astekaria 2016/12/16
arrowItzuli

gizartea

Hiru zatitan, hiru hamarkadaz

Ion Orzaiz

Hiru zatitan, hiru hamarkadaz

1986ko abenduaren 15ean onartu zen zatiketa: zonifikazio linguistikoa ezarri zuen Nafarroako Parlamentuak, lurraldea hiru eremutan banatzen duen Euskararen Legea indarrean jarrita. Gabriel Urralburu zen Nafarroako Gobernuko presidentea, eta, hain zuzen, PSNren eta eskuineko zenbait talderen botoei esker egin zuen aurrera legeak. Ironikoki, arauaren egungo defendatzailerik suharrenak, UPNk, abstentziora jo zuen 1986ko bozketa hartan: lege are murriztaileagoa nahi zuten erregionalistek, eremu mistoa kenduta. Legeari ezezkoa eman zioten EAko hiru parlamentariek —sei ordezkari zituen HBk, baina garai hartan ez zuten instituzioetan parte hartzen—, Nafarroa osorako ofizialtasuna aldarrikatzen baitzuten.

Kolperik latzena, ordea, euskalgintzako eragileek eta, batez ere, Nafarroa hegoaldeko euskaltzaleek jaso zuten. «Lehen, bigarren eta hirugarren mailako herritarrak sortu zituen Euskararen Legeak», laburbildu du Tafallako alkate Arturo Goldarazenak (EH Bildu).

Legeak ezarritako muga apetatsuen ondorioz, eremu ez-euskaldunean gelditu ziren Nafarroako hiri handienetako batzuk; Tutera eta Tafalla, kasurako. Euskararen kontra hartutako erabaki politikoa izan zela uste du Goldarazenak: «Euskara Nafarroa osoko hizkuntza komun bihurtzea galarazi nahi zuen eskuinak, nola edo hala, eta testuinguru horretan sortu zen Euskararen Legea».

Eremu ez-euskalduneko udalerrientzat zonifikazioaren ondorioak «katastrofikoak» izan zirela dio Tafallako alkateak; hezkuntzaren alorra aipatu du bereziki. «Euskara ikastetxe publikoetatik at utzita, guraso kooperatiben nahiz eragile sozialen esku gelditu zen hizkuntzaren transmisioa. Euskaltzale eta gurasook egin behar izan genuen lan hori guztia». Bestalde, UPNren gobernuak legearen gainean eginiko interpretazioa «ezinago murritza» izan zela nabarmendu du. «Legearen bestelako garapen bat posible izanen zela uste genuen 1990eko hamarkadan, baina kontrako norabidean jo zuen Nafarroako Gobernuak».

Goldarazena ez da 1986ko legeak ezarritako zonifikazioaren aurka mintzatu den hautetsi bakarra. Atzo, agerraldia egin zuten Nafarroa erdialdeko hamaika alkate eta zinegotzik, gobernuak Euskararen Legea bertan behera utz dezala eskatzeko: «Geure larruetan sufritu ditugu lege honen ondorioak. Besteak beste, Zirauki eta Mañeruko eskolak itxi egin behar izan dituzte, D eredua eskaintzerik ez dutelako, familiek hori eskatzen zuten arren», azaldu zuen Aritz Azkona Garesko zinegotziak, gainontzeko eledunen izenean. «Gutxieneko kopuru bat ezarri zuen Nafarroako Gobernuak D eredua eremu ez-euskaldunean eskaintzeko, baina herri txikietan zaila da ratio horiek betetzea».

Artazu, Mañeru, Zirauki eta Girgillao udalerriek eremu mistoan sartzeko eskaera egin dutela gogorarazi zuten hautetsiek, eta egoerari buelta emateko modu bakarra euskararen ofizialtasuna bermatzea dela gaineratu zuten: «Desagertu egin behar dira hizkuntzari ezarritako mugak».

Ofizialtasuna, marra gorria

Lauko gobernuaren barruan, 1986ko legea indargabetzeko asmoa agertu dute Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k. Araua mantentzearen alde dago Ezkerra, ordea, eta marra gorritzat jo zuen itun programatikoaren negoziazioan. Koalizio horrek aginte makila du Tuterako Udalean, eta Eneko Larrarte alkatea prest agertu da euskararen alde «urrats irmoak» emateko, baina zuhurtziaz: «Euskara erabiltzeko eskubidea bermatzera jo behar dugu beti, baina errebote efektua saihestuz. Neurriak hartu behar ditugu, gaur egun normala ez dena, pixkanaka-pixkanaka, normala izan dadin».

Tafallako alkatearen ustez, berriz, «adabaki txikiak» jartzen ahal zaizkio legeari, baina, araua indargabetu ezean, zaila izanen da egoera bideratzea: «Tafallako Udalean, adibidez, euskararen normalizaziorako dekalogoa egin genuen, baina ez du lege izaerarik, eta funtzionarioak ez daude betetzera behartuak. Lege egitura sendorik gabe, kostako zaigu egoera iraultzea».

BERRIAn argitaratua (2016/12/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA