astekaria 2016/12/16
arrowItzuli

ekonomia

ASUN OLAETXEA

«Foru administrazioaren finantza egoera zaila eta korapilatsua da»

Joxerra Senar

«Foru administrazioaren finantza egoera zaila eta korapilatsua da»

XIII. mendeko eraikin gotikoa da Nafarroako Kontu Ganberaren egoitza. Horrez gain, Iruñeko eraikin zibil zaharrena da. Ganbera, berriz, 1365ean sortu zuen orduko errege Karlos II.ak, eta XIX. mendera arte erreinuko kontuak ikuskatu ohi zituen. Gaur jada erreinu izaera galdua badu ere, lurraldeko kontuak ikuskatzeko lanean jarraitzen du. Eraikineko lehen aretoan, azken lehendakarien margolanak daude eskegita. Guztiak gizonak dira, baina, lehen aldiz, egungo lehendakaria emakumea da. Asun Olaetxeak (Betelu, Nafarroa, 1966) ondo ezagutzen du etxea, gainera. 1998an, sartu zen ikuskaritza arloko teknikari moduan, eta 2005ean ikuskatzaile postua erdietsi zuen.

Orain ardura berria egokitu zaio. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak proposatu zuten ganberako lehendakaritzarako, eta PSNk ere alde bozkatu zuen; UPN eta PP, berriz, abstenitu egin ziren. Ia zortzi hilabete iragan dira kargua hartu zuenetik, eta «pozik eta ilusioz» dagoela nabarmendu du. «Jauzi handia da, baina neure burua gai ikusten nuen. Kargu teknikoa da, nahiz eta beste gauza batzuk badituen».

Nafarroan gehien baloratzen den erakundea da Kontu Ganbera. Laukoak hautatu izanak baldintzatuko du zure jarduera?

Inola ere ez. Gure lana egiteko orduan, ganberako teknikari guztiok oso barneratua dugu gure zereginaren independentzia. Azken batean, gertaera edo jarduera zehatzak ikuskatzen ditugu, eta ez nork egin dituen. Nik beti bezala jarraituko dut, eta ez dut ezein alderdirekin bat egiten; ez nau horrek baldintzatuko.

Erakundearen independentzia eta sinesgarritasuna zaindu beharreko balioak dira ganberarentzat. Alor horretan zer duzue hobetzeko?

Asko. Lana egiteko moduagatik irabazi dugu sinesgarritasuna. Lan inpartzialak eta profesionalak egiten ditugu. Asko dugu hobetzeko, kudeatzeko eta ikuskatzeko modu berriei aurre egin behar diogulako. Nabarmenduko nuke funts publikoen kudeaketaren ikuskaritza; ganberak eraginkortasunari eta efizientziari buruz iritzia eman ahal izatea, alegia. Erronka dugu ere informatika ikuskaritza egitea, gaur egun datuak eta kudeaketa dena automatizatua dagoelako. Ikuskaritzaren euskarria eduki nahi badugu, ezinbestekoa da informatikaren ikuskaritzan sartu ahal izatea.

Zer esan nahi duzu funts publikoen kudeaketaren ikuskaritza egin nahi duzuela diozunean?

Egun, batetik, finantza ikuskaritza egiten dugu, eta kontuak fidagarriak diren bermatzen dugu. Bestetik, jarduera legearen arabera egin den aztertzen dugu. Lan hori alboratu gabe, eraginkortasuna eta efizientzia ere neurtu beharko genituzke, eta ikusi nola kudeatu diren baliabide publikoak. Hau da, erabilitako baliabideekin helburuak lortu al diren aztertu nahiko genuke.

Zuen eskuetan dago erronka hori hartzea ala eskumen gehiago behar dituzue?

Gure lege estaldura zabaldu baino gehiago kontuek islatzen ez duten informazioa behar dugu. Hau da, politika publikoek helburuak zehaztea eta horiek neurtuko dituzten adierazleak jartzea. Halakorik ez dago. Kontua ez da soilik helburuak lortzea, baizik eta baliabideen eta helburuen artean erlazio hobea izatea. Gutxiagorekin gehiago egitea, eta, ondorioz, hori neurtu ahal izatea.

2012ko gardentasunaren foru legea aldatu zuen iaz laukoak. Zer dago hobetzeko esparru horretan?

Gardentasunaren arloan, auzia ez da soilik informazioa ematea baizik eta hura egituratua eta antolatua izatea, herritarrek informazioa ulertzen jakitea. Maiz topatzen dugu datu ugari ditugula, baina ez dakigu nola aztertu. 2012ko foru legea moldatu zen, gardentasunaren kontseilua eratu zen, eta publizitate betebehar aktibo zein pasiboak ezartzen ditu. Ondo dagoela deritzot.

Kontu Ganberari aurten amaituko zaio plan estrategikoa. Hurrengoak lehengoaren ildotik jarraituko du, ala gidalerro berriak ezarriko dituzu?

2017tik 2022rako plan estrategikoa lantzen nabil, eta jarduera batzuk aurrekoaren bidetik doaz. Ikuskaritza operatiboak indartu nahi ditugu, eta finantza ikuskaritzaren funtsezko erreminta gisa ikuskaritza informatikoekin ja hasi nahi dugu. Era berean, diru sarrerak berrikusten hasi nahiko nuke. Orain arte, gastuetan jarri dugu arreta, eta diru sarrerak alboratuak izan dira. Era berean, gaurdaino, 9.000 biztanletik gorako udalak ikuskatzen ditugu, baina eremu hori zabaldu nahiko nuke, 5.000 eta 9.000 biztanle artean dituzten udalerrietara heltzeko. Hamar udal dira.

Iragan astean, jardunaldi batzuetan parte hartu zenuen Gasteizen, eta bertan kontu auzitegien eta legebiltzarren arteko harremanak aztertu zituzten. Nolakoa da parlamentuaren eta ganberaren arteko erlazio hori?

Erlazio naturala da, erraza. Jardunaldi horietan harritu ninduen ikusteak zenbait autonomia erkidegotako auzitegiek txostena aurkeztu eta urtebetetik gorako atzerapenarekin jotzen dutela legebiltzarrera. Guk txostena egin eta kasik berehala jotzen dugu parlamentura.

Kontu Ganberak urtero ikuskatzen ditu Nafarroako kontuak. Dena den, zure lehen urtebete honetan eztabaida politiko handiena eragin duen txostena 2015eko kontuen ingurukoa da.

Bai, azkenean, bi gobernu diferenteren kudeaketa hartu du, eta egia da eragina izan duela. Foru administrazioren egoera korapilatsua eta zaila da. Zorpetu beharra dauka gastuei aurre egiteko eta hori ez da aldatu. Aurrekoak egiten zuen, eta oraingoak egiten du.

Zein egoeratan daude kontuak?

Egoera konplikatua da. Baliabideak falta dira gastu arruntei eta inbertsioari aurre egiteko.

Gutxitan erreparatzen zaio altxortegiari, baina zuk aipatu izan duzu epe motzera ez duela kaudimenik. Zer esan nahi du?

Ez dago epe motzeko betebeharrei aurre egiteko nahikoa diru likidorik. Ondorioz, altxortegian tentsioak daude.

Krisi aurretik diru soberakinak baziren. Orain nola dago?

2009tik, altxortegiaren saldoa urtero negatiboa da. Hau da, diru nahikorik ez dago urtebetean hornitzaileei ordaintzeko. 2015ean saldo negatibo hori 233 milioi eurokoa izan zen.

Dena den, Nafarroa gai da hornitzaileei batez beste hilabete baten buruan itzultzeko.

Bai, bai. 30 egunetik beherako epe hori betetzen du.

Likidezia falta hori dagoela jakinik, zer aholku eman zion ganberak gobernuari?

Azpimarratu nuen diru sarrera ez-finantzarioak lortzeko zergak handitu ditzakeela edo iruzurraren aurkako borroka sendotu.

2015ean laukoak onartutako zerga erreformaren helburua diru sarrerak handitzea izan da. Kritika egiteko zilegitasunetik harago, oposizioak hitz gogorrak erabili ditu erreforma horren aurka. Hizkuntza oldarkor horrek ez al du erakusten Nafarroaren finantza egoera errealaren aurrean alderdi batzuek ez dutela arduraz jokatzen?

Ez da eztabaida bakar bat. Ez da soilik ikusi behar zergak igo diren, baizik eta koherenteena da igoera hori jasotako zerbitzuekin erlazionatzea.

Orain arte, zerga iruzurraren plana finantzatzeko, urtero 3.000 euro jarri dira. 2017ko aurrekontuei begira, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak hitzartu dute milioi bat euro inguru jartzea. Nahikoa da?

Ogasunari bitartekoak eman behar zaizkio. Inspektore gehiago jarri behar dira. Egia da plan bat dagoela baina bitartekoak behar dira, eta ogasunean ez dago nahikorik.

Zenbat gehiago jarri beharko lirateke?

Ez dakit zenbat falta diren, baina ogasuneko teknikariek eurek eskatzen dute. Ondorioztatu liteke bitarteko gehiagorekin zerga bilketa hobetu litekeela.

Inspektore kopurua handitzeaz gain, bitarteko teknikoak ere hobetu behar dira informazioa hobetzeko asmoz?

Jarduera horrek ikerketa eta jarraipen lan handia eskatzen du. Azkenean, ikusi behar duzu zordunak kaudimenik baduen, eta hori guztia aztertzeak denbora eskatzen du, eta hori ikerketa bidez lortzen da. Gainera, zerga iruzurraren inguruan adostasun politikoa egon behar du, iruzurraren aurka benetan borrokatu dadin.

Asteon bertan ikusi ditugu futbolari ezagunen izenak, eta borroka horrek badu nazioarteko osagai handi bat, azkenean finantza ingeniaritzaz baliatzen baitira zenbait ogasunari izkin egiteko.

Oso korapilatsua da, eta ogasunari bideak estaltzeko moduak oso sofistikatuak dira. Askotan salaketa bidez atzematen dira, baina informatizazioak are gehiago zailtzen du bideok antzematea. Horretarako ikertu egin behar da.

Kontu Ganberak garrantzi berezia ematen dio administrazioaren eraginkortasuna berrikusteari. Zenbateraino aurreztu daitezke kostuak zerbitzuaren kalitateari eragin gabe?

Gutxiagorekin gehiago egitea esan nahi du. Orain arte egiten diren prozedura guztiak berrikusi behar dira ikusteko ea helburuak betetzen diren edo beste bitarteko batzuk erabil daitezkeen.

Borondate aldaketarik nabaritu duzu gobernu honekin?

Badakit Ogasun eta Ekonomia departamentua lanean ari dela alor horretan. Azken batean, Nafarroako Gobernuak akordio programatikoa du, eta akordio horrek berekin dakartzan politikak definitu nahian dabiltza helburuak zehazteko asmoz. Zeregin horrek lan handia eskatzen du. Teknikariekin mintzo naiz, eta horretan ari dira.

Diru sarrerak ikuskatzeko asmoa azaldu duzu. Zer garrantzi du?

Ikuskatu nahi ditugu foru administrazioaren zerga handien bilketa, nola udal arloko zergena. Alde batetik, bilketaren legezkotasunari erreparatu nahi diogu: nola egiten den likidazioa, nola egiten den bilketa, nola kudeatzen den... Bestetik, zerga etekinei ere erreparatu nahi diegu. Zerga bonifikazioak eta kenkariak dira ikerketa eta garapenerako, enplegurako... Neurtu behar da ea helburu hori betetzen duten. Azken batean, ogasunak biltzeari utzitako diru sarrerak dira. Berez, ogasunarentzat ez dira etekinak, gastuak baizik. Horregatik ikusi behar da helburuok betetzen diren edo ez.

2015ean, 3.322 milioi euroko zorrarekin amaitu zuen Nafarroak. Aurten, lehen seihilekoan, 3.700 milioira handitu da. Badu motiborik egungo gobernuak jasotako ondarearekin kexu azaltzeko?

Egiturazko gastu ugari ditu, eta tarte txikia uzten diote ezer egiteko. Finantza gastuei gehituz gero langileen soldatak, ondare zerbitzuak, transferentzia arruntak, oso tarte gutxi uzten dute inbertsiorako.

Zorraren zamak aurrerantzean ere jarraituko du. Txostenean agertzen denez, orain zor diren 3.322 milioi euro horietatik erdiak baino gehiago datozen bost urteetan itzuliko dira.

Bai, bai. 2015ean, 400 milioi euro ingurukoa zen zorraren amortizazioa. 2016an apur bat gehiago eta 2017an antzera izango da. Datozen urteetan hala jarraituko du. Lasta horrek finantza publikoak zamatzen segituko du.

Kezkarako beste arrazoi bat estatuari ordaindu beharreko ekarpena da. 2011tik Nafarroan diru sarrerak jaitsi egin dira, eta, alderantziz, estatuak bertan dituen zerbitzuak handitu gabe, ekarpena handitu egin da. Zergatik igo da?

Bost urtean behin negoziatzen da ekarpen oinarria, eta, ondoren, urtetik urtera ekarpena berritzeko adierazle bat egon ohi da, estatuaren diru sarreren araberakoa. Ez dakit zein joera izan duten estatuaren diru sarrerek. Bai, handitu da ekarpena, baina Nafarroak doikuntza bidez jasotzen duen diru kopurua ere handitu da. Gainera, 2015etik 2019rako ekarpen oinarria zehazteko dute oraindik bi aldeek.

Volkswagenek 2012an autoen salmentan izandako aldaketaren ondorioz, Nafarroaren eta estatuaren arteko BEZ zergaren doikuntzak sinplifikatu beharko liratekeela adierazi duzu. Zergatik?

Oso konplexuak dira zerga ezarpenaren doikuntzak. Volkswagenek Bartzelonan zuen beste enpresa bati saltzen zizkion bertan ekoitzitako autoak, eta salmenta haiek aitortzen zuten. 2012an sistema hura aldatu zen, eta akordio bat egin behar izan zuen Nafarroak estatuarekin: hiru urtez, urtean 25 milioi euro ordaintzea hitzartu zen; gainera, aurreko bost urteengatik 1.500 milioi euroko erreklamazioa zegoen, baina, azkenean, artxibatu behar izan zen. Oso korapilatsua da doikuntza horiek nola egiten diren. Guk kontu orokorren ikuskaritzan ez gara atal horretan sartzen. Aztertzen dugu estatuari ordaindutako ekarpena aurrez hitzartutako irizpideen arabera egin den.

Udal ugari ere ikuskatzen dituzue. Nolako egoera dute?

Krisia ondo gainditu dute, baina inbertsioa murriztuta. Hala ere, baliabideak dituzte, eta likidezia ere badute. Finantza eta egonkortasunaren legeak exijitutako perimetroaren barruan dago zorra. Orain, inbertsioak suspertzea dute erronka. Orain dela gutxi, tokiko azpiegituren plana onartu berri da, eta, orain, finantza egoera ona dute.

BERRIAn argitaratua (2016/12/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA