astekaria 2016/12/23
arrowItzuli

bizigiro

Errauts artetik nola berpiztu

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Errauts artetik nola berpiztu

Errauts bihurtutako bizitokiak. Izan zenaren hondar ale txikituak. Alepo eta Homs (Siria) dira, 2016an, 1936ko gerran Gernika izan zen hura; gauza bera Varsovia 1945ean edo Sarajevo 1996an; Bagdad 2011n edo gaur. Errepikatzen den irudia da suntsitutako herriena, baina telebistan ez da suntsiketaren osteko hiriaren berri ematen. Bonbek eraitsitakoa eraiki beharra dago gero. Gernika bada Gernika ondoren ere. Motela da berreraikuntza prozesu hori, Carlos Itriago Bartzelonako Unibertsitateko arkitektoaren arabera. «Oso luzeak izan ohi dira hondamendiaren osteko egunak, berriz pentsatu behar direlako hiriak. Edonola ere, etsipena nagusi den giro hori abagunea ere bada». Baina arriskua du «abagune» horrek, Itriagoren hitzetan; aktore batek baino gehiagok parte hartu nahi dutelako prozesu horretan, nork bere interesen arabera: herritarrak, batetik, eta botere ekonomikoak edo politikoak, bestetik.

Palmira (Siria), Hiroshima (Japonia), Granollers (Herrialde Katalanak), Coventry (Erresuma Batua) Amatrice (Italia), Manat (Ekuador), Haiti... Gerrak suntsitutakoak ala hondamendi naturalek eraitsitakoak. Ezberdina da kasu bakoitza, eta, bakoitzak bere era du suntsitutakoa berregiteko ere. Baina bada guztiek partekatzen duten zerbait: suntsiketek ala hondamendi naturalek eten egiten dute hiriek berezkoa duten historia eta garapena. «Nahasketa bat sortzen da herritarrengan lehen momentutik: tragediak eragiten duen mina, hil direnekiko eta bizirik daudenekiko erantzukizuna, eta berria den zerbait egiteko aukera». Adibidea ere jarri du Itriagok. Caracasko unibertsitatean ari zen lanean 1999ko abenduaren 15ean, eta hainbat eguneko euriteen eta uholdeen ondorioz, luizi batek Venezuelako Vargas estatua erabat suntsitu zuen. «Telebistan 30.000 hildako baino gehiago zeudela ikusten genuen bitartean, hainbat irakasle elkartu egin ginen unibertsitatean, egin beharreko esku hartzeak lehenbailehen zehaztu, eta gobernuari proposamenak egiteko. Elkartasun mugimendua izugarria izan zen herrialde osoan».

Suntsitutako hirigune baten berreraikuntzan hiru bide har daitezkeela nabarmendu du arkitektoak: «Hiri zaharraren kopia egin daiteke, dena berdin mantenduta. Baina hiriak zituen hutsak erreproduzitzen dira aukera horrekin». Kontrako norabidea ere har liteke: hiri zaharretik geratu diren hondarrak suntsitu, eta hutsetik abiatzea, alegia. Frantziako Havre hirian egin zuten hori. «II. Mundu Gerraren ondorioz hiriaren %70 suntsitu zen, eta hiri modernoa egiteko aukera ikusi zuten. Hiri zaharrarekin zerikusirik ez duen Havre berria dago orain, erabat artifiziala dena». Beste aukera bat ere aipatu du Itragok, eta, azken hori da, haren ustez, zuzenena: «Dagoenetik abiatzea da egokiena, hondamendi baten ondoren ere, beti geratzen baita zerbait: kalearen ala errekaren inguruko eraikinen ordena, adibidez. Dagoenaz baliatu, eta hiria hobetzeko parada ematen du horrek, nolabait».

Memoria indibidualean eta kolektiboan esangura dute hirietako espazioek. Hala, hirigunea suntsitu arren, mantendu egiten da espazioen zentzu hori. «Berregite lanetan herritarrek memorian duten esangura horrekin egin behar da lan. Baina, horretarako, ezinbestekoa da tokian tokiko berreraikitze proiektuak, tokiko herritarrekin eta haien beharren arabera egitea». Horrek, sarritan, interes ekonomikoen kontra doa, «hiri baten berreraikuntzak diru asko mugitzen duelako». Gerran hiria suntsitu duten botere berberek eman dezakete, hortaz, hirigunea berriz eraikitzeko dirua.

2010ean Haiti astindu zuen lurrikara ere ekarri du gogora. «Estatuak ez zuen baliabiderik hondamendiaren gastuei aurre egiteko, eta asko izan ziren Haiti diruz lagundu zuten herrialdeak». Tartean, Erresuma Batuko printzeak ere egin zuen bere ekarpena. «Miami antzeko bat eraikitzeko jarri nahi zuen dirua. Hori lotsagarria da. Dirua jartzen duenak ez luke zehaztu behar berreraikitze proiektua. Baina, zoritxarrez, hala gertatzen da».

Berreraikuntzen erabilera

Hondamendiaren osteko etsipenaz ala shock egoeraz baliatzen dira botere ekonomikoak, Naomi Klein analista kanadarraren arabera. Katrina urakanak New Orleansen eragindako triskantzak eta Irakeko gerrak utzitako egoerak jarri ditu adibide gisa, Shockaren doktrina liburuan. Hala definitzen du gerra ala natura hondamendien ondorengo egoera: «Merkatu askeko ekonomiak sortzeko arbela zuria». Aukera bat, finean. «Iraganeko politikak ezabatzeko eta salerosketa askeko ereduak ezartzeko modu bat». Datuak ematen ditu Kleinek liburuan. Urakanaren aurretik 123 ikastetxe publiko zeuden New Orleansen; lau besterik ez ziren hondamendiaren ondoren. Antzeko hitzak erabili zituen American Entreprise Institute gogoeta plataformak ere. «Katrinak egun batean lortu zuen, urte luzeetako ahaleginen ondoren ere, Louisianako hezkuntza erreformatzaileek lortu ez zutena».

Berreraikuntzetan dagoen zama ideologikoa aipatu du Itriagok, eta Varsovia aipatu du. «Poloniarrentzat ikurra zen Varsoviako hiria, eta alemaniarrek guztiz suntsitu zuten horregatik. Bonbardatu ez ezik, kare biziarekin ere estali zuten, guztiz desagerrarazteko helburu garbiarekin. Gerra ondoren, hiria eraikitzean, jarraitutasuna erakutsi nahi izan zuten poloniarrek. Munduari erakutsi nahi izan zioten Varsovia bizirik zegoela oraindik ere; alde zaharra berdin-berdin eraiki zuten horregatik».

Gernikak ere bazuen zama emozionala (Bizkaia). Baina 1936ko gerraren ondorioz suntsitutako gainontzeko herrien modura, oso bestelakoa izan zen berreraikuntza prozesua. Herriak suntsitu zituzten berberek izan baitzuten berreraikuntza ardura: frankistek, alegia. Eibar, Elgeta, Irun (Gipuzkoa) eta Gernika izan ziren 36ko gerran airez egindako erasoek gehien zigortu zituzten herriak, Javier Muñoz EHUko Artearen Historiako irakaslearen arabera. «Propagandarako erabili zituen berreraikitze lanak erregimen frankistak. Guztiz ideologikoa izan zen 36ko gerra osteko hirien eraikuntza berria, eta estatu berriaren handitasuna eta eskuzabaltasuna izan zituen oinarrian».

Suntsitutako Eskualdeen Zuzendaritza erakundea ere sortu zuen erregimen frankistak, eta 1957ra bitarte egon zen indarrean. «Hirien konponketa lanak asko luzatu ziren. Eibarren, adibidez, suntsitu eta 27 urtera bukatu zituzten lanak».

Berezia da 36ko gerra osteko hirien eraikuntzaren kasua. «Errepublikaren alde borrokatu ziren presoen eskulanaz baliatu ziren eraikuntza lanak egiteko. Horrek areagotu egiten du hirien eraikuntza ideologikoa».

Frankismoak gerra irabazi zutenen memoria goraipatzeko erabili zituen hiriak, Muñozen arabera. «Memoria berri bat egituratu zuten hirien berreraikuntzarekin batera».

BERRIAn argitaratua (2016/12/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA