astekaria 2016/12/23
arrowItzuli

kirola

ARITZ ADURIZ

«Muturrera eramaten da dena futbolean; zirku bihurtu da»

Haritz Gallastegi

«Muturrera eramaten da dena futbolean; zirku bihurtu da»

Asko eskatzen dio bere buruari Aritz Adurizek (Donostia, 1981). Lehiakorra da oso. Beraz, ez dauka arazorik onartzeko Athleticen jokoak badaukala zer hobetua. Zintzo aritu da taldeak egun duen egoerari eta klubaren inguruko berriei buruz, luze eta zabal.

Urtea amaitzear dago; beraz, denboraldiaren lehen zatia ere bukatzear da. Zein analisi egiten duzu orain artekoaz?

Balantzea positiboa da: Espainiako Ligan, postu onean gaude; Europa ligan, final-hamaseirenetarako sailkatu gara; eta Espainiako Kopan, lehen kanporaketa bideratuta utzi dugu. Hala ere, badakigu gauzak hobetu daitezkeela, eta horretarako egingo dugu lan.

Emaitzak onak dira, baina asko kritikatzen ari dira taldea egiten ari den jokoa. Eztabaidaren zein aldetan zaude zu?

Kritika horrekin ados egongo nintzateke une oro egiten dugun jokoaren arabera epaituko bagintuzte. Ezin dena da bakoitzari komeni zaiona egin. Hau da, batzuetan, emaitzengatik epaitu, eta, beste batzuetan, jokoagatik. Kritika negatiboak askoz gehiago saltzen du. Interesgarriagoa da gauza txarrak plazaratzea. Badakigu jokoan gorabeherak izan ditugula, eta neurketa batzuetan ez garela behar bezala aritu. Baina inork ez dezala zalantza egin gu garela gogorrenak geure burua epaitzen. Autokritika egiten dugu. Emaitzen gainean hitz egiteko aukerarik ez dagoenean, beste kontu batzuk agertzen dira. Gainera, ez ahaztu denboraldia luzea dela, eta oraindik asko falta dela.

Athleticek emaitzak oso onak lortu ditu azken urteotan. Arrakastak gaizki ohitu du klubaren ingurua?

Bai. Baina hori ona da. Taldea dagoen egoeran inguruak kexa baldin badu, bejondeigula. Nik garai oso latzak bizi izan ditut Athleticen. Handik hona salto batean pasatu izan bagina, egun egiten ari garenarekin poz-pozik egongo zen ingurua.

Taldeak goia jo du?

Ez. Goia jo duela usteko banu, hobe nuke etxean geratu. Konbentzituta nago talde onek gaitasuna daukala beste aurrerapauso bat emateko. Guztiok gura dugu hobetu. Gauza polit bat lortzearekin egiten dugu amets.

Taldearen inguruan «gauza on gutxi» ari dela entzuten esan zion Eneko Bovedak duela gutxi BERRIAri elkarrizketa batean. Ados zaude iritzi horrekin?

Egia esan, ez diot erreparatzen gure inguruan esaten denari. Ez zait interesatzen gure gainean esaten dena. Taldearen egunerokoak eta partidak irabazteak bakarrik arduratzen naute. Futbolean izaten diren gorabeherak ez ditut ulertzen. Egun batetik bestera zerutik infernura pasatzen gara, eta gauzak ez dira horrela.

Futbolaren inguruan sortu den burbuila ez duzu gustuko, beraz.

Ez dut kontu horretan sinesten. Muturrera eramaten da futbolean, zirku bihurtu da. Interes asko dago futbolaren inguruan. Diru gehiegi dago, eta horrek dena nahasten du.

Taldeak daraman bidera bueltatuz, zergatik aldatzen da horrenbeste Athletic etxean eta etxetik kanpo jokatzen duenean? Batak eta besteak ez dute inolako antzik.

Bai. Argi dago etxean sendo aritu garela, baina kanpoan ez gara fin ibili. Arlo askotan hobetu behar dugu. Aurreko urteetan erakutsi dugu gai garela etxetik kanpo behar bezala jokatzeko eta emaitza onak eskuratzeko. Bide horretara itzuli behar dugu.

Ildo horretan, Ernesto Valverde oso haserre agertu zen Benito Villamarinen jokatutako ligako azken partidan. Besteak beste, esan zuen zenbait jokalari larregi kexatzen direla, eta horrek taldeari mesede egin beharrean kalte egiten diola.

Bakoitzak bere iritzia dauka kontu horren inguruan. Begi bistakoa da zenbaitetan protesta egiteak ez diola taldeari onik egiten. Beraz, kasu horietan ez da positiboa. Baina eztabaida horren inguruan gauza asko aztertu beharko lirateke. Batzuetan, kanpotik uste denak ez dauka zerikusirik barruan gertatzen denarekin. Niri gustatuko litzaidake epaileek mikrofono bat eramatea zelaian hitz egiten dena entzun ahal izateko. Elkarrizketa horiek ezagutaraziz gero, denok jakingo genuke zer gertatu den eztabaida bakoitzean. Hala balitz, bi aldeok askoz errespetu handiagorekin jardungo ginateke.

Athleticek Raul Garcia eta Adurizenganako menpekotasuna dauka?

Inola ere ez. Partida askotan ikusi da ez dela horrela. Raul, ni edo beste jokalariren bat falta izan denean, taldea ondo lehiatu da, eta emaitza onak lortu ditu. Athleticek historia luzea dauka, futbolari askok jokatu dute elastiko zuri-gorriarekin, eta klubak onenen artean segitzen du. Taldean ez dago ordezkaezina den futbolaririk.

Europa liga begiz joa duzue jokalari askok. Final-hamaseirenetan APOEL Nikosiaren kontra jokatuko duzue. Pozik zaude egokitu zaizuen aurkariarekin?

Kanporaketa otsailean jokatuko da. Urrun dago, eta aurrez baditugu beste erronka batzuk esku artean. Burua ez daukagu Zipreko taldeari begira. Hala ere, ilusio handia daukagu lehiaketa horretan. Baina inork ez dezala pentsa APOEL mendean hartzea erraza izango denik. Europan ez dago aurkari txikirik. Maila oneko taldeak daude. Beraz, gauzak ondo egin beharko ditugu sailkatzeko.

Zerbait handia egiteko lehiaketarik egokiena da?

Urrun ailegatzea beti da gaitza. Ligan, badakigu oso aukera gutxi daukagula txapeldun izateko; Kopan, ordea, lehiakor izateko gai gara, eta baita Europa ligan ere. Aurkari oso indartsuak daude, baina uste dugu goian ibiltzeko aukera daukagula. Ahalegina egingo dugu behintzat.

Hurrengo erronka, hala ere, Celta da, bihar, Ligan. Galiziako taldea aurkari zuzena da sei onenen artean sailkatzeko lehian.

Bai. Aurkari zuzenen kontra lehiatzen garen bakoitzean hiru puntu baino gehiago egoten dira jokoan.

Arlo pertsonalean, azken sasoietan bezala segitzen duzu, hau da, makina bat gol sartzen.

Tira, azken neurketetan ez naiz oso fin aritu, eta gustatuko litzaidake taldeari gehiago laguntzea. Baina aurrelarioi sartzen ditugun golen arabera epaitzen gaituzte. Beraz, ahalik eta gol gehien sartzen saiatzen naiz.

Hartu al duzu zure bizitzako minutu bat Genken kontra egindakoa aztertzeko —bost gol sartu zituen—.

Ez. Erretiratzen naizenean kasu handiagoa egingo diet halako kontuei, baina, jokatzen jarraitzen dudan bitartean, egunerokoari erreparatuko diot. Futbolean, gaur egiten denak balio du. Atzo egindakoak ezer gutxirako balio du. Beraz, une bakoitza intentsitate handiz bizitzen dut. Ez du denbora asko galtzen orain arte egin ditudan gauza on eta txarren inguruan hausnartzen.

Ez da erraza izango aurreko sasoiko markak hobetzea.

Posible den heinean ahaleginduko naiz. Badakit nekeza dela 36 golen langa gainditzea. Gol asko dira, baina ez daukat amore emateko asmorik.

Azken urteotan egin duzunarekin, aurkariek, teknikariek, jarraitzaileek eta hedabideek lehen baino gehiago errespetatzen zaituztela nabaritu duzu?

Ez. Ez da ezer aldatu. Beti bezala tratatzen naute. Lehen ere esan dizut futbolean inor ez dela egindakotik bizi.

Bukatzeko, zeresana ematen ari da futbolean teknologia berriak erabiltzearen inguruko eztabaida. Alde ala kontra zaude?

Alde, erabat. Ni oso teknologiazalea naiz. Teknologiak ematen dituen aukerak behar den moduan erabiliz gero, oso baliotsuak izan daitezke. Eraginkorra izan daiteke. Nahitaez futbola garatu egingo da, eta orain arraroak diren zenbat gauza normaltzat hartuko ditugu laster. Aldaketak ez dira samurrak izaten, baina gaur egun dagoen teknologiak asko lagunduko duela uste dut. Futbolaren esentzia galduko dela? Zer esango dizut... Futbola ikuskizuna da. Ikusleak ikuskizun on batez gozatzeko ordaintzen du, eta teknologiak ikuskizun hori hobetzen laguntzen baldin badu, denon mesederako izango da.

BERRIAn argitaratua (2016/12/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA