astekaria 2016/12/09
arrowItzuli

politika

Begirada berriak kontinente zaharrari

Samara Velte

Begirada berriak kontinente zaharrari

Keinu serioa dauka Hanna Cederinek, aurpegian gaztea dela antzematen zaion arren. «Eguneroko bizitzan zuzen dagoena egin behar genuke politikan ere», hausnartu du, ozenki, bere antzeko neska-mutilez —batez ere emakumez— betetako areto batean. «Instagramen irakurri nuen behin esaldi hori: 'Izan zaitez jendeak besteen ontasunean sinesteko arrazoia'». Irribarre egin du, lotsatuta: «Badakit pinpirinkeria dela, baina arrazoia dauka. Jendeak eskatzen badu eta askatzailea bada, ongi dago. Hori da, azken batean, sozialismoa: guztiok duintasunez eta libreki bizi ahal izatea, errentagarriak garen edo ez kontuan izan gabe».

Suediako Ezkerreko Alderdiaren gazte ligako burua da Cederin. Ezkerrarekiko aurreiritzi tradizionalek ez daukate heldulekurik beregan: zurruntasunik gabea da haren hizkera; Marxen aipamenik ere ez dakar erreferentzia gisa. Espazio ireki bat da, harentzat, ezkerra: «Sarriegitan pentsatu dugu arrazoia daukagun bakarrak garela, eta ez ditugu errespetatu gure borrokekin bat egin ez dutenak. Eta hori oker dago: etxean tratu txarrak jasotzen dituen adiskide bati ezin diozu esan tuntuna dela hantxe jarraitzeagatik, baina eskain diezaiokezu zure sofa. Hori lortu behar dugu: ingurune seguruak sortzea, pertsonak eroso sentitzeko modukoak».

Europako Parlamentuko ezkerreko alderdi nordikoak biltzen dituen GUE/NGL aliantzaren gazte biltzarrean egin ditu adierazpenok Cederinek. Gernika (Bizkaia) aukeratu dute topaketarako leku gisa. Dozena bat herrialdetako ordezkariek hartu dute parte: Europako ezkerraren aurpegi berriak dira, Sobiet Batasunaren ostean jaioak, eta sozialismoa garai berrietara egokitu dutenak, baina baita eskuin muturra hedatzen ari den unean proposamenak egin beharko dituztenak ere. Haietako batzuekin tokian tokiko erronkez hitz egin du BERRIAk.

Iparraldekoen ezinak

Pentsa liteke errazagoa dela ezkerreko politikak sustatzea ongizate estatu sendoa daukaten herrialdeetan, baina ez da beti horrela. Eskandinaviako ezkerra, sarri, sozialdemokrazia indartsuen itzalpean hazi da, eta kosta egin zaio haiekiko alternatiba gisa agertzea. «Jende askok sentitzen du sozialdemokraziak bere bizitza hobetu duela, eta, neurri batean, arrazoia dute, hala izan zelako», uste du Cederinek: «Baina hori amaitu zen 1980ko hamarkadan. Harrezkero, eskuina da agenda markatzen duena, geroz eta gehiago».

Hitzok esaten ari den unean, Anni Ahlakorpi dauka aldamenean, Finlandiako Ezker Gazteko bozeramailea. «Iparraldeko sozialdemokraziak, eta ezkerrak ere neurri batean, alferrikako bihurtu dute euren burua», azaldu du hark: «Nahi zuten ongizate maila lortu balute bezala jokatu zuten, eta hura mantentzeaz arduratu ziren, erronka berriak proposatu beharrean. Orduan eskuina heldu zen, esanez hau egiten bagenuen diru gehiago irabaziko genukeela, edo hura egitea hobe litzatekeela herrialdearentzat. Eta, orain, gure borroka nagusia daukaguna mantentzea da».

Eskuinaren adierazpen berriek ere kezka eragiten die. «Eskuin nordikoak ezkerraren erretorika erabiltzen du: guk bezala hitz egiten dute, ongizate estatua mantenduko duten planta eginez, baina gero zergak jaisteko eta zerbitzuak pribatizatzeko trikimailuak erabiltzen dituzte», argitu du Ahlakorpik, eta adibide bat jarri du: «Osasun klinika pribatuek diru publikoa jasotzeko erreforma bat dauka martxan eskuinak. Aukeratzeko askatasunaren izenean egiten dute, eta horren aurka gaudela esatea ez da batere ondo gelditzen. Oso kontuz ibili behar dugu, jendeak uler dezan erreforma horiek ez direla askatasun kontua, pribatizazioak baizik».

Hala ere, kosta egiten zaie sozialdemokratengandik bereiztea: «Bi alderdi badauzkazu parekidetasuna eta demokrazia defendatzen dituztenak, nola azaldu desberdintasuna?». Cederinek erantzun du: «Sozialdemokratek, ezer baino lehen, boterera heldu nahi dutela. Eta hori justifikatuta dago han agenda ezartzea lortzen baduzu, baina Eskandinavian ez dute lortu azken 30 urteotan gutxienez. Hegoaldeko herrialdeetan ere ikusten dute sozialdemokraziaren aroa amaitzear dela, eta horregatik egiten dituzte hain epe laburreko estrategiak».

Segurtasun auziak

Europa erdialdeko herrialdeetako ekintzaileentzat ere kezka iturri da eskuinaren gorakada. Danimarkan eta Alemanian ere sumatu dute nola ebatsi dizkieten argudio batzuk. «Bitxia da: garai batean, ezkerrekoa zen mugimendu antimilitarista. Orain, azkenaldiko olatu nazionalista honekin, jendea gerraren aurka agertzen hasi da, baina ez bakea nahi duelako, baizik eta uste duelako nazioarteko esku hartzeekin immigrazioa sustatzen dugula», hausnartu du Victoria Risbjerg Velasquezek, Danimarkako Ezkerreko Alderdiko kideak. «Gauza bera gertatu zaigu dumping sozialarekin: guk ez dugu nahi langileen soldatak jaisterik, eta horren alde lan egiten dugu. Orain, eskuin muturretik sortu den ildo batek ere dumping soziala gaitzesten du, baina errua migratzaileei egotziz».

Arrazoia eman dio Julius Zukowski-Krebsek, Alemaniako Die Linke alderdiko gazteen eledunak. Haren ustez ere, iheslariei babesa ematea izango da ezkerraren erronka nagusietako bat. Babes fisikoa eta hitzezkoa: «Antimilitarismoa, migrazioa... sozialdemokratek alde batera utzi zituzten gai horiek aspaldi». Die Linke, hain zuzen ere, SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren banaketa batetik jaio zen, Alemaniako Errepublika Demokratikoko alderdi sozialistarekin elkartuta.

Bi herrialdeotan, presentzia handia daukate defentsa auziek eztabaida publikoan, eta ezkerrak ez du beti asmatu haiekiko iritzi publikoa baldintzatzen. «Donald Trumpen garaipena opari bat izan da Alemaniako militaristentzat», uste du Zukowski-Krebsek: «Bigarren egunerako ari ziren Europako armada bati buruz, eta Alemaniak nazioarteko defentsan hartu behar lukeen rolari buruz hizketan». Danimarkan ere inor gutxik jartzen du zalantzan NATOko partaidetza: «Askok uste dute gauza bera direla gerrak eta atzerriko misio humanitarioak». Risbjerg Velasquezen alderdia nazioarteko esku hartze militarren alde itsusia erakusten saiatzen da, soldadu ohien lekukotzen bidez. «Garrantzitsua da azaltzea Danimarkan ez ditugula zuzenean armak ekoizten, baina bai haiek garraiatzeko edukiontziak». Zukowski-Krebsek moztu dio: «Bai, gure armak garraiatzeko». «Finean, gure herrialdeak aberasten dira gerra dagoenean. Horregatik, errefuxiatuei buruz hitz egiten dugunean, ez dugu soilik elkartasunezko diskurtsoa sustatu behar: kritika antimilitarista ere egin behar dugu, jendeak uler dezan zergatik datozen hainbeste iheslari».

Iragan gatazkatsuak

Egoera batzuk globalak diren arren, zailtasun erantsiak dakartzate tokian tokiko egoerek. Gernikan, gatazka armatu baten itzalpean garatutako alderdiek ere hartu dute parte; esate baterako, Irlandako Sinn Feinek eta baita Uruguaiko Fronte Zabala osatzen duen MPP Herritarren Partaidetzaren Mugimenduak ere, gonbidatu berezi gisa. «Gerrillaren ondoren, legitimazio prozesu luze samarra izan genuen», ekarri du gogora MPPko kide den Rodrigo Gonzalez Cilianok: «Eskuinak gerrillariak izatea egozten zigun. Eta ezkerreko sektore batzuek, instituzioetan aski iraultzaileak ez izatea».

Sinn Feineko diputatu gazteek ere sumatzen dituzte antzeko presioak. «Etsigarria da, egiten eta esaten duzun gauza oro gera daitekeelako iraganaz estalita», azaldu du Megan Fearonek, Ipar Irlandako diputatuak: «Eta gatazkaz hitz egin nahi baduzu, atzerakoia zarela esaten dizute». Berak zazpi urte baino ez zeuzkan Ostiral Santuko bake akordioa sinatu zutenean, eta ez du gogoratzen IRAren garai armatua :«Baina banaketa sumatzen nuen. Ni haurra nintzenean, Ipar Irlanda Irak baino militarizatuago zegoen. Erresuma Batuko armada ez zen 2007ra arte joan».

Belaunaldi berriari iragan horretatik askatzea eta hura berraztertzea dagokio orain. «Ostiral Santuko akordioan ez zegoen emakumerik, eta egon diren borrokalari errepublikanoak ahaztuta geratu dira», kexu da Fearon: «Hori ikusgarri egin behar da». Fearonen alderdikide Keara Downeyk ere espazio erosoaren ideiari heldu dio, iraganeko konfrontazioak gainditzeko tresna gisa: «Irlanda batua nahi dugula aldarrikatzen dugu oraindik, baina beti eskubide sozialei lotuta. Hezkuntza, azpiegiturak... jendea eroso sentiarazteko moduko gaiak landu behar dituzu. Ingurune erosoak sortu, gai deserosoei buruz hitz egin ahal izateko». Fearonen ustez, eskuin muturraren gorakada izan daiteke espazioa irabazteko aukera bat: «Zentzu batean, brexit-ak izugarrizko aukera eman digu Irlandaren batasunari buruz hitz egiteko. Gaia aspaldian oso geldirik zegoen, baina orain eztabaidara ateratzen ari gara berriz».

Irakaspenak Europatik

Herrialde nordikoetatik urrun egon arren, Euskal Herriko ordezkariak ere badaude GUE/NGL koalizioan. Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkide gazteenak parte hartu du Gernikako topaketan. Aipatutako hainbat gatazkari hemen ere heldu behar litzaiekeela uste du: «Sozialdemokraziaren hegemonia aipatzen dutenean, oso identifikatuta sentitzen naiz: hausnarketa sakona egin behar dugu zer daukagun eskaintzeko, eta ez zeren aurka goazen». Nolanahi ere, kezkagarriagoak iruditzen zaizkio hauteskunde sistematik kanpo geratzen den jendearengana iristeko zailtasunak: «Sentsazioa daukat baztertuetan baztertuenak direla, etsita daudelako. Politika gorpuztu behar da, eta iruditzen zait soilik gorputz batzuk jartzen ditugula erdigunean».

Euskal Herrian eskuin muturreko alderdi agerikorik ez dagoen arren, Europako joera xenofoboek hemen ere eragiten dute. «Badauzkagu zuzentasun politikoz mozorrotutako politika baztertzaileak, eta horiei heldu behar diegu. Euskal Herrian beti oso eroso egon gara etorkinei dagokienez, eta, orain, aukera daukagu mahai gainean jartzeko aspalditik egin ditugunak eta egin nahi ditugunak».

BERRIAn argitaratua (2016/12/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA