astekaria 2015/11/13
arrowItzuli

kultura

Harrizkoa ez den Aresti

Iñigo Astiz

Harrizkoa ez den Aresti

«Hau ez da tesi bat». Mantra modura darabil kasik esaldia Adur Larrea marrazkilariak, desenkusa modura, baina haren asmoa ez da sekula izan tesi bat idaztea. Kontrara: Gabriel Arestiren alderik gizatiarrena erretratatu nahi izan du, eta horregatik sortu idazlearen bizitzan oinarritutako Gabriel Aresti, BioGrafikoa eleberri grafikoa (Erroa). «Asko idatzi da Arestiri buruz, eta berak ere asko idatzi zuen, baina bere alderdi humanotik ez dakit askorik idatzi den. Eta hori bisualki esplikatzea izan da nire asmoa. Niri haren alde humano hori nabarmentzea interesatu zait». Ikurraren itzalean geratu den pertsona harrapatu nahi izan duela, alegia: harrizko izan ez zen Aresti hura.

«Ezer jakin gabe eman dezake pertsona grisa edo arrunta zela: kontularia, fabrikaz fabrika ibilitakoa, gauero-gauero idazten... baina haren gutunak edo famili argazkiak ikusten dituzu eta ohartzen zara oso tipo umoretsua, zirikatzailea eta suharra zela». Ikertu du idazlearen bizitza Larreak, irakurri ditu haren lanak, eta aztertu ditu hari buruz esandakoak ere, baina familiaren eta lagunei bildutako anekdotak ere baliatu ditu komikia sortzeko. Eta anekdota horien bidez deskribatzen da maiz Arestiren nortasuna. Umoretsu, gehienetan. Baina pasadizo horiek ere balio dute frankismo garaiko giro estua erretratatzeko: zentsura, ikastolen hasiera, Bilboko giro literarioa, langileen borroka, poliziaren bortizkeria...

Eta hor dago hizkuntza talka ere. «Arestiren bizitzan hizkuntza beste pertsonaia bat gehiago da, eta pertsonaia oso inportantea», azaldu du Larreak. Eta hori nabarmentzeko, komikian gazteleraz hizketan jarri ditu gazteleraz mintzo zirenak, eta euskaraz berriz euskaldunak. «Egoera bortitzean bizi zen euskara, eta kontraste hori nabarmentzeko mantendu ditut gazteleraz elkarrizketa batzuk». Eta Arestiren euskalduntze prozesua ere ikusgarriago egiten du horrek komikian. Gazteleraz mintzo da komiki hasieran, baina bere kontu euskara ikasten hasi, eta euskaraz mintzo da ondoren. Bai, behintzat, euskaldun direnekin. Erdal hiri baitzen artean ere nagusiki Bilbo haren inguruan.

Komikigintzak eskainitako baliabide guztiei heldu die Larreak Aresti irudikatzeko. Eta badira pasarte narratiboak horregatik, baina baita nabarmen onirikoak direnak ere. Adibide bat: alabari euskarazko izena jarri ahal izateko funtzionarioak engainatzen aritu beharrak petraldurik paseoan doala ostiko bat ematen dio Arestik harrixka bati. Bat-batean, Jorge Oteiza ateratzen da harri horretatik, jeinu bat izango balitz bezala, eta euskarari buruzko eztabaida bizian hasten dira biak.

Metrailatutako autoa

Bada pasarte gordinik ere. Alderik alde ehunka tiroz zulatuta ageri da, adibidez, Jabi Batarritaren autoa biñetetariko batean. Arestiren laguna zen Batarrita, eta errepideko kontrol batean metrailetaz hil zuen Guardia Zibilak. ETAko komando batekoak zirelakoan metrailatu zuten poliziek harekin zihoazen bi lagunekin batera, eta bertan utzi zituzten zauriturik. Herritarrek atera behar izan zituzten ibilgailutik ospitalera eramateko, eta han hil zen Batarrita. Bertsio ofizialak zuritu zuen dena, eta sarraskian parte hartu zuten poliziei soldata eta kargua igo zieten. Eta hor dakar komikiak Arestiren poema ere: «Egia da ezen herri-gobernariak/ dolatu ziren haren heriotzarekin./Baina egiagoa ezen haren emazte/ gajoak etzuen inoiz aurrerantzean/ senar maitalearen musurikan hartu».

Behin baino gehiagotan hartu ditu Larreak Arestiren poemak eleberri grafikoan. «Marrazteko oso tentagarriak dira bere testu asko», aitortu du. 1959an Egan aldizkarian kaleratutako Koblakaria ipuina ilustratu du, adibidez, eta baita Zorrozako portuan aldarrika poema ezaguna ere.

Erdal mundurako euskaldunegi, eta euskal mundurako ezkertiarregi. Bi munduren arteko tentsio horretan irudikatu du Aresti Larreak, eta haren azken urteak dira horren froga. Gaixoturik Ean (Bizkaia) hartu zuten etxea Aresti eta sendiak, baina ez zen erabat beroa izan ongietorria, Larreak bildu duenez. Heldu berri arestitarrak herrira, eta bi mutikok bizikletatik galdera: «Zeu zara Gabriel Aresti poeta?». Baietz Arestik, eta ziztuan eta oihuka gaztetxoak albistea zabaltzera: «¡Ha llegado el poeta rojo! [Heldu da poeta gorria!]». Larrearen hitzak: «Bazekien berak ere zirikatzen, baina sufritzen zuen halakoekin».

BERRIAn argitaratua (2015/11/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA