astekaria 2016/12/23
arrowItzuli

politika

Euskal erabaki eremurantz

Enekoitz Esnaola

Euskal erabaki eremurantz

«Herritarrok prest gaude bidea egiteko» esanez, 2019ra arteko bide orria aurkeztu du Gure Esku Dago herritar dinamikak Iruñean, Baluarte jauregian. Prest izena jarri dio planari. Datozen urteetako bidea lau ildotan ardaztu nahi du: galdeketetan, erabakitzeko eskubidearen aldeko itunean, herri mobilizazioan eta elkarlanean. «Bata bestearen osagarri izango dira», eta Gure Esku Dago-ren nahia da «euskal herritarrek etorkizun politikoa erabakitzea eta horretarako behar den eztabaida publikoa zabaltzea». Iragarri du «ahalik eta azkarren euskal erabaki eremua finkatu» behar dela. Izan ere, haren arabera, garai politiko «erabakigarria» da gaur egungoa, eta hitzeman du aukera honi «erantzutea helburu duen bideari» ekitera doala. Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaio herritarrak «ahalduntzea».

Bide orria Hego Euskal Herriko 2019ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeak artekoa da.

Berrehunen bat lagun izan dira Baluarteko aurkezpenean. Gure Esku Dago-k dinamikako batzordeei egin zien deialdia, eta sare sozialak ere baliatu zituen.

GALDEKETAK

Gure Esku Dago-k datorren urtea dauka zehaztuen, «hau bezalako dinamika batek ezin duelako epe ertain eta luzera begirako plangintza itxi bat diseinatu». 2017rako, gaur-gaurkoz, galdeketak 113 udalerritan izango direla aurreikusita dago, horietan ere bertako plataformek sustatuta. Hiru «olatu nagusi» izango dira: martxoaren 19an izango da lehen kontsulta sorta, maiatzaren 7an bigarrengoa eta ekainaren 18an hirugarrengoa —atzo Nafarroako Mendialdeko zortzi herrik jakinarazi zuten data, Leitzak eta—. Busturialdean (Bizkaia), berriz, apirilaren 2an egitea aurreikusten dute. Udazkenean ere izango da ariketarik; oraingoz, Otxandiokoa (Bizkaia) baieztatua dago. 2017ko galdeketa horietako denetako udalerrietan 520.000 lagun bizi dira. 2014an bi kontsulta egin ziren, eta, aurten, 36. «Herri galdeketekin hasi gara erabakia gauzatzen eta modua erakusten», adierazi dute Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas eledunek, Iruñean.

2019ko udaberrira artean hiriburuetan ere ikusi nahi ditu galdeketak Gure Esku Dago-k, Baluarten aitortu duenez. «Helburua ez da Euskal Herriko herri guztietan galdeketak egitea, baizik eta erabakitzeko eskubidearen eztabaida, pedagogia eta gauzatzea gehiengoa bizi den guneetara hedatzea. Hiriburuetako galdeketak posible izango dira tokiko errealitateak, indarrek eta nahiak ahalbidetzen badituzte».

Gure Esku Dago-k uste du galdeketen bidez erabakitzeko eskubidearen eztabaida mahai gainean jartzeko aukerak badirela, «erabakitzeko eskubidea euskal herritarron elkargune eta bilgune bilakatzen ari delako. Adostasuna behetik gora zehazteko unea da».

ITUN HERRITARRA

Erabakitzeko eskubidearen aldeko ituna egitea du bide orriko beste ildo bat. Lehen zeregina «Itun Herritarra» egitea izango da. Bilbon aurkeztuko du, datorren ekainean. Aurrelanak badirela dio dinamikak. Izan ere, tokian-tokian adosguneak sortzen ari dira; «galdeketen orubetzat» ditu. «Forma eta eduki pluraleko adierazpen horiek erabakitzeko eskubidearen aldeko itun herritar batean bilduko ditugu datozen hilabeteetan. Itun horrek Gure Esku Dago-ren filosofia jasoko du, baita erabakiaren inguruko edukia eta nolakotasuna ere».

Ondoren, Itun Herritarra oinarri hartuta, lanean hasiko da euskal eragileen ituna erdiesteko, «Euskal Herri mailako ituna osa dadin». Instituzio publikoei begira ere jardungo du.

MOBILIZAZIOAK

2013ko ekainaren 8an sortu zen Gure Esku Dago, baina, batik bat, handik urtebetera 150.000 laguneko giza kate batekin gizarteratu zen. «Sintonia berri bat jarri genuen martxan: elkarrekin lan egiteko gaitasuna eta ilusioa». Datozen urteetan ere ildo hori jorratuko du. 2017ko mobilizazio nagusia Itun Herritarraren aurkezpena izango da, Bilbon ekainaren 10ean egingo duena. «Jendetsua» izango dela espero du. Buruan baditu beste ekinbide handi batzuk, baina bere garaian emango ditu zehaztasunak.

ELKARLANA

Elkarlana du eta izango du beste ildo nagusi bat. «Euskal Herriko alderdi, sindikatu, erakunde, fundazio, enpresa, kooperatiba, unibertsitate eta eragileen artean aro berri baten zimenduak eraikitzeko proiektu ezberdinetan elkarlanean ariko gara». Diasporarekin ere aritu nahi du. Konplizitatea eta kultura demokratiko «osasuntsuagoa» sustatuko ditu, «anbizioa» eta «elkarlanak eskatzen duen malgutasuna» izanda. «Elkarrekin arituta bakarrik lor ditzakegu helburu handiak».

BERRIAn argitaratua (2016/12/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA