astekaria 2016/12/02
arrowItzuli

kirola

LEIRE AGIRREZABALA

«Jende askok espero zuen nik irabaztea, eta espero zutena eman nahi nien»

Unai Ugartemendia

«Jende askok espero zuen nik irabaztea, eta espero zutena eman nahi nien»

Gaur ere ez dio muzin egin korri egiteari. Beharra sentitzen du. Azken bi urteetako zailtasunek ez diote oraindik irribarrea kendu Leire Agirrezabalari (Ibarra, Gipuzkoa, 1987). Mendi lasterketen lehiatik aldendu behar izan zuen. Hala ere, ez du baztertzen lehiaketara itzultzea, baina beste gisa batean. Oraingoz, mendiaz beste era batera gozatzen du.

Denboraldi bat bada ez zaitugula ikusten mendi lasterketetan. Nola zabiltza aspaldi honetan?

Ondo, ondo. Lasterketetan ez nabilen arren, mendian gauza ezberdinak egiten ari naiz: oinez ibiltzen, eskalatzen eta gauza berriak probatzen.

Mendi lasterketengatik ezagutzen zaitugun arren, zu errepideko lasterkaria zaitugu. Noiz hasi zinen korrika?

Korrika 9 urte ingururekin hasi nintzen, ikastolan, eskolaz kanpoko kirol jarduera moduan. Pixkana-pixkana herri lasterketetan, krosetan eta Tolosaldeko olinpiar jokoetan parte hartzen hasi nintzen, eta poliki-poliki atletismoa nire kirol jarduera nagusi bihurtu zen. Hala, ikastolako atletismo taldea utzi, eta Tolosako atletismo taldean hasi nintzen; taldearekin lehiatu eta entrenatu nintzen 20 urte bete nituen arte.

Maratoia ere egin zenuen, gainera, oso gazte zinela.

20 urterekin lehiaketak uztea erabaki nuen, baina sekula ez nion utzi korrika egiteari. 22 urterekin Donostiako maratoian parte hartzen hasi nintzen .

Beste kirolik egiten al zenuen gazteagoa zinenean?

Txikitan kirol ugari probatu nituen: tenisa, pilota, saskibaloia, futbola, eskubaloia, igeriketa, bizikleta eta mendia. Gerora, horietako batzuetan aritzen naiz oraindik ere, hala nola mendia, bizikleta eta igeriketa.

Zein distantziatan ibiltzen zinen pistako garaietan?

Pistan, azken urteetan 800 metroko eta 1.500 metroko lasterketetan lehiatzen nintzen. Tartean 400 metroko lasterketaren bat ere egiten nuen. Baina, egia esan, distantzia motzetarako beti izan naiz motelegia, eta izugarri sufritzen nuen 400 metroak egiten. Beti esan ohi dut inoiz lehiatu naizen distantziarik gogorrena dela. 400 metroko lasterketa bat egin eta gero, arratsaldea eztulka pasatzen nuen.

Errepideko lasterketak ez zenituen utzi, baina mendira joaten hasi zinen. Gogoan al duzu mendian korrika ibili zinen lehen eguna?

Gogoan dut, bai. 2013ko martxoan izan zen, igande goiz batean. Bezperan lagunekin afaldu ostean, eta trago pare bat edan ondoren, ekainean mendiko lasterketa batean parte hartu nahi nuela esan nien. Beroaldian, hurrengo egunean mendira probatzera joatea erabaki nuen. Ibarratik atera eta Uzturre igo ostean, San Lorentzora joan nintzen, eta handik berriro Ibarrara. Egia esan, lehenbiziko aldia izateko, gustura ibili nintzen mendian korrika.

Zein izan zen mendian egin zenuen lehen lasterketa?

Lehenbizikoz, Iratiko basoan egin zen mendi lasterketa batean hartu nuen parte, maiatzean. Maratoi erdi bat zen, eta ibilbidea lokaztuta zegoen. Gogoan dut oso-oso mantso ibili nintzela jaitsieratan eta oso gustura igoeratan. Handik Leitzako Euskal Herriko Mendi Erronkara beste lasterketarik egin gabe joan nintzen. Mendian beste hiru entrenamendu besterik ez nituen egin, eguraldi txarra zela eta. Udaberri hura oso euritsua izan zen.

Eta Euskal Herria Mendi Erronka irabazi zenuen. Nola bizi izan zenuen garaipen hura?

Bi hitzetan esanda, gertakari surrealista bat balitz bezala. Nire helburu bakarra bukatzea zen, edo, gutxienez, Lekunberrira iristen saiatzea. Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin irabaz nezakeenik, ez lasterketaren aurretik, ez irteeran jarri nintzenean, ez Irumugarrietan emakumeetan lehenbiziko postuan pasatu nintzenean, ez San Migelen. Oso argi neukan Lekunberrirako bidean zegoen jaitsieran ez nintzela ondo moldatuko, eta pasatu egingo nindutela. Ez zen hala izan, ordea, eta gertakari hark nolabait sekula imajinatuko ez nituen esperientzia berriak ekarri zituen nire bizitzara.

Handik bi astera euskal selekzioarekin debuta egin zenuen.

Bai, Euskal Herriko Mendi Erronka irabazteak gertakari ugari ekarri zituen besapean, eta, gainera, denak oso azkar eta asko hausnartzeko denborarik gabe. Hasiera batean, Espainiako Txapelketan parte hartzeko deitu zidaten, eta pare bat egunera baiezkoa eman nuen. Ordea, tartean hutsune bat egon zen Espainiako Kopako lasterketa baterako, eta, azkenean, debuta Kanaria uharteetan egin nuen, Euskal Herria Mendi Erronkatik bi astera .

Hilabete gutxitan, Espainiako Kopako txapeldun izan zinen. Zer ekarri zizun?

Egia esan, zaila egiten zait azaltzea zer ekarri zidan garaipen hark. Alde batetik, eta agian jendeak ulertuko ez badu ere, niretzat ez zuen pertsonalki balio berezirik izan garaipen hark. Ez dakit, ezustean etorri zelako izan zen, edo azkarregi gertatu zelako, edo egun hartara arte ez nuelako inola ere helburu moduan ikusi. Beste alde batetik, ordea, nolabaiteko proiekzio bat eman zidan mendi lasterketen munduan, eta mezu ugari hasi zitzaizkidan iristen. Hala ere, egia esan behar badut, ezustean etorri zen beste garaipen garrantzitsu bat izan zen, inoiz burutik pasatu ez zitzaidana. Benetako booma Munduko Kopan debutatu eta gero iritsi zen.

Munduko Kopako debuteko eguna ez duzu nolanahikoan ahaztuko, ezta?

Limone Sul Gardan izan zen [Italia], 2013ko urrian. Euskal selekzioak, Eneko Aliendek bereziki, denboraldia biribiltzeko egin zidan oparia izan zen. Oso oroitzapen politak ditut, bai bidaiaz eta bai lasterketaz. Kilometro bertikalean eta lasterketan hartu nuen parte, eta debutean, bi diziplinetan bosgarren postua lortu nuen. Emaitza haiek Espainiako Kopa irabazteak baino ilusio handiagoa egin zidaten .

Debuta egin ostean, hurrengo denboraldiko Munduko Kopa etxean hasi zenuen, Zegaman. Amesten zenuen une bat izan al zen hura?

Ez zen nik amestu bezalako debuta izan. Sei bat hilabete lehenago bertan parte hartzea amets bat zen niretzat, baina 2014a aurrera zihoan neurrian gero eta nekatuago sentitzen nintzen mendi lasterketez. Egia esan, motibazioz oso justu iritsi nintzen Zegamara. Egia aitortu behar badut, lasterketaren aurretik nahiko ihesean ibili nintzen, eta, azkenean, ozta-ozta eta hasteko minutu inguru falta zenean iritsi nintzen, jende guztia jada kontroletik pasatuta zegoenean.

Ordura arte gozatzeko egiten zenituen lasterketak. Hala ere, noiz hasi zinen irabazi beharraren presioa sentitzen?

2014. urtea iristearekin batera hasi nintzen presio hori sentitzen. 2013a emaitza onez beteta egon zen, eta 2014a ere halaxe hasi zen. Ordura arte ezustean gertatzen zena eta jolas bat zirudiena gertatu beharreko zerbait bihurtu zen. Sentsazio harekin ez nintzen batere eroso sentitzen irteeretan. Ez zen inposatutako sentsazio bat, inork ez zidan esaten irabazi egin behar nuela, baina, azkenean, jende askok hori espero zuen, eta nik, azkenean, jendeari espero zuena eman nahi nion. Huraxe izan zen agian neure buruari jarri nion lanik zailena eta bidegabeena.

Garaipenekin ez omen zenuen gozatzen.

Ba, hasieran ez zirelako nire helburu izan, zorionez, eta horregatik lasterketez gozatzen nuen, irabazi edo ez. Lehen lasterketa haietan, Espainiako Txapelketa barne, nire helburua ahal nuen hobekien egitea izaten zen, eta helburua betetzen banuen niretzako hura zen garaipenik justuena. Gerora, 2014ko garaipenak jada ez nituen gozatu, ordurako presioak gauzak nahasarazi zizkidan.

Jendeak, denbora gutxian, Oihana Kortazarren oinordeko ere izendatu nahi izan zintuen.

Euskal Herrian eta munduan emakumezkoetan izan den mendi lasterkaririk handienetakoa da Oihana, eta haren garaipenen zerrenda izugarria da. Ez du oinordekorik behar, bera bakarrik nahikoa delako. Oso zaila da hark lortutakoa lortzea. Ez dakit zergatik beti izendatu behar ditugun oinordekoak. Pertsona bakoitza bakarra da, eta hori ordezka eta aldatu ezina da.

Presioaren eragina izan al zen lasterketa pare batean irteeran egonda ere ez ateratzea?

Presioa eta gogo falta, biak izan ziren. Amaierarako, askotan ez nintzen batere motibatuta sentitzen, eta zenbaitetan, nahiago izaten nuen irteeran baino beste edozein lekutan egotea. Lasterketa batzuetan, kilometroak aurrera zihoazen neurrian, pixkana-pixkana motibatzea lortzen nuen; baina beste batzuetan ezinezkoa egiten zitzaidan, eta orduan lasterketan jarraitzea lan zaila zen.

Noiz konturatu zinen arazo bat zenuela?

2014ko maiatzean, Transvulcaniako maratoiaren irteeran. Egun hartan motibazio oso eskasarekin irten nintzen, eta irteera aurreko minutuetan sentitu nuen beste edozer gusturago egingo nuela maratoi hartan parte hartzea baino. Orduan, lehenbizikoz, konturatu nintzen jada ez nintzela eroso sentitzen giro hartan.

Gogorra behar du horrek.

Denboraldia aurrera zihoan neurrian, gero eta argiago ikusi nuen. Jada ez zen bakarrik lasterketetan parte hartzea. Gauza askoren falta sumatzen nuen: mendira oinez joatea, lasaiago bizitzea, neure buruari asteburuetan gauza ezberdinak lasai egiteko aukera ematea eta abar, eta abar. Gerora, osasuna ere okertzen hasi zen; nekea sentitzen hasi nintzen, hormonak ere desorekatuta neuzkan, eta kezkatzen hasi nintzen. Hormonena, nolabait, ohikoa da hainbat diziplinatan, eta nahiko normalizatua dago. Nik ere une batzuetan hori sinetsarazi nahi izan nion neure buruari, baina banekien ez zela egoera natural bat eta ondorioak izan zitzakeela epe motzera, ertainera edo luzera begira. Argi nuen, nire esku baldin bazegoen, urte luzez gozatu nahi nuela kirolaz, eta hormonak orekatu ezean hori ez zela posible izango, nire hezurdura ahultzen hasiko baitzen, besteak beste. Beraz, dena balantzan jarrita, kontuak ez zitzaizkidan ateratzen.

Zer ikasi duzu azkeneko bi urte hauetan?

Autoezagutzak duen garrantzia, zoriontsu eta lasai bizi nahi izanez gero. Bakoitzaren burua ezagutzeak eta onartzeak gauzak asko errazten ditu erabakiak hartzeko orduan. Gainera, erabakiak egokiak izateko probabilitatea handitzen du. Denok ezberdinak gara, eta, azken finean, askorentzat amets bat izan daitekeena beste zenbaitentzat justu alderantzizkoa izan daiteke .

Mendira joaten zara oraindik ere, baina, orokorrean, zer eman dizu mendiak?

Mendiak asko eman dit, ematen dit eta oraindik ere emango didala espero dut. Nire momenturik kutunenak eman dizkit orain arteko bizitzako etapa ezberdinetan. Ilunabarrik ederrenak oparitu dizkit, abenturak, esperientziak, erronkak, benetako zorion uneak —batzuk partekatuak eta beste batzuk bakardadean—, eta, bereziki, lagunak eman dizkit.

Eta kendu?

Oraingoz ez dit ezer kendu, eta espero dut hala izatea betirako.

Berriro ere ikusiko al zaitugu dortsal batekin?

Nik uste dut baietz; azkenaldian jantzi ditut pare bat. Baina, egia esan, ez lehiatzeko asmoz. Ordea, espero dut noizbait, duela urte batzuk bezala, berriro ere maratoiren batean parte hartuko dudala, eta, berriro ere, ordulariaren aurka lehiatzeko gogo biziz.

Orain, mendi lasterketen mundua jarraitzen al duzu?

Zertxobait bai, baina oso gutxi, egia esan. Gustatzen zait jakitea nola dabiltzan nire taldekide ohiak eta lagunak, baina aitortu behar dut ia ez dudala irakurtzen gaiarekin zerikusia daukan ezer.

BERRIAn argitaratua (2016/11/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA