astekaria 2016/12/09
arrowItzuli

bizigiro

Hustuz doan elikadura

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hustuz doan elikadura

Elkarri lotuta daude klima eta elikadura; batak eragina du bestean. Eguraldiaren arabera jasotzen da baserrietako uzta, adibidez, eta jasotako elikagai horiekin betetzen dira platerak, gero. Kate zuzenena da hori, eta, askorentzat, logikoena. Baina ez da inondik inora ere logikoa gaur egungo egoera, edozein sasoitako edozein jaki kontsumitzen baita edonoiz. Esaterako, abenduan tomate bat erostea normaltzat jo daiteke gaur egun, nahiz eta uda sasoiko barazkia den. Baina, kliman, eragina du normaltasun horrek; edozein sasoitan edozein sasoitako jakiak eskura izateak kutsadura eragiten baitu. Zehatz adierazita: gaur egungo elikaduraren industriak eta ekoizpenak, berotegi gasen %44 eta %57 sortzen ditu. Ehuneko horren barruan daude, besteak beste, jakien garraioak, prozesatzeak eta ongarri kimikoen erabilerak. Klima aldatzen ari da elikaduraren ondorioz. Eta hasierako tokira buelta berriz: klima aldaketaren eraginez, gero eta zailagoa da sasoian sasoiko uztak jasotzea. Elkarri lotuta doaz, baina elkar gero eta banatuago daude biak.

Gaur egungo bizimoduak eta kontsumitzeko erritmoak aldaketa sakona behar dutela ohartarazi dute politika, ekonomia eta ingurumen arloko adituek azken urteetan. Kutsaduraren eraginez, areagotzen ari da klima aldaketak abereetan ala landaredian duen eragina. IPPC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen arabera, klimaren auziak eragin zuzena izango du osasunaren eta elikaduraren kalitatean. Nekazaritzari dagokionez, iragarri ezinezko ekintza izango da landatzen den uzta batuko den ala ez. Klimagatik ez, globalizazioaren eraginez aldatu da elikatzeko era. Eta kontsumoak sortutako kutsaduraren ondorioz, aldaketak izango dira nutrizioan.

Elikadura arazoei eta planetaren iraunkortasunari aurre egiteko «logika» aldarrikatu du Unai Aranguren EHNE-Bizkaia sindikatuko kideak: «Duela 50 urte eskualde gehienetan genuen elikadura sistema lokala, baina galdu egin da hori. Globalizazioaren eraginez, munduko edozein tokitatik iristen den edozein produktu jaten dugu». Kontrako bidea hartu dute multinazionalek.

Krisiak indartzeko erabiltzen dituzte botere guneek, sindikatuko kidearen arabera. Eta hala egin dute klimaren auziarekin ere. «Klima aldaketarekin aukera bat ikusi dute multinazionalek. Badakite egoerak horrela jarraituz gero landareak, animaliak eta nekazaritza egoera berrietara egokitu beharko direla». Eta aurkitu dute egokitzapen hori egiteko bidea: Klimatikoki inteligentea den nekazaritza (CSA) izenarekin bataiatu dute proposamena. Baserritarrei hazi «bereziak» eskaintzea du helburu CSAk. «Klima aldaketei aurre egiteko eta uzta bermatzeko gaitasuna duten haziak sortu dituzte».

Helburu ekonomikoari erantzuten dio CSA proposamenak Arangurenen arabera, eta jasangarritasunetik eta herritarren osasunetik urruntzen da ekoizpen mota hori. Bi arrazoi nagusi aipatu ditu. Batetik, baserritarrak «bereziak» diren hazi horiek erostera behartu, eta multinazionalekin duten dependentzia areagotzea lortzen dute enpresek. Eta, bestetik, beren-beregi hazi horiek tratatzeko ongarriak eta, oro har, tratamendu kimikoak ere saltzen dituzte enpresek, «pakete berean».

Arangurenekin bat dator Javier Andaluz Ekologistak Martxan elkarteko kidea. «Sortzen dituzten haziak transgenikoak dira, eta ezin dira berriz landatu. Horrela ziurtatzen dute, urtero, Bayer eta antzeko multinazionaletara joko dutela baserritarrek hazi bila. Eta enpresek hartzen dute produkzio kate osoaren kontrola». Klimatikoki inteligentea den nekazaritza-ri aurre egiteko, inteligentzia aldarrikatu du Arangurenek. «Nekazariek historikoki erabilitako eredua da inteligenteena. Eredu jasangarriak eta iraunkorrak landu dituzte baserritarrek: lurrari, ingurumenari eta gizarteari lotutakoak, alegia. Eta hori da nekazaritzak kliman eraginik ez izateko ala eragin baikorra izateko era bakarra».

Propietatez husten

Husten ari dira elikagaiak. Berezko dituzten propietateak galtzen ari dira jakiak, Arangurenen hitzetan. «Duela 50 urte sagar batetik jasotzen genituen bitaminak hartzeko, halako hiru jan behar ditugu orain». Antzeko iritzia du Egoitz Garro nutrizionistak ere. Osasun Eskola du Tolosan (Gipuzkoa); eta argi dio tokian tokiko eta garaian garaiko produktuak kontsumitzeak garrantzia duela osasunean. «Inguruarekiko orekari eusten laguntzen digute. Eta energetikoki eta nutrizio aldetik aberatsagoak dira; ezinbesteko osagaiak dira gure osasuna zaintzeko». Azpimarratu du, garaiz kanpoko produktuak ez direla modu naturalean ekoizten. «Ongarri kimikoak erabiltzen dituzte, fruten kasuan, adibidez, behar baino lehenago biltzen dituzte gehiago irauteko. Eta horren ondorioz, nabarmen gutxitzen dira jakien propietateak».

AEBetako ikerketak aipatu ditu Garrok. «1950etik eta 1999ra ekoitzitako 43 barazki aztertu zituzten. Alde nabarmena izan zuten emaitzek. 1999. urtean ekoitzitakoen artean, B2 bitamina kopurua %3 murriztu zen, C bitamina, %15, kaltzioa %16, fosforoa %9 eta %6 proteina gutxiago zuten barazkiek». Gauza bera gertatzen ari da zerealekin ere. FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen arabera nabarmen egin du behera gariaren, artoaren eta arrozaren burdin, zink eta proteina kopuruak.

Harvard Unibertsitateko Samuel Myers adituaren arabera, CO2 mailak hala jarraituz gero, 2050. urterako dezente jaitsiko dira zerealen propietateak. Gariak duen zink kopurua %9 gutxituko da, %5 egingo du behera burdin kopuruak, eta proteinetan ere %6 egingo du behera. Arrozak eta artoak ere antzeko galerak izango dituzte; zinkak, burdinak eta proteinek %3, %5 eta %8 egingo dute behera. Jakiekin dagoen joera orokorraren adibideetako bat besterik ez dira zerealak; eta elikagaien nutrizio galera horrek, osasun arazo berriak sortuko dituela ere ohartarazi eta nabarmendu dute hainbat adituk.

Logikara buelta

Uste baino larriagoa da edonoiz, edonon, edozein garaitako elikagaiak jatea, Garroren ustez. «Desoreka handiak sortzen dira; defentsen jaitsiera, digestio arazoak eta bestelakoak sortzen ditu horrek». Logika kontua da. «Pentsatu ere ez dugu egiten negu gorrian udako arroparekin kalera irtetea. Hala bada, zer dugu buruan negu garaian, adibidez, tomateak ala izozkiak jaten ditugunean?». Hotza eta hezea da negua, eta elikagai beroagoak eta lehorragoak eskaintzen ditu naturak: gantzetan, karbohidratoetan eta proteinetan aberatsak direnak, alegia. Fruitu lehorrak, gaztainak, lekaleak, aza eta brokolia jarri ditu adibide gisa.

Kontrakoa gertatzen da udan. «Beroa eta lehorragoa izan ohi da klima, eta gehiago izerditzen garea. Jaki freskoagoak eta urtsuagoak daude udan horregatik; bitaminatan eta mineraletan aberatsagoak direnak: fruta, uraza eta ziazerbak, kasurako». Jakiak prestatzeko erak ere urtaroaren arabera egokitu behar direla uste du Garrok. «Udazkenean eta neguan erregosteak eta labean egindako prestaketa luzeagoak erabiliko genituzke. Udan, aldiz, arinagoak: entsaladak, lurrunetan egindakoak eta erregosiak». Udazkenean eta neguan, animalia proteina eta olio gehiago erabili beharko lirateke, eta udaberrian eta udan, alderantziz.

Ahal baino haragi gehiago

Ekologikoki uzten duen aztarnagatik jaten dugun haragi kopurua berehala murriztu beharko genukeela uste du Andaluzek. «Jasan genezakeena baino abere kopuru gehiago du munduak. Abereak elikatzeko soja eremu zabalak landatzen dira, eta kutsadura handia sortzen dute». Kontzientzia hartze horrek, ordea, elikaduraren kultura aldaketa ekarri beharko lukeela uste du. «Gaur egun oso errotuta dago bi plater jan behar direla. Eta bigarren plater horretan, arraina ala haragia jan behar dela». Europako behiek jaten duten soja transgenikoa dela dio Arangurenek. «Soja AEBetan ekoizten da, Europara garraiatu, eta tokian bertan eraldatzen da. Energia asko gastatzen da, eta oso kaltegarria da ekologia aldetik. Zer esanik ez nutrizio aldetik: transgenikoekin elikatzen diren animalien okela da gaur egun gehien kontsumitzen dena, horrek dakarrenarekin».

Egoera larria da Garroren arabera. «Ez dakigu norainoko kalteak ekarriko dituen klimak, eta gu ere nola aldatuko garen. Hipotesi asko dagoen arren, ez dakigu kaltearen benetako tamaina zein izango den.

Argi dago ekoizpen mota hau aldatu beharko genukeela; geure burua eta lurra maite baldin baditugu, behintzat». Tokian tokiko eta sasoian sasoiko elikadura kontsumoaren aldeko hautua, aspaldiko kontua izango litzateke klima aldaketaren auzian eta gizartearen osasunean arreta jarri izan balitz.

Baina beste norabide batean egin dira aldaketak. «Edozein lekutako eta edozein garaitako elikagaiak kontsumitzen ditugu, eta badirudi ez ditugula begiak ireki nahi. Elikadurarekiko kalte hori, hain zuzen, aspaldidanik ari gara sufritzen».

BERRIAn argitaratua (2016/12/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA