astekaria 2016/12/09
arrowItzuli

kirola

ALEX URANGA

«Urteetan egindako lanaren saria izan da Europako txapela»

Aitor Manterola

«Urteetan egindako lanaren saria izan da Europako txapela»

Santiago hondartzan sekulako lasaitasuna dago. Ia inor ere ez bueltaka. Oinez pauso lasaian joan eta Alex Urangarekin (Zumaia, Gipuzkoa, 1989) solasean aritzeko, aukera paregabea. Itsasoa ondoan, betiere. Gertu. «Etxeko txokoak baino hobeto ezagutzen dut», esan dio BERRIA-ri bodyboarderrak.

Europako txapelketa irabazi duzu aurten, eta aurreneko aldiz, gainera.

Beste garaipen bat, bai. Oso landua izan da, urte batzuetan ibili naizelako txapelketa hau irabazi nahian. Baina ezin izan dut, Pierre-Louis Costes frantziarrak irabazi izan duelako aurreko hiru urteetan. Haren itzalpean beti bigarren izan naiz, eta banuen gogoa arantza ateratzeko. Azkeneko bi probak nik irabazi ditut, tartean azken-aurrekoa, Zumaian jokatu zena, eta, punturik gehien banatzen zituzten bi probak zirenez, nik irabazi dut Europako zirkuitua.

Atera duzun arantza hori, orduan, handia izango da?

Bai. Zirkuitu hau irabazi nahi izan dut beti. Gazteago nintzenean, nire indar guztiak honetara bideratzen nituen, baina ez nuen irabazten. Azkeneko hiru urteetan, berriz, Munduko Txapelketan jarri ditut indar guztiak, eta hau ezustean iritsi da. Urteetan egindako lanaren saria da.

Europako honetan, egutegia aldez aurretik zehaztea ez omen da erraza izaten, eta horrek ez dizue, bada, asko lagunduko ondo prestatzen, ezta?

Hori da. Urte hasieratik garbi jakin izan banu zein proba izango zituen zirkuituak, aukera izango nuen hobeto prestatzeko. Baina, zoritxarrez, Europako federazioak Mundukoaren egutegitik kanpo dauden egunak hautatu behar izaten ditu, eta, parte hartzaile asko Munduko Txapelketan aritzen garenez, ez da erraza egun libreak izatea. Gero, gainera, Europako proba batzuk azken orduan bertan behera gelditzen dira nahikoa diru laguntza ez dutelako. Adibidez, Zumaiakoarekin hori gertatu zaigu: aldundiaren diru laguntzarik gabe geratu garela. Hurrengo urterako atzeratu digute, eta, behintzat, ziurtatua daukagu hurrengo urtean ere izatea Europako txapelketako proba hemen. Dena den, aurten ere antolatu ahal izan dugu.

Hortaz, Mundukoaren itzalpean dago Europako zirkuitua?

Hala da. Munduko Txapelketan ari garenok parean tokatzen zaigunean joaten gara Europakora. Bere garaian Munduko zirkuituan sartzeko eman beharreko pauso gisa hartu nuen nik Europakoa, behetik gorako bidea egiteko. Orain ere badira batzuk horrela dabiltzanak, eta uste dut hori dela bidea.

Munduko Txapelketan, normala den bezala, maila hobea da.

Bai. Gainera, esperientzia handiagoko jendea aritzen da Munduko Txapelketan, leku gehiago ezagutzen ditugu, eta hobeto lantzen dugu uretako lana. Europakoetan, edozeinek har dezake parte, eta hasierako txandetan ez da egoten oso maila handia.

Zenbat proba izaten ditu Munduko Txapelketak?

Zortzi eta hamabi artean. Guk aukeratzen ditugu bakoitzarentzat proba egokienak, eta, gero, ezinbestean parte hartu behar izaten dugu puntu gehien banatzen dituzten probetan.

Bosgarren bukatu duzu aurten Munduko Txapelketan edo zirkuituan. Pozik?

Oso gustura. Ez nuen ondo hasi, dena den, Tahitin. Bizi guztian ibili naiz olatu horren zain, eta egun haietan sartzen zen olatua, baina ez zen behar bezala lehertzen, eta, hilabete osoa zain egon eta gero, ahal zen moduan lehiatu behar izan nuen. Triste bueltatu nintzen. Gero, Brasilgoa etorri zen. Lasai joan nintzen, ekaina zen, eta, azkenean, irabazi egin nuen. Hango olatuarekin oso harreman ona lortu nuen, gozamena. Gero, batetik bestera ibili nintzen zirkuituan. Txilen, final-laurdenetan galdu nuen, eta ondo ikasi dut han gertatu zitzaidanarekin. Azkenean, probaz proba ibili, eta bosgarren bukatu dut.

Txilen zer ikasi zenuen?

6,5eko nota nahikoa nuen aurrera jarraitzeko, baina azken unera arte egon nintzen zain, eta, gainera, oso nota onaren bila joan nintzen. Lortu nuen 6,5ekoa, baina oso azkenera, eta aurkariak, Jeff Hubbardek, nik utzitako aukerak baliatu zituenez, irabazi egin zidan. Oso bitxia izan zen, haizea sartu zelako. Asko ikasi dut proba horretatik.

Bosgarren postuak bete zaitu?

Oso pozik nago. Gainera, lehia guztietan sartuta egon naiz, eta oso estu joan da sailkapena azkenera arte. Konturatu naiz zertan egin dudan huts. Lehen bosten artean sekulako maila egon da, eta edozein izan da gai probak irabazteko. Olatu guztietan sendo sentitu naiz, eta gozatu egin dut.

Aurrerapausoa eman duzula sentitzen duzu?

Pare bat urte dira hasiberria naizela sentitzeari utzi niola. Aurten, gainera, sentitu dut aurkariek errespetua edo beldurra dutela nire aurka lehiatzean. Lehen, berriz, ni nintzen besteekiko hori sentitzen zuena; baina, orain, besteak ikusten ditut horrela nirekiko. Ez da nire irudipena bakarrik; puntuazioek ere horixe bera esaten dute.

Haizea, olatua, mareak, itsaslasterrak... ia-ia marinelak izan behar duzue.

Bai. Itsututa bizi gara itsasoarekin. Sanoa da, baina obsesioa azken batean. Kresala behar izaten dugu, haizeak aurpegian jo gaitzala. Hego haizearen zain egoten gara, baina hori pasatakoan, nahi izaten dut itsaso harroan sartu, sentitzeko benetako indar hori. Haizearen, eguraldiaren, ekaitzen eta itsaso txarren menpe bizi gara. Lotua da alde horretatik, ezin izaten dugulako planik egin, edo egindakoan, aldatu edo bertan behera utzi behar izaten ditugulako, itsasoa sartzeko moduan dagoelako.

Naturan mende bizi zarete. Gauza handia da.

Naturaren menpe bizitzen ikasten dugu, eta bere aldaketekin guk ere aldatzen ikasi behar dugu. Batzuentzat astuna izango da, beti naturan mende gaudelako, baina, niretzat, oso polita da.

Urte osoan bidaiatzen ibiltzen zara, batetik bestera, eta denbora gutxi izaten duzu beste gauza batzuk egiteko. Hori al da alderik txarrena?

Ez dakit. Itsasoa jartzen dut beste ezeren aurretik, eta nirekin zerbait egin nahi duenak badaki zer daukan. Bidaiatzea gustatzen zait. Erraz moldatzen naiz leku eta jende berrietara. Hasieran, bidaia luzeak egiten nituen probatik probara, hilabetekoak edo. Orain, ez; orain nahiago dut lehiatu eta gero etxera etorri, proban gertatua aztertu eta hurrengoa ondo prestatzeko. Baina dirua behar da horretarako, joan-etorriak ordaintzeko. Etxetik lasaiago ibiltzen naiz; hobeto antolatzen dut dena.

Bizimodua aurrera ateratzeko nahikoa ematen al du bodyboardak?

Zirkuituan batera eta bestera ibiltzeko ematen dit, eta eguneroko bizimodua aurrera ateratzeko ere bai. Bizirik irauteko, azken batean, egunetik egunera bizi naiz. Hasten banaiz pentsatzen etorkizunean, itsutu egiten naiz, eta indarrak galtzen ditut, beldurtu bezala egiten naiz. Etorri behar duena etorriko da.

Non ikusten duzu zeure burua etorkizunean?

Kirolaren munduan ikusten dut neure burua, edozer gauzatan. Erraz moldatzen naiz. Gure kirol honetako merkatuan, denda batean, irakasle, eskola batean... auskalo. Goi mailako zikloa aterata daukat heziketa fisikoan irakasle izateko, eta horra bideratuko dut, agian. Edo, auskalo, egunen baten hau dena harrika bidali, eta lantegi batean sartuko naiz, industrian.

Azkenaldian, sekulako jende pila dabil uretan, surfean edota bodyboarden. Zein da zure gogoeta?

Pixka bat erre egiten nau. Profesionalak garenontzat enbarazu dira zenbait kasutan. Profesionalak irekiagoak gara , eta badakigu errespetatzen gurera olatu bila datorren kanpotarra. Hemen gustuz dabilenak, berriz, purrusta egiten dio kanpotik datorrenari, uretan urtebete egindakoan. Orroagan, esaterako, oso gutxi dira benetan prestatuta daudenak. Ezin dira eskolak edozein modutan antolatu; kontrola behar da.

BERRIAn argitaratua (2016/12/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA