astekaria 2015/11/13
arrowItzuli

politika

Babes faltaren emaitza

Enekoitz Esnaola

Babes faltaren emaitza

Egoera jasanezin batean zen, eta utzi egin du. Bukatu da Roberto Uriarteren (Bermeo, 1960) agintaldia EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi karguan. Podemosen Espainiako Estatuko zuzendaritza ez zeukan alde. Eta erkidegoan ere bazituen kontrakoak, edo ez aldekoak, haren ildoko batzuek zehazten dutenez; aurtengo otsailean idazkari nagusi hautatzeko primarioetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hiru hautagaien artean irabazle izan arren, %50eko babesa baino gutxiago lortu zuen: %35ekoa. Joan den larunbatean jakinarazi zuen dimisioa, astebete zoro baten ondotik.

Espainiako Kongresurako hauteskundeetako zerrenden osaeragatik egin du barne krisiak eztanda. Uztailean estatuko primarioak egin zituzten hautagaiak aukeratzeko, eta Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren zerrenda proposamena nagusitu zen —estatu osorako zerrenda zen harena—; EAEren kasuan, Eduardo Maura izango zen Bizkaiko zerrendaburua, Nagua Alba Gipuzkoakoa eta Fernando Iglesias Arabakoa. Horra arte, arazorik ez Ahal Dugu-n. Senaturako EAEko hautagaitzarako, berriz, Miren Gorrotxategiren alde egin zuten; hark jaso zuen boto gehien. Urritik aurrera etorri ziren arazoak, Podemosek eta Equok koalizio akordioa erdiestean. Halako itunen kasuan Podemosen estatutuek bere zerrendatan aldaketak egitea ahalbidetzen dute, eta Equorekin ados jartzean zuzendaritza nagusiak Arabako zerrendaburu Juantxo Lopez de Uralde Equoko burua izendatu zuen. Uriartek Bizkaitik nahi zuen hura, eta, gainera, Bizkaitik bigarren, Gorrotxategi, honen Senatuko aukera baztertuta.

EAEko Ahal Dugu-ko Herritarren Kontseiluko kideek urriaren 30ean hurrengo egunerako ezohiko batzar baten deialdia jaso zuten. Kontseiluko 34 lagunetatik hemezortzi azaldu ziren, eta Uriartek bere proposamena defenditu eta aurrera ateratzea lortu zuen: aldeko hamahiru boto izan ziren, kontrako bi eta hiru abstentzio. Aurka zeudenek idazkari nagusiari ohartarazi zioten ez zela ari estatutuak betetzen, primarioetan ez zutelako Gorrotxategi Kongresurako aukeratu, baizik eta Senaturako, eta Bizkaiko zerrendaburu izateko, berriz, Maura dela aukeratutakoa, ez Lopez de Uralde. Baina Uriartek eta zuzendaritzako haren ildoko kideek aurrera jotzea erabaki zuten, eta azaroaren 3ko arratsalderako prentsaurreko batera deitu zuten, zerrenda egokituaren berri emateko. Agerraldia hastear zela, Iñigo Errejon Podemoseko bigarrenak deitu zion Uriarteri, ekitaldia uzteko eskatuz. Onartu zuen.

Dimisioa, larunbatean

«Ordutik larunbatera arte giro arraro bat egon zen», dio Neskutz Rodriguez Ahal Dugu-ren Herritarren Kontseiluko kide eta Bizkaiko batzarkideak. Larunbatean 22:15ean jakin zen Uriartek dimisioa eman zuela. Eldiario.es-en EAEko edizioak plazaratu zuen berria, hark militanteei bidalitako gutun batean oinarrituta. Rodriguezek azaldu du berari larunbateko 23:15ean heldu zitzaiola eskutitza, posta elektronikoz.

Rodriguezek aitortu du logikoa iruditu zaiola Podemoseko buruen jarrera. «Ulertu ez dudana da Uriartek zergatik ez zituen estatutuak bete nahi. Guk gure iritzia eman genuen primarioetan. Gero Arabako aldaketa estatutuek ahalbidetuta egin zen, ezin zen aldaketa gehiagorik egin, baina Uriartek egin nahi zituen. Ezetz esan diote, hemen batzuek ezetz esan genion bezala. Baliteke Ahal Dugu-rena ez izatea Uriartek buruan zeukan proiektua».

Erkidegoko beste hemeretzi zuzendaritzakidek ere aurkeztu dute dimisioa. Podemosen «politika aparatuzalea» eta «zentralizatua» salatu zuten igandean Bilbon emandako prentsaurrekoan. Horrek Ahal Dugu-ren arlo politikoan, antolaketakoan eta barne hauteskundeetakoan eragin duela gaitzetsi dute. «Ez genuen [estatuko] alderdiaren konfiantzarik». Gainera, adierazi dute EAEko zuzendaritzaren lana «gutxiengo diren barne ildoek trabatu» dutela.

Josetxo Arrieta Ahal Dugu-ren Senaturako Gipuzkoako zerrendaburuak iritzi dio «ondo» jokatu duela Uriartek. «Madrilgoei esaten zien Ahal Dugu-k autonomia behar duela hemen, adin nagusikoak garela, eta, beraz, hemen hartu behar ditugula erabakiak, haiekin hitz eginda, jakina. Adibidez, Lopez de Uralde Bizkaira aldatzeak bazuen logika, emaitza aurreikuspenak aztertuz gero. Ez diote utzi; baina ez orain bakarrik, lehendik zetorrelako hau, gure idazkari nagusiari ez ziotelako bere politika garatzen uzten. Bakegintzan-eta ez da gehiago mugitu, Madrildik kontrolpean zutelako dena. Uriartek gogor jokatu du, baina, azkenean, bale esan du, honela ezin zela segitu iritzita. Madrilek gehiegi sartu du muturra». Nafarroako Ahal Dugu-k beste askatasun bat izan duela dio Arrietak, «han lehentasuna UPN boteretik kentzea baitzen».

Uriartek arazoak, ordea, ez zituen Madrilekin bakarrik. Hori azpimarratu du Koldo Martin Ahal Dugu-ren Arabako batzarkideak. «Otsailean Uriartek lortu zuen idazkari nagusi posturako babesik handiena, baina %35ekoa izan zen. Gero, gainera, maiatzeko foru bozetan haren gustukoak ez ziren zerrendak nagusitu ziren barne bozketan. Orain, hordagoa jota, Madrili egin dio aurre, estatutuek diotena kontuan hartzeke, baina Madrilek geratu egin du».

Halaber, Ahal Dugu kontrolpean eduki nahia leporatu diote Uriarteri kritiko batzuek. EH Bildurekiko aliantzaren aukerak eta Arnaldo Otegiren-eta aldeko manifestazioak ere sortu dituzte barne mailan desadostasunak: Uriarte, publikoki bada ere, ez zegoen ekinbideen alde, beste asko bai.

Podemosek EAErako Batzorde Tekniko bat eratu du, batik bat abenduaren 20ko hauteskunde kanpaina antolatzeko. Urte hasieran egingo dituzte idazkari nagusia hautatzeko primarioak.

BERRIAn argitaratua (2015/11/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA