astekaria 2016/12/09
arrowItzuli

bizigiro

Emakumeena ere izan zen borroka

Lander Muñagorri Garmendia

Emakumeena ere izan zen borroka

Lehen planoan bi eskuk alanbre bat nola lantzen duten erakusten du bideoak. Forma ematen ari zaio alanbreari, eta, apurka, tiragoma baten itxura hartuz doa, hasieran alanbre soilik ez zena. Urruntzen da kamera, eta bi eskuak emakume batenak direla jabetzen da ikuslea. «Hau zen Euskalduna postura», dio ahotsak, eta harria botatzeko keinua egiten du tiragomarekin. Horrela hasten da Nosotras, mujeres del Euskalduna dokumentala, ontziolaren itxieraren aurkako borrokan emakumeek izan zuten presentzia agerian utziz. Horietako zazpi elkarrizketatu ditu Larraitz Zuazo zinemagile bilbotarrak, eta duela bi aste estreinatu zuen dokumentala Zinebi jaialdian. Baina, berez, emakume gehiagok parte hartu zuten Euskal Herriko azken lan gatazka gogor eta entzutetsuenean. Gehienek ez dute dokumentalean parte hartu nahi izan, ordea, «ahaztuta zeukatelako borroka horretan izan zuten pisua», Zuazok dokumentalaren aurkezpen egunean esan zuen bezala. Baina zazpik pauso bat aurrera eman eta euren bizipenak kontatu dituzte. Horietatik sei bildu ditu BERRIA egunkariak.

Begoña Gutierrezek, Eva Cerratok, Yolanda Rodriguezek, Loli Garciak, Andrea Gutierrezek eta Maribi Marañonek ez dauzkate ahazteko Euskaldunako itxieraren aurreko urteak. Bizipen ugari izan zituzten, eta, gehienentzat, lehen aldia izan zen kalera borrokara ateratzen zirela. Cerratoren kasuan, esaterako: «Niretzat, lehen aldia izan zen emakume talde batekin aritzen nintzela; etxetik kalera borrokatzera atera ziren emakume asko, eta, askorentzat, urrats ikaragarria izan zen hori». Irakaspen hori bere egin du mugimendu feministan urte luzez aritu den Marañonek. Euskalduna ontziolaren gatazkan sortu zen emakumeen taldea nabarmendu du, unibertsitatea izan zuelako. «Askorentzat, ezinbestekoa izan zen, ezertarako balio ez zutelako estigma hori kendu zitzaielako burutik». Euskaldunako langileen emazteak ziren batzuk, alabak besteak, edo amak. Lotura edozein izanda ere, denek bat egin zuten lanpostuen defentsarako borrokan bat egiteko garaian. Gizartearen babesa lortzeko beharrezko ikusi zuten gisa horretako talde bat, eta horregatik hasi ziren mobilizatzen, historiak ahaztu egin dituen arren.

«Gizonek egin zuten borroka denek gogoratzen dute, baina inor ez da oroitzen emakumeek eduki genuen garrantziaz», dio Cerratok. Ezta langileak eurak ere. Eta Begoña Gutierrezi are mingarriagoa egiten zaiona: Euskaldunako langile ziren emakumeak ere ez dituzte gogoratzen orain. «Euskaldunako langile ohiek urtero egiten duten bazkarira ez dituzte deitu ere egiten». Horrek agerian uzten du zelako garrantzia ematen zioten emakumeen ahalari, Gutierrezen arabera. Mahaiaren beste aldean dago Marañon, eta gogora ekarri dio Gutierrezi barrikadetan eta borroketan zeuden gizonen %80k ez zituztela begi onez ikusten emakumeen mobilizazioak. «Ez zitzaien asko gustatzen, baina ez zuten ezer esaten».

Sektore horretan babesik eduki ez arren ere, Euskaldunako emakumeen taldea ez zen eurei bururatutako ideia bat izan, Euskaldunako langile gizonena baizik. Begoña Gutierrezek gogoratu du une hori: «Badakigu nondik gatozen; eurek gizartean babesa bilatzen zuten, eta langileen batzar batera edo manifestazio batera joateko eskatu ziguten. Gauza hor gera zitekeen, baina ez zen horrela izan». Ekinbide propioak antolatzen hasi ziren, mobilizazioak eta itxialdiak tarteko. «Emakumeak borrokan aritu ginen, eta zati hori ezabatu egin da», esan du Marañonek, baina horrek ez du esan nahi geldirik egon zirenik. Edozein modutan, «emakume askori bere senarrek ez zioten mobilizazioetara joaten uzten».

Eurak egon ziren, ordea, eta asko dokumentalarekin batera joan dira garai hartan egin zituzten mobilizazioak gogoratuz. 1988. urtetik askok ez baitzuten elkar ikusten. Begoña Gutierrez denen memoria freskatzen aritu da, bere garaian garai txar bat igaro zuelako, eta Euskaldunako borroketan bizi izandakoa idaztea izan zelako bere terapia. Horrela gogorarazi die nork laguntzen zien batzarretan, edo 1984ko udazkenean egin zuten itxialdiaren nondik norakoak. «200 emakume inguru batuko ginen hor, larunbatetik igandera», Garciak azaldu duenez. «Gogoan dut gau guztia esna eman genuela, polizia sartuko zenaren zurrumurrua zabaldu zelako». Ez zen sartu, eta hurrengo goizean manifestazioa egin zuten hainbat langileren babesarekin. Mobilizazio hori bereziki dute gogoan denek. Berezia izan zen eurentzat.

Kaleratzeen itzal luzea

1983an Espainiako Gobernuak ontziolak berregituratzeko plana proposatu zuenetik, bost urte eman zituzten Euskaldunako langileek euren lanpostuen aldeko defentsan. Denbora tarte horretan, une gogorrak bizi izan zituzten emakumeek: «Ez dakit nondik ateratzen nuen denbora, baina borroka hori ama izatearekin bateratu behar izan nuen». Eta, borrokan aritzeagatik, auzoko askoren gaitzespena ere jaso zuten. Garciaren auzoan, Euskaldunako langile asko bizi ziren, eta hura oasi bat zen. «Bilbora joanez gero, gaizki begiratzen gintuzten, Deustuko zubia ixtearen ondorioz lanera berandu iristen zirelako». Begoña Gutierrezek ere presio hori sumatu zuen Barakaldon: «Pribilegiatu batzuk ginela esaten ziguten, beste askok lana galduta ere baldintzak onartu beste aukerarik ez zutela». Presioa handia zen, baina eurek ere egoera horri erantzuten zioten emakumeen batzarretik. «Dendariren batek Euskaldunako borrokaren aurka hitz egiten bazuen, boikota egiten genion».

Ontziola itxi zen, eta langile askori beste lanpostu bat eskaini zieten beste enpresaren batean. 300 behargini izan ezik. Lanik gabe geratu ziren, baina bost urteko gatazkaren ondoren etxean geratu ziren. Eta horrek itzal luzea ekarri zuen familia askotara. Horien guztien artean suizidio kasuak egon ziren, baita alkoholismo arazoak ere. Bikote harreman batzuk ere Euskaldunaren itxierarekin batera amaitu ziren, Andrea Gutierrezena bezalaxe: «Langile asko hondoratu egin ziren, torlojuak lotzen besterik ez zekiten, eta, ontziola ixtean, ezer gabe geratu ziren». Etxeko giroa aldatu egin zen bere kasuan, eta harremana apurtu zen.

Ekonomikoki ere larrialdi ugari bizi izan zituzten etxe askotan. Borrokak eta lanuzteak etengabekoak baitziren. Andrea Gutierrezek gogoan du, ordea, langileen eta euren familia kideen artean zegoen elkartasun giroa. «Nire ahizpak eta koinatuak borrokara joateko esaten zidaten, eurek lagunduko nindutela ekonomikoki edo janaria emanez». Rodriguezek ere gogoan du inguruko jendeak nola laguntzen zuen bere ama: «Nire ama Euskaldunako langilea zen, eta goiz alargundu zen; familia bat aurrera atera beharra zeukan, baina, hala ere, moldatu zen».

Azken finean, bizi izan zituzten une txarren gainetik elkartasun izaera hori azpimarratu nahi izan dute Euskaldunako borroketan parte hartze aktiboa izan zuten emakume horiek. Gaur egun, kongresuak egiteko jauregi bat dago 2.700 familiari lana ematen zion ontziolaren lekuan. Industria hartatik, euren oroitzapenez aparte, gutxi geratzen da, eta Begoña Gutierrezi, Andrea Gutierrezi, Cerratori, Rodriguezi, Garciari eta Marañoni handik igarotzeak min berezirik eragiten ez badie ere, hirigintza aldaketa hori zeren ordainetan egin zen ahazten dela gaitzetsi dute. Cerrato: «Ederra dago orain, ez naiz hori ukatzen hasiko, baina zeren truke? Zenbat sufritu behar izan zuten milaka pertsonak?». Borroka haren ondorio gutxi geratzen da gaur begi bistan, baina dokumentalak gogora ekarri ditu berriz ere.

BERRIAn argitaratua (2016/12/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA