astekaria 2016/12/16
arrowItzuli

gizartea

Evan eta Kirk

Jose Mari Pastor

Evan eta Kirk Jose Mari Pastor

Udako oporrak noiz helduko zain dago Evan, irrikan. «Aspertuta nago», idatzi du eskolako liburutegiko mahaian. Ikasleak erantzuna aurkituko du leku horretan berriz esertzen denean. «Kaixo, aspertua», idatzi dio esku anonimo batek. Nor izango ote da?

Hurrengo egunetan mezuak bidaliko dizkiote elkarri mutilak eta lagun ezezagunak mahai horretan. Elkar ezagutzen duten arte. Baina une horretan gelako atea ireki du gizon batek, erriflea atera eta... Hautsi da bi nerabeen arteko erlazio hasi berria. Tiroketak betiko itzali ditu mutil ilegorriaren eta neskatila beltzaranaren arteko teen love-aren lehen txinpartak. Pantaila beltzean hitz hauek ditugu: «'Evan' ikusten ari zinen bitartean, tiroketa bat egiteko asmoaren zantzuak erakusten ari zen beste ikasle bat. Baina inor ere ez da konturatu». Eta orduan tiroketa hasi aurreko irudiak ageri dira ostera bideoan, eta lehenago atzeman ez ditugun zantzuak nabarmentzen hasten gara.

Armek eragindako indarkeriaren kontrako kontzientzia piztu nahi du Evan izeneko ikus-entzunezko iragarkiak. AEBetako Sandy Hook Promise elkarteak hedatu du. Sandy Hook eskolan 2012ko abenduaren 14an izandako sarraskiaren biktimen senideak batzen dira talde horretan. Connecticut estatuko ikastetxean hogei haur eta sei irakasle hil zituen Adam Lanzak, 20 urteko gazteak, egun hartan.

Iragarkiak ez du eskatzen armak debekatzeko. Erne egoteko deia da. Armak izateko eskubidea oso errotuta dago AEBetan. Konkista eta kolonizazio garaiei lotua dugu. Norbanakoaren autonomia eta eskubidea bere burua defendatzeko. XIX. mendean Euskal Herriko zein tabernatan sartzen zen jendea pistola bat gerrian? Ameriketan ohikoa eta legezkoa zen. Western filmetan ikus dezakegu. Armak, justizia ezartzeko tresnak. Edo gaizkia hedatzekoak. Erdibidea ere badago: pistolari jokalari alkoholikoak bat egiten du legearekin lagunari laguntzeko. Kirk Douglasek rol hori bete zuen John Sturges-ek zuzendutako Tiroketa OK Corralen filmean, Burt Lancasterrek ordezkatzen zuen ordenaren aldean jokatzeko.

Erriflea daraman gizona urrunean ikusten dugu Evan iragarkiko eskolan. Lainotsua da haren irudia. Grabazio horretatik kanpo ez genuke erraz ezagutuko. Erasotzaile potentzialen aurpegiak, ordea, bai azaltzen dira, bideoari arretaz begiratzen badiogu. Hori ez da normalean gertatzen emakumeen kontrako indarkeriari buruzko kanpainetan. Biktimak ikusten ditugu, baina erasotzailea, ez. «Egilerik gabeko biolentzia da», idatzi du Gerard Biard-ek Charlie Hebdo astekarian, azaroaren 25aren harira. Biardek dioenez, erasotzailea itzal bat da kanpaina horietan, oihu bat, gehienez. Apenas ageri den kolperik. Konparatu trafikoari buruzko kanpainetako irudi bortitzekin. Kazetari frantsesaren arabera, ondo dago biktimak kontuan izatea, baina emakumeen kontrako indarkerian erruduna kolpeak ematen dituena da. Eta erasotzaileen %94 gizonezkoak dira. Biardek oso argi azaltzen du: errepideko istripuetako biktimei ez zaie esaten: «Ez ahaztu, joan ospitalera!». Erasoa salatzeko eskatzen zaio emakumeari. Ondo dago hori, baina noiz izango dira erasotzaileak kanpainetako benetako protagonistak? Noiz protagonistak Gasteizen emakumezko bikotekideei eraso dieten 19 eta 23 urte bitarteko bi gizonezko gazteen eta horien antzekoen pentsaerak eta jokaerak?

Kirk Douglasek 100 urte bete ditu. Evan 20 urteak bete baino lehen hil zuten. Espartako eta Loriazko Bidezidorrak filmetako protagonistari festa berezia prestatu zioten atzo etxekoek. 80 urte zituenean iktus batek jo zuen aktorea. Hutsetik ikasi behar izan zuen ostera ere berba egiten. «Konturatu naiz oso astiro hitz egiten dudanean jendeak arreta handiagoz entzuten didala, zerbait garrantzitsua esango dudalakoan», adierazi zuen Kirk Douglasek prozesu horren harira. Gaixotu baino lehentxoago elkarrizketa bat egin zioten. Gaztetan egiten zituen gauza guztiak egiteko gai ote zen galdetu zion kazetariak. «Bai, baina soilik behin», erantzun zuen.

BERRIAn argitaratua (2016/12/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA