astekaria 2016/12/23
arrowItzuli

ekonomia

Gabonetako ilusioa bikoiztuta

Lander Muñagorri Garmendia

Gabonetako ilusioa bikoiztuta

Gabonetako egunak bereziak dira gizartearen zati handi batentzat. Urtea amaitu aurreko azken egunek ilusio berezia sortzen dute, eta kontsumoak gora egiten du: opariak, otorduak, ihesaldiak... Ilusioa orokortua izaten da askotan, baina horren truke inork irabazirik lortzen badu, merkataritzak eta ostalaritzak lortzen dute. Dendari askok urteko diru sarreren erdiak sasoi horretan biltzen dituzte, eta, horregatik, ilusio bereziarekin begiratzen diete Gabonei. Haurrek jostailuak jasotzen dituztenean bezala. Eta aurten aurreko urteetan baino gogo handiagoarekin begiratzen diote kanpainari, 2015ekoarekin alderatuta salmenta handiagoak izatea aurreikusten baitute. Eta horrek, era berean, eragina izango du kontratazioetan, aldi baterakoak izango diren arren. Gabonetako ilusioa, beste urte batez, haurrengana baino jende gehiagorengana iritsiko delako aurten ere.

Randstad giza baliabideen agentziak aurreikuspena egin du Gabonetako kanpainaren aitzakiarekin egingo diren kontratazioen inguruan: Hego Euskal Herrian 2015ean baino ia 3.000 kontratu gehiago egingo dira ostalaritza, merkataritza eta banaketa sektoreetan. Hau da, %11 haziko da kontratazioa, eta denetara 26.950 kontratu berri egingo dira, agentziaren kalkuluen arabera. Kopuru hori 2008. urtetik izan den handiena da, eta horregatik espero daiteke sektore horietan ere azken urteetako Gabon kanpainarik indartsuena izatea.

«Badirudi adierazle gehienak positiboak direla: merkataritzako kontsumoak gora egin du, baita automobilen salmentak ere. Horrek agerian uzten du familietan diru gehiago dagoela eskuragarri». Horregatik, ostalaritzan gehiago kontsumituko dela ondorioztatu du Kino Martinez Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko idazkari nagusiak. Daturik ez du eman berak, baina adierazi du Gabonak direla-eta egiten diren bazkari eta afarien kopuruak gora egin duela, eta hori kanpaina on baten adierazle izan daitekeela. Aurten, ordea, egutegiak ez die lagundu ostalariei, Gabonetako egun indartsuenak asteburuan tokatu direlako, eta ondorioz jaiegunik ez delako egongo aste barruan. «Nik uste dut jendeak jaiegunak berdin-berdin eskatuko dituela, eta ez duela askorik eragingo». Aurtengo kanpainarekin baikorra da.

Aurreko urteetan baino poztasun handiagoa sumatzen du Martinezek, eta, beste behin ere, Gabonetako kanpainak urtea biribiltzeko balioko du. Aurtengoa ere ez da salbuespena izango, are gehiago, «gorabehera handiko urtea» izan delako, Pedro Campo Cecobi Bizkaiko merkatarien elkarteko presidentearen arabera. «Azken bi urteetan salmentak hobetzen ari gara, baina ez dugu egonkortutako igoerarik sumatzen; urte erditik aurrera salmentak ezegonkorrak izan dira, baina gure itxaropena Gabonetako kanpaina honetan daukagu jarrita». Iazkoa baino hobea izango dela espero du berak ere, baina badaezpada zuhur hitz egin du. Edozein moduz, kontsumoa berpizteko baldintzak hobetzen ari direla sumatu du Campok: «Langabezia tasak behera egin du, kontsumitzailearen konfiantza hobetu da, lan egonkorra duten pertsonen kopurua hazten ari da, eta horrek kontsumoari laguntzen dio».

Baina hori ez da nahikoa izan urte osoko salmentak onak izan zitezen. Aenkomer Arabako merkatarien elkarteko Edurne Parrok ere Bizkaiko ikuspegia berretsi du: «Ohiko kanpaina ez da bereziki ona izan, eta espero dugu Gabonek urtea orekatzea». Kontratazioek gora egingo dutela espero du berak ere, baina garbi utziz «merkatari askok salmenta igoerari ordura arteko baliabide berberekin eutsiko» diotela.

Carlos Albillo Iruñeko Alde Zaharreko merkatarien elkarteko zuzendariak bat egin du Parrorekin puntu horretan: «Nork kontratatzen du jendea? Saltoki handiek. Gainerakook normalean pertsona berberekin eusten diogu kanpainari». Berak ere aurreikuspen onak ditu Gabonetako kanpainarako, baina nabarmendu du testuinguru osoa korapilatsua dela. «Kontsumoa kate handietan berreskuratu da, eta denda txikietan ez dago salmenten hobekuntzarik». Badaki Gabonek urtea borobiltzeko lagunduko dietela, baina horrek ez die balioko egoera orekatzeko. «Azken hamabost urteetan Nafarroak denda tradizionalen %24 galdu ditu, eta hori merkataritzaren garapen txar baten ondorio da». Merkataritza gune handien pentzutan egiten den politika baten ondorio, haren arabera. Gabonek Iruñeko merkatariei ekar diezaiekeen onuraren ilusio gutxi sumatzen da haren hitzetan.

'Black friday' eta bonuak

Merkataritza gune handiek eta kateek indar handia daukate egungo merkataritza sarean. Bai salmenten aldetik, eta bai hartzen diren erabaki komertzialen aldetik. Eta hori salatu nahi izan dute hiru merkataritza elkarteko ordezkariek. Parro: «Azken urte erdia ezegonkorra izan baldin bada, black friday-ren kanpainak zeresana izan du hor, jende askok azaroan zehar gutxiago erosi duelako egun hori noiz iritsiko zain». Hau da, BEZ gabeko salmentak iritsi artean, jendea apenas joan dela erostera, eta egun batean egin direla hilabete bateko salmenta asko. Campok hausnarketa egiteko beharra ikusten du, «ezin delako egun bakar batean beherapenak egin, eta hor amaitu kanpaina». Izan ere, uste du era horretako sustapen kanpainek «urtarrileko beherapenei edo Gabonetako salmentei eragin» diezaieketela. Erosketa asko aurreratu egiten direlako.

Albillok ere ez ditu begi onez hartu era horretako kanpainak. «Azaroa lehendik ere hilabete txarra izaten da, eta, horrelako kanpaina bat egiten baldin baduzu, okerragotu egiten da; hilabete osoan apenas egon den salmentarik». Horrez gain, Gabonei begira erosketa asko aurreratu egin diren susmoa ere badauka. «Etxetresnen kasuan ez da horrela izango, kanpaina hori erosketa horiek egiteko aprobetxatzen delako askotan; baina beste erosketa mota batzuek Gabonetako kanpainari eragin diezaiokete». Horregatik, uste du eztabaidatu egin behar dela «kanpotik datozen kanpaina» horien inguruan.

Black friday gisako kanpainekin bat egiten dute dendari askok; baina, Albilloren ustez, «halabeharrez», bestela atzera geratzen direlako. Halako kanpainak baino, merkatariek nahiago dute erosketa edo kultura bonuen gisakoak egitea. Hau da, diru kopuru baten truke bonu bat erosi, eta horrek denda jakin batzuetan balio handiagoko erosketa bat egiteko aukera ematen duena. «Kontsumoa sustatzeko laguntza onak dira horiek, eta kontsumo pausatuagoa sustatzen du, gainera», Camporen arabera. Hau da, egun bakarreko erosketa egin beharrean, tarte zabalago baterako balio duena, eta ziurtatu du horrek «merkataritza suspertzeko» balio handiagoa duela.

Gisa horietako bonuak krisi ekonomikoaren testuinguruan hasi ziren ugaritzen. Salmenten beherakadari aurre egiteko estrategia bat izan zen, eta Parrok uste du horrek ondorio positiboak izan zituela. Uste du gaur egun Gabonetako kanpaina inguratu ahala «kontsumoa pizteko» baliabide bat dela. «Testuinguru berri honetara egokitu egin beharra daukagu, eta jendea erostera animatu; horregatik, garrantzitsuak dira gisa honetako ekintzak, kontsumoari bultzada bat ematen diotelako».

Behin-behinekotasuna

Gabonen bueltan kontsumoa suspertzeko hainbat neurri hartzeak salmenten gorakada dakar, eta, horrekin batera, baita kontratazio berriak ere. Baina langile berri horien kontratuak Gabonen kanpainak irauten duena irauten du. Edozein moduz, Page Personnel behin-behineko lanen hautaketan aritzen den agentziak datua eman du: Gabonetan egingo diren kontratuen %30 luzatu egingo dira. Merkatari eta ostalariek, ordea, ez dute kopuru horrekin bat egiten, «unean uneko gabeziak betetzeko direlako kontratazio horiek», Martinezen arabera. Berdin diote gainerako elkarrizketatuek ere.

Hala ere, deigarria da ostalarien elkarteko idazkari nagusiak esandakoa: «Ostalariek askotan zailtasunak izaten dituzte langileak topatzeko». Aurretik sektorean lan egin duten zerbitzariak behar izaten dira, eta, dioenez, langabeziak behera egin izanak eragina izan du hautaketetan. «Ez dakit behin-behinekotasunak eragina izan duen, baina askotan zaila izaten da langileak topatzea». Halako irudipenik ez du Campok. Haren ustez, Gabonetako kanpainarako merkatariek hartzen dituzten langileak espezializazio gutxi behar duten lanak egiteko izaten dira, «eta askotan diru apur bat behar duten ikasleak izaten dira». Parrok ere bat egiten du harekin, «momentuko jarduera gehigarri horri aurre egiteko kontratuak izaten dira, eta espezializazio gutxikoak».

Gabonak amaituko dira, urte berria hasiko da, eta kontratatutako langile horien gehiengoa berriz ere beharrik gabe geratuko da ziurrenik. «Baina bien bitartean lanpostuak sortu ditugu, eta gizarteari aberastasuna eman diogu; horrek albiste on bat izan beharko luke», Camporen arabera. Behin-behinekotasun hori albiste ona baldin bada, aurtengo Gabonetako kanpaina positiboa izango da, aspaldiko kontratazio gehien egingo delako. Baina itzalak ere izango ditu.

BERRIAn argitaratua (2016/12/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA