astekaria 2016/12/09
arrowItzuli

mundua

XARIF KANAANA

«Nortasuna ukatzen digutenean, kultur ondarera jotzen dugu»

Samara Velte

«Nortasuna ukatzen digutenean, kultur ondarera jotzen dugu»

Xarif Kanaanak (Galilea, 1935) ez daki zehazki zein egunetan jaio zen, baina xehetasunez gogoratzen ditu Palestinaren okupazioaren etapa nagusiak. Nerabea zen 1948ko gerra gertatu zenean (Nakba edo «hondamendia» deitzen diote palestinarrek); bera eta bere familia, ordea, ez zituzten kanporatu, eta, horregatik, pasaporte israeldarra du. 1967ko okupazioa gertatu zenean, AEBetan zegoen, han irakasle aritu baitzen hainbat urtez. Gaur egun, Ramallahen bizi da, eta Birzeit unibertsitatean dihardu irakasle.

Zisjordania gobernatzen duen PAN Palestinako Aginte Nazionalarekin etsita dago Kanaana. Palestinar askorentzat, alferrikako autonomia bat kudeatzen du Al-Fatah alderdiak. Egunotan egiten ari den kongresuak ere apenas izan duen oihartzunik Zisjordanian. «Palestinak, uneotan, ez dauka gure borondatea piz dezakeen lidergorik», uste du antropologoak. Euskal Herrian izan berri da, Biladi elkarteak gonbidatuta.

13 urte zeneuzkan Nakba gertatu zenean. Nola gogoratzen duzu?

Etxean ihes egiteko planak egin zituztela gogoratzen dut, gurasoei eta arreba nagusiei adituta: unea iristen bazen, zer eraman beharko genuen eta zer ez, eta halakoak. Baina azken unean, Israelek gerra irabaziko zuela bistakoa zenean, gure eskualdeko hainbat buruzagi elkartu ziren, eta israeldarrengana joan ziren errenditzera. Tira, hori da guri kontatu zigutena, baina nik beste azalpen bat daukat: egiaz, israeldarrek erabaki zuten zein herri geratuko ziren eta zeintzuk ez. Izan ere, beste batzuetan, indarrez sartu ziren, jendea tirokatuz edo bonbardatuz. Gurean ez zen tirorik egon, inork ez zuen borrokatu.

Zergatik ez?

Bakearen herrixka batzuk utzi nahi zituzten. Israeldarrak etorri zirenean, lurraldea okupatu zuten eta nahi zituzten eskualdeak sarraskitu zituzten: Mediterraneoa, Jordan Harana, Libanoko muga... Nazioarteko presioagatik, herri batzuk utzi zituzten zutik, 135.000 biztanle ingururekin; beharbada lanesku merkea behar zutelako ere bai. Eta horixe da gaur egun Zisjordanian egiten ari direna: zati on guztiak hartzen ari dira, eta mendietan herrixka batzuk uzten dituzte, ustezko autonomia bat emanez.

Herri ipuinek nortasun kolektiboa eratzen dutela diozu. Zein da herri literaturaren funtzioa okupaziozko egoera batean?

Antropologiak eraman ninduen herri kultura aztertzera, ohartu nintzelako folkloreak asko esan diezagukeela herri bati eta haren nortasun kolektiboari buruz. Esate baterako: Europan, Finlandia da folklore mugimendu sendoenetakoa daukan herrialdea. Arrazoia da Finlandia Suediaren menpe egon zela. Nortasuna ukatzen diotenean, jendea beti itzultzen da bere kultur ondarera: nortasunari eusteko modu bat da. Ez dute nahita egiten, noski: ohartu gabe, belaunaldi bat hasten da folklorea gehiago maitatzen eta errespetatzen. Sentitzen dute ondare horrek bizirik irauten badu beraiek ere bizirik iraungo dutela.

Palestinaren kasuan, nola islatu dira okupazioko faseak herri kulturan?

Guretzat ere kohesionatzaile funtzioa bete du kulturak. 1967an, Israelek Palestina osoa okupatu zuenean, joera handia izan genuen herri ondarea berreskuratzeko: Israelgo arabiarrak itzuli ziren, eta beste palestinarrak ezagutu zituzten, eta folklore mugimendu sendoa sortu zen. Horrek Osloko egunetara arte (1993) iraun zuen; gero, Palestinako Aginte Nazionala sortu zuten, eta hark kultura instituzionalizatu egin zuen: ministeriotan eta departamentutan kokatu zuen, eta herritarren artean sortutako mugimendua hoztu egin zen, bi intifadetan izan ezik. Horietan, egia esan, kultura asko produzitu zuen Palestinako jendeak.

Beraz, folkloreak ez dauka zertan tradizionala izan, unean-unean sortua ere izan daiteke.

Jakina. Folklorea ez da sekula erabat berria: garatu egiten da gizarteak behar duenaren arabera. Intifadak, esaterako, momentu egokia ziren bi folklore mota sortzeko: umorea, israeldarren aurkako txisteekin; eta kondairak. Jendeak fantasiazko istorioak asmatzen zituen, israeldarren aurkako borroketan oinarrituta; ez ziren egiazkoak, noski, baina berdin-berdin kontatzen ziren. Bi adierazpen horiek oso aproposak dira Intifadaren antzeko une baterako, ez dutelako denbora behar sortzeko: uneko gertakari batekiko erreakzioa dira, botatzen dituzu, eta hortxe daude, une bat gorde dute memoria kolektiboan. Garai hartan ohartu nintzen antzekotasun handiak zeudela palestinarrek intifadetan sortzen zuten folklorearen eta irlandarrek britainiarren aurkako gerran sortu zutenaren artean.

Sustrai edo erreferentzia partekatuen bilaketa horrek izan al dezake ikuspegi erlijioso bat ere? Hau da: Gazan gaur egun antzeko zerbait gertatzen al da islamismoarekin?

Jendeak zerbaiti eutsi behar dio: elkartuko dituen zerbaiti, partekatuko dutena eta euren nortasuna iraunaraziko duena. Garaiaren eta lekuaren arabera, desberdina da zerbait hori. Batzuetan folkloreak betetzen du funtzioa, baina denbora luzez nazionalismoarekin ere saiatu ziren. Arabiar nazionalismoarekin, alegia: «Ez gara palestinarrak, arabiarrak gara», esaten ziguten, baina huts egin zuten. Gero palestinar nazionalismoarekin saiatu ziren, eta horrekin ere huts. Orain, berriz, guztiok partekatzen dugun mailara jaitsi dira: erlijiora. Baina ikusten ari gara horrek ere ez duela funtzionatzen, eta Estatu Islamikoa da horren froga. Mundu arabiarra zatitan puskatzen ari da, eta ez dago hura batzen duen elementurik. Fedea ere hainbat fedetan banatu da, ez duelako balio izan beharrak asetzeko.

Proiektu politikoek ere ez dute kohesiorik lortu.

Ezerk ez du Israel geldiarazi. Ezerk ezin izan du saihestu amerikarrak Iraken sartzea. Eta orain Sirian gertatzen ari dena... Arabiarrek sentitzen dute Jainkoak ere ez duela beraien alde lan egiten, eta hori kulturan ere ikusten da: ez dago arabiar mundurik, ez dagoelako halako izate batentzako sinbolo esanguratsurik. Eta, neurri txikiagoan, gauza bera gertatzen da Palestinan: ez daukagu batasunik, Palestina Askatzeko Erakundea sortu zutenean bezala. Orduan denek begiratzen zioten hari, baina orain ez dago erdigunerik. Abbas ez du inork errespetatzen; PANi traidorea izatea leporatzen diote; Hamasi, fanatikoa izatea...

Nortasun kolektiboaren sinbolo horiek aktiba al daitezke kontzienteki gizartean?

Posible da, baina jendea behar da atzetik: zerbaiten alde egingo duten liderrak. Herria batu dezaketenek eman diezaiekete zentzua sinboloei.

BERRIAn argitaratua (2016/12/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA