astekaria 2016/12/09
arrowItzuli

kultura

Azoka definitzeko 51 proposamen

Iñigo Astiz

Azoka definitzeko 51 proposamen Iñigo Astiz

Durangoko Azoka DA oasia. DA Landako gunea. DA urtean gehien saldutako liburua beti gazteleraz. DA euskal kultur industriaren zati garrantzitsu baten iraupenerako klabea. DA Sagunganbara. DA euskararentzako arnasgunea, eta, halere, eta horrekin batera, DA gaztelera ikasle egunean eta DA euskañola larunbat, igande, astelehen eta astearte. DA patinak jadanik kenduak baina oraindik belaun-babesak eta ukondo-babesak jantziak dituela Plateruena pareko zelaian bakarka euskarazko liburu bat irakurtzen ari den neskato bat. DA autoekoizleen plaza. DA Euskal Gaia. DA aurten jende gutxiago, ezta? DA Toti Martinez de Lezearen tendinitisa, bost egun sinatu eta sinatu pasatu ondoren. DA Areto Nagusia. DA gaga di bling blong gaga blung, edo argiago esan behar bada, DA dada. DA Christine Etxebertz artistaren karteleko koloreak. DA Landako guneko bozgorailuetako euskarazko kanta sorta, eta, aldi berean, DA herriko jatetxeetan behin eta berriz errepikatzen diren Iglesiasen kantak. DA hamar metro bi ordutan eta hamabost agurretan egitea. DA Ahotsenea. DA Gaztezulo-koen kontsoladoreak, eta DA Argia-koen uhazak, ez nahitaez ordena horretan. DA lau egunean Euskal Herriko euskaldun kopuru osoaren %12 biltzea, eta DA Euskal Herriko euskaldun ez direnen kopuru osoaren %0,5 bakarrik erakartzea. DA, eta, aldi berean, ez DA. Ja ba DA ba du. DA zure mutil-lagun ohia orgatxo bat eramaten ikustea. DA Kabi@. DA manifestazio deialdiak. DA egun batean beren diskoaren 1.000 kopia saltzen dituen talde bat. Eta DA saltzaileek ez esan nahi izatea zein den talde hori. DA akoza okognarud, alderantziz irakurriz gero. DA Szenatokia. DA senide eta lagunentzako soilik egindako liburu aurkezpenak. DA Willis Drummond taldeak leporaino bete eta gozarazitako aretoa, eta DA, era berean, hara, baina ez al zinen Willis Drummonden kontzertuan egon ala?, galdetu ahal izateko pribilegio esnoba. DA euskaldun berri talde bat atarian hizketan. DA, cómo se dice... festivo? DA adi, mesedez, Mikel Goitia izeneko mutiko bat galdu da, eta informazio gunean ditu gurasoak zain. DA Irudienea. DA Europako hizkuntza gutxituen artean parerik ez duen gertakari bat. DA denbora pasatzea, eta inork ez abisatzea ea azkenean Mikel Goitiak gurasoak topatu ote dituen edo ez. DA gure lorpenak eta DA gure ezinak. DA gure kontraesanak, DA gure neurria, akaso DA gu, eta, akaso, DA gu horretan ez beti eroso sentitzea ere. Eta DA 51. azoka amaituta mende beterantz begiratzen hasi beharra. Zer den jakin ostean, zer izango den amesten hastea.

BERRIAn argitaratua (2016/12/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA