astekaria 2015/11/13
arrowItzuli

iritzia

Artzain-literatura

Hedoi Etxarte

Artzain-literatura Hedoi Etxarte

Libururik gabe ezin da azaldu Nafarroako azken 15 urteetako hauteskundeen eboluzioa. Ezta hauteskunde sindikalena. Ezta D eredu publikoaren indartzea eta ezartzea. Ezta Nafarroako Ahal Dugu-k EAEkoarekin alderatuta duen autonomia. Ezta Alderdi Sozialistak Nafarroan duen marjinalidadea eta EAEn duen boterea. Ezta bataioen eta jaunartzeen hondoratzea.

Miguel Sánchez-Ostizenak dira funtsezkoetako batzuk — zenbat idazle jipoitu dituzte gurean liburu bateko edukiarengatik?—. Pamielak memoria historikoari buruz idatzitako hamaika. Argitaratu berri duen Sin piedad barne: 36ko gerrako kolaboratzaileak, lortu zituzten aberastasunak, izen eta abizenekin. Altaffayllaren Navarra 1936 de la esperanza al terror. Txalapartaren El banquete: Expolio y desaparición de la CAN bestsellerra. Joxerra Senarren CAN: eta hemen ez da ezer gertatu Pamielan. Ivan Giménezen El corralito foral, aurtengo salduena. Establishmenta kargugabetzeko giro bat sortu da —besteak beste— liburuaren inguruan: oin-ohar askoko lanak, arnasa luzekoak, irakurriak, salduak, komentatuak.

Eta giro horrek, halere, interpelazio zuzenak sortzen ditu EHko edizioaren beste eremu batzuetara. Bestea beharrean makur ditzagun geure buruak autokritikara: zergatik hainbeste fenomeno literario injustiziaren, botere faktikoen azken mendeko lapurretei buruz Nafarroan? Ez da kezkagarria Arabako Gipuzkoako ustelkeriaren topografia? Zergatik ez da idatzi ikerketa lan seriorik Neguriko burgesiari buruz salbu eta Gregorio Morán asturiarraren Los españoles que dejaron de serlo: Euskadi, 1937-1981 hartatik —aurkezpenean Xabier Arzallus, Santi Brouard eta Mario Onaindia egon ei ziren—? Zergatik dago euskara hain absente ikerketa saiakeratik, statu quoa aztertu eta EHn gobernatzen duten 140 familiak seinalatzen dituzten liburuak ekoiztetik?

Artzain-literatura hau omertá bat da, ekumenikoa.

BERRIAn argitaratua (2015/11/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA