astekaria 2016/12/02
arrowItzuli

politika

«Altsasun ez dago gorrotorik»

Joxerra Senar

«Altsasun ez dago gorrotorik»

«Gainezka egin digu honek guztiak». Espetxeratutako gazte altsasuarren familiek zurrunbilo handi baten erdi-erdian ikusten dute euren burua. Duela hilabete eta erdi, Altsasuko Koxka tabernaren kanpoaldean izandako liskar hutsa bestelako interes politikoak ezkutatzen dituen elur bola handi bihurtu dute Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionalak eta Espainiako eskuineko hainbat alderdi eta komunikabidek. Auziak seme-alaben etorkizuna eten du, eta, ezinbestean, haien eta ingurukoen egunerokotasuna goitik behera baldintzatu du. Herria ere minduta dago, eta horren guztiaren aurrean ozen salatu dute seme-alaben aurkako bidegabekeria, eta herriaren izen onaren alde egin dute: «Altsasun ez dago inongo gorrotorik».

Bizi izandakoaren testigantza emango dute gaur parlamentuan. Aurretik, BERRIArekin hitz egin dute espetxean diren bost gazteren gurasoek: Javier Abad eta Miren Oleagak, Iñaki Abaden gurasoak; Alfredo Urkijo Ainara Urkijoren aita; Belen Pozueta eta Antton Ramirez de Alda Adurren gurasoak; Amaia Amilibia Jon Ander Coben ama; eta Gotzon Urrizola Arnanz Urrizolaren aita.

Uneotan, 11 gazte daude auzian hamar urtetik gorako espetxe zigorraren mehatxupean ?horietatik bi adingabeak?. Liskarrak terrorismo delituarekin zerikusia izan duelakoan, Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak zazpi gazte espetxeratu zituen azaroaren 14an: bost Soto del Realen daude egun eta bi Alcala Mecon. Behin espetxean, haietako batzuk bakartuta daude, telefono deiak egiteko debekuarekin.

Horietako bat da Iñaki Abad. «Ez dugu telefono dei bat ere jaso», dio Javier aitak. Hala ere, harekin egon izan dira, eta hasieran oso urduri ikusi zuten. «Ez zuen ezer jakin nahi barruan zein kanpoan gertatzen zenaz. Dena mozten zigun. Beldurra zuen. Biharamunean, abokatuarekin egon zen, eta lasaitu zen. Lasaitasuna transmititu nahi digute, baina gurekin kezkatuta daude». Arnanz Urrizola, berriz, «animo handiarekin» ikusi zuen Gotzon aitak.

Euren bizitzagatik kezka

Azkenean, Pozuetaren esanetan, gazte bakoitzak egoera modu desberdinean bizi du. «Adur oso kezkatuta ikusi genuen. Zer gertatuko den bere bizitzarekin. Ez du ulertzen. Guri gertatzen zaiguna gertatzen zaie, azkenean historia surrealista baita». Egunak aurrera egin eta babesaren berri izan ahala, indarra hartzen ari dira gazteak. Hala ere, Amaia Amilibiak nabarmendu du komunikazioa etenda izateak ez diela laguntzen: «Iragan igandean berarekin izan ginen. Sekulako babesa dugula esan genion. Hark erantzun zigun telebistan aipatu zutela ehunka lagun egon zirela manifestazioan. Berehala esan genion 20.000 lagun inguru izan zirela».

Gurasoek aldarrikatu dute gazteok lehenbailehen egon behar dutela etxean. «Interesatzen zaigu euren etorkizuna eraikitzen jarraitzea. Lan egitea, ikastea eta euren bizitza aurrera eramatea. Ez dago ihes egiteko arriskurik. Ikastetxe eta lantokiek nahi dute ikasten eta lan egiten jarraitzea», salatu du Amilibiak. Alta, orain arte, Lamelak ez dio inongo jaramonik egin ez eskakizun horri, ez aldez aurretik gazteek epailearen aurrean deklaratzeko agertutako borondateari. Horregatik, sentipen mingotsa du Abadek: «Irudipena dut kolpeka ari zaizkigula eta zenbat eta gutxiago kexatu, sari moduan, kolpe gutxiago emango digutela esan nahi digutela. Hala bizi dut nik».

«Amesgaizto bat da»

Izan ere, ezinbestean, gurasoei bete-betean eragin die egoerak: «Oraindik hodei batean gaude, amesgaizto bat da. Ez du inongo logikarik. Beste inon gertatu izan balitz, ez genuke jasan beharko orain bizitzen ari garen guztia », laburbildu du Urkijok. Belen Pozuetaren ustez, egunerokoa zamatu die: «Lotan zaude, eta esnatzen zara, etengabe duzu buruan. Izugarrizko neke psikologikoa da». Bat egiten du Abadek: «Orain arte ez dugu izan egun bat berdina; biharkoa ere diferente izango da».

Herrian ere sentimenduak borborka daude. «Arrandegian zaude, eta bertako emakumea negarrez hasten zaizu. Edo kalean zoaz, eta askoren begiek distira dute. Jende guztia dago oso hunkitua. Ezagutzen ez duzunak bizkarra ukitu edo irribarre egiten dizu, eta gertuagoko jendeak besarkatu nahi zaitu», azaldu du Amaia Amilibiak. Afektibitate xume horretan babestokia aurkitu dute gurasoek, eta epaitegietan sumatu ez duten babesa eskaini die Altsasuk. «Tristura handiarekin gaude, baina gure artean egunero hitz egiteak laguntzen digu eta herriaren babesa izateak indarra eman», azpimarratu du Gotzon Urrizolak.

Familiez gain, gazteen lagunartea ere oso sentibera dago. Urkijoren arabera, ondotxo dakite haietako bat lasai asko egon zitekeela euren seme-alaben tokian: «Guri egokitu zaigu, baina eromen honetan edonor egon zitekeen». Herria bera ere minduta dago. Azken batean, zenbait komunikabidetako albistegi eta artikuluetan Altsasuri buruz oso gaizki hitz egin dute. Gotzon Urrizolaren arabera, erreala ez den irudia eman dute: «Hemen urteak eta hamarkadak daramatzagu toki askotako jendeak elkarrekin bizitzen. Guztioi eragin digu».

Komunikabideotatik esan den guztiaren alderantziz, herriaren elkarbizitza eta normaltasuna nabarmendu dituzte gurasoek. Altsasun urteak daramatzaten guardia zibilak eta haien sendiak ere kezkatuta sumatzen dituzte egoerarekin. «Urteak daramatzate, eta hemen ez dago inongo gorrotorik. Egon daiteke manifestazio bat edo beste, baina familiekin eta jendearekin ez dago arazorik», esan du Urrizolak. «Aspalditik hemen bizi direnentzat ere ez da ona gertatutakoa», dio Amilibiak, zera gaineratzeko: «Guardia zibilen seme bat gure semeekin pilotan aritutakoa da, eta ez da ezer gertatu. Haren aita ibili da antolaketan beste gurasoekin, eta harremana normala da. Kuarteletan ere kezkatuta daude».

Adierazgarritzat jo dute Javier Hernandez Nafarroako Guardia Zibilaren buruak iragan astean «inola ere ez» bat egitea komunikabideek Altsasuri buruz emandako irudiarekin eta nabarmentzea ez direla deseroso sentitzen. Alta, era berean, liskarra puzteko orduan, hasieratik egon da Guardia Zibila. Alfredo Urkijori deigarria egin zaio, adibidez, liskarrean zeuden bi guardia zibilak Altsasun bi hilabete eramatea. «Oso denbora gutxi daramate bertan». Urrizolaren esanetan, aldiz, «bizitza osoa hemen daramatenek inoiz ez dute arazorik izan».

Antton Ramirez de Aldak gogoan du gertaerak izan eta gutxira berehala tamaina handia hartu zuela auziak, eta oso azkar mugitu zela dena. «Guardia Zibilak eta hainbat komunikabidek egindako presioa hainbesterainokoa izan zen, non behartu egin zituen gure alkatea eta lehendakaria alde baterantz mugitzera. Horrek erraztu egin zuen ondoren etorri dena, jabetu diren arte hemen gertatu ez den zerbaiten inguruan muntai bat dagoela».

Gurasoei hasieran deigarria egin zitzaien Espainiako hainbat komunikabide lintxamendu bati buruz aritzea. Kezka handitu zen euren seme-alaben balizko zerrenda bat ahoz aho hasi zenean ?horregatik agertu zuten gazteek Iruñeko epaitegian deklaratzeko asmoa?. Asaldura erabatekoa izan zen Auzitegi Nazionalak ikerketa bere gain hartu eta azaroaren 10ean Lamelak terrorismo delituarekin lotu zituenean seme-alabak: «Guri ez ziguten ezer jakinarazi. El Mundo-ren bitartez jakin behar izan genuen», dio Amilibiak. Larrituta, asteburu hartan ordu luzeko biltzarrak egin zituzten guraso eta herritarrek. Udalarekin babes dokumentu bat hitzartu zuten.

Atxilotzeko agindurik gabe

Zaharkituta geratu zen agiria berehala. Astelehenean, azaroaren 14an, etorri ziren atxiloketak. «07:30ean hasi zen operazioa eta 14:15era arte ez genuen jaso dei bat esanez Madrilen zeudela. Ez zegoen ez atxilotzeko agindurik, ez miaketak egitekorik», dio Amilibiak. Abokatuen bidez jakin zuten Auzitegi Nazionalak hasieran ez zuela agindurik eman. «Denaren gainetik jauzi egin dute. Izenak eman dituzte, adingabeen nortasuna ez dute errespetatu, ez errugabetasun printzipioa ere», azaldu du Alfredo Urkijok. «Psikologikoki ere eragiten dizu. Zuk dena ematen duzu; gazteek bizpahiru aldiz deklaratzeko borondatea azaltzen dute, eta horrela atxilotzen zaituzte, epailearen agindurik gabe», gaineratu du.

Gurasoek nabarmendu dute ez diotela izkin egiten auziari, baina gertaerak bere neurrian ikertzea eta epaitzea aldarrikatu dute: «Guraso gisa nahi dugu jakin zer gertatu zen gau horretan eta bertsio guztiak kontuan izan, oraingoz bertsio bakarra dagoelako. Zer ordutan izan zen, nor izan zen, eta zenbateraino izan zen. Bestea asmakizuna da», dio Amilibiak.

Gertaerei erreparatu nahi diete, bereziki, baina Antton Ramirez de Aldaren hitzetan, politikoki erabiliak izan diren sentipena badute: «Ez dagokigu guri analisi politikoak egitea, baina bai amorratzen gaitu alderdi batzuek helburu politiko batzuk lortzeko atxiloketak erabiltzeak. Ez dago eskubiderik. Nafarroako Gobernua hondoratzeko edo aurreko egoerara itzultzeko edo Euskal Herriaren desmilitarizazioaren aurka egiteko».

Horren aurrean, emandako erantzun zabala eskertu dute, bihotzez. «Larunbateko manifestazioa mugarria izan zen. Ez da halakorik sekula ere bizi izan Altsasun. Ezin dugu hitzez azaldu zer den hainbeste jende ikustea», dio Gotzon Urrizolak. Amilibiaren esanetan, bere txarrean auzi horrek guztiak elkartasun olatua eragin du: «Nik familia batuago sumatzen dut eta herria ere bai».

Erakundeetatik jasotako babesa ere nabarmendu dute, batez ere Altsasuko Udalarena. «Nabarmendu nahiko nituzke PSNko bi zinegotziak, alderdiaren presioaren gainetik babestu gaituztelako», dio Ramirez de Aldak.

Haatik, gazteek terrorismoaren mamua buru gain dute. Gurasoen arabera, funtsezkoa da erantzun zabala ematea aurrekaririk ezar ez dezan. Mezu horrez gain, Euskal Herritik kanpo ere elkartasuna lortzea espero dute: «Probeta baten gisan erabiliak gara. Hau aurrera ateraz gero, prest egon gaitezke denok», dio Urkijok.

BERRIAn argitaratua (2016/12/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA