astekaria 2016/12/02
arrowItzuli

bizigiro

Zapataren zolan dago gatazka

Bidatz Villanueva Etxague

Zapataren zolan dago gatazka

Espartinen hiriburua ere deitzen dute Maule. Tradizio bilakatua, hainbat enpresa ekoizle ditu Zuberoak. Milioi bat espartin baino gehiago produzitzen dituzte urtero. Ezin uka daiteke Zuberoan pisu ekonomiko handia dutela espartinak ekoizten dituzten enpresek. Haien lana eta espartinak egiteko modua aitortzeko labela edo sor-marka zigilua eskatu dute hainbat ekoizlek.

Mauleko auzapeza, Michel Etxebest, ordea, eskari horren aurka azaldu da. Hark dioenez, halako zigilu bat eskuratzeko baldintzak ez dituzte betetzen Mauleko espartin ekoizleek, erabiltzen dituzten zapata zolak Asiatik inportatzen dituztelakoan. Preseski, afera horren inguruan eta labelaren nondik norakoez eztabaidatzeko, mahai ingurua egingo dute bihar Maule Baitha kulturgunean, 15:00etatik 19:00etara.

Sor-markaren eskaria ez da berria. Zehazki, Adierazpen Geografiko Babestua (AGB) deritzon zigilua nahi dute eskuratu. Zuberoako Espartinen Elkarte batek sei enpresa biltzen ditu, eta horietako lauk nahi dute labelizazioa: Mauleko Prodisok eta Megamek, Idauze-Mendiko Armaitek eta Bildoze-Onizepeako Tauzin konpainiek. Iragan ekainean egin zion elkarteak eskaria Industria Jabetzaren Frantziako Institutuari (INPI). Manufakturatutako produktuak hartzen ditu kontuan. Helburua da produktuaren berezitasunak balioestea eta bertako ekoizleek espartinak egiteko duten jakintza aitortzea.

Lau enpresek txosten bat aurkeztu zuten sor-marka eskuratzeko, Mauleko espartina izenaren pean. INPIk onartuko balu, hala deituko lirateke espartinak. Hilabete batzuez herri galdeketa egin zuten aurkeztutako eskariaren inguruan, eta, irailean, Mauleko hautetsiek bozketa egin zuten dosierrari oniritzia emateko. Hamabost kontrako boz eta zazpi abstentzio izan ziren. Michel Etxebest auzapezak ondorengoa adierazi zuen:«Nahi bazen erabili Mauleko izena sor-markaren deituran, guk eskatzen genuen osoki hemen egin ahal izan dadin».

Zapata zolak Asiatik inportatzen dituzte labela eskatzen duten ekoizleek, produkzio kostua merkeagoa delako. Etxebestek arrazoitu du dokumentuak espartinen fabrikazioaren zati bat soilik hatzen duela kontuan. Orduan, AGB sor-marka eskuratzean, dokumentuak biltzen ez dituen beste jakintzak desagertuko lirateke, haren aburuz. «Ofizialtasun bat ematen badiozu espartinak fabrikatzeko modu bati, baztertuz aspalditik orain arte egondakoa, jakintza zaharraren kalterako izanen da, jakintza zaharra galduko da. Nik hori ez dut onartzen ahal».

Zuberoako Espartinen Elkarteko buru Francis Tauzin auzapezaren aurka azaldu zen. Hark hedabideei baieztatu zien posible litzatekeela espartinen zapata zola Maulen ekoiztea, baina horrek gainprezioa eraginen lukeela: 50 zentimo espartina pare bakoitzeko. «Azkenean, 10.000 pare salduko dizkiegu turistei, urtero milioi bat fabrikatzen ditugun arren. Lanpostuei dagokienez, aldaketa handi bat izanen litzateke. Ez da auzapezaren ardura gure enpresak nola kudeatu zehaztea», aipatu zuen.

Bestelako iritzia du Etxebestek: «Ez dakit nola horrelako produkzio bat atxikitzen ahal duten zinez halako diferentzia gutxi izanik». Halaber, uste du ez zaiola baldintza horretatik heldu behar gaiari: «Inor ez da bortxatua labelarekin ekoiztera, eta ez badute nahi beste modu batez ekoitzi, jarrai dezatela orain arte egin duten bezala».

Etxebesten aburuz sor-marka izatea eta ahalik eta prezio apalenean saldu nahi izatea «ez dira bikote ona». Adibide moduan jarri du ardi gazta, bertako esnearekin egiten dena, nahiz eta garestiagoa izan Portugaldik, Greziatik edo Poloniatik inportatu daitezkeenen aldean. Hala ere, aipatu du berea iritzi bat besterik ez dela, Parisek erabaki beharko duela IG labela eman edo ez.

Inportazioa, saihetsezina?

«Sor-marka nahi dugu gure lanbidea aitortua izan dadin, gure trebetasuna eta espartinen historia, Maulen oso presente dagoena. Ez duguna nahi da beste batzuek, kanpokoek, gure irudia erabil dezaten produktuak saltzeko gure izenean. Sinplea da eskakizunaren arrazoia». Hala mintzatu da Jean Pierre Errekart Prodiso enpresako sortzailea. Egun, haren alaba Sandrine Lasserrek kudeatzen du enpresa. Espartin ekoizleak Mauleko auzapezarekin «gatazkan» daudela aipatu du, ezin dutelako haren jarrera ulertu.

Errekartek azaldu du teknikoki posible dutela espartinak osoki Maulen ekoiztea. Zapaten zolak, baina, jutearekin egiten dira, eta hori Bangladeshetik behar dute inportatu, halabeharrez, Errekarten esanetan: «Jakin behar dena da jutea beti izan dela inportatua Bangladeshetik edota Pakistandik, produktu exotiko bat delako eta hemen ez delako fabrikatzen. Egun, gezurra da erratea espartinak osorik ekoitz daitezkeela Maulen».

Prodisok ez du materialik zuzenean inportatzen Bangladeshetik eta Pakistandik. Haiek Gipuzkoako enpresa bati erosten diote, baina ez du iturria aipatu nahi izan. Beste enpresa horrek hornitzen ditu zapaten zolaz. «Ez dugu hipokritak izan behar, zapata zola egiteko oinarrizko materiala Bangladeshetik ekartzen du enpresa horrek, juta han ekoitzia baita».

Horregatik daude haserre Mauleko auzapezarekin, «ezinezkoak» diren printzipio batzuetatik abiatzen delako. Espartinak ekoizten dituzten Zuberoako enpresen lehiakortasuna balioetsi du, eta baieztatu, auzapezak eskatzen dituen baldintzen arabera funtzionatuko balute lehiakortasun hori galduko luketela. «Galerak ekarriko lituzke enpresetara; kaleratzeak, kasurako».

Dena den, Zuberoako Espartinen Elkartearen barnean desadostasunak ere badituzte. Enpresa bakoitza autonomoa da, eta politika propioa dute. Ez dituzte balio berak konpartitzen, Errekarten hitzetan: «Baten bat ez da solidarioa gure egitasmoarekin, arrazoi sinple batengatik: Bangladesheko produktuak inportatzen dituzte zuzenki, eta gu ez gaude horren alde. Inportazioek ematen dituzten abantailekin jokatzen dute».

Kalitatea, kantitatea baino

Timoteo Kangrand Maulen kokatutako DonQuichosse espartin enpresako burua da. Ez da Zuberoako Espartinen Elkarteko kide, eta haren ekoizpen etxea ez dago sor-marka eskatzen dutenekin batera. «Nik Azpeitian [Gipuzkoa] erosten dut zapata zola, eta, gero, hemen lantzen dut, eskuz. IG labela eskatzen dutenek Asiatik inportatzen dituzte zapata zolak». Bera prest legoke, zapata zola Maulen eginen balitz, bertan erosteko. «Ikusi beharko litzateke ere zein preziotan».

Egoera «konplikatua» dela uste du. Eskulangiletzat du bere burua, industria handiez kanpo kokatzen da. «Badira batzuk bat edo bi milioi espartin produzitzen dituztenak. Guk, hemen, 20.000 inguru egiten ditugu urtean, astean sei egunez lan eginez, hamar ordu egunean». Espartinak eskuz josten dituzte, eta, horregatik, lana mantsoagoa da. Ekoizten dituzten espartin kopurua, ordea, txikiagoa da. Baina harro dago egin duten hautuarekin: «Ez ditugu makinak erabiltzen, eta egiten duguna biziki ona da». Espartinen prezioa ere altuagoa.

Produkzioa apalagoa izanagatik, beste enpresa handiak ez dira konpetentzia DonQuichossentzat. Bangladeshetik inportatzen dituzten espartinak supermerkatu handietan saltzen dira, hiru edo lau eurotan. Kalitate txarrekoak dira Kangranden hitzetan. «Kautxua ezergatik desitsasten da». Kangrandek bertan lantzen du Kautxua, «%100 naturala da, koloreztatzailerik batere gabea». Gaineratu du Mauleko jende gehienak nahiago dituela kalitate onekoak erosi.

Etxebest Mauleko auzapezak, dena den, sor-marka eskuratzea onuragarria izanen litzatekeela deritzo, lanpostuak sortuko liratekeelako. Gainera, ziur da dena tokian bertan eginda, jendeak espartinak erosiko lituzkeela, 50 zentimo gehiago balioko luketen arren. Beste egitasmo bat ere badute. Espartinak hasieratik bukaerara nola ekoizten diren erakusteko gune bat muntatzea, alegia.

BERRIAn argitaratua (2016/11/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA