astekaria 2016/12/09
arrowItzuli

kirola

Itzulera, beste bide batetik

Aitor Manterola

Itzulera, beste bide batetik

Zumaiak asko eman zion emakumezkoen traineruen lehiari. Sortzaile, eragile, eta garaile ere bai. Nork ez du gogoan 2013ko talde gogoangarria, ia dena irabazi zuena, Kontxako Bandera barne. Baina, bizitzak bezala, arraun taldeen izateak ere zikloak izaten ditu, eta zumaiarrek ezin izan zuten trainerua osatu aurreko urteko udazkenean. Horrenbestez, aurtengo udan ez ziren lehiatu.

Ematen du, baina, urtebeteko geldialdia bakarrik izango dela. Izan ere, Zumaia uretan da berriz ere. Atzo bertan, esaterako, Urola ibaiko itsasadarrean ikus zitekeen ontzi gorria, entrenamendua egiten Josu Osa entrenatzailearen aginduetara. Bada hilabete-edo arraunlariak lanean hasi zirela.

Berpizkunde horren oinarrian, lehengo taldeko zenbait arraunlari daude. Udan, elkarrekin biltzen hasi ziren, eta, lagunarteaz gain, bazen beste motibo bat elkarrekin batzeko: trainerua berriz uretan ikusi nahi zuten, eta ahalegina egiteko prest zeuden. Aurrerapausoa eman behar zutela erabaki, eta deialdia egiten hasi ziren: lehengo taldekideei deitu zieten, baita orain klubean dauden gazteei ere, eta arraunerako gogoz egon zitezkeen inoiz jardun gabeak ere tentatu zituzten. Zuzendaritzaren erabateko babesa jaso, eta lanean jarraitu zuten.

Lehengo taldeko kideetako bat, eta oraingoaren sustatzaile eta eragileetako bat da Atsegin Odriozola Iribar (Zestoa, Gipuzkoa, 1991). Klubean dago, traineru artean, ondo ezagutzen duen esparruan. Berarekin da Gurutze Lopetegi Salegi (Zestoa, Gipuzkoa, 1986); harentzat ia dena berria da, oraintxe hasi baita arraunean. Ondo irudikatzen dute Zumaia berri honen muina eta mamia: lehen ibilitakoa da Odriozola, etxekoa, eta oraintxe hasi da Lopetegi.

Zumaia berriak ez dauka zerikusirik lehengoarekin. Oso filosofia ezberdinarekin birsortu baita, Odriozolaren hitzetan: «Klubean dauden gazteei aukera eman nahi diegu traineruan lehiatzeko. Bestela, harrobian egiten ari den lan onak ez luke segidarik izango. Gainera, gure garaian, guri beste batzuek eman ziguten traineruan lehiatzeko, eta uste dugu bidezkoa dela guk ere saiakera bera egitea gazteenekin». Horrelako sustrai sakon eta indartsuak dituen jarduna ikustea ez da ohikoa gaur egun, eta horri heldu dio, hain zuzen, Lopetegik: «Edozeinek ezin du egin hauek egiten ari direna, ez delako jende asko egoten prest horrelako zerbait egiteko».

Gazteei aukera emateaz gain, taldeari ezaugarri propioak eman nahi dizkiete lehengo talde loriatsuan ibilitakoek: «Taldea sortu nahi dugu, baina balio sendo batzuekin. Sakrifizioa, diziplina, inplikazioa, taldeko kide izatea, dena ematea... Horrelako taldea nahi dugu», azaldu du Odriozolak. Lopetegik berretsi egin du ez direla hitz polit hutsak: «Neure begiekin ari naiz ikusten nolako balioak nahi dituzten txertatu taldean, eta bat egiten dut ahalegin horrekin. Taldea sortzeko arrauna benetan maitatu behar da, hauek maite duten bezala, eta niretzat gauza handia da horrelako jendearekin talde berean izatea».

Filosofia eta hasiera zintzoa dela ezin da ukatu. Baina kirolean emaitzek aparteko eragina izaten dute, kabalena itsutzeko modukoa, eta, horretaz, gogoeta hau utzi du Odriozolak: «Inork ez dezala espero 2013an makina bat bandera irabazi zituen Zumaia hura. Horrekin ez dut esan nahi ez garenik aterako ahalik eta emaitza onena lortzera. Arraunean ondo egitea ere bada talde honen helburua, eta horretan ere, beste arlo guztietan bezala, dena emango dugu».

Arraunlari gehiago behar

Hamabost arraunlari daude gaur egun taldean, eta Odriozolak aitortu du gutxitxo dela: «Trainerua osatzeko hainbeste bagara, baina beti da komenigarria hemeretzi bat-edo izatea. Lesioak edo bestelako gauzak beti gertatzen dira, eta kopuruz taldeak ondo hornitua egon behar du». Ari dira bila, eta deia ere egina dute.

Buruko min handiago bat ere izan dute aste honen ia azkenera arte, baina, azkenean, patroia lortu dutela ematen du. Osa entrenatzailearena da azalpena: «Etxean aurkitzeko erabakia hartu genuen duela gutxi, eta neska bat animatu zaigu, harrobiko arraunlari bat. Gaur bertan [atzo] egin du lehen entrenamendua, eta ematen du arazo hori konpontzeko bidean dela. Hala ere, besteren batek ere nahiko balu animatu, ateak irekita edukiko ditu».

«Ondo pasako du talde honetara etortzen denak», esan du Lopetegik. «Beti probatu nahi izan dut arrauna, eta, azkenean, aurten animatu naiz, aurretik korrika eta txirrindularitzan ibili eta gero. Gozatzen ari naiz. Ez zait ahaztuko itsasoko lehen entrenamenduan sentitu nuena; baduela zerbait ezberdina itsasoko haizeak». Odriozolak azkar gehitu dio: «Esan nizun itsasoan ibili eta gero esateko ea arrauna gustatzen zaizun, eta momentu hartan jarri zenuen aurpegiak eman zidan erantzuna».

Hemen da Zumaia berriz ere. Traineru zahar berria. Beste bide batetik itzuli da, eta, bideak bide, gauza bat du ona egitasmo honek: oso garbi daukate zer nahi duten, eta zertarako eman duten pausoa berriro uretan izateko. Beste guztia, Lopetegik azpimarratu duen bezala, haien esku dago: «Lana, lana eta lana».

BERRIAn argitaratua (2016/12/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA