astekaria 2015/10/02
arrowItzuli

kultura

«Maitasuna ez da jabetza bat, balio mugagabeko prozesu bat baizik»

Gorka Erostarbe

«Maitasuna ez da jabetza bat, balio mugagabeko prozesu bat baizik»

Argiz beteriko begirada, hurbilekoa. Samurtasuna erakusten du aldi oro Laura Philips Anderson diziplina anitzeko sortzaile estatubatuarrak (Illinois, 1945). Laurie Anderson izen artistikoz da ezaguna. Begietara zuzen begiratzen du, jarrera arranditsu oro alboratuz, artistaren eta parean duenaren artean pareta bat ez, zubi bat ezarriz. Konfiantza emanez, Zinemaldian aurkitzen hain erraza ez den jarrera humano eta humanizatzailea agertuz.

Heart of a Dog film dokumental pertsonal eta berezia aurkeztu du Zabaltegi sailean. Lan askea da, heriotza eta maitasuna ulertzeko modu ezohiko gizatiar bati erantzuten diona. Amaren heriotzak, biziki maite zuen Lolabelle txakurrarenak eta urteetan bizitza kide izandako Lou Reedenak sortutako sufrimendua modu eraikitzaile eta maitekorrean transformatzeko ahalegin artistiko eta bitala du ernamuinean filmak. Maitasuna behin betiko «liberatzeko» baliagarria gertatu zaizkio pertsona maiteen heriotzak, baina maitasuna bera «balio mugagabeko» kontzeptutzat dauka. «Maitasuna ez da jabetza bat, balio izugarriak dituen prozesu bat baizik». Donostiako Maria Cristina hotelean Zinemaldiak elkarrizketetarako atondutako gela batean esan ditu hitzok, eta kasualitatez, sekulako ahots burrunba zabaldu da istant berean aldamenetako korridoreetan. «Esan dudanaren aurrean erreakzionatu dutela dirudi», adierazi du irribarrez. Heriotza «tabu» handi bat da, artistaren hitzetan, eta horri aurre egin behar zaiola uste du. «Jendea oso deseroso sentitzen da heriotzari buruz hitz egiten duenean, hitz egiten badu. Heriotzarena istorio komun bat da, istorio handi bat nolabait, bakoitzak bere erara bizi du, baina apenas hitz egiten den hari buruz. Garai batean gauza bera gertatzen zen sexuarekin ere. Hori bai, ikusiko duzu gisa guztietako filmetan heriotza. Tiroz hiltzen dira hainbat eta hainbat pertsonaia filmetan, baina jendeak ez du eztabaidatzen haren inguruan, eta ez dakit zergatik. Norberak heriotzarekin izandako istorioak definitzen gaitu, baina istorio hori azaltzea da zaila, eta ni horretan saiatu naiz».

Artea, kontzeptu orokor modura, eta zinemagintza kasu konkretu honetan, «maitasuna eta energia» askatzeko tresna ezin egokiagoak dira, Andersonen iritzian, heriotza bera bezainbeste. «Filmaren muina nire buda irakasleak esandako esaldi batek laburbiltzen du: 'Saia zaitez tristura sentitzen triste egon gabe'. Hori da erronkarik handiena. Ez da erraza, heriotzan maitasuna agertzen baita, baina baita sufrimendua ere. Sufrimenduaren inguruan ezarria dugun ideia da abailduta sentitzearena... ez, ez, ez, altxa zaitez eta egin ezazu zerbait, arraioa! Eta jo aurrera. Erronka da egunero-egunero une onen bat sentitzea, borrokatzea. Batzuek, abailduran erori, eta bertan goxo egiten dute, zerbait kulturala da».

Askatasunaren bilaketa etengabeko ezaugarri izan du Andersonek bere ibilbide artistikoan, eta Heart of a Dog-ekin ere askatasun hori erdietsi duela uste du: «Ez dut esan esan ez nezakeen ezer, eta esan nahi nuen guztia esan dut. Eta hori asko da, zinez. Uste dut beste film zuzendari askok dituzten baldintzapenak ez ditudala izan; batetik, filmak ez duelako inolako kosturik, eta, bestetik, zinema ekoiztetxeak eta komunikabideak ez direlako kezkatzen gisa honetako lanen inguruan. Dirurik ez dago tartean, aktorerik ez dago tartean, ez dago aurrekonturik, beraz, ez dago araurik eta mugarik. Protagonista bakarra nire txakurra da, jada hilda dagoen nire txakurra. Ez dut diruagatik egin, ondo pasatzeko egin dut, eta hori bai, jendearengana iritsi ahal izateko, jakina».

Askatasun bitala ere bai

Eta segidan dator galdera ere. Arlo artistikoan bezala, bizitzan ere lor liteke askatasuna, erabatekoa ez bada ere, ia osoa? «Bai, horixe baietz. Dena da zein behar dituzun sinesten duzunaren araberakoa. Uste baduzu gauza mordoa behar duzula bizitzeko, zailagoa izango da askatasun hori lortzea. Ez dago inor, zeure buruaz at, zure askatasuna eragotz dezakeena. Saiatuko dira zure askatasuna baldintzatzen, baina lor liteke hartara jarriz gero. Sortzaile asko etortzen zait esanez artista izan nahi luketela, baina jendeak zer pentsatuko duen izaten dute kezka. Eta esaten diet konplexurik ez izateko, izendatzeko euren burua artistatzat eta egiteko aurrera. Zer inporta du besteek zer esango duten! Sentitzen duzun hori egin ezazu, eta aurrera! Izugarria da zein beldur diogun porrotari, eta hori da esnob batzuk bihurtu garelako oro har, arrakasta izan nahi dugu bai ala bai».

Buruan, «eta gorputzean», unean-unean «presente sentitzeko», artea eta sorkuntza beti aldean daramatza Andersonek, «ezinbesteko tresna eta bidaia-lagun modura». Askatasuna eta esperimentazio artistikoa ia sinonimotzat ditu: «Bai, eta Hollywooden ereduaren erabat kontrakoa da. Horrek ez du esan nahi Hollywooden egiten den guztia ez dudanik gustukoa, egiten baitira gauza duin eta politak ere, baina nire mundua beste bat da, akaso estrainioagoa eta ilunagoa... eta esperimentaziorako joera betidanik izan dut, baita arte lengoaia desberdinak erabiltzekoa ere». Musika elektronikoaren aitzindarietakoa izan zen, 1970etako New Yorkeko kultur loraldian hezitakoa, soinu artista, zinemagilea, margolaria... Hemendik aurrera ere nahi luke barrenak eskatzen diona egiten jarraitu: «Batez ere margotu egiten dut eta musika sortu. Hemendik zuzenean noa Genevara, pintura erakusketa bat baitut han, eta, ondoren, Stockholmera, ballet dantza ikuskizun bati musika jarri baitiot». 20 minutuko elkarrizketak eskaintzen ari da, hedabide bati aurrena, eta beste bati hurrena, geratu ere egin gabe, baina irribarretsu eta abegikor. Aulkitik altxa, agurtu eta lasaiago ezin hitz egin izanaz desenkusatu da.

BERRIAn argitaratua (2015/09/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA