude, hala nola Txina eta AEB Ameriketako Estatu Batuak, nahiz eta ituneko kide ez den —eta Errusia duela gutxira arte—. Alegia, NBEko Segurtasun Kontseiluan beto eskubidea duten bost herrialdetik bi. Horrek ere eragina du kasuak abiatzerakoan. Izan ere, NBEk kasuak irekitzeko eskaerak egin ditzake, baina beto eskubidea duten herrialdeek eskariaren bidea eten dezakete kasua auzitegira iritsi baino lehen. Esaterako, 2014an NBEko 65 estatuk eskatu zuten Siriako gatazka iker zezala auzitegiak, baina eskaerak ez zuen bidea hasi, Txinak eta Errusiak beto bidez blokatu baitzuten.

NZAk lau krimen mota epaitzeko eskumenak ditu: genozidioa, gerra krimenak, erasoak, eta gizateriaren aurkako krimenak. Ezaugarri horiek dituen auzitegi baten beharrak ahalbidetu zuen NZAren sorrera. Aurrez, Nurenbergeko (Alemania) eta Tokioko (Japonia) auzitegiak sortu zituzten, II. Mundu Gerrako krimenak epaitzeko; 90eko hamarkadan, berriz, Jugoslavia zenekoa —Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegia, 1993an—, eta Ruandako genozidioak epaitzeko —Ruandarako Nazioarteko Auzitegia, 1994an— auzitegi bereziak sortu zituzten, soilik kasu horiek epaitzeko. Epaitegi horien harira, nazioarteko auzitegi iraunkor baten beharraz konturatu ziren NBEn. NZAren helburua da «justizia egitea, nazioarteko komunitatearen izenean».

Datuei begira, hamalau urtetan lau epaitza eta 1.000 milioi dolar gastatu ditu (929 milioi euro) auzitegiak. Errusiaren iritziz, lan «eskasa» egin du. Eztabaidak izan dira erakundearen finantzaketaren inguruan, egin duen lanak «ez duelako justifikatzen gastatzen duen dirua», Moskuk zabaldu dutenez. Estatu kideengandik jasotzen du dirua nazioarteko auzitegiak, bakoitzaren irabazien arabera; muga bat du, herrialde orok ezin baitu auzitegiaren aurrekontuaren %22 baino gehiago eman. 2016an, 139,59 milioi eurokoa izan da auzitegiaren aurrekontua, aurreko urtekoa baino ia 10 milioi euro gehiago —130 milioi euro—. Zifra urtero areagotu da. Estatu Kideen Asanblean erabakitzen dute aurrekontua, auzitegiaren kudeaketarekin zerikusia duten gainontzeko gaiak zehaztearekin batera; urtean behin elkartzen dira, gutxienez.

NZAren eskumenak bi kasutan aplikatzen dira. Erromako Estatutua berretsi duen herrialde bateko herritarrak epaitu ditzake auzitegiak, baita estatutua berretsi duen herrialde batean egindako krimenak ere. Hau da, testua berretsi ez duen estatu bateko herritar batek krimen bat egiten badu ituna berretsita duen herrialde batean, NZAk norbanako hori epaitzeko aukera du.

Lau sententzia

Hamalau urtean, lau sententzia eman ditu NZAk. Lauak, Afrikako kasuetan. 30 urteko espetxe zigorrak ezarri ditzake auzitegiak, gehienez. Hori da egiten zaion beste kritiketako bat: hamalau urtean lau sententzia egin izana.

Lehen sententzia 2012ko martxoan eman zuen. 2002 eta 2003 artean Kongoko Errepublika Demokratikoan izandako gatazkan UPC Kongoko Abertzaleen Batasuneko Thomas Lubanga umeak errekrutatzeagatik auziperatu zuten. Fiskaltzak 30 urteko kartzela eskatu zuen, baina hamalau urtera kondenatu zuten. Sei urte kendu behar izan zizkioten, epaiketa hasi arte atxilotuta itxoin behar izan zuen epea. Bigarren sententzia bi urteren ostean iritsi zen, 2014an. Germain Katanga jeneral ohia kondenatu zuen Hagak, Kongoko Errepublika Demokratikoaren iparraldean kokatuta dagoen Bogoro herrixkan gizateriaren aurkako eta gerrako krimenak egiteagatik. Hamabi urtera kondenatu zuten arren, bost urte beteko ditu kartzelan; aurreko kasuan bezala, atxilotuta pasatu zituen zazpi urteak kendu zizkioten. Hirugarrena 2016ko martxoan egin zuten. Jean Pierre Bemba Afrika Erdiko Errepublikako presidente orde ohia hemezortzi urtera kondenatu dute, baina litekeena da zigorra jaistea, auzia errekurtso garaian dagoelako, eta horrek kondenaren luzapena baldintzatu dezakeelako. Lehen aldia da Hagak norbanako bat zigortzen duela bortxaketak egiteagatik. 2002 eta 2003 artean, oposizioaren buru zenean, haren tropek bortxaketak, hilketak, esklabutza sexuala, eta haurrak errekrutatu zituzten. Azken sententzia 2016ko abuztuan eman zuen. Al Mahdi kasua ezaguna izan da jihadista bat lehen aldiz espetxeratu duelako; auzitegi islamista baten partaidea zen, eta agindu zuen Tinbuktun (Mali) meskita bat eta mausoleoak eraistea.

Bitartean, bederatzi zitazio eta 29 atxilotze agindu eman ditu auzitegiak, horien artean Ugandako LRA Jainkoaren Erresistentziaren Armadako buru Joseph Konyren aurka, eta Libiako presidente izandako Muammar Gaddafiren aurka, hura hil baino lehen. AEBei, Israeli eta Errusiari leporatu dizkiete krimen gehienak egin dituzten herrialdeak izateaz, baina estatu gisa ezin ditu epaitu, ez baitute berretsi Erromako Estatutua.

Kritiko askorentzat huts handia da NZAk beste mota askotariko krimenak epaitzeko eskumenik ez izatea: esate baterako drogen, armen eta pertsonen trafikoa, Estatu terrorismoa eta ingurumenaren kontrako erasoak. Aurrera begira, Hagako auzitegiak bere lanaren beharra justifikatzea eta sinesgarritasuna bermatzea besterik ez du, giza eskubideen defentsak eta justiziak duten garrantziaz ohartarazteko.

BERRIAn argitaratua (2016/12/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA