astekaria 2016/12/02
arrowItzuli

iritzia

Ondo maite zaitut

Miren Amuriza

Ondo maite zaitut Miren Amuriza

Ondo maite zaitut» esanaz agurtu nuen lehengoan lagun bat. Sorpresa keinua. Irribarrea. Besarkada. Pentsatu barik irten zitzaidan, espresio polita iruditu, eta non gogoratzen dudan neure burua mantra baten antzean «asko maite zaitut, ama» kantatzen. Zenbatez gehiago errepikatu, zentzu gutxiago topatzen nion, ordea: «asko»?

Ez da gradu berekoa, noski, inguruan ditugunekiko senti dezakegun afektua: norbaiti kariñoa eduki diezaiokezu, estimatu egin dezakezu, miretsi, gustuko izan, maite... Maitatzea gradu bat da bere horretan; maite duzu edo ez. Ala inor maitatu daiteke gutxi? Beraz kontua ez da zenbat, baizik zelan. X-k askotan esaten dio I-ri bikotea (izan zitekeen ama, edo lankidea, edo semea...) jeloskor samarra duela, posesibotxoa, baina asko maite nau. Eta I-k erantzuten, asko ez, txarto maite zaitu. Ondo maitatzea zaintzea da, ez itotzea; onartzea, ez aldaraztea, ez idealizatzea; bestearekin kritikoa izatea da, ez epaitzea; hobetu dezan motibatzea, ez eskasa dela sentiaraztea... Ondo maitatzen ez da jakiten, ikasi egiten da; ez bizikletan ibiltzen lez (behin eta betiko), ezpada biolina jotzen bezala, etengabe praktikatuta eta lantzean behin desafinatuz. Belarri txarra duenak ikasten du, entzuten ez duenak nekez.

«Maite zaitut»-i azukre dosia jaitsi guran hasi eta ondo maitatzea biolina jotzea lakoa dela esaten amaitu, en fin...

BERRIAn argitaratua (2016/11/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA