astekaria 2016/12/23
arrowItzuli

bizigiro

Lehen baino lehen aska gaitezen

Iker Tubia

Lehen baino lehen aska gaitezen

Zerbait egiten nuenean nabari nuen horren berri emateko gogoa, segituan horren inguruko argibideak eman behar nituela sare sozialetan, eta banuen estres apur hori. Orain, zerbait bizi dudanean, ez dut hori segituan norbaiti erakusteko beharrik». Sare sozialen eztandaren ondoren, batzuk ajeak jota esnatu dira. Badira sare sozialekin gogaiturik haiek uztea erabakitzen dutenak. Horri sare sozialek eragindako nekea deitzen zaio. Ikerketa batzuen arabera, gero eta pertsona gehiagok uzten dituzte sare sozialak, onurak baino gehiago, buruhausteak ekartzen dizkietelakoan.

Arestian ageri den esaldia Jon Rovirarena da. Dagoeneko ez du sare sozialik nahi bere egunerokoan. 2007an kontua ireki zuen Facebooken, eta ur horietan igerian aritu da ia hamar urtez. Bere bidaien berri eman ohi zuen sare sozialean, eta hainbat aldarri ere publikatu ohi zituen horma birtualean. «Errealitate birtual bat izateaz gain, iruditzen zitzaidan jende guztia —ni barne— itxurakerian aritzen ginela: beti gauza baikorrak eta politak. Norberak istorio bat sortzen du erabat erreala ez dena».

Horretaz konturaturik, kezkatu egin zen Rovira. Ez zen arrazoi bakarra, aitzitik: «Geroz eta gehiago ibiltzen gara pantailaren aurrean, eta sakelakoarekin are gehiago». Rovirak hezkuntzaren eremuan lan egiten du, eta, oro har, gizartean ohikoa den teknologia berrien erabilera ez zuen begi onez ikusten. «Nire diskurtsoarekin koherentea izatearren erabaki nuen kontu hori ixtea».

Rovirak onartu du behin utzita konturatu zela, batez ere, sare sozialen ondorioez. Adibidez, beste gauza batzuk egiteko denbora gehiago zuela. «Kontaktua eskatzen duten harremanak geroz eta gutxiago dira, eta bakoitza bere burbuilan bizitzen hasi gara. Nik hori sentitu dut nire baitan». Adibide bat jarri du: kalean ingurua aztertu gabe ibiltzen da jendea, pantaila bati so. «Nik, orain, beste modu batera ikusten ditut gauzak. Orain ez ditut harreman pila bat kalean, orain gutxi utzi dut, baina sentitu dut eman dudala pauso txiki bat».

Edurne Saizar psikologoak dioenez, nekea izatea «guztiz logikoa» da pertsonaren bilakaera prozesuan. «Autoerrealizazioa pertsonaren baitan dago; hori da gizakiak duen behar psikologiko gorena, hots, pertsonak norbere proiektuen garapenari ekitea. Hori proiektu pertsonala da, eta, sare sozialek oso modu azalekoan betetzen dutenez, horretaz jabetzean nork bere barruan ekingo dio bere buruaren ezagueraren eta ongizatearen bila», azaldu du. Egunerokoa azkarregi bizi du jende gehienak, presarekin. Oraina bizitzea ahantzi egiten du jende askok, Saizarren esanetan: «Sare sozialekin ihes egiten diogu orainari. Gure zentzu guztiak gauden tokian eta gauden horretan jartzea ezinbestekoa da, lasai, adi, atentzio guztiz momentuaz gozatzeko. Oraina da dugun bakarra, iragana joan delako, eta etorkizuna ez delako existitzen».

Hala, arreta falta da smartphone eta sare sozialek bultzatu duten arazoetako bat. Telebista jarri arren, arreta pantaila txiki batera ailegatutako mezua irakurtzeko erabiltzea. Kafetegian solasa etengabe eteten duen sakelakoaren doinua. Hamaika adibide daude. Hezkuntzaren arloan lan eginda, kontraesana iruditzen zitzaion Rovirari sare sozialetan hainbeste denbora inbertitzea: «Gazteei ematen diegun hezkuntza ez da eman beharko geniekeena. Familiarekiko loturak hausten ari dira, haurrek arreta gabeziak dituzte...».

Roviraren kasua ez da bakana. Aditu batzuek diote gero eta gehiago direla sare sozialek eragindako nekearen ondorioz haiek utzi dituztenak. «Zainetaraino sartzen badigute, barru-barruraino, momenturen batean alarmaren bat piztea saihetsezina da. Estatistikek diote 150 aldiz kontsultatzen dugula smartphone-a, kasu askotan Interneten lotan baino denbora gehiago ematen dugu... saturazio maila hain handia da, egoerak eztanda egin behar zuen». Enric Puigenak dira hitzok. UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Filosofia irakaslea da, eta La gran adicción (Menpekotasun handia) liburuaren egilea. Puig ere sare sozialen erabiltzaile arrunta zen, eta smartphone bat zuen. Biak baztertu zituen. «Behar nuena eta behar ez nuena aztertu nuen. Internet ordenagailuan erabiltzen dut. Kontsultarako oso tresna erabilgarria da, baina ezin gara galdu hiperestekan; argi izan behar dugu zeren bila joan garen horra».

Egin diren ikerketen arabera, 25 eta 49 urte bitarteko pertsonak izaten dira deskonexioaren alde egiten dutenak, normalean, unibertsitateko ikasketak dituztenak. Internet asko erabiltzen dute, baina momentu batean krisi existentzial bat dute. «Kritikoki inguru sozialak bultzatuta egiten zituzten erabilerez ohartzen ziren. Horrek maila kultural eta hezkuntza maila bat eskatzen du, horregatik zehaztu liteke profila». Saizarren aburuz, heldutasun maila bat beharrezkoa da horretaz ohartzeko.

Erabaki hori hartzeak hainbat onura dakartzala sinetsita dago Puig. «Denboraren kudeaketa handiagoa egiten da, berriz ere alor publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketa argi bat dago, baita alor pertsonalaren eta profesionalaren artean ere, eta, ororen gainetik, fokalizazio, atentzio eta kontzentrazio gaitasuna hobetzen duzu». Azken puntu horri garrantzi handia aitortu dio, Roviraren antzera. «Informazioaren zatiketara ohitzen ari gara modu arriskutsuan. Diskurtsoetan eta proposamenetan sartu, eta sakontzea ona da, eta hori galtzear da Interneten erruz». Bestalde, lan bakar batean zentratzeko aukera izan du, smartphone-ak jarduera hori une oro eten gabe.

«Multitasking-a Internetek eskaintzen duen pagotxa balitz bezala saldu digute, baina multitasking hori ez da existitzen. Horrek egiten duena da lanak etengabe eten, beraz, ezin duzu haietako batean ongi zentratu». Pertsonak gai dira hitzaldi bat aditu eta aldi berean whatsapp bati erantzuteko? Gai dira film bat ikusi bitartean txiokatzeko edo Youtubeko bideo bat ikusteko? Posible da bi jarduerak batera egitea?

Filosofiako irakasleak gogorarazi du hainbat pertsona —batik bat gazteak— ordu eta erdiko film batean arreta jartzeko gai ez direla. «Herritar eta pertsona kritiko gisa dugun gaitasunak oinarri du diskurtso bat barneratzeko eta harekin solasaldi sakon bat izateko dugun ahalmena. Horrela erdiesten dugu gure gaitasun kritikoa. Hori galtzen badugu, uste dut arazo sozial eta politiko anitz izanen ditugula».

Rovira kezkaturik dago haurrei smartphone eta tabletak oso goiz erosten dizkietelako. Kontraesan bat ere ikusten du: nerabeei kontuz ibiltzeko esaten diete sare sozial horiek egoki erabiltzen irakatsi ez dieten helduek. «Arazoaren muina gurasoen erabilera da. Haurrek hori ikusten dute».

Utzi ondoren, zoriontsu

Hainbat dira sare sozialek eragindako nekea aztertu dituzten ikerketak. Happiness Research Institutek beste ikerketa bat egin du hari horri tiraka: zer gertatuko litzateke Facebook erabiltzaile talde batek sare sozial hori erabiltzeari utziko balio? Ikerketaren emaitzen arabera, Facebook utzi zutenak alaiago eta kezka gutxiagorekin sentitu ziren esperimentua hasi eta astebetera.

Ikerketa horretan Danimarkako 1.095 lagunek parte hartu zuten. Facebook egunerokoan erabiltzen zuten, eta bertako berriak maiz edo oso maiz begiratzen zituzten. Parte hartzaileen %78k egunean 30 minutu edo gehiago ematen zituzten sare sozialean. Bi talde egin zituzten: batek Facebook erabiltzen jarraitu zuen; besteak utzi egin zuen. Astebetean Facebook utzi zutenen artean bizitzarekiko gogobetetasuna «nabarmen» handiagoa zen. Triste, haserre, bakarrik, depresioarekin eta kezkaturik adjektiboak gehiago erabili zituzten Facebook ibiltzen zutenek. Kontent, bizitza gozatzen, ausart eta gogotsu adjektiboak gehiago atxiki zituzten utzi zutenen taldekoek.

Ikerketa beraren arabera, jarduera eta harreman sozialak handitu zituzten Facebook erabiltzeari utzi ziotenek, kontzentrazio arazo gutxiago zituztela antzeman zuten, eta denbora gutxiago galtzen zutela sentitu zuten. Institutuaren arabera, Facebook erabiltzaileek %55 aukera gehiago dituzte estresa sentitzeko, eta %39 aukera gehiago dituzte haien lagunak bezain zoriontsuak ez direla sentitzeko. Horrekin batera, Facebook tarte batez utzi dutenek %18 aukera gehiago dute orainean presente sentitzeko.

Hala, ez da harritzekoa batzuek sare sozialak alde batera uzteko erabakia hartzea. «Besteen iritziaren menpe zeuden lehen, eta norberaren bizitzaren jabe dira orain, beti erakusleihoan egon behar hori nekagarria delako oso», esan du Saizarrek. Gizakiak zoriontasuna bilatzen duela eta bizitza hori erdiesteko ikasgaia dela uste du. «Zoriontasuna gure barruan bilatu behar da, jarrera bat da. Ez dugu inoiz kanpoan aurkituko».

Diskurtsoa zaharberritu

Puigen aburuz, arazo nagusia diskurtsoan dago. Hark bi Internet bereizten ditu: lehenbizikoa 1990ean sortu zena da, informazioa partekatzeko eta komunikatzeko tresna egokia delako ideia. Gero, Google ailegatu zen; joko arauak aldatu zituen, eta Internet 2.0 edo parte hartzailea sortu zen. «Arazoa da 1990eko hamarkadako diskurtso optimista hori erabiltzen dela, konturatu gabe beste Internet bati buruz ari garela», dio Filosofia irakasleak. «Internet honi interesatzen zaio ahalik eta denbora gehien eman dezagun konektaturik, sarea etengabe informazioarekin elikatzea, eta, azkenean, gu gara komertzializatzen ari diren edukia». Beraz, diskurtsoa aldatu beharra dagoela uste du. Hain zuzen ere, helburu horregatik dute hainbeste herritarrek smartphone bat sakelan.

Puigek adibide bat jarri du: Coca-Cola. Botikari batek asmatu zuen produktu hori, eta botika bat zen hasieran. Baina negozio eredu aldaketa baten poderioz, freskagarri bihurtu zuten. «Kontsumo masibo batek eraman zituen aldaketa egitera, eta ondorioa zera da: kasu askotan dagoeneko ez da onuragarria, baizik eta kaltegarria». Beraz, diskurtsoa berritzea ezinbestekotzat jo du. Diskurtso inklusiboago baten alde egin du, aldeko zein kontrako jarrerak bilduko dituena. Horrek egoera orekatuko luke, eta, horretarako, ezinbestekoa da sare sozialen ohiko erabilerak behera egitea. «Jarrera kritikoagoa izan beharko genuke sare sozialak benetan nahi ditugunean erabili ditzagun. Izan ere, keinu automatiko bat da orain. Tarte bat dugunean egiten dugun lehenbiziko gauza eskua sakelan sartu eta pantaila ateratzea izaten da».

Bide horretan, begi onez ikusi du gazte belaunaldi berrian badirela sare sozialei garrantzirik ematen ez dioten batzuk. Sare sozialek haien izaera subertsiboa galdu dutelakoan da filosofia irakaslea, edo gutxienik ez dute orain dela bost urteko izaera bera. Facebooken, gazteak ez ezik, helduak eta zaharrak ere badaudelako dagoeneko. Dena den, badira horien alternatiba eskaintzen duten sare sozial berriak ere, pendulua itzultzeko helburua dutenak.

Esan beharra dago, hala ere, gazte horien egoera ez dela orokorra, gehiengoa sare sozialetan murgiltzen baita. «Interesgarriena da orain badagoela diskurtso inklusibo bat. Institutuko eta unibertsitateko ikasleen artean deskonektatu egiten direnak ez dira tipo bitxiak, eta hori ona da». Puig ez da sare sozialak desagertzearen aldekoa. Oreka bilatu behar da, eta kritiko izan: «Sare sozialek eta Internetek botere harreman bat ezartzen dute gure artean, eta jakin behar dugu haien atzaparretan ez erortzen».

BERRIAn argitaratua (2016/12/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA