astekaria 2016/12/09
arrowItzuli

mundua

GILBERT ATXCAR

«Tunisian 2011n hasi zena ez da udaberri bateko kontua»

Asier Arrate Iruskieta

«Tunisian 2011n hasi zena ez da udaberri bateko kontua»

Herrialde arabiarrak sartuta dauden kontrairaultza prozesua aztertu du Gilbert Atxcar idazleak (Libano, 1951) Morbid Symptons: Relapse in the Arab Uprisings azken liburuan. Ekialde Hurbilean aditua da; egun, Londresko Unibertsitateko SOASen Nazioarteko Harremanen eta Garapen Ikasketetako irakasle da. Hainbat liburu idatzi ditu Ekialde Hurbilaz, bereziki AEBen atzerri politika, globalizazioa eta islama aztertuz. Matxinada arabiarren jatorria eta garapena landu ditu bere azken bi liburuetan.

Zer aldatu da 2011n Tunisian hasi eta eskualde osora zabaldu ziren matxinadetan?

2013az geroztik irauli egin da egoera, eta kontrairaultza aro batean sartu gara. Ordu arte iraultza gehienak arrakastatsuak izan ziren Sirian marea aldatu zen arte. Iranek esku hartu zuenean, erregimenak kontraerasoari heldu zion. Sirian iraultzak irabazi izan balu, domino efektuak jarraituko zuen, eta beste herrialde batzuei eragingo zien. Ostera, 2013tik hona antzinako ordena itzuli da, Egipton kasurako, edo gatazka sortu da fundamentalista islamiar eta antzinako erregimenaren artean, Libian eta Yemenen bezala.

Non daude matxinadetan azaldu ziren indar iraultzaile horiek?

Egipton edota Tunisian mugimendu kontrairaultzaile gisa definitzen ditudanekin batu dira: antzinako erregimenak eta fundamentalista islamiarrak. Ondorioz, sinesgarritasun guztia galdu dute. Sirian edota Libian baztertu egin dituzte, eta bi indar kontrairaultzaile nagusien arteko gatazka bihurtu da. 2011n Tunisian hasi zena ez da izango udaberri bateko kontua. Aldaketa ez da jaso konstituzio berri batekin. Ekialde Hurbileko arrazoi politiko, sozial eta ekonomikoen blokeoaren ondorioz, muturreko aldaketa behar da, eta herrialde arabiarren izaera jakinik, prozesua oso luzea eta latza izango da, gorabeheratsua. Mota horretako prozesuetan, gorabeherak beti izaten dira, eta horregatik 2011n sortu zen euforiaren aurka agertu nintzen bezala, orain nagusi den pesimismoaren aurka nago. Matxinadak piztu zituzten gazteen potentziala oraindik hor dago.

Sirian zaila da hasierako oposizio horren zantzurik aurkitzea.

AEBek oposizio moderatuari lagundu ez izanak bidea ireki zien golkoko herrialdeei eta Turkiari esku hartzeko. Horiek babestutako taldeak dira nagusi Sirian egun. Siriak ahal zuen guztia egin zuen fundamentalismo islamiarra indartzeko oposizioan. 2011ko udan jihadistak askatu zituen bere kartzeletatik, eta egun Sirian dabiltzan talde askoren buruak dira. Golkoko herrialdeek, bestalde, talde fundamentalista horiek finantzatu dituzte, indar demokratikoen aldean ez dietelako arazo politikorik eragingo.

Zergatik izan dira jatorri bereko matxinaden emaitzak horren ezberdinak?

Muturreko aldaketa politikoa ezinezkoa da indarkeriarik gabe Ekialde Hurbilean. Kontua da bi motatako erregimen daudela eskualdean, eta horren arabera gatazka maila desberdina izan da. Egipton eta Tunisian armadak du agintea, eta liderra kenduta, egitura bera mantentzeko gai izan dira. Monarkietan, Sirian edo Libian, ordea, agintean dagoen familia da estatuaren jabea, beraz, ezinezkoa da burua kendu eta egitura mantentzea. Azken sisteman gerra saihetsezina da, eta ez dago aldaketarik egitura osoa, familia, eraitsi gabe.

NATOk zergatik ez du izan Sirian Libian bezalako jarrera?

Mendebaldeko potentziak saiatu ziren Libiako iraultza bahitzen, baina ez zuten lortu euren eraginpeko gobernu sendo bat ezartzea. Hala ere, Libia babestearen arrazoia eta Siria ez, hau da: lehenak petrolioa ekoizten duela, eta, beraz, Sirian ez dagoen pizgarri bat zuten iraultza bereganatzeko. Siria ez da sari nagusia AEBentzat: herrialde txiroa da euren interesei begira, eta arrazoi humanitarioek ez dute bultzatzen AEBen kanpo politika. Horregatik oso laguntza gutxi eskaini die talde iraultzaile moderatuei.

Hala ere, askok Libia eta Siria AEBen kanpo politikako plan berean kokatzen dituzte.

Analisi okerra da. Obama ez da Bush. Washingtonen hasieratik Al-Assad kentzearen aldekoak izan dira, baina erregimenaren egitura mantenduz. Obamak 2012an Yemenerako irtenbide gisa definitu zuen aukera hori, herrialde horretan antzeko prozesu baten bidez geratu baitzuten matxinada. AEBen politika erregimenak mantentzea da, baina ulertu dute hori lortzeko bidea burua aldatzea dela. Iraken gertatutakoa oso presente dute. Erregimenaren egitura osoa desegin beharrean Saddam Hussein soilik kendu izan balute, uste dute eragingo zutela gobernuan. Egun, ordea, Irak eskualdean duten etsai nagusiaren menpe dago: Iran.

Egonkortasuna onuragarriagoa da AEBentzat?

Siriako erregimenak eutsi izanak ordena zahar guztiari egin dio mesede. AEBak erregimen horiei estuki lotuta daude. AEBen ikuspuntu inperialistaren arabera, Siriako erregimenak jarraitu behar du, Al-Assad da joan behar duena. Erregimena eroriz gero, kaosa eskualde osora zabaldu daiteke, eta hori kaltegarria litzateke. Lidergo aldaketa izan da Obama administrazioaren obsesioa, baina porrot egin du. Kaosa ekidin nahi izan du oposizioari laguntza ukatuz erregimenaren egitura mantentzeko, eta bueltan, kaos berbera jaso du. Atzera begira, Barack Obamaren porrot handiena Siria izango da.

Zein da orain AEBen politika Ekialde Hurbilerako?

Ekialde Hurbilean orokorrean eta Sirian bereziki sortutako kaosa mugatzea da orain AEBen politika. Adiskidetze prozesuak bultzatzen ari dira erregimen zaharraren eta fundamentalisten artean. AEBen ikuspegitik posible da negozioa egiten jarraitzea biekin. Horren adibide da Saudi Arabia, eskualdeko estatu fundamentalistena eta AEBen aliatu historikoa. Adiskidetzea lortuz gero, ez da aldaketarik izango, baina gerra bukatuko da, eta erraztuko du hasierako indar demokratikoak berriz agertzea.

Sirian gerra bukatzea aukera gisa ikusten duzu matxinadak abiatu zituzten indarrentzat?

Adiskidetze prozesua burutzen bada, bi mugimendu kontrairaultzaileek bat egingo dute agintean, eta ezkerreko mugimendu demokratikoak izango dira oposizio nagusia. Beste behin Tunisia da horren adibide, non Herri Fronteak aukera gehiago dituen orain. Gaur egun bi aukera daude: gerrak jarraitzea edo akordio bat lortzea. Akordiorik, ordea, ez da lotuko Al-Assadek ez badu uko egiten, eta hori gaur egun ez da gertatzen ari, eta bakerako aukerak hutsaren hurrengoak dira.

Iraken kasuan, Mosul hartu ostean, zer dator?

Gatazka ez da bukatuko. EI Estatu Islamikoa Iraken arazoetako bat baino ez da. Kontraesan ugari daude, eta, hori gutxi balitz bezala, orain Turkiak esku hartu du kurdu, milizia xiita, sunita eta gobernuarekin batera. Guztiak EIren aurka ari dira, baina hori suntsitzean euren arteko gatazka piztu liteke. Iranek eta Turkiak helburu espantsionistak dituzte. Turkiak orain gutxi hasi ditu operazioak Siria iparraldean. Bere helburu nagusia, noski, PKK eta PYD kurduak dira, ez Al-Assad edo EI.

BERRIAn argitaratua (2016/12/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA