astekaria 2016/12/16
arrowItzuli

bizigiro

Nola eremua, hala lan eredua

Bidatz Villanueva Etxague

Nola eremua, hala lan eredua

Enpresek gero eta gehiago jotzen dute lan eremu partekatuetan lan egitera. Open space ere deitzen dute ikerketa esparruetan. Bulego itxietan lan egin ordez, paretarik gabeko espazio zabal batean langile guztiak biltzean datza, bakoitza bere mahai eta aulkiarekin. Aucklandeko (Zeelanda Berria) Teknologia Unibertsitateko Rachel Morrison doktoreak ikerketa batean ondorioztatu du, ordea, partekatutako lan eremuetan lan egiten dutenen arteko harremana okerragoa dela, bulegoetan edo hirunaka gehienez lan egiten dutenena baino.

Australiako mila langile aztertu zituzten ikerketan, eta hau galdetu zitzaien: lan eremu irekietan lan eginez gero izan ahal zituzten harreman txarrak, zein motatako lankidetza harremanak zituzten eta ea gainbegiraleen laguntzarik zuten. Ikerketan aipatzen da uste orokortua dela lan eremu irekietan komunikazioa eta kooperazioa handiagoak diren ideia. Ikerketak hori gezurtatu du.

Beste ondorio bat da gainbegiratzeak maiz eta informalago egiten direla, bilerak antolatu ordez. Ondorioz, langileek uste dute kalitate gutxiagoko gainbegiratzeak direla. Nabarmendu dute langileak haserrekor eta irudikorragoak bilakatzen direla lan eremu irekietan. Ondorioz, okertu egiten da haien lankideekin eta nagusiekin duten harremana.

Kooperazioa ez da hain atsegina, eta informazio trukearen jarioa ez da aldatzen, Auckalndeko ikerketaren arabera. Aholkatzen dute bakarrik lan egiteko, aukerarik izanez gero; edo, gehienez ere, hirunaka. Etxean lan egitea ere lehenesten dute, open space batean lan egitea baino hobea baita.

Anabel Egillor Nafarroako Psikologoen Elkarteko kidea da, lanaren eta antolakuntzaren psikologia alorrean. Haren ustez, lan eremu irekiei zein erabilera eman behar zaien pentsatu behar dute enpresek antolaketa erabaki baino lehen. «Proiektuen arabera lan egiten duten enpresetan funtzionatzen dute halako espazioek, ingeniaritza enpresa handi batean, adibidez». Egillorren aburuz «eremu askoz dinamikoagoak» eratzen dira.

Iritzi bertsukoa da Eneka Albizu EHUko Lan Harremanen Fakultateko irakaslea eta Enpresari Aplikatutako Ekonomiako zuzendaria. «Onuragarria da lan kultura bat sortzeko eta pertsonen arteko bereizketak murrizteko».

Haren ustez, abantailak ditu ezagutzaren sortzean. «Halako eremuetan errazagoa da kanpoko ezagutza ekartzea, ezagutza hori partekatzea eta hortik ezagutza berri bat sortzea».

Baina halako espazio baten hautua egiteak erabaki gehiago eskatzen ditu. Izan ere, bestelako eremu batzuk eskaini behar dira sor daitezkeen egoeretarako. Esaterako, bilerak egiteko gelak egokitu behar dira, «tamaina anitzekoak», Egilloren esanetan. «Hogei pertsona kabitzen diren gela bat behar da, laurentzako beste bat, edota birentzako bilera gela bat, izanen dituzulako bilerak pertsona batekin bakarrik, edo zure nagusiarekin. Beste batekin zer edo zer argitu nahi izanez gero, halako leku baten beharra ere izanen duzu, ez baitizkiozu erran beharrekoak denen aurrean botako».

Bilera gelak bakarrik ez, beste testuinguru batean elkartzeko guneak ere beharko lirateke lan eremu irekiko enpresetan. Izan ere, enpresa horiek sormena dinamizatu nahi dute, tradizionala denaz harago lan egin dezaten, «lanean pixka bat gehiago eman dezaten». Hortaz, lasai egotea ahalbidetzen duten gelak ere garrantzitsuak dira, sofak dituena eta giro atsegin bat sortzen duena. Adibide bat jarri du Egillorrek: «Produktu berri bat egiteko ideia jario bat proposatzeko bilera bat egin nahi duzu, eta horri bide ematen dion eremu batean elkartu nahi duzu jendea. Egokia litzateke, esaterako, kafetegi baten moduko gela bat».

Ez dator bat Morrisonen ikerketak planteatzen duenarekin. Gainbegiratze handiagoa den, ez du uste arazoa hor dagoenik. Egillorren ustez, eremu irekien alde egiten duten enpresek beste lan politika batzuk dituzte, eta urrun daude enpresen eredu tradizionaletik. «Ez dago nagusiaren kontrol zorrotzik proiektuka jarduten diren enpresetan. Smart work deritzon kontzeptuari loturik doaz enpresen politikak, hau da, malgutasun handia dute langileek, bai ordutegiari bai lan egiteko espazioari dagokionez. Oso lan gogorra badut egiteko, etxean gera naiteke egitera».

Albizuk uste du kontrol soziala handiagoa dela. Ez, ordea, lanari dagokiona. «Zaila da gainbegirale batentzat ezagutzan oinarritutako lanak egiten direnean bakoitzak egiten duenaren gainean kontrol bat edukitzea».

Desabantailak ere badituela kontziente da Egillor. Bereziki intimitate falta eta zaratak izan ohi dira sor daitezkeen gatazken iturri. «Beharrezkoak dira jendearen manera onak. Beharbada zu izugarrizko arazo bat kudeatzen zabiltza, eta ondokoa, txiste txar batez irri egiten. Konpainiak hor egon behar du; bere langileak prestatu behar ditu». Kontzentrazio handia eskatzen duten egoeretarako ere banakako espazio itxiak ahalbidetzea egokia litzatekeela deritzo. Horrez gain, eremu irekietan lan egiten dutenentzako oinarrizko arau batzuk ezarri ohi dituztela aipatu du Egillorrek.

Estia Miarritzen (Lapurdi) kokaturik dagoen ikerketa zentro bat da, besteak beste. Elkarrekin lan egitearen oztopoetako bat zaratak eta kontzentrazio falta dira, Mikele Larronde Estiako langileak aipatu duenez. Zarataren arazoari aurre egiteko entzungailuak ditu langile bakoitzak. «Gainera, ez gara hain islatuta sentitzen zailtasunak topatzen ditugunean, eta horrek estresa urritzeko balio dezake».

Konbentzituta dago kooperazioa handiagoa dela lan eremu irekietan. Dena den, horren hautuaren inguruko hausnarketa sakonik ez du enpresak. Elkartzen diren jendearen araberako harremanak sortzen direla deritzo. Are, uste du eremu irekiek taldean egoteak sor daitezkeen tentsioak gutxitu litzatekeela. «Sei urte baino gehiago daramatzagu horrela lan egiten, eta pozik gaude oraingoz».

Finantzaketa arazoa?

Morrisonen ikerketak aipatzen du espazioa aurrezteko jotzen dela lan eremu irekietan lan egitera. Hainbat herrialdetako azpiegiturak garestiak direnez gero, mahai baten inguruan hainbat langile izatearen moda ere zabaldu da. Egillorrek, ordea, ez du uste finantzaketa arazo bat dagoenik hautu horren atzean: «Lan eremu irekiek espazioa aurrezteko balioko dute gaizki eginez gero. Ongi eginez gero, ez da izanen espazioa aurrezteko hautu bat, baizik eta behar duzun espazioaren berrantolaketa bat».

«Ez dut uste finantzaketak zerikusirik duenik. Zure estrategiarekin, zure kulturarekin, lankideekin hobe elkartzen den diseinura jo beharko duzu», azaldu du Albizuk. Haren ustez, bi dira buruari egin beharreko galderak lan eremuaren antolaketaz hausnartzeko: «Nora joan nahi dugun, eta zein baliabide behar ditugun».

Gero eta zabalduagoa dagoen beste moda bat da coworking-arena. Langile autonomo askoren hautua da halako espazioetan lan egitea. Baionan, esaterako, La Cocotte espazioa zabaldu zuten orain dela ia bi urte. Bi bazkide dira. Lokala herriko etxeari alokatzen diote, eta, era berean, langileei alokatzen diete eurek. Caroline Bouet da bazkideetako bat, eta, haren ustez, «elkar topatzeko eta sare profesionalak sortzeko» onuragarriak dira partekatutako lan eremuak. «Ni ez nago ziur bulego itxietan lan egitea hobea denik lan harremanei dagokienez. Beharbada, eraginkortasunari dagokionez izan daitezke egokiagoak». Giza loturak sortzea du gustuko.

Hala ere, Egillorrek nabarmendu du bereizi behar direla coworking espazioak eta lan eremu irekien aldeko hautua egiten duten enpresak. «Coworking espazioetan elkartzen dira horrek dakarren aurrezpen ekonomikoengatik, besteak beste».

Bouetek ere badaki egoera ezberdinean daudela coworking eremu batean edo enpresa batean lan egitea hautatzean dutenak. «Enpresetan behartuak daude hala lan egitera. Hala ere, bakoitzak erabakitzen du leku honetara lan egitera etorri edo ez». Gaineratu du bakoitzaren esperientziak eragiten duela lan egiteko eremu bat edo beste gustukoago izatea. Berak, adibidez, maite du partekatutako eremu batean lan egitea, «pertsona ezberdinen topagune den eremu batean».

BERRIAn argitaratua (2016/12/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA