astekaria 2016/12/09
arrowItzuli

gizartea

AMETS LAHETJUZAN

«Urritasunak ez du erran nahi kultura eta hizkuntza baztertzea»

Ekhi Erremundegi Beloki

«Urritasunak ez du erran nahi kultura eta hizkuntza baztertzea»

Arazo bati konponbidea emateko egiturarik ez denean, norberak sortzea izaten da onena. Halaxe egin dute Jendartean elkartean bildu direnek. Ahalmen urritasuna dutenak ere egunero euskaraz bizi ahal izatea dute xede, eta, beste elkarte eta botere publikoen laguntzarekin, asmo horretara iristeko lanean hasi dira. Sortzaileen artean da Amets Lahetjuzan (Senpere, Lapurdi, 1987). Urritasunarekin harreman zuzenik ez badu ere, hasieratik lotu da desmartxara. Ikuspegi kritiko batekin, proiektuaren erronkak aurkeztu dizkio BERRIAri.

Ahalmen urritasuna eta euskara aipatzean, Integrazio Batzordea datorkigu burura.

Orain dela urte batzuk guraso talde batek Integrazio Batzordea sortu zuenean, bere helburua zen ahalmen urriko haurrak jendarteratzea, eta euskaraz ikasteko eta bizitzeko aukera eskaintzea. Lehentasuna eskolaratzeari eman zioten, eta horretan jarri dute indar gehien orain arte.

Jendartean elkartearen proiektua Integrazio Batzordearen gehigarri gisa heldu dela erran daiteke. Gurasoek abiatu dute gogoeta, eta gaiaz kontziente ginen beste batzuk gehitu gatzaizkio ondotik. Eskolatzea gai inportantea izanik ere, bizi proiektu batean izan daitezkeen arlo anitzetan hutsunea badela oharturik sortu dugu elkartea.

Zertan, adibidez?

Nerabezarora iristean, kolegiotik edo lizeotik ateratzean, ez dituzte baitezpada lagunak ikusten, ez dituzte asteburuetan ateraldiak egiten. Familiarekin egoten dira anitz; familiatik aparte ez dute aisialdirako aukerarik. Horregatik jarri dugu aisialdia lehentasun gisa. Familiatik aparte lagun sare bat sortu, eta ahalmen urritasuna dutenei erregularki euskarazko aisialdi ekintzak eskaini nahiko genizkieke.

Ahalmen urritasuna lantzen duten elkarteak badira. Zer harreman dute euskararekin?

Harreman guti edo bat ere ez. Lehentasuna urritasunari ematen diote, ez hizkuntzari. Gogoetak, beharrak, antolaketa... Urritasunari lotuak dira, ez hizkuntzari. Baliteke elkarte horietan ere eztabaidak eta gogoetak egon izana, baina izan diren desmartxak indibidualak izan dira —egoera pertsonalei eman zaien unean uneko erantzuna—, eta ez gogoeta kolektibo baten ondorio. Guk, elkarte gisa eraman nahi dugu; eskubide bat delako. Helburua ez da egoera pertsonal bati erantzutea, ahalmen urritasunari lotutako euskarazko proiektu bat martxan ematea baizik.

Integrazio Batzordearen lana da funtsean, eskolaz harago doana eta adin guzientzat dena.

Oraingoz, haurrak, gazteak, eta heldu-gazteak ditugu buruan, baina ez dugu adin mugarik jarri. Oraingoz izan ditugun elkarrizketetan, 25-30 urte arteko publiko bati buruz mintzo gara, baina ez dugu definitu. Pertsona bakoitzaren egoera desberdina da, eta horren arabera behar desberdinak izanen ditu. Elkartean parte hartuko dutenen beharren eta gogoaren arabera erabakiko dugu zer eta nola eginen dugun. Aisialdi ekintzak aipatzen ditugunean, bereziki gazteak ditugu gogoan, eta, lana eta formakuntza aipatzean, helduagoak; baina, noizbait iritsiko da —berdin, bihartik goiti—, zaharragoek izan ditzaketen problematikei buruzko gogoeta.

Integrazio Batzordea eskolari buruz bakarrik ari da, eta, zehazki, ikastolez; izan ere, ahalmen urritasuna duten haurrek ikastolan ikasten segitu ahal izateko sortu zen. Guk, berriz, ikastolan eta sail elebidunean izan daitezkeen haurrei ere irekitzen diegu aukera. Euskaraz bizi nahi duen ahalmen urriko jendea laguntzeko sortu gara.

Elkartearen izenak erakusten du zein den zuen helburu nagusia.

Edonorentzat erraza, normala eta behien bistakoa izaten ahal den edozein gauza, ahalmen urriko pertsonentzat konplikatua izaten ahal da. Motrizitate arazoak dituztenentzat, adibidez, karriketan ibiltzea, era autonomoan ateraldi bat egitea, zaila da; ez du erran nahi ezinezkoa denik, baina are konplikatuagoa da. Formakuntza edo lana aurkitzea ere zaila da frantziar administrazioan: denek dakigu hamalau ate jo behar direla hamabosgarrena irekitzeko; beraz, urritasuna dutenen kasuan dena konplikatuagoa da.

Horri guztiari euskara gehitzen diogu, bakoitzaren bizi proiektua errespetatzeko. Ez da urritasuna duzulako zure bizia frantsesez egin behar duzula. Urritasunak ez du erran nahi kultura eta hizkuntza nortasuna baztertu behar direnik.

Zer begirada du gaur egun euskal munduak ahalmen urritasunarekin?

Ez du. Ez du ikuspegirik. Integrazio Batzordeak hainbat urtez egindako lanak, kanpainei esker, begi batzuk ireki ditu, baina hor ere berriz ageri da urritasuna eta euskara integrazio batzordearekin lotzeko joera. Erran nahi du ez dugula oraindik gizarteratu eztabaida, elkarte bakarrarekin lotzen dugulako. Bada oraindik lan anitz. Oro har, jendarte guztiak ixten ditu begiak; pertsonalki ukitua ez bazara... Horretaz arduratzen den elkarte bat egonik, euskal munduak ez du arazo etikorik sentitzen, ez du erantzukizunik.

Zer behar identifikatu duzue? Zein dira lehentasunak?

Hasi dugun gogoeta hiru arlotan banatu dugu. Lehena —eta agian errazena—, aisialdiari buruzkoa: euskarazko jardunbideak proposatzea, eskolatik eta instituzioetatik kanpo; asteburuetan-eta, familiaz aparte beren espazioa izan dezaten. Lanari buruzko gogoeta ere izan dugu. Hori askoz ere konplikatuagoa da, pertsona bakoitzaren arabera bakarkako proiektu bat eraman behar delako. Elkarteak berak ez du enpleguak aurkitzeko gaitasunik, baina partaidetzak sortzeko aukerak aztertzen ari gara. Azkenik, etxebizitzari buruzko gogoeta ere abiatu dugu. Hor ere, jadanik martxan diren egituretan euskarak lekua izan dezan lan egin nahi genuke, partaidetzaren eta sentsibilizazioaren bidez.

Elkartean parte hartzeko deia zabaldu duzue.

Aurkezpen egun bat antolatu genuen, eta elkarteko ateak irekiak ditugu. Sentsibilizatua den edozein pertsonak parte har dezake. Ni ez naiz guraso, ez dut uste ahalmen urritasun berezirik dudanik, baina, lagun gisa eta proiektu honekin bat egiten dudanez, parte hartzen dut. Guk informazioa zabaldu nahi dugu, elkarrekin sortu; batzuek kide bilakatu nahi badute, hainbat hobe. Hala ere, jendea ez da soilik kontsumitzera etortzen ahalko. Ez gara zerbitzu emaile bat, besteen ordez ateraldiak antolatu eta dosierrak prestatzen dituena. Ez. Ez gara desmartxa horretan. Ez dugu jendearen ordez eginen; elkarte bat gara, elkarrekin eginen dugu.

BERRIAn argitaratua (2016/12/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA