astekaria 2016/12/02
arrowItzuli

kirola

Handia, zentzu guztietan

Julen Etxeberria

Handia, zentzu guztietan

Euskal Herriko saskibaloiak bere historiako jokalaririk ospetsuenetako bat galdu du. Segundo Azpiazu Shegun hil da, 1960ko eta 1970eko hamarkadan Donostiako Atletiko, Bartzelona, Kas eta Askatuak taldeetan kirol ibilbide oparoa egin zuen jokalaria. Donostian, haren jaioterrian, zendu zen atzo, minbiziak jota. 72 urte zituen.

Pilotari izandakoa zeukan aita, baina berak saskibaloia aukeratu zuen, edo zehatzago esanda, saskibaloiak aukeratu zuen bera, Josean Gaska entrenatzaile izandakoak, hain zuzen. Sobera zuen altuera (2,11 metro), baina gabezia garrantzitsua zuen: malformazio bat zuen eskuin eskuan, ukondotik behera, gaztetan gaizki sendatutako lesio baten ondorioz. Gaskak, ordea, ez zuen etsi. Eskuinarekin ezin bazuen, ezkerrarekin jokatuko zuen. Esan eta egin. Donostiako Atletikon hasi zen, hasi eta berehala nabarmendu. Konturatu orduko, lehen taldean ari zen jokatzen.

Bederatzi urtez aritu zen Atletikon, Bartzelona ahaltsuak haren atea jo zuen arte. Real Madrileko Clifford Luyki aurre egiteko fitxatu zuen Javier Añua entrenatzaile gasteiztarrak. «Esperientzia bikaina izan zen kapital handi batean bizitzea», zioen ordukoaz galdetuta. Bartzelonan, Aito Garcia Reneses entrenatzaile historikoa izan zuen taldekide. Harekin bizi ere izan zen, haren izeba batek Gracia pasealekuan zuen etxe batean. Hasieran, motoz egiten zuten entrenatzera joateko bidea, biak Lambretta batean. Nola? Aito aurrean, gidatzen, eta Shegun atzean. Ikustekoa. Seat 600 autoa etorri zen gero, harentzat espresuki moldatutakoa, aurreko eserlekurik gabekoa, atzekoetatik gida zezan. Ikustekoa ere bai.

Bartzelonatik Bilbora joan zen, Kas taldera. Hiru urte egin zituen han, eta etxera itzuli zen, Dicoprogara —Askatuak izena hartu zuen gero—, berriz Gaskaren aginduetara. Handia izan zen itzulera, maila nagusira igo baitzen Donostiako taldea. Hurrengo sasoian, berriz, Europarako sailkatu zen. Hori lortuta hartu zuen erretiroa Shegunek, 33 urterekin. Saskibaloiari lotuta jarraitu zuen, Askatuak-eko gazteak entrenatzen. 1982ko abenduan Gaska hil zen, eta Shegunek hartu zuen lehen taldearen ardura. 1987ra arte egon zen karguan. Lanean hasi zen gero, Gureak enpresan, lantegietako kontuak ikuskatzen. Lanbide horretan aritu zen erretiroa hartu zuen arte.

Shegun ez zen etxetik pabiloira eta pabiloitik etxera joaten diren kirolari horietakoa. Oso errotuta zegoen Parte Zaharreko eguneroko bizitzan. Mozorrotu zalea zen, adibidez. 1983an, emaztegaiaz jantzi zen Popotxo Mondragon orkestrako kidearekin ezkontzeko. Txanogorritxuz ere jantzi zen beste behin. Gustuko zuen umore giroan egotea, familiarekin eta lagunekin. Guztiek azken agurra emango diote gaur.

BERRIAn argitaratua (2016/12/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA