astekaria 2016/12/09
arrowItzuli

bizigiro

IRAIA MUñOA

«Nire gurasoek zertan nabilen jakiteko balio dezakete sare sozialek»

Lander Muñagorri Garmendia

«Nire gurasoek zertan nabilen jakiteko balio dezakete sare sozialek»

Belaunaldiz belaunaldiko oinordetza epigenetikoaren inguruan tesia egiten ari da Iraia Muñoa biologoa (Eibar, Gipuzkoa, 1989) duela bi urtez geroztik, Leioako (Bizkaia) Medikuntza fakultatean. Unibertsitateko tesiak dibulgatzeko Unibertsitatea.net atariak antolatzen duen Txiotesia lehiaketan parte hartu du aurten, eta originalenaren atalean saria irabazi berri du. Sare sozialetan ez da oso aktiboa, baina jakin du 140 karaktereko mezuetan bere tesia behar bezala dibulgatzen.

Sei txiotan tesi oso bat laburtzea ez da izango erraza. Nola egin diozu aurre erronkari?

Erronka zaila da, lau urte ditugulako tesia egiteko, eta denbora horretan gauza asko egiten dituzu. Hori sei txiotara laburtzea zaila da. Gainera, ez naiz oso abila Twitterren. Saiatu naiz ahalik eta sinpleena adierazten tesia, eta istorio txiki bat asmatu dut erraz ulertzeko. Hori izan zen nire erronka, erraz ulertuko zen zerbait egitea.

Askok esango dizute egiten duzun lana ez dela hainbestekoa izango, sei txiotan laburbil badaiteke.

[Barreak] Hori da. Nola ikusten den kontua, hala ere. Erraza izan daiteke motza delako, eta zaila, asko moztu behar delako.

Txioak zirku baten testuinguruan jarri dituzu. Zirku baten moduan planteatzen duzu zure tesia?

Hori zen nire beldurra. Pentsatu nuen ea lehiaketa batera horrela bidalita broma moduan edo serio hartuko ote zuten. Tira, azkenean serio hartu dute, eta gustura. Nire tesia zerbait ulergarriarekin alderatu nahi nuen, eta horrela sortu zen ideia. Epigenetikaren munduko parte hartzaileak zirkuko pertsonaiekin alderatzea ulergarria izan zitekeela pentsatu nuen.

Lehiaketa honekin, zure Twitter kontuari errentagarritasun handia atera diozu. Sei txio, besterik ez duzu, eta horren truke saria jaso duzu!

Sari banaketa egunean bertxioak, atsegiteak eta halako hamaika gauza jaso nituen. Ez nekien oso ondo zer ziren ere.

Jarraituko duzu?

Ez dakit, baina ez naiz halako gauzak sare sozialetan jartzekoa.

Genetikaren gaia Twitterrera eraman duzu. Ohikoa da gaia sare sozialetan?

Ez dakit. Lehiaketa honetarako egin nuen kontua, ordura arte ez nuen Twitter jarraitzen. Kontsulta bat egin behar dudanean, aldizkari zientifikoetara jotzen dut, baina sare sozialen bidez apenas kasu egiten diodan gaiari.

Zientzia sare sozialetatik kanpo dagoela iruditzen zaizu?

Ez zait iruditzen. Ziurrenik, ni egon ninteke sare horretatik kanpo. Edozein modutan, zientzia sare sozialetan gero eta gehiago lantzen da. Zientzia jendearengana eramaten lan handia egiten ari dira.

Dibulgazioaren beharra dagoela iruditzen zaizu?

Bai. Gu ohituta gaude aldizkarietara joaten, eta hori da helburua, gainera: publikatzea. Baina ez gara arduratzen zientzia hori besteengana inguratzen. Azkenean, bakoitza berean dabil, eta ez dakizu ingurukoak zer egiten ari diren. Halako egitasmoek edo sare sozialek asko laguntzen dute, behintzat nire gurasoek jakin dezaten zer egiten dudan. Baita guretzat ere, ondokoak zertan ari diren jakiteko.

Alegia, epigenetikari buruz ikertzen ari zarela esateko.

Hala da. Edozein modutan, hitz oso teknikoak dira, eta jendea galdu egiten da.

Tesia epigenetikari buruz egiten ari zara. Garatzen ari den arloa da gaur egun?

Azkeneko hamarkadatik edo gehiagotik datorren ideia bat da, eta horren arabera kanpo faktoreek edo gure bizi estiloak guregan eduki dezakeen eragina aztertzen du. Ez da soilik gure DNAk jasotzen dituen mutazioak, baizik eta kanpo faktoreek ere eragin dezaketela beste era batean. Eta hori da aldaketa epigenetikoa. DNAn eragiteko beste modu bat da, guri eragiten diguna. Hartzen dugun dietarekin, kirola egiten dugun ala ez, alkohola edan edo ez. Efektu bat daukate gugan, dauzkagun geneez aparte.

Eragina denak duela, ala?

Hori da. Geroz eta lan gehiago daude gai horri buruz, eta gu ere sartu gara bide horretan. Eta nire tesian hori ikertzen ari naiz.

Finean, ulertu behar da ez garela gurasoak zirena bakarrik, baizik eta gure gurasoak eta haien bizi estiloa ere bagarela.

Hala da. Gure gurasoek DNA aldetik ematen digutenak badu eragina, baina eurek egiten zutenarekin eta bizi estiloarekin ere badu eragina.

Alegia, datorren belaunaldira begira zaindu beharko dela.

Hori da. Ez da zuk egiten duzuna bakarrik, uste genuen baino gehiago eragiten du.

BERRIAn argitaratua (2016/12/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA