astekaria 2016/12/23
arrowItzuli

gizartea

Bilboko zezen plazako sarreren salmenta erdira jaitsi da 2007tik

Ibai Maruri Bilbao

Bilboko zezen plazako sarreren salmenta erdira jaitsi da 2007tik

Bilboko zezen plazarako 105.000 sarrera saldu ziren 2007ko Aste Nagusian; aurten, 49.854 izan ziren. Hau da, krisi ekonomikoa hasi zenetik, erdira jaitsi da salmenta. «Hala ere, zezenketek 5,7 milioi euroko ekarpena egiten diote autonomia erkidegoko BPGari; 101 lanpostu mantentzen dituzte, eta 650.000 euro biltzen dira zergetan». Xabier Otxandiano Bilboko Ekonomia Garapenerako zinegotzi ordezkariak eman ditu datuak, Bilbao Ekintzak bederatzi egunez egiten diren zezenketen ondorio ekonomikoen inguruan egindako analisitik hartuta. Atzo ezagutarazi zituen datuak, udal batzordean.

Udalak, Bilboko Erruki Etxeak eta beste kide pribatu batzuek osatzen dute. Aurten, 5,4 milioi euroko gastua egin dute Bilboko zezen plazako administrazio kontseilua. Otxandianok aitortu du zezenketak errentagarriak diren arren plazak berak azken urteetan defizita sortu duela —ez du zehaztu zenbatekoa—. Hala ere, Ricardo Barkala Ekonomia Garapenerako zinegotziak ukatu egin du bilbotarrek ordaintzen dutela: «Krisi aurreko urteetan superabita izaten zuen, eta orduan administrazio kontseiluak sortutako funts bati esker ordaintzen da. Bilbotarrek ez dute zentimorik ere ipini».

Analisi horren barruan aurtengo Aste Nagusian egindako inkesta baten emaitzak sartu dituzte. Zezenzaleen soslaia egiteko erabili dute. Hamar ikusletik sei gizonezkoak izan ziren. Gehienak, 45 urtetik gorakoak; hamarretik bakarrak zeuzkan 28 urte baino gutxiago. Nagusi ziren unibertsitateko ikasketak zituztenak. Jatorriari dagokionez, hamarretik ia zortzi bizkaitarrak dira. Euskal Herritik kanpo, Espainiatik —Kantabriatik eta Madrildik—, Frantziatik eta Mexikotik etorri ziren, gehienbat. Kanpotik heldutako horien %27k Bilbon hartu zuten ostatu, eta sei gau igaro zituzten. Batez beste, zezenketa egun bakoitzeko 60 euroko gastua egin zuten; jatorria zenbat eta urrunagokoa, gastua orduan eta handiagoa. Diru gehiena ostalaritzan gastatu zuten, baina %38k dendetan erosketak egiteko ere aprobetxatu zuten joan-etorria.

Galdeketa edo pribatizatu

EH Bilduko bozeramaile Aitziber Ibaibarriagak eskerrak eman dizkio udalari azterlan hori egiteagatik: «Behintzat argi geratu da zezenketen eragin ekonomikoa askotan esan dena baino dezente apalagoa dela. 5,7 milioi ez dira esan izan diren 50ak». Hala ere, auzitan ipini ditu Otxandianok azaldutako datuak. Kasurako, 101 lanpostuena ez zaio sinesgarri iruditu: «Nondik atera duzue datu hori? Zeintzuk dira 101 lanpostu horiek? Esan zenezaketen 500 izan direla?».

Gaineratu du hirian antola daitekeen edozein ekitaldik sortzen duela aberastasuna. Eskatu du, Gasteizen bezala, kudeaketa pribatizatzeko, edo, Donostian legez, galdeketa egiteko. Esan du «zaharkitutako» azpiegitura dela, eta erakargarri egiteko kokapen txarra duela.

Azterlanaren emaitzei abegi onena PPko Luis Egiluzek egin die. «Krisiaren ondorioz salmenta jaitsi bada, eta soilik bederatzi egunez erabilita horrenbesteko eragin ekonomikoa badu, betoz halako beste hainbeste egitasmo. Makina eta erreminta biurtekoak ez badira, ez dugu ezagutzen Bilbon hainbeste jende erakartzeko gaitasuna duen ekitaldirik». Haren esanetan, aratusteek eta jaietako txosnek irabazi gutxiago sortzen dute. «Eta askori ez zaizkie gustatzen. Baina inork ez dituzue auzitan jartzen».

BERRIAn argitaratua (2016/12/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA