astekaria 2016/12/09
arrowItzuli

mundua

Totalitarismoaren disidenteak

Estibaliz Ezkerra

Totalitarismoaren disidenteak

Vladimir Putinen gobernuaren kontra ozen mintzo da Maxa Gessen kazetari eta aktibista (Maria Alexandrovna Gessen jaiotzez, Mosku, 1967). The Man Without a Face: The Unlikely Rise of Vladimir Putin (2012, Aurpegirik gabeko gizona: Vladimir Putinen nekez sinisteko igoera) liburuan jadanik azaldu zituen bere kezkak, zerbitzu sekretuen mundu ilunetik presidentetzara jauzi egindako Putinen gainean, baina orduz gerokoek larriagotu besterik ez diote egin gaur egungo Errusiari buruzko bere iritzia. Aipatu lana argitaratu eta urtebetera jaioterritik alde egin behar izan zuen gayen, lesbianen, bisexualen eta transexualen kontrako erasoek gora egin zutelako. Lesbiana da Gessen, eta Hiruki Arrosa kanpainaren sortzaileetako bat da.

Totalitarismoaz hitz egitearen beharra ikusten du orain, horixe baita haren ustez Putinen Errusia: estatu totalitarioa. Horren gainean dihardu inprentara bidali berri duen liburuan, The Future is History: Retrofitting Totalitarianism in Putin's Russia (Etorkizuna historia da: totalitarismo eguneratua Putinen Errusian), eta haren gainean mintzatu berri da Illinoisko unibertsitatean (AEB) egindako hitzaldi sortan.

Etxe barruan, berriz, Gessenen bide baretik idazle talde batek salatu du Putinen gobernuaren totalitarismoa idatzi baten bidez. Izan ere, Sergei Mironov Putinen gertukoak proposatu du konstituzioaren 13. artikulua aldatzea. Konstituzioko artikulu horrek debekatu egiten du estatuaren ideologia bakarraren ezarpena, eta Mironovek argudiatu du artikulu hori herrialdearen interesen aurkakoa dela.

Mironoven ustez, estatuaren ideologia bakarra ez litzateke «derrigorrezkoa» izango, eta SESB Sobiet Batasuneko formula erabili du adibide gisa, esanez orduko konstituzioak Alderdi Komunistari gidaritza aitortzen ziola, ez botere osoa.

SESB eta Errusia

Sobiet Batasunaren eta gaur egungo Errusiaren arteko konparazio egin du Gessenek, erakusteko, gaur egun tolalitarismoa ukatzen saiatzen direla, baina inoiz baino biziago dagoela. Sobiet Batasunaren sorrera osteko urteetan totalitarismo hitza bolo-bolo ibili zen: erakunde oro barneratzen dituen estatu eredua sortzen arrakastatsua izan zen SESB. «Sobiet Batasunaren erorialdiaz geroztik hitza erabiltzeari utzi zitzaion, ordea. Gaur egun, haren erabilera kritikatu egiten dute ikertzaileek, haren ustez Errusiaren gaur egungo gobernu ereduak ez duelako totalitarismo ereduarekin bat egiten».

Ez du iritzi berekoa Gessen. «Gaurko Errusiak gogoratzen dudan Sobiet Batasunaren antz txikia dauka, baina 1920ko hamarkadako Errusiak 1950eko hamarkadakoaren antz txikia zuen eta, hala ere, erregimen beraren aldaera ziren biak». Totalitarismoa modu itxi eta aldagaitzean ulertzea arazo dela dio kazetariak, batez ere haren gaineko definizioek kontrakoa aditzera ematen baitute. Luigi Sturzo italiar apaiz eta politikariarentzat, esaterako, alderdi militarizatua, zentralismoa eta askatasun ekonomikorik eza dira totalitarismoaren ezaugarri nagusiak, «baina haren definizioa 1936. urte aurrekoa da, artean estatu terrorearen ezagutzarik ez zegoenekoa». Hannah Arendtek terrorea ez ezik ideologia —ideia sinple baten gainean eraikitako arrazoitze sistema itxia— gaineratu zion ezaugarri zerrendari, eta Carl Friedrichek, indar erabileraren eta komunikabideen gaineko monopolioa.

Totalitarismoa azaltzeko orduan, aipatutakoez gain, beste bi pentsalariren ekarpena ere funtsezkotzat jotzen du Gessenek: Juan Linzena eta Vladimir Shlapentokhena. Linzek dio mugimenduan dagoela totalitarismoaren eta larderiazko erregimen politiko baten arteko aldea. «Estatu totalitario batek jendea kalean nahi du, erregimenari sostengua adierazten; larderiazko erregimen politikoak, ordea, etxean nahi ditu herritarrak», argitu du kazetariak. Bestalde, sobietar gizartearen inguruan egindako ikerketetatik abiatuta, Shlapentokhek ondorioztatu du ideologia ez dela ezinbesteko osagai; garrantzitsua da hastapenean, estatua ezartzeko orduan, baina hortik aurrera gizarte kontsentsua ezinbestekoa da. «Azken horrek kontzientziaren zatiketa eragiten du», azaldu du Gessenek. «Batetik, estatuarekin —inperio handiarekin, armadarekin— erabat identifikatuta sentitzen da jendea, baina, bestetik, uste dute iruzur egiten diela harengandik behar beste jasotzen ez dutelako. Kontraesanik ez dute ikusten estatuari buruzko bi ideia horien artean. Pentsamendu bikoitza, alegia, identifikazioa eta iruzur sentimendua, beharrezkoak dira estatu totalitario batean bizirik irauteko».

Linzen mobilizazio teoria eta Shlapentokhen pentsamendu bikoitza kontzeptua giltzarri iruditzen zaizkio Gesseni Putinen Errusia ulertzeko. Egungo presidentea bigarrenez boterera heldu zenean, protesta jendetsuek hartuak zituzten Moskuko kaleak. «Ezin zuten aldaketarik eragin, aurreko gobernuek [Putin berarenak eta Dmitry Medvedevenak] horren aukera deuseztatu zutelako», dio Gessenek. «Putin, ordea, jendetzen beldur da. Anekdota ezaguna da Alemanian KGB-ko agente zen garaian herrialdean zabaldu ziren protesten beldurragatik nola erre zituen espioitza agentziak bertan zituen txosten guztiak».

Kontrol neurriak

Haren estrategia izan zen errusiar estatuan aldaketa jakin batzuk bultzatzea, hala nola espazio publikoetan elkartzearen legea zein espioitza eta goi mailako traizio legea. Horrekin batera, hauteskunde sistema desegin eta komunikabide federalen gaineko kontrola bere gain hartu zuen. Gessenen aburuz, neurriok «hondamendia izan dira gizarte zibilarentzat eta komunikabideentzat» eta kezkagarri deritzo jendea mobilizatzeko Putini eman dioten aukera paregabeari. «Gay eta lesbianen kontrako kanpaina borobila atera zaio. Haien kontra eginez eraiki eta zabaldu zuen estatuaren aldeko jarrera», azaldu du kazetariak. «Errusiar gehienak ziur zeuden ez zutela gay, lesbiana edo transexualik ikusi beren bizitza osoan, eta horregatik errazagoa zitzaien Putinen gobernuak haien gainean esandakoa sinistea». Bestelako gizarte gaietan jarrera aurrerakoia dute errusiarrek. «Abortu eskubideen inguruan, esaterako, Mendebaldeko hainbat herrialdetan baino jarrera irekiagoa dago Errusian. Aldi berean, homosexualitatearen gaineko iritziak beldurgarriak dira. Gayak akabatzea beharrezkoa dela uste dute gehienek».

Kontrako jarrera hori diskurtso zabalago baten barruan kokatzen du Gessenek, balio tradizionalak ardatz dituen batean. «Alexander Dugin filosofoaren lanetik hartu du ideia Putinek. Duginen arabera, bi zibilizazio mota daude: Mendebaldekoa eta balio tradizionalena», dio aktibistak. «Duginen ustez, Mendebaldea falazia bat esportatzen aritu da: giza eskubideak unibertsalak direlako ideia. Benetako helburua, ordea, herrialde guztiak Mendebaldearen modukoak bihurtzea da, balio tradizionalen zibilizazioko herrialdeen osotasunari mehatxu eginez. Azken hori babestu egin behar da, eta hori egin dezakeen bakarra Errusia da. Zergatik? Bere uste sendoengatik gerrara joateko adorea duen bakarra delako».

Mendebaldeko hainbat politikarik Putinen jarrerari buruz duten iritzia okerra dela uste du Gessenek. «Putinek SESB berregin nahi duela diote, baina kontua ez da hori. Balore tradizionalen zibilizazioa ez da geografikoki zehatza; itxuraz aldatzen da etengabe. Ukraina haren parte kontsidera dezake une jakin batean, baita Siria ere». Krimearen inbasioaren gainean 2014ko martxoan Putinek egindako adierazpenek nazio banatuaren ideia zuten oinarri. Inbasioa beharrezkoa zen Errusiatik kanpoko errusiarrak babesteko. «Mobilizaziorako deia zabaldu zuen, eta gizarteak erantzun egin zuen. Bitxiena da gizartea bera hasi zela arauak bere kabuz indartzen. Agintariak eta zentsoreak ez, herritar arruntak beraiek hasi ziren ezegoki zeritzoten liburuak liburudendetatik kentzeko eskatzen».

Ukraina eta Krimearen auziaz geroztik Putinen populartasuna %86 igo egin da Errusian, baina jendeak beren ongizate ekonomikoari begira dituzten aurrikuspenek behera egin dute ia bertikalki. «Errusia herrialde normal bat balitz bi iritzi lerroek antzeko bilakaera izango zuten. Aitzitik, pentsamendu bikoitzaren adierazle garbiak dira».

Sergei Mironov izan zen, hain zuzen, Krimea Errusiara batzeko proposamenaren egilea, orain konstituzioa aldatu nahi duen hori, eta une honetan herritarren babesa dauka hori egiteko —gutxiengoen kontrako jarrera baliatu baitu hark ere—. Hain justu, Europako Batasunak eta AEBek Krimearenaz gero zigorrak ezarri dizkietenen artean dago Mironov.

Idazleak, ordea, kezkatuta daude, izan ere, «urrats bat gehiago, eta agian azkena izango da, zorigaiztoa, egungo Errusia behin-betiko estatu totalitario bilakatzeko», diote kaleratutako idatzian.

Gessenek azken urteetan ikusi du Errusiaren totalitarismoaren bilakaera. «Azken lau urteetan ikusi dugunak ez du aurrekaririk. Hau ez da estatu totalitario bat eraikitzeko prozesua; jadanik existitzen zen baten eguneraketa da. Ez dezagun ahantz estatu komunista ez zela inoiz erabat desegin. Perestroikaren helburua hori zen, baina Boris Jeltsinek ez zuen inoiz plana aurrera eraman». Oraingoz masa terrore zantzurik ez da nabari, nahiz eta gizartea beldur den. «Beldur horren jatorria zein den, ordea, ez dago argi. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan terroreak berak baino gehiago terrorearen oroitzapenak kontrolatzen zuen Sobietar Batasuna. Gau egun terrore haren memoriaren memoria dago. Nahikoa ote da Errusia kontrolpean edukitzeko? Hala masa terrorea itzuliko ote da uneren batean?».

Oraingoz, Putinek mobilizazioekin jarraituko duela uste du Gessenek, baina aurrera begira zalantzak ditu. «Errusiar federaziotik alde egin duten herrialdeek istorio berri bat idazteko aukera izango dute agian. Putinen ostean gertatuko denaren gainean ez naiz batere baikor».

BERRIAn argitaratua (2016/12/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA