astekaria 2016/12/16
arrowItzuli

iritzia

Messiren eskutik

Miren Amuriza

Messiren eskutik Miren Amuriza

Lagunarteko partidua jokatu zuten herenegun Bartzelonak eta Al-Ahlik Dohan. Jokalariak, ohi dutenez, mutiko banari eskutik helduta zelairatu ziren, Messik, ordea, bi zeramatzan. Haietako bat, Murtaza, futbolariekin geratu zen gainontzeko umeak erretiratu zirenean: argazkiak egin zizkioten Bartzelonako taldekideekin eta berdegunera baloia eramaten laga. Izango da pribilegio hori zelan lor daitekeen jakin gurako duen futbolzale txikirik; bada, herrialde zigorturen batekoak, irudimentsuak eta (batez ere) fotogenikoak bazarete, erraz.

Murtaza Ahmadi afganiarra urtarrilean egin zen ezagun, 5 urterekin, marra zuri-urdindun plastikozko poltsa bat jantzita agertu zenean (Argentinaren kamisetaren antzekoa) bizkarrean «Messi 10» idatzita zeroala. Bere anaiak argazkia facebooketik zabaldu eta aurrelariaganaino iritsi zen. Messik, orduan, kamiseta bi bidali zizkion Unicefen bidez (erakundeko borondate onaren enbaxadore baita). Hainbesteko oihartzuna izan zuen haurrak, ezen bahiketa mehatxuak jaso eta Pakistanera alde egin behar izan baitzuen familiarekin.

Jakin gura nuke zenbat duen borondatetik, Munduko Futbol Koparen antolakuntzak twitterretik iragartzen duen besarkada batek; zer erantzun zuen Unicefeko mezulariak Murtazaren lagunek galdetu zitonean ea beraientzat kamisetarik ez zekarren. Jakin gura nuke non dagoen gaur Murtaza eta non Messi.

BERRIAn argitaratua (2016/12/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA