astekaria 2016/12/09
arrowItzuli

ekonomia

ZULOAK ZULO, KUTXA NAHI

Jon Fernandez

ZULOAK ZULO, KUTXA NAHI

Otsoa badatorrela, otsoa badatorrela. Sarri zabaldu dute beldurra azken urteetan. Otsoak jango duela pentsioen itsulapikoa. Laster pentsio publikoak miseriazkoak izango direla esan da, ez direla bizitza duin bat bermatzeko adinakoak izango. Zapaterok eta Rajoyk egin dituzte erreformak pentsioen gastua murrizteko —pentsio errealak txikituz—, baina, hala ere, sistema defizitarioa da, eta erreserba funtsa agortzear dago. Dagoeneko hemen da otsoa, eta aurre egin behar zaio.

Baina arrisku bezainbeste aukera sor ditzake Espainiako Gizarte Segurantzaren krisiak. Gainera, krisi horri gehitu behar zaio PPren gobernuak laguntza behar duela Madrilen aurrekontuak onartzeko, eta EAJ begiz jota daukala. Espainiako Gobernua ahultasun politikoan egon den aldietan eskumenak errazago eskualdatu izan dira, babes puntualen trukean. Sistemaren krisiak eta abagune politikoak aukera ematen dute euskal pentsio sistema propio bat sortzen hasteko? Hego Euskal Herriko alderdi abertzaleak Gizarte Segurantza propio baten alde daude, eta alderdi konstituzionalistak kontra. Tartean langileak eta pentsiodunak daude, euren diru sarrerak bermatu nahi dituztenak. Zein litzateke eredurik egokiena eurentzako? Alderdi politiko nagusiekin berba egin du BERRIAk, galdera horri erantzuten ahalegintzeko.

EGUNGO EREDUA, KOLOKAN

Espainiako Gizarte Segurantza defizitarioa da 2010az geroztik: diru sarrerak —langileen kotizazioak— ez dira nahikoak gastuak —pentsioen ordainketa— estaltzeko. Urtea ia 19.000 milioi euroko defizit errekorrarekin itxiko du, eta erreserba funtsa amaituta egongo da 2017rako, orain arte sistemaren defizitaren zuloa estaltzeko erabili den funtsa. Toledoko Itunaren batzordea martxan jarri dute Madrilgo Kongresuan, konponbideak bilatzeko.

EAJren ustez, berandu dabiltza. Iñaki Txueka EBBko kidea Toledoko Ituenean izan zen. «Arazo hauek denak duela hamazazpi urte aztertu genituen, eta esan genuen zer egin behar zen. Jakina, inolako pausorik ez zuten eman, eta orain, porrota eta zuloa daukatenean, presaka egingo dute». Besteak beste, alarguntza eta zurztasun pentsioak Gizarte Segurantzatik ateratzea eta aurrekontu orokorretara pasatzea zen orduko gomendioetako bat; orduan ez zuten egin, baina alderdi gehienak aukera moduan aztertzen ari dira orain.

Pentsio sistemaren arazoa ez da egiturazkoa, koiunturala baizik, PPren ustez. «Gizarte Segurantzak gorabeherak ditu. 1996an, adibidez, Aznarrek hauteskundeak irabazi zituenean, kutxa hain hutsik zegoen, ezen mailegu bat eskatu behar izan zuen pentsiodunei hurrengo hilabetea pagatzeko», azaldu du Anton Danborenea PPko legebiltzarkideak.

Arazoa ondoko faktoreek eragin dute, haren iritziz: langabeziak, soldaten jaitsierak —eta beraz, kotizaizoen jaitsierak— eta gizartearen zahartzeak —eta beraz, pentsio gehiago pagatu beharrak—. «Azken lau urteetan pentsioen gastua ia %50 garestitu da, nahiz eta diru sarrerak jaitsi». Egoera «koiunturala» konpontzeko aterabide bakarra, Danborenearen ustez, zera da, Mariano Rajoyk lortzea 2020an 20 milioi kotizatzaile egotea, berriro kontuak konpentsatzeko. «Planteamendu bideragarria da, beste gauza bat da lortuko ote den».

Gizarte Segurantzak 3,5 milioi kotizatzaile galdu zituen krisi ekonomikoaren lehen bost urteetan: joan den urrian 17,6 milioi kotizatzaile zeuden, eta 9,4 milioi pentsiodun. 2007 amairean, aldiz, 19,1 milioi kotizatzaile zeuden sisteman, eta 8,3 milioi pentsiodun. Horrek esan nahi du, 2007an pentsiodun bakoitzeko, 2,3 kotizatzaile zeudela, eta orain, pentsiodun bakoitzeko, 1,8 kotizatzaile. Hegoaldean txikixeagoa da ratioa: 2,1ekoa zen 2008 hasieran, eta 1,7koa da orain. Sistema epe ertainera jasangarria izateko, pentsiodun bakoitzeko 2,5 kotizatzaile behar dira, adituen arabera; ideala hiru kotizatzaileko ratio edukitzea litzateke, egitura erabat bermatzeko.

Nolanahi ere, Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, sistemak pot egin izana ez du «fenomeno metereologiko batek» eragin, «hori borondate politiko baten ondorio da». EAJk etorkizunerako kalkuluak egin ditu, jakiteko euskal pentsioak zenbat txikituko liratekeen egungo sistemarekin jarraituta, 2011ko eta 2013ko erreformak kontutan hartuta: epe ertainean %20-30 inguru jaitsiko lirateke pentsioak.

ABAGUNE POLITIKOA

Pentsio ereduaren krisiari, abagune politiko lagungarria batu zaio Gizarte Segurantzaren eskumena Gasteizera eta Iruñera eskualdatu ahal izateko. Bai Gernikako estatutuak bai Foru Hobekuntza arauak jasotzen dute Gizarte Segurantzaren «erregimen ekonomikoaren kudeaketa» bereganatzeko eskumena. EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE eskualdatzearen alde daude EAEn, ñabardurak-ñabardura; PP, aldiz, kontra dago. Nafarroan, ostera, transferentziaren eskaria Adosteko atalean jasota daukate Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak gobernu programan.

Gaiak «ez du inolako garrantzirik izango» Espainiako aurrekontuetarako eztabaidan, ohartarazi du Danboreneak. «Zenbakiek ez dute ematen PP, Ciudadanos, kanariarrak eta EAJ batuta ere». Horien guztien baturak 175 emango luke, eta boto bat gehiago beharko litzateke aurrekontuak onartzeko Espainiako Kongresuan. Hala ere, Txueka jeltzaleak dioenez, EAJren euskal agenda mahai gainean dauka Rajoyk. «Eta, noski, euskal agendaren puntu nagusietako bat pentsioena da. Guk aukera guztietan jarraitzen dugu hori jorratzen. Rajoy nahiko ahultasun egoeran dago, ez ahultasun koiuntural batean, egiturazko ahultasun batean baizik».

EH Bilduko Pinedoren ustez, ez da tratukerian ibili behar. «Kontua ez da orain momentu aproposa den ala ez. Gure eskumena da, estatutuak hala esaten du duela 30 urte baino gehiagotik. Negoziatu behar da, baina herri moduan, ez alderdien arazoak konpontzeko». Gasteizko parlamentuan zein Iruñekoan eskumen eskualdaketarako batzordeak sortzearen aldekoa da Pinedo. Elkarrekin Podemosko Tinixara Guanche parlamentariarentzat, «lehentasuna pertsonen babesa da, eta ez nor geratzen den kromo bakoitzarekin». Gaiaz herritarrek erabaki behar luketela uste du: «Erabakitzeko eskubidea gauza hauen inguruan ere funtsezkoa da». Halere, ez du ikusten aukera gisa erreferenduma, traba legalak lituzkeelako. «Prozesu luze bat proposatzen dugu, kultura parte hartzailea sustatuko duena, jendeak benetan ulertu ahal izan ditzan legebiltzarrean lantzen ari garen gaiak».

EAJk eta PSEk berriki osatutako gobernuaren programan badago eskumenaren transferentzia. «Ez dakit tratukerian ibiltzea den, baina politika horrelakoa da, oreka konstantea», adierazi du Alberto Alonso PSEko zuzendaritzako Enplegu idazkaria eta Osalaneko zuzendari nagusia. Testuingurua ona dela uste du Madrilen, eta baita hemen ere, EAJk, EH Bilduk eta PSEk aurreko legealdian batera babestu izan dutelako eskumenaren eskaria. «Legealdi honetan landu daitekeen kontua da Gizarte Segurantzaren kudeaketaren transferentziarena», ziur da Alonso. «Eusko Legebiltzarrean ere landu den gai bat da, ez da ezer asmatzen hasi behar».

KUTXA BAKARRA,

ALA BAKOITZAK BEREA

Zer suposatuko luke eskumena eskualdatzeak? Gaur egun Espainiako Gizarte Segurantza arduratzen da Hego Euskal Herriko langileen kotizazioak kobratzeaz, eta pentsioak eta langabezia sariak pagatzeaz. Gizarte Segurantza horren zati baten kudeaketa da eskuratuko litzatekeena, eta ez gaiaz arautzeko gaitasuna, Gernikako estatutuak eta Nafarroako Foru Hobekuntza arauak jasotzen dutena betez gero.

Eskualdatzeko «eredu duin bat» proposatu du EAJk, eta hori lortzeko hainbat helburu finkatu beharra dagoela azpimarratu du, jarraian zerrendatutako hauek, besteak beste. Batetik, prestazio guztien kotizazioa kudeatzeko ahalmena jaso beharko litzateke, salbuespenik barik. Bigarrenik, Jaurlaritzaren eta Nafarroaren aurrekontu autonomia gradua handitu beharko litzateke. Hirugarrenik, diru bilketaren funtzioa bereganatu behar lukete, edo lankidetza hitzartu. Laugarrenik, Espainiako Elkartasun Funtsean izan beharreko parte hartzea zehaztu beharko litzateke. Bosgarrenik, Gasteizek eta Iruñeak enpresak erregistratzeko eta langileen afiliazioa, altak eta bajak tramitatzeko lan tresnak bereganatu beharko lituzkete.

Printzipioz, eskumenaren transferentziak, ez luke pentsioen kutxa bakarra delakoa apurtuko, bakarrik haren zati baten kudeaketa eskualdatuko litzatekeelako. «Ez dut ulertzen hor dagoen mito edo totema kutxa bakarraren inguruan», dio Txueka jeltzaleak. «Solidaritate sistemak badauzkagu estatuarekin, kupoaren bitartez». Bada, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gobernukide dituzten sozialistek totem gisa daukate. «Beharbada kutxa bakarra ez da agertzen konstituzioan, baina gure DNA ideologikoan badago. Guretzat hil ala bizikoa da kontzeptu bezala», zehaztu du Alonsok.

Galdera bota du PPko Danbereneak: «Eta zer dakar, orduan, kudeaketa ekonomikoa ekartzeak?». Bere iritziz, ez luke onurarik ekarriko, euskal kotizatzaileen eta pentsiodunen arteko defizita zenbatzerakoan, ez baita aintzat hartzen kudeaketa gastua, administrazio gastua. «Alde bakarra izango litzateke, pentsiodunak jasotzen duenean dirua, jarriko duela Jaurlaritzak pagatzen diola Gizarte Segurantzak beharrean».

Bestelako onurak ikusten dizkiote, aldiz, EAJk eta EH Bilduk. «Salto politiko handia litzateke», Txuekaren esanetan. Sistema propio bat izateko bidean, pauso ordenatu gisa ikusten du EAJk, «errealismo instituzionaletik eta pragmatismo politikotik» abiatutako bidea. Jeltzaleek, gainera, epe ertainera, kudeatzaile bakarra sortu nahiko lukete EAEren eta Nafarroaren kotizazioak eta pentsioak gestionatzeko: Lagunkidetza izena izango luke erakunde bateratu horrek.

EH Bilduk ere «oinarri» bezala ikusten du kudeaketa ekonomikoarena, gerora Gizarte Segurantza propio bat osatzeko. Ezagutza eta entrenamendua lekarke, Pinedoren ustez: «Zergak, adibidez, geuk kudeatzen ditugu. Horrek ahalbidetu digu jakitea nortzuk diren gure herrian bizi direnak, zenbat irabazten duten... sistema bat osatzea. Horrek, gerora, salto bat egiteko oinarri bat suposatzen du. Ez zara zerotik hasten. Bada, pentsio sisteman, berdin».

EUSKAL SISTEMA

EAJren eta EH Bilduren nahia, izen ere, harago joatea da: Euskal Gizarte Segurantza propio bat sortzea Hego Euskal Herriko lau lurraldeentzako. EAJk joan den otsailean aurkeztu zuen, Iruñean, Gizarte Segurantza eta pentsio sistema propio baterantz EAErentzat eta Nafarroarentzat txostena. Egungo legeditik abiatuta, eredu propiora iristea proposatzen du. «Iragan mendeetako eredutzat» jo du pentsioak bakarrik kotizaziorakin eta enpleguarekin lotzea, eta hiru finantzaketa iturriko eredua proposatu du: kotizazioen bidez, zergen bidez, eta borondatezko pentsio funts pribatuen bidez (BGAE). Azken oinarri horretan ikusten dute arazoa EAJk ez beste alderdi guztiek. Sistema pribatizatzeko atea irekitzea izan daitekeelako.

«Jeltzaleekin ados gaude euskal segurtasun soziala lortzeko helburuan, baina hori lortuko bagenu, baliteke desadostasunak izatea ereduan», zehaztu du Pinedok. EH Bilduren abiapuntua da sistema publikoa lehenestea, pentsio publiko duinak bermatzea. Gauza bera diote Elkarrekin Podemosek eta PSEk ere.

Pinedok eredu publikoan jarri du ardatza, baina uste du aztertu behar dela sistema zelan elikatu, unean-uneko baliabideen arabera. «Diru iturriak aztertu behar dira, eta zergena aukera bat da». Oro har, erreforma fiskal progresibo baten aldekoa da Pinedo.

BGAEak indartzea «sistema pribatizatzea» da, PSEko Alonsorentzat. «Esadazu Ferroserreko langile batek, 650-700 euroko soldata daukanak, zer aurreztu dezakeen pentsioetarako. Eta soldata hori langile aristokrazia da Ferrovialen!», kexu da. «Zein ari da aurrezten Euskadin? Zeintzuk dituzte BGAEak?».

PPko Danboreneak ere kritikatu egin du EAJren proposamena. «Sistema publiko-pribatua ja badago, aurreztu dezaketenek dagoeneko egiten dute. EAJk jendea derrigortu nahi du BGAEak egitera?». PPko ordezkariaren aburuz, EAJren ereduarekin herritar bakoitzak «ahal duena» egin beharko luke pentsio duin bat jasotzeko.

Alonsok zehaztu du BGAEak ez daudela txarto osagarri gisa, «baina ezin dugu pentsio sistema horien esku laga». Gainera, argudiatu du funts pribatuok ondo daudela kontrolatuta badaude, eta bertoko ekonomia sustatzeko erabiltzen badira. «Banco Santanderren inbertitzeko BGAE bat egiten badugu, oker gabiltza».

Defendatzaile sutsua da, aldiz, Txueka jeltzalea. «Sistema publikoaren lehen bi zutabeek bermatzen dute unibertsaltasuna eta duintasuna. Hortik aurrera, bakoitzak arduratu beharko du pixka bat bere etorkizunaz, ahal duen neurrian». Pentsio funts pribatuen ondarea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGaren %34koa da, OCDEren batez bestekoaren mailakoa; Espanian, aldiz, BPGaren %8ko ondarea daukate. EAJk bultzada berria eman nahi die pentsio funts pribatuei, eta «benetako lehentasun politiko gisa kokatu, ongizate estatua berdiseinatzeko orduan».

EUSKAL DEFIZITA

Euskal pentsio sistema ekonomikoki bideraezina izango litzatekeela argudiatu dute haren kontra daudenek, besteak beste euskal gizartea Espainiakoa baino zaharkituagoa delako, eta pentsioak ere Espainian baino handiagoak direlako. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 2015ean 2.400 milioi euroko defizita zeukatela esplikatu du Danboreneak. EAJk darabilzkien datuen arabera, defizita 1.575 milioi eurokoa zen 2014an; Jaurlaritzaren aurrekontuekiko %15,1eko zuloa izango litzateke. Espainian, aldiz, Gizarte Segurantzaren defizita aurrekontuen %5,3 adinakoa zen iaz; EAEn baino dezente txikiagoa. Are txikiagoa litzateke zuloa Nafarroan, bertako aurrekontuen %2,5 adinakoa 2014an (91,99 milioi).

Danboreneak defizit horretan jarri du fokua. Azpimarratu du euskal kotizatzaileak ez liratekeela gai izango euskal pentsiodunei ordaintzeko, eta beste erkidegoen kotizazioei esker jasotzen dutela orain hileroko paga. Datua eman du: «2006tik euskal herritarrok 9.195 milioi hartu ditugu erreserba funtsetik».

Nabarmendu du krisi aurretik dela defizitarioa euskal sistema. «2006an 80 milioi euroko defizita izan genuen. Iaz, aldiz, 2.400 milioi eurokoa zen. Datorren urtean gehiago igoko da, eta 2017an gehiago...». Danboreneak kalkuluak egin ditu, eta kutxa bakarra apurtuz gero, pentsioen defizita betetzeko, EAEn zerga bilketa %30 igo beharko litzateke. «Erabat bideraezina», bere esanetan.

Defizitaren eztabaida tranpa hutsa da EH Bilduko Pinedorentzat. «Estatuko sistema jada defizitarioa bada, ez dut ikusten zergatik egingo dugun guk okerrago». EAJko Txuekak ere diskurtso horretan ez jausteko eskatu du: hemen defizita ala superabita egon ez da elementu nagusia transferentzia eskatzeko eta negoziatzeko. «Guretzat, printzipioa gehiago da politikoa ekonomia puntuala baino».

Gainera, aintzat hartu behar litzateke, baita ere, 2006ra arte superabita zutela euskal pentsioek, eta batez besteko kotizazio maila Espainiako batez bestekoa baino handiagoa izan dela hamarkadatan Hego Euskal Herrian; horregatik dira hemengo pentsioak, gaur egun, Espainiakoak baino 200 euro inguru handiagoak.

PSEko Enplegu arduradunak, edonola ere, «zaharmindu usaina» hartzen dio EAJren «hemen hobeto kudeatuko dugu» diskurtsoari. «Euskadin orain soldatak Espainian baino mantsoago ari dira igotzen. Oraindik han baino handiagoak dira, baina eman denbora, eta berdinduko dira». Hemengo enpresariek ere kontratu prekarioak egiten dituztela salatu du Alonsok: «Azken lau urteetan suntsitu den zortzi orduko enplegu mugagabe bakoitzeko, sei enplegu sortu dira bi ordukoak eta aldi baterakoak. Ogien eta arrainen miraria da». Pentsio sistemaren arazoa funtsean dagoelakoan dago Alonso: «Obsesionatuta gaude gastuen kapitulua kudeatzearekin, baina benetako arazoa diru sarreren kapituluan dago».

BITARTEAN, ZER?

Kudeaketa ekonomikoa jaso edo sistema propioa sortu bitartean, beraz, zer egin pentsio duinak bermatzeko? Alonsok argi dauka: muinera jo. «Galdetu iezaiozu pentsiodun bati zenbat kobratzen duen, eta zenbat bere alabak edo semeak. Ez dago gehiago esan beharrik». Hor dago arazoa, diru sarreretan. Pentsiodun asko euren seme-alaben soldataren ia bikoitza kobratzen ari dira.

Arazo hori egitura ekonomikoaren ondorio da, industriak pisu handiagoa du Euskal Herrian, eta sektore horretako soldatak handiagoak eta egonkorragoak izan dira historikoki. Krisiak aldiz, soldaten jaitsiera eragin du lan merkatuan, eta horrek kotizazioen jaitsiera. Diagnostiko horretan alderdi guztiak datoz bat.

Alonso sozialistak baditu soluzioak diru sarrerak handitzeko. Epe motzera, diru sarrerak zerga bidez handitzea, «badakigulako baby boom-aren tsunamia datorkigula gainera». Epe luzera, aldiz, PSEko ordezkariak proposatu du lan erreformak baliogabetzea, «Rajoyrena eta Zapaterorena», eta langileen estatutua berritzea prekarietatearen arazoa konpontzeko. EH Bilduko ordezkaria eta Elkarrekin Podemoskoa ere bat datoz lan erreformak baliogabetzeko eskaeran. «Pentsioen sistema eta lan merkatua estuki lotuta daude —berretsi du Pinedok—. Azken lan erreformak, esaterako, pentsio sistemaren kontrakoak dira zuzenean, sistemaren diru sarrerak txikitzea dakartelako».

Baina beste aukera batzuk ari dira indartzen diru sarrerak hobetzearen inguruan Madrilen piztu den debatean. Alarguntza eta zurztasun pentsioak Gizarte Segurantzatik eta aurrekontuetara pasatzea —24.000 milioi euroko gastua iaz—, hau da, zergen bidez pagatzea. PPko Danborenea, aldiz, bi pentsio horiek zerga bidez pagatzearen aurka dago, horrek hemen zergak igotzea ekarriko lukeelako.

Horri lotuta, erabakitzeko dago zerga orokorrekin ordaindu ala zerga berezi bat sortu. EAJ ez da zerga berezi bat sortzearen aldekoa, eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemos erreforma fiskal sakon eta progresibo baten aldekoak dira. Bi koalizio horiek eta PSE, gainera, enpresen bonifikazioak ezabatzearen alde daude. Enpresek kotizazio tarifa lauak ordaintzen dituzte, horrek kontratazioa laguntzen duelakoan. Ezkerreko alderdien ustez, ordea, sistema hori ez da batere erabilgarria.

Bestalde, Txueka EBBko kideak gogorarazi du Jaurlaritzak dagoeneko osatzen dituela Espainiak pagatutako alarguntza eta zurztasun pentsioak DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez. «Hori egiten dugu iruditzen zaigulako pertsonek minimo batzuk behar dituztela duintasunez bizitzeko, eta hori ez dute bermatzen estatuko pentsioek».

DUINTASUNA, NON?

Kontua da duintasuna non kokatzen duten batzuk eta besteek. Pentsionistek bultzatutako HEL Herri Ekimen Legegilea atzera bota zuten Eusko Legebiltzarrean iaz; EAJk, PSEk eta PPk ez zuten tramitera onartu. Jaurlaritzak aurrekontuetatik pentsioak 1.080 euroraino osatzea eskatzen zuten; EAEko batez besteko soldata garbiaren %60 da kopuru hori, Europako Gutun Sozialak gomendatutako pentsio minimoa.

«Eskabide demagokiko edo populista» da Txueka jeltzalearentzat. «Batek eska ditzake 1.000 euro. Eta 1.500 zergatik ez?... Kontua zera da: Gure egiturak eta errealitateak norainoko aukera ematen digu?». Proposamena atzera botatzeko beste arrazoia izan zen pentsioen osaketa ez zela erkidegoaren eskumena. Hala ere, Jaurlaritzak dagoeneko pentsioak 710,89 euroraino konpentsatzen ditu DSBEren bidez. «Ez dut esaten behar adinako erantzuna denik DSBE bidez egiten dena», gaineratu du Txuekak, «baina erantzun nahiko txukuna da».

BERRIAn argitaratua (2016/12/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA