astekaria 2016/12/16
arrowItzuli

gizartea

«Ez nuen ulertzen hori nire familia zela»

A.I.

«Ez nuen ulertzen hori nire familia zela»

Txikitako oroitzapen on asko ez dituela esplikatu ohi du Shandrak (Donostia, 1989) —ez du deitura eman nahi—. Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa) eman zituen haurtzaroko lehen urteak, gurasoekin, eta urte haietako ukendua zein zen gogoan du: «Aitaren ama, nire amona: harekin oroitzapen onak ditut». Bakanak. Aurki babesgabetasun zantzuak agertu ziren, eta anaia gazteago bat—amak beste harreman batean izandakoa— eta bera Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapean geratu ziren. Adingabeentzako etxebizitza batera eraman zituzten: «5-6 urte nituen nik, anaiak urtebete». Ez zen ulertzen erraza izan bizipena: «Hasieran, ez zara jabetzen oso ondo, txikia zara». Barneratzen ere ez: «Lagunak dituzu beti, baina amarekin nahi duzu: ez da gauza bera. Zu ez zara kontziente ezin duzula zure gurasoekin egon». Hamabost egunean behin, amarekiko bisitak izaten zituen, eta, lehen urte haietan aitarekin egoteko ere bai. «Gero, ja ez». Desagertu egin zen: betiko.

Umeak babesteko sistemak bidegurutze zail batera eraman zuen Shandraren bizitza, 9 urte zituenean. Ondoeza atzematen zaio, oraino, gaiaz mintzatzen denean. Anaiarekin batera abaro zuen etxebizitzarako, bera «zaharregia» zela argudiatu —egun, umeentzako zentroak 12 urtera artekoak dira—, eta beste irtenbide bat aztertu behar zela azaldu zioten. «Aldundian eman zizkidaten, hain zuzen ere, bi aukera: edo beste etxebizitza batera joatea nire anaia gabe, edo biak batera harrera familia batera joatea. Oso gaizki pasatu nuen». Bidegabe deritzo ataka horretan ume bat ipintzea: «Oso zaila da 9 urterekin erabaki behar izatea zer nahi duzun, edo zure anaiarekin edo bakarrik joan: oso txikia zara». Harreraren aldeko hautua egin zuen azkenean. Eta aldaketa aro bat etorri zen; beste habia bat, aita eta ama deitzeko beste bi pertsona, beste eskola bat, beste herri bat. «Hasieran, ongi joan zen».

11 urte inguru zituenean, hondatzen hasi ziren gauzak. Eskolan: «Bullying-a jasan nuen». Etxean: «Hasieran ongi, gero oso gaizki. Nik 11 urte nituen, asko sufritu nuen, baina familiakoek hori ez zuten ulertzen. Aldundiari, gainera, leporatzen zioten ez zuela esplikatu zer gertatzen zitzaidan». Lehertu egin zen Trintxerpeko haurtzaro hautsi hartan zornatzen hasitako mina. «Nik, 11 urte izan arren, kasketaldiak-eta harrapatzen nituen; ez nengoen ondo, beti negarrez nengoen». Denborarekin elkarbizitza gaiztotu egin zen, eta beste helbide bat ikasi behar izan zuten berehala anaiak eta biek: Tolosako etxebizitza batean. «Nik 12 urte nituen; anaiak, 7». 12-18 urte arteko nerabeentzako zentro bat zen; baina, hala ere, han batera egoten utzi zieten. Orain, aski oroitzapen ona du han hezitzaileek emandako artaren inguruan. Gogoeta horretara heltzeko bide luzea egin behar izan duela ezin ukatu, ordea: «Lehen 3- 4 urteetan ez nengoen ondo; denbora behar izan nuen ulertzeko gu ongi egotea nahi zutela». Oro har, ordea, gozo mintzo da aldi hartaz.

Bisita 'umezurtz etxera'

Gomuta horietako batean, 14 urte inguru ditu, eta eskolan egindako lagun berriak etxera eraman zituen, afaltzera. «Haiek umezurtz etxe antzeko bat-edo zela pentsatzen zuten, eta, afaltzera etorri zirenean, ezberdina zela ikusi zuten. Lagun batek zera esan zidan: 'Familia bat bezalakoa zarete; nahiz eta aita eta ama ez eduki hor, denak senideak bezala zarete'». Hantxe bete zituen 18 urteak, eta, luzamendu bat eskatuta, aukera izan zuen hantxe bizitzen egoteko 19 urte eta erdi bete arte. Ez artegatasunik gabe. «Ni, 18 urterekin, ikasten nenbilen. Esaten nuen: 'Baina nola hasiko naiz orain lanean?', 'Nola mantenduko dut etxe bat nik bakarrik?'». Behin luzamendua amaituta, beren kasa bizitzeko hautua egiteko beste biderik ez dute izaten gazteek askotan, eta bere kasua zaila zen: amak abaro bat emateko erarik gabe jarraitzen zuen, eta anaia adingabe bat zuen.

«Beti ibili naiz ikasten, eta, bitartean, lanean». Hala ere, ez zen lan erraza bakarrik hegan hastea, eta hezitzaile baten bidez —harreman estua zuen harekin, eta, urteen poderioz, haren sendiarekin ere bai— etorri zitzaion beste etxe bat, beste familia bat. «Hark nire anaia harreran hartu zuen, eta haren gurasoek, berriz, ni hartu ninduten etxean». Familia berri bat osatu zuten. «Nik esplikatzen dut, nolabait ere, hezitzaile hori nire ama dela, eta haren gurasoak, berriz, nire aitona-amonak».

Haien etxean bizi da gaur egun, Irunen (Gipuzkoa). «Ongi». Baina poliki-poliki egin dute bidea: «Esate baterako, bi urte-edo pasatu ziren arte, ez nuen ulertzen hori nire familia zela, urrunduta- edo nengoen. Bi urte igaro zituzten odolezko familia ez baginen ere nire familia zirela esaten, eta konfiantza izateko; baina denbora asko pasatu zen horretara iristeko». Hezitzaile horri ez dio inoiz ama esan. «Bere izenez hots egiten diot. Nire lagunei akaso esaten diet 'nire ama', baina berari, zuzenean, ez; beste harrera familian behartu egin ninduten ama esatera. Eta ez. Ama, nahiz eta ez gustatu, bakarra dago munduan. Horregatik, bere izenez deitzen diot, nahiz eta sentitzen dudan nire ama izan dela».

Heldutasuneko gogoetak

Balorazioa egiten du orain, heldutasunetik. «Orain, pentsatzen dut ongi jokatu zuela diputazioak; horri esker, ongi gaude, familia bat daukat, eta ikasten ari naiz». Amarekin —harekin solastatzen da zenbaitetan, telefonoz— ezin zela egon ulertu du. «Harekin egon izan bagina, orain egongo ginen akaso kalean. Nire ama ume txiki bat bezalakoa da, ez du ulertzen diputazioak zer egin duen, gu nola gauden. Gurekin egon nahi du, baina ez da konturatzen gertatu denaz». Orain, Donostian ditu lagunak eta lana —horretarako prestakuntza du, eta botika batean ari da—, Irunen familia, Gasteizen gogoa: «Unibertsitatean hasi nahi nuke datorren urtean, Farmazia ikasten».

BERRIAn argitaratua (2016/12/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA