astekaria 2016/12/09
arrowItzuli

bizigiro

Beldurtzeko beldurrik ez

Nagore Etxeberria

Beldurtzeko beldurrik ez

Indarkeria matxista kasuek egunkarietako orrialde beltz ugari betetzen dituzte. Azken boladan, gero eta gehiago. Kezkagarria da egoera. Errealitate gordin horri aurre egiteko, emakume ugarik euren burua indartzeko eta defendatzeko beharra ikusten dute. Hala, egoerari aurre egin edo neurria hartu nahian, gero eta autodefentsa ikastaro gehiago antolatzen hasi dira, nonahi eta noiznahi: herrietan, emakumeen elkarteetan, klubetan, gaztetxeetan...

Emagin elkarteak ikastaro horietako ugari antolatzen eta kudeatzen ditu Euskal Herrian. Baina badira euren burua defendatzen ikasteko eskolak ematen dituzten elkarteak eta klubak ere: Hondarribiko (Gipuzkoa) Kisoku kluba da haietako bat. Jose Angel Rial (Irun, Gipuzkoa, 1964) da irakaslea, eta hogei urtetik gora daramatza halako ikastaroak ematen. 2007tik, gainera, autodefentsa pertsonalerako doako klaseak ematen ditu larunbatetan.

«Gero eta ikastaro gehiago eskaintzen dira, indarkeria matxistaren kasuak ere ugaritzen ari direlako. Emakumeak biktimarik errazenak dira, eta haiek izaten dira gehienetan erasoa jasaten dutenak», zehaztu du Rialek, eta, haren ustez, horregatik ugaritu dira egun emakumezkoei zuzenduriko ikastaro mota horiek.

«Autodefentsa feminista betidanik landu izan da Euskal Herrian, gehiago edo gutxiago. 1970eko hamarkadan, esaterako, asko landu zen; agian, beste modu batera, baina asko landu zen. Azken hamarkadan berriro heldu diogu autodefentsa feministaren aldarriari, gizartean jasaten dugun indarkeria bortitza ikusita», argitu du Idoia Arraiza (Iruñea, 1987) Emagin elkarteko eta Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak.

Arraizaren ustez, indarkeria matxistaren gaia gehiago azaleratu da azken urteetan, eta «horrek, zentzu batean, areagotu egin du beldurra emakume batzuen artean; hala, emakume gehiagok ikusten dute euren burua defendatzeko beharra». Rialek ere uste du emakumezko ugari babes gabe sentitzen direla: «Emakumezko ugari ez dira oso seguru sentitzen, eta haietako asko autodefentsa ikastaroetan izena ematen dute, indartsuago egiteko, seguruago sentitzeko, euren izaera indartzeko eta egoera jakin batzuetatik salbu irteten jakiteko».

Egoera bortitzetatik eta deserosoetatik salbu irteteko teknikak eta estrategiak irakasten dizkiete ikastaro horietan emakumezkoei: nola ezagutu erasotzaileak, kalean nola ibili, nola defendatu euren burua, poltsan edo eskura eraman dezaketen objektuekin nola aurre egin erasotzaileari...

«Klasera etortzen direnei begiak zabaltzen saiatzen naiz: kanpoan dagoen errealitatea ikusarazten. Emakumezko ugari erabat blokeatuta iristen dira. Klasera otzan, arditxoak bezala etorri izan dira, baina otsoak bezala irten», argitu du Rialek.

Izan ere, defendatzeko teknikak lantzeaz gain, arlo psikologikoa eta juridikoa ere jorratzen dituzte Kisokun. Klubeko irakasleak azpimarratu duenez, «arlo psikologikoa fisikoa bezain garrantzitsua da, edo garrantzitsuagoa. Psikologikoki indartsu egotea ezinbestekoa da, pertsona ez dadin hondora eta egoerari aurre egiteko nahikoa gaitasun eta indar izan dezan».

Emagin elkarteak ematen dituen ikastaroetan ere garrantzi berezia ematen diote alde emozionalari eta autoestimua lantzeari. «Ez badugu geure buruarengan sinesten, erantzuteko legitimitatea dugula sinesten eta geure burua maitatzen, ez gara gai izango muga jartzeko, ezetz esateko edo gure plazera bilatzeko», zehaztu du Arraizak.

Ikastaroen bidez, «emakumeen arteko elkartasuna, babes sarea eta aliantzak jostea» ere lortu nahi dute Emagin elkartean. «Tailerretan segurtasuneko espazioa eta konfiantzazko giroa sortzen dugu, parte hartzaileak eroso egoteko, aske sentitzeko eta bizipenetatik hitz egiteko». Azken batean, esperientziak konpartitzea eta elkar ikastea da haien helburu nagusia. «Beti errespetatzen dugu jendearen erritmoa eta kontatzeko gogoa», gaineratu du Arraizak.

Rial irakasleari ere «konfiantzazko giro bat sortzea» gustatzen zaio, «emakumezkoak aska daitezen, eta haien artean lotura bat sor dadin».

Ikastaroetara denetariko emakumeak agertzen dira edo izena ematen dute. Kuriositatez hurreratu ohi dira batzuk; baina, Kisokuko irakasleak kontatu duenez, badira «kasu larriak» jasan dituztenak ere, «arazo oso-oso larriak bizi izan dituen jendea».

2013an joan zen lehen aldiz Jugatx Jimenez (Hondarribia, 1988) Kisoku klubean larunbatetan ematen dituzten doako ikastaro batera, «jakin-min hutsagatik». Eta hainbeste gustatu zitzaion ikusi eta ikasi zuena, hurrengo asteartean klubera itzuli zen berriro. Hiru urte dira klubera agertzen hasi zela, eta, dagoeneko, gerriko beltza du.

Hiru urte hauetan teknika ugari ikasi ditu, baina, horrez gain, «pentsatzeko modua eta jarrera aldatzen lagundu» diote klaseek. «Orain, ez naiz beldurtzen ez inorekin, ez inongo egoeratan ere. Lehen, hainbat lekutatik igarotzean edo hainbat lekutan egotean, errespetu pixka bat sentitzen nuen. Orain, aldiz, askoz ere lasaiago ibiltzen naiz; zerbait gertatuta ere, badakit zer egin behar dudan», kontatu du Jimenezek.

Andrea Azkune (Hondarribia, 1990) ere askoz ere seguruago sentitzen da orain: «Kalean indarkeria handia dago, eta, defendatzen ez dakizunean, ez zara lasai joaten. Defendatzen dakizunean, aldiz, mugitzeko askatasun handiagoa sentitzen duzu, segurtasun handiagoa duzu, eta badakizu nola erreakzionatu behar duzun. Zure autoestimua ere goian duzu, ez zara besteak baino gutxiago sentitzen».

Azkunek aitortu duenez, defendatzeko teknikak ikasteaz gain, «bizitzari duen balioa ematen, eta pertsona gisa garatzen» ikasi du Jose Angel Rialekin. «Orain, egoera askori aurre egiteko gai naizela sentitzen dut. Oso ziur sentitzen naiz».

«Esperientzia oso txar bat» bizitzea egokitu zitzaion 2010-2011n Azkuneri, eta orduan hasi zen autodefentsa ikastaroetara joaten. «Nire bizitzan egin dudan gauzarik onena da», onartu du Azkunek. Izan ere, «pertsona gisa garatzen eta zentratzen, eta neure burua baloratzen lagundu zidan Jose Angelek». Azkune ziur da Rial gabe ez zela posible izango bere garapena: «Psikologikoki eta pertsonalki zeure burua baloratzen erakusten dizu, eta zeure buruarekin ziur sentitzen. Egiteko gauza ez zinen gauzak egiteko gai zarela erakusten dizu».

Horregatik guztiagatik, ikastaro horietako batera joateko aholkua ematen diete emakumeei Azkunek zein Jimenezek. «Ez dakizu ikasitako teknika horiek inoiz erabiliko dituzun, baina ematen dizuten segurtasuna eta lasaitasuna izugarria da», onartu du Jimenez gazteak.

Kisokuko zein Emagin elkarteak antolatutako ikastaroetan sekula ez dute jakiten zer-nolako kasuekin topo egingo duten. Emagin elkartearen tailerretara agertzen diren gehienak 30 urtetik beherakoak izan ohi direla dio Arraizak, baina izaten omen dira 40 urtetik gorakoak edo 60 urtekoak ere. «Guretzat, oso aberasgarria da belaunaldi ezberdinetako emakumeak agertzea, elkarrengandik ikasteko eta errealitate ezberdinak konpartitzeko».

Heziketa da giltza

Gerora, tailerretan landutako gauzak praktikan jarri dituztela esanez hurreratu izan omen zaizkie Emagin elkarteko formatzaileei, eta horrek poztu egiten ditu elkarteko kideak: «Tailerrak erabilgarriak direla eta benetan funtzionatzen dutela esan nahi du horrek. Ez direla maila teorikoan geratzen, baizik eta errealitateari aurre egiteko tresnak eskaintzen direla tailer horietan».

Rialek ere denetariko ikasleak izan ditu: «Gauza izugarriak ikusi eta entzun ditut, esperientzia oso gogorrak bizi behar izan dituzten pertsonen testigantzak. Bortxaketak jasan dituen emakumerik ere izan dut ikasle gisa. Zorionez, guztiek gainditu dituzte trauma larri horiek. Orain, seguru sentitzen direla jakiteak guztiz gogobetetzen nau».

Egoera iraultzeko, heziketa ezinbestekoa da Rialen ustez: «Errespetuan heztea oso garrantzitsua da. Jendeak jakin behar du besteak errespetatzen. Jendeak albokoa errespetuz tratatuko balu, ez legoke inolako arazorik».

Emagin elkartearentzat ere heziketan dago gakoa. Horregatik, ikastaroak ematen dituzte institutuetan ere: neskentzat autodefentsa ikastaroak eta mutilentzat maskulinitate ereduak.

Indarkeria matxistarekin amaitzeko, «kontzientzia soziala eta sentsibilizazioa» lantzen jarraitzeko asmoa du Emagin elkarteak. Arraizaren ustez, «jendeak kontzientzia hartu behar du inguruan gertatzen dena guztion ardura dela. Hala, egunero ematen diren jarrera txikiei erreparatu behar zaie, eta salatu. Jarrera horiek mantentzen badira, indarkeriak bere horretan jarraituko du».

BERRIAn argitaratua (2016/12/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA