astekaria 2016/12/09
arrowItzuli

iritzia

Euskaldun izatea

Iñigo Aranbarri

Euskaldun izatea Iñigo Aranbarri

Euskaldun izatea eri bizitzeko era bat da. Euskaldun izatea gauzak beltz ikustea da, eta zuri egun berean. Zaputzak jota etxeratzea, konparazio batera, Lekeition gaztelera asko entzun duzulako eta pozarren, berriz, Tafallan dendari euskaldun batek artatu zaituelako. Usteen eta exajerazioen jolasean, psikosi bezatuan bizitzen ikastea da euskaldun izatea. Bada baina horrela bizi ez denik ere.

Euskaldun izatea toki beretik igarotzea da maiz, eta barregarri iriztea norbere buruari aurpegikeraren arabera zirt edo zart erabakitzen zer hizkuntzatan hasi. Euskaldun izatea xehetasun txikienei begia ematea da, jakin nahi du nola ekin. Nekagarria da, eta etsigarria. Sarritan ez da asmatzen. Hobeto.

Euskaldun izatea egunero ernegatzea da, eginbehar sinpleena ikaragarri konplikatzea, hitza ahoan desakatotzat jo eta komisaldegian amaitzea, eztabaida antzuetan korapilatzea eta besteren belarrietara norbera agertzea egoskor, petral, polizia linguistiko, bestela ez denean horrelakoa. Edo bai.

Euskaldun izatea, ailitez izan onargarri konparazioak, beltza izatea da hizkuntzen mapan, emakumea, pobrea. Baina Europako klub zaharreneko bazkide dela sinestuta, eta hizkuntza absurdoraino gurtuta, nola ez zaizkio keinurik itsusienak, arrazistenak, matxistenak, klasistenak aterako. Hizkuntzak ez baitira munstroak, baina hiztunak bai. Sarritan.

Euskaldun izatea zuri-gorri-berdea ikustea da hizkuntzak galdu berri dituen tokiak okupatzen. Euskaldun izatea hiztunen makurrez ohartzea da, txokokeriaz eta estandariazazioaz iritzia mamitzea, mintzoan egitea geografia. Erokeria bat. Eta hala zaizkio gertuko francozale batzuk eta Petainen seme-alaba anitz; eta arrotz, berriz, milaka euskaltzale erdaldun, hamaika borrokatan haurride dituenak. Euskaldun izatea, esan dugu, eri bizitzeko era bat da.

Euskaldun izateak askozaz ere errazagoa behar lukeela sinetsita doakigu bizitza.

BERRIAn argitaratua (2016/12/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA