astekaria 2016/12/02
arrowItzuli

mundua

Joan-etorriko bidaia, nora ezean

Sara De Ceano - Vivas Nuñez

Joan-etorriko bidaia, nora ezean

Khelaf Barjes. Izena berak aukeratu du, bere istorioa kontatzeko eta esandakoek izan ditzaketen ondorioak saihesteko. Yezidi gaztea da, Sinjarkoa, Irakeko ipar-mendebaldeko eskualdekoa. Kameraria zen, bere lanean estimatua. Soldata on bat irabazten zuen, bera bizitzeko eta familiari laguntzeko adina. 2014 bukaeran, 28 urterekin, Alemaniara abiatu zen, Europako ametsaren atzetik, bizimodu segurua lortzeko asmoz, Estatu Islamikotik urrun. Ametsak, itxaropenak, ordea, ez dira bete.

«Estatu Islamikoak eraso egin zuenean, ni ez nengoen Sinjarren; lanean ari nintzen Suleymaniyan», kontatu du. «Orduan entzun nuen hiriari erasotzen ari zitzaizkiola, eta beldurra sentitu nuen, familiagatik». Sinjarko sarraskia 2014ko abuztuaren 3an hasi zen. Milaka lagun hil edo bahitu zituzten. Beste milaka batzuek etxea utzi zuten, eta Sinjarko mendira jo zuten. Zazpi egun pasatu zituzten urik eta janaririk gabe. Muturreko baldintza horietan, ehunka lagun hil ziren, umeak eta edadetuak batez ere. «PKK [Kurdistango Langileen Alderdia] etorri zen Siriatik, eta korridore bat zabaldu zuen Snunyko errepidetik, gu handik atera ahal izateko. Ez Irakeko agintariek, ez KRGk [gobernu kurdu autonomoa] ez zuten ezer egin guri laguntzeko».

Sinjarko sarraskiaren ondoren, herritar gehienek KRGren iparraldera joatea erabaki zuten, gero handik beste nonbait migratzeko. Khelaf Barjes familiarekin bildu zen, Zakhon, eta Turkiara iristeko bidea hasi zuten. «Mendietan barrena iritsi ginen, legez kanpo. PKK-k mendian egin zigun ongietorria, eta denetik eman ziguten: janaria, ura, arropa eta medikuen laguntza. Muga pasatu, eta kurduek autoetan sartu gintuzten, Roboskiraino eramateko». Turkia hego-ekialdeko agintari kurduek iheslariak errefuxiatuen ondoko eremuetan banatu zituzten: Silopin, Diyarbakirren, Sirnaken eta Batmanen.

Aldeak errefuxiatuen artean

Turkiako Gobernuak ez dizkie eskubide berak eman errefuxiatu siriarrei eta yezidiei. Errefuxiatu yezidien identifikazio zenbakia 98 zenbakiaz hasten da; errefuxiatu siriarrena, berriz, 99 zenbakiaz. Ñabardura txiki horrek, baina, aukera ematen die errefuxiatu siriarrei beren seme-alabak eskolara emateko eta osasun laguntza osoa jasotzeko ospitale publikoetan.

«Nire bizimoduarekin aurrera egitea erabaki nuen, eta Europara joan nahi zuten errefuxiatuak topatu nituen», jarraitu du Barjesek. Bulgarian barrena joatea erabaki zuten Alemaniara iristeko, ez itsasoan barrena. Zerrenda egin du: «Turkia gurutzatu genuen, Bulgaria, Serbia, Kroazia, Eslovenia, Austria eta, azkenean, Alemaniara iritsi ginen. Pentsatu nuen agian Europan leku seguru bat topatuko nuela niretzat». Turkia eta Bulgaria arteko muga oinez gurutzatzen da, beti gauez. Lau orduko ibilaldia da. 20-30 laguneko taldeak izaten dira, eta 2014an 1.800 euro ordaindu behar zuen bakoitzak. 36.000-54.000 euro taldeko.

Bulgariak egiten du ekialdetik Europara sartzen diren migratzaileen lehen errolda. Informazio baliotsua lortzen du, bai Europako Batasunarentzat, bai migratzaileen jatorrizko herrialdeentzat. Harrera baino gehiago, galdeketak dira. Banakakoak, luzeak, zorrotzak. «Informazio guztia eman behar diezu; ezin diezu gezurra esan errefuxiatu estatusa eta eskubide guztiak lortzeko», Barjesen esanetan. «Europaren atarian zaude, eta, lapurretaren bat edo legez kanpoko zerbait egiten baduzu, Europa osoak jakingo du».

Khelaf errefuxiatuen eremu batera iritsi zen. Bulgariako errefuxiatuen eremuen artean, bi eratakoak bereizi ditu. Itxiak, «kartzelen parekoak», eta irekiak. «Iristen zarenean, aurrera eremu itxi batera eramaten zaituzte. 20-30 egun pasatu behar dituzu han. Bizi baldintzak oso txarrak dira: oso janari gutxi, ezin duzu komunera joan agintzen ez dizuten arte, ezin duzu nahi duzunean lo egin, ez dizute uzten telefonoa erabiltzen...».

Eremu itxia utzi ahal izan zuen. Sofiara joan zen, lagun yezidi batzuekin. Hiru hilabete egin zituen Bulgarian, lagunek Serbiara pasatu ahal izan zuten arte, doan. «Auto bereziak alokatzen zituzten, ate bakarrekoak eta leihorik gabeak, ezer ez ikusteko». Mugara iritsi, eta oinez igaro zuen, mendietan barrena, gauez. «Sei ordu behar dituzu herri batera iristeko. Taxia hartu, eta Poliziara eramaten zaitu zuzenean».

Serbiara iristen diren errefuxiatuak UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak kudeatutako eremuren batera eramaten dituzte. Horixe da prozedura. UNHCRk ematen die lo egiteko lekua eta laguntza, Europako beste herrialderen batera eraman ditzaketen bitartean.

Khelafek ez zion jarraitu prozedura horri. Belgradera joan zen, lagun irakiar bat bisitatzera. Laguna eta errefuxiatu politikoa. Iraketik ihes egin zuen duela urte batzuk, kartzelan hamar urte pasatu eta gero. Belgraden geratu zen. Kafetegi bat eta jatetxe bat zituen han, eta bizimodu ona. Khelafek bi hilabete egin zituen haren etxean: Iraketik atera zenetik, egonaldirik onena izan zen hura. Integratua eta seguru sentitu zen. Hala ere, Belgraden ez geratzea erabaki zuen: «Oso ondo nengoen, baina familia lagunak baino garrantzitsuagoa da, eta nire familiak bizitza hobea eta seguruagoa eduki zezakeen Alemanian». Lagunak azalpen guztiak eman zizkion Alemaniara trenez iristeko. Lagunak ondo zekien, babesa ematen baitzien Belgradeko geltokira iristen ziren errefuxiatuei.

Serbiatik abiatu, eta Khelafek trenean gurutzatu zituen Kroazia, Eslovenia eta Austria, atsedenik gabe. Alemaniara iritsi zen. Errefuxiatuak hartzeko eremu batean sartu zuten. 20.000 bat lagun zeudela uste du. Asteak pasatzen dituzte han, lehen elkarrizketak egiten dizkieten arte. Herrialdeko beste kanpaleku batzuetara eramaten dituzte gero. «Guztira, 5.280 euro gastatu nituen Alemaniara iristeko», zehaztu du Khelafek. Ez zen bere dirua. «Familiari eta lagunei eskatu behar izan nien, inork ez baitauka halako dirutzarik».

Osnabrucketik hurbil dagoen errefuxiatu eremu batera eraman zuten Khelaf aurrena, baina, azkenean, Neckermanera bidali zuten, Frankfurt aldera, harrera zentro bilakatutako antzinako biltegi batzuetara. Datu ofizialen arabera, Neckermanneko eraikin horretan 3.000 errefuxiatu bizi ziren 2015ean. «Baldintzak ez ziren onak han. Janaria txarra zen; osasun zerbitzuak ez zeuden ongi; gure gastuetarako, hilean 145 euro jasotzen genituen... baina, batez ere, arazoa zen eremu hartan ez zegoela jende onik. Alemaniako Gobernuak tratamendu bera ematen die errefuxiatu guztiei: berdin dio EItik ihesi joan diren, edo EIren aldekoak diren».

Azkeneko lau urteotan, Siriatik, Afganistandik eta Iraketik heldu dira errefuxiatu gehienak. Iheslarientzako eremuetan, nazionalitateak eta erlijioak nahasten dira. Khelafek ziurtatu du EIren militanteak ere bazeudela eremu horietan, eta yezidiei eraso egiten zietela, kanpatzeko dendak errez eta ondasunak lapurtuz. Musulmanen eta yezidien arteko erasoen eta gatazken berri jasota dago erregistroetan ere, eta ez dira gertaera bakanak, baita beste gutxiengo erlijioso batzuekin ere. «EIko jendearekin bizitzen egotea... onartezina zen niretzat. Iruditu zitzaidan Alemania ez zela leku seguru bat nire familiarentzat; beraz, bueltatzea erabaki nuen».

Itzulera mingotsa

IOM Migraziorako Nazioarteko Erakundea arduratu zen bidaia antolatzeaz, Khelaf Irakera itzul zedin. Txartela erosi zioten, eta 700 euro eman zizkioten gastuetarako. «Alemaniara joan aurretik, ez nuen ezagutzen hango egoera. Alemanian neuzkan lagunekin hitz egiten nuenean, esaten zidaten Alemania paradisu bat zela, baina niretzat ez zen hala izan». Norbere Borondatez Itzuli eta Gizarteratzeko Laguntzarako Departamentuak baieztatu du datua: 2015ean 69.540 migratzaile eraman zituzten beren sorterrietara; horietatik erdiak (35.446) Alemaniatik atera ziren. Khelafen azken helburua ez zen Irak, ordea; familiarengana itzuli nahi zuen, eta errefuxiatu yezidientzako eremu batean zeuzkan senideak, Diyarbakirren. Hala, Turkiako muga gurutzatu behar izan zuen, beste behin ere.

Ez zen hor bukatu Khelafen periploa. Itzuli eta hamabost egunera, aita hil zitzaion, eta, Irakera joateko, muga gurutzatu behar izan zuen berriro, Sinjarko leku sakratuetan lurperatu ahal izateko. Turkia eta Irak arteko muga legez kontra gurutzatzeak 236 euro inguru balio du. «Ia urtebete daramat errefuxiatu eremu honetan. Hemen ez dugu etorkizunik. Ez dago umeentzako eskolarik, ez dago lanik. Etorkizuna imajinatu ere ezin dut egin. Ez daukat helbururik, iruditzen baitzait ezinezkoa dela desio ditudan helburuak betetzea».

Egoera izugarri arriskutsua da gutxiengo erlijioso honentzat. 74 genozidio jasan dituzte yezidiek. Eskakizun nagusi bat dute: NBEk segurtasunerako nazioarteko eremu bat ezar dezala Sinjar aldean. Ez dute hara itzultzeko asmorik baldintza hori gabe, ezta inguru hartatik EI botako balute ere. Belaunalditik belaunaldira luzatuko zaie beste genozidio bat jasateko beldurra. Bien bitartean, tartean, ez dute itxarotea beste aukerarik; itxarotea, edo kontatzen den bezain paradisuzkoak ez diren lekuetara migratzea.

BERRIAn argitaratua (2016/11/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA