astekaria 2016/12/16
arrowItzuli

kultura

ORTODOXIATIK AT, BIDE BERRIA

Naiara Elola

ORTODOXIATIK AT, BIDE BERRIA

Tentsio handia dago giroan. Protagonistetako batek tiro egin du. «Pan!», entzun da antzokian. Azken eszena da. Tirokatua pantailan ageri da. Erabat sinkronizatua dago oholtza gainean gertatu dena eta pantailan ikusten dena. Halako batean, agertoki osoa belztu da, ez dago argi printza bat ere. Ikuslea beste zerbait gertatu zain dago. Baina, bat-batean, kredituak hasi dira behetik gora pantailan, film bat balitz bezala: «Saga: Maria Urzelai; Claudia: Ainhoa Jauregi; Proiekzioetako teknikaria: Javi Andraka; Zuzendaria: Alex Gerediaga», irakurri daiteke. Bukatu da Malmö. Antzezlan bat da, baina ez modu hertsian. Khea Ziater konpainiaren lana da, eta film eszeniko modura definitzen dute.

Antzerkia egiteko bide berriak ikertzeko desioa sortu zitzaion 2013an Alex Gerediaga Khea Ziater taldearen sortzaileari. Antzerkia du bere pasioetako bat, zinema bestea. «Baina nola uztartu biak?», galdetu zion bere buruari. Hala, bi arte adierazpen horiek agertokian elkartzeko ikertzen hasi zen. Urte hartan emandako beka baten bidez gauzatu ahal izan zuen ikerketa. Horretarako, gainera, toki aproposa topatu zuen, Harrobia, Bilboko Otxarkoaga auzoan dagoen ekoizpen eszenikorako berrikuntza zentroa.

Hilabete batzuk eman zituen Gerediagak aukerak zeintzuk izan zitezkeen aztertzen. «Izugarri gozatu nuen prozesuarekin. Izan ere, konturatu nintzen bai estetikoki eta bai narratiboki izugarrizko gauzak egin daitezkeela». Onartu du, dena den, Khea Ziaterrek ez duela ezer berririk asmatu, baina egiten duten horri film eszenikoaren etiketa jarri diote: «Ikuslea agertokira eramaten dugu, eta agertokitik pantailara».

Antzerkia egiteko modu urratzailea izan arren, ikusleek euren planteamenduak ulertzen dituztela dio. Malmö bigarren ekoizpena da, NOT Never Again izan zen lehena. Sarritan antzerkia «sinesgarria» izatea zaila egiten dela irizten dio Gerediagak. Zinemak berezko dituen elementuak sartuta, soinu banda esaterako, antzerkia egiazkoagoa dela defenditu du. «Adibidez, azken lanean bi pertsonaiaren arteko borroka bat dago. Borroka hori film bat balitz bezala dago grabatua. Ondoren, pertsonaiak borrokatik baletoz bezala aurkezten dira agertokian, odolez beteta. Horrela uztartzen ditugu bi kodeak».

Asier Zabaleta koreografoa eta dantzaria da, eta bere sorkuntzetan dantza beste hainbat arte adierazpenekin uztartzen du. Arte Ederrak ikasi zituen, eta, hark dioenez, formakuntzak dantzaren ikuspegi itxia ez izaten lagundu dio. Irekia da alde horretatik, beraz. Hala ere, ikusleak, oro har, dantza garaikidea ulertzeko dituen «zailtasunak» ere jarrera hori izatera behartzen duela aitortu du. «Arte eszeniko guztien ahaide txikia da dantza. Ahulena. Jendeari, askotan, kosta egiten zaio lasaitzea, ikusten ari den horretan kontzentratzea eta gozatzea».

Ikuskizun bat idazten hasten denean, ideia batetik abiatzen da, kontzeptu batetik. Gainera, dioenez, dantza egingo dutenek ere prozesu horretan parte hartzea gustatzen zaio. «Bai neronek eta baita gainontzeko artistek ere hesirik gabeko zelai bat izatea nahi izaten dut». Bestelako faktoreen gainetik, esan nahi duen hori lehenesten du koreografoak. Adibidez, bideo bat mezua ulertzeko lagungarria bada, ikuskizunean erabiltzeko inolako arazorik ez du.

Alde horretatik, arte diziplina ezberdinen artean sinergiak ahalbidetzeko espazioak izatea ezinbestekoa dela irizten diote bi sortzaileek. Gerediagak Otxarkoagan du espazio aproposa. Zabaleta, hasiera batean, Donostiako Martutene auzoko Artelekun aritzen zen. Baina hura desagertuta, Errenteriako (Gipuzkoa) Dantzagunean egoten da. «Martutenen arte diziplina askotariko artistak geunden. Haien lana ikusteko aukera zegoen. Askoz ere errazagoa zen harremanak egitea». Dantzagunean dantzarekin lotura dutenek soilik dute tokia, eta neurri batean artista ezberdinen arteko hartu-emanean «galdu» egin dela uste du.

Bizitzaren hauskortasunaz hausnartu du Zabaletak Hariak bere azken ikuskizunean. Bizitza sostengatzen duten hariak eteten direnean egunerokoak ematen duen 180 graduko itzuliaz mintzatzen da koreografoa. Horretarako bost dantzari eta beste bost txotxongilo baliatu ditu. Harien haustura eta txotxongiloek mugitzeko behar dituzten hariak batu ditu. «Txotxongiloak dantzan jartzea izan da gure helburua. Ezezaguna zitzaigun mundua deskubritu dugu». Behin ikuskizuna idatzita zegoenean, Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroan (Gipuzkoa) egonaldia egin zuten. Horri esker, muntaketa teknikoa, eszenografia, argiak eta txotxongiloak egin ahal izan zituzten. Horren guztiaren emaitza da Hariak.

Prozesuen garrantzia

Azken emaitza lortu aurretik, ikertu eta berritzen saiatzeko espazioak ezinbestekoak dira. Emaitza baino lehen, probatu beharra dago, behin eta berriz hanka sartu, ondoren bilatzen den hori aurkitzeko. Horregatik, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan (Nafarroa), arte sorkuntzaren prozesuetan jarri dute fokua. Esaterako, urrian eta azaroan Nafarroan egin den Dantza Garaikidearen Jaialdiaren harira, bederatzi sortzailek egonaldia egin dute zentroan. Arte eszenikoen inguruko adierazpen ezberdinen bide berrien inguruan ikertzea izan da helburua.

Hilabetez egindako lanari esker erdietsi dituzten prozesuak ikusi daitezke Habitacion (Gela) erakusketan. Horietako bat da Autorretrato (Autorretratua) Ghislaine Veranoren lana. Une berean proiektatzen diren sei bideo ikusi ahal izango ditu abenduko asteburuetan bisitariak. Amaitu gabeko lana da. Horri esker, gorputzaren adierazpenaren mugaz gogoeta egin du artistak. Beste zortzi artistarekin batera egonaldia egin izana oso baikorra dela uste du, sortzen diren sinergiak direla eta: «Ikertzen ari naizenean oso bakarrik sentitzen naiz. Hemen, ordea, kideek lana kritikatzen dute, eta horiek aintzat hartu eta nire lana hobetzen laguntzen dute».

Habitacion proiektua bezalakoen beharra nabarmendu du Elisa Arteta, Uharte Zentroko zuzendarietako batek: «Gure asmoa ez da ekoizpen edo ikuskizun handiak sortzea. Adierazpen berrien bilaketa etengabea izatea baizik». Oraingo honetan, arte eszenikoen txanda izan da, eta aurrerako beste diziplinetako artistek izango dute horretarako aukera. Modu horretan, Habitacion erakusketa behin eta berriz berrituko da.

Ziurrenik, Roberto Romeroren Agora lana da guztietan harrigarriena. Urte luzez antzerkiaren munduan aritu da lanean. Egurrez egindako koba moduko bat eraiki du. Giza zentzumenen inguruko hausnarketa gauzatu nahi du espazio hori eraikiz. Erabateko bakartzea bilatu nahi du koba artifizial horretan. Soinurik ezak, erabateko isiltasunak, zentzumenak murriztu egiten dituela adierazi du. «Bakartze kapsula batean sentitzen dena islatu nahi izan dut. Nahi duena sar daiteke, eta probatu. Harrituta geratuko da ziur», dio koba artifizialean etzanda dagoela. Hala ere, ikerketa horren emaitzak nola baliatu ez du zehaztu. Izan ere, onartu du ez duela ikertzen inondik inora erabilgarritasun premisa buruan duela.

Bestalde, Beatriz Bermudez errealizadore eta gizarte ekintzailea identitateaz hausnartzen ari da. Uharten egindako egonaldian hitzak eremu eszenikoan nola mugitzen diren aztertu du. «Hitzaren pisua zein den jakin nahi dut, egiaren eta alegiaren arteko hartu-emana, eta norberaren eta bestearen ondarea bereizi». Uharteko hainbat herritar elkarrizketatu ditu, gainera. Euskal Herriko hainbat herritarrek identitateaz duten ikuskera ezagutzeko. Pertsona adina identitate topatu dituela adierazi du.

Azkenean, han eta hemen egindako probak bere emaitzak ematen ditu oholtza gainean. Euskal Herrian, berritzeko nahiaren adierazpenik ezagunena, ziurrenik 1966an sortutako Ez Dok Amairu taldeak egin zuen. Tradizioa eta modernitatea uztartu zituen hainbat arte adierazpenen bidez. 1970. urtean estreinatu zen Baga biga higa sentikaria izan zen euskal kulturaren berrikuntzaren adierazpen esanguratsuenetako bat. Dantza, txalaparta, poesia eta musika tradizionala eskaintzen zituzten modu bateratuan, tradizioa eta modernitatea bikain uztartuta. Ordura arte, taldea osatzen zuten artistek bakarka egiten zuten lan. Hori izan zen batasunean eta adierazpen eredu berriekin egin zuten lehen ikuskizuna.

Ez Dok Amairu desegin ondoren, 1975ean, pauso bat gehiago eman zuten Mikel Laboa, Joxean eta Jexux Mari Artzek eta Jose Luis Zumetak Ikimilikiliklik bidekaria-n. Musika, poesia eta irudia biltzen zituen multimedia ikuskizuna zen. Beste behin, garaiko moldeak hankaz gora jarri zituzten. Euskal Herrian izugarrizko arrakasta erdietsi zuten. Horrez gain, nazioartean ere oihartzuna izan zuten. Esaterako, Veneziako Bienalean izan zen ikusgai 1976. urtean.

Bi ikuskizun horiek emanaldiak eskaintzeko bide berriak ireki zituzten Euskal Herrian. Zabaletak eta Gerediagak iturri horietatik edaten ez duten arren, beren lanak ere izango du hartatik zerbait. Izan ere, bien ezaugarria da sortzerakoan mugarik ez izateko nahia. Ikuslea beti presente dute. Izan ere, garbi dio Gerediagak artistak beti gogoan izan behar duela norentzako ari diren lanean.

Zabaletaren kasuan, Hariak ikuskizunean, Harkaitz Cano idazlearekin batera aritu da lanean. Ez da Canorekin lan egiten duen lehen aldia. «Hariak moztu dizkioten jendearen istorio errealak bildu ditugu. Bilketa hori bion artean egin dugu. Gero, Harkaitzek [Cano] forma eman die, eta eszenetan antolatu. Beraz, irailean estreinatutako ikuskizunean dantzaz gain, txotxongiloak eta literatura ere badira».

Sarritan, ikuslearentzat zaila izaten da dantzaria eta txotxongiloa bereiztea. Errealaren eta fikzioaren arteko banaketaz jabetzean datza gakoa. Bilaketa horretan, ikerketa handia egin behar izan dute Zabaletak eta bere kideek, giza gorputzaren eta txotxongiloen mugimenduen inguruan. Emaitzarekin oso pozik dago koreografoa. Berriro ere, orain arte ezezaguna zitzaion bide berri bat topatu duelako esan nahi duen horretan.

Gerediagaren kasuan, beste artistekin elkarlanean aritzeak lagundu dion arren, bere sorkuntzetan teknologiak duen garrantzia azpimarratu du. «Javi Andraka da gure teknikaria, eta, hura gabe, egiten duguna ezinezkoa litzateke». Beharrizan tekniko handiak dituzte Khea Ziaterren sorkuntzek: «Ezinbestekoa da pantailaren eta eszenaren arteko lotura horiek ondo lantzea. Hasieratik bukaerara mozketarik ez izatea da lortu nahi izaten dugu».

Sorkuntza munduan ez dira berriak kolaborazioak. Sarritan aritzen dira elkarlanean dantzari eta musikari eta idazleak, esaterako. Ohiko hartu-eman horietatik kanpo harreman berriak posible diren froga dira Gerediaga eta Zabaleta. Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak, besteak beste, horretarako aukera ematen dute. Ezezaguna den hori aztertu eta eskuragarri nola egin asmatu da sortzaileak egin beharreko lana, tradizioan landutako ohiko bide horietatik landa.

BERRIAn argitaratua (2016/12/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA