astekaria 2015/11/13
arrowItzuli

iritzia

Bortxaketa

Kattalin Miner

Bortxaketa Kattalin Miner

Gogoratzen dut nola irakurri nuen aspaldi bortxaketa testigantza bat, non biktima izendatuak azaltzen zuen gerora ezaguna bilakatu den «bigarren bortxaketa» hori, hain zuzen, komisaldegi eta epaitegian itaundua izatean oinarritzen dena, ziurtatzearren zenbaterainoko bortxatua omen zaren, zenbaterainoko benetako biktima, zenbateraino ez ote duzun zuk zeuk erruaren parte.

Emakume horrek instituzio eta jendarteak bortxaketa definitzeko ezinbestekotzat duen sarketa baginala ekidin zuen, eta, hortaz, ez zen haren kasua bi lagunen arteko «gaizki ulertu» batean besterik geratu. Hark, ordea, ederki azaldu zuen, bortxaketa baten «arrakasta» ez dagoela sarketan, ezta ere zehazki azpiraketa sexualean, baizik eta borondatearen ukazioan, borondatez kontrako esposizioan, boterean.

Hori guztia burura etorri zait Getxoko kiroldegiko emakumeen (eta ez gizonen) aldageletan ezkutuko kamerak jarri dituztela irakurri dudanean.

Oro har, haserrea da nagusi, eta imajinatzen ditugu hainbat aita, anaia eta mutil-lagun prest erruduna topatu eta hari hezurrak txikitzeko. Baina zein ote da kamera horien aurrean biluzi dela dakienaren sentsazioa? Izan ere, pentsa dezakegu izerditutako arropak aldatu, dutxa bat hartu eta kaleko arropak janztea ez dela berez ekintza sexual ez bulnerablea, baina bai ordea ekintza hori bera norberaren borondatetik at grabatzea.

Kontua da gehiengoaren haserrea ez dela hortik kanalizatuko ziurrenik, baizik eta kamera horren atzean dagoenak (edo daudenak) buru gaixoa behar duela izan horrekin eszitatuko bada, edo kabroi hutsa, hori bera beste zerbaitetarako erabiliko badu.

Inoiz ez dugu pentsatzen egiturazko jendarte patriarkalak onartzen diola, berriro ere, boterea gailendu eta inpunitate osoz aritzeko aukera. Bortxatzeko mila modu daudela, eta bortxaketaren «arrakasta», emakume hark aspaldi erakutsi zidan bezala, ez dagoela sarketan.

BERRIAn argitaratua (2015/11/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA