astekaria 2016/12/02
arrowItzuli

kultura

JAIO, MUSIKA, JOLAS

Gorka Erostarbe

JAIO, MUSIKA, JOLAS

Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioko zuzendaria izan zen Carmelo Bernaola musika konpositore entzutetsua (Otxandio, Bizkaia, 1929ko ekainaren 16a - Madril, 2002ko ekainaren 5a). Musika ikasteko plan orokorrek garrantzi berezirik ez zutela uste zuen hark. «Garrantzitsuena irakasle onak izatea da. Espainiako estatuan pentsatzen dute nahikoa dela planek zehazten dutena ikastea. Irakaskuntza molde hori erratua dela iruditzen zait. Musika hezkuntza garatuagoa duten herrialdeetan, Alemanian edo AEBetan kasu, irakaskuntza libreagoa da: ikasle bakoitzaren behar, ezaugarri eta gaitasunetara egokitzen dira». 1999an emandako elkarrizketa batean esan zituen hitzok, hil baino hiru urte lehenago beraz. Gerora musika hezkuntza jomuga duten hainbat kezkaren inguruan zenbait gako eman zituen. Hezkuntza arautua ala librea, homogeneoa ala pertsonaz pertsonakoa, irakasle eta ikaslearen arteko harremana... eta abar.

Musikak eta arte adierazpide zenbaitek egun ez dute pisu handirik irakaskuntza arautuan. Espainiako Gobernuaren azken irakaskuntza planek ?LOGSEtik LOMCEra? ematen dioten lekua, adibidez, hutsaren hurrengoa da; musikak eta giza zientzietako beste zenbait ikasgai hautazkoek «despistatu» egin zezaketela adierazi zuen Jose Ignacio Wertek 2015ean, Espainiako Hezkuntza ministro zenean. Hala ere, irakaskuntza araututik kanpo ume, haur eta nerabe asko eta asko dira musika hezkuntza jasotzen dutenak. 50.000 ikasletik gora ?eta 2.500 irakasletik gora? biltzen dituzte Euskal Herriko udalerrietako musika eskolek [EHME Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak, NAME Nafarroakoak, eta EKE Euskal Kultur Erakundeak emandako datuak ]. Baina bai hezkuntza derrigortuan eta bai arautu gabekoan ere, musika eskoletan, akademiatan eta kontserbatorioetan nola irakasten da musika? Haurra jartzen al da musika hezkuntzaren zentroan? Kontuan hartzen al dira bere gogo eta interesak, beharrak eta motibazioak? Akademizismoaren pipiak jota al daude eskolak eta kontserbatorioak?

Ez dira galdera berriak. Musikak haurraren hezibidean duen garrantziaz aspaldi ohartu zen orain bi hilabete eskas zendu zen Imanol Urbieta musikari eta pedagogoa. Aitzindaria izan zen horretan Euskal Herrian. Bizitza osoa eman zuen musika eta jolasaren arteko harremana lantzen, esaterako, eta diziplina metodologien gainetik, haurra jartzen zuen irakaskuntza sistemaren epizentroan. Haurrak musika jolasaren bidez ikastea zen haren xedea.

Horrela egiten al da egun musika eskoletan?

Musika hezkuntza akademikoa jasotakoa da Maite Arroitajauregi Mursego musikaria. Hainbat lekutan ikasi zuen musika, eta txeloa hartu zuen instrumentu kuttun modura. Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan amaitu zituen ikasketok, hain zuzen ere. «Musika formakuntzan oinarri bat» jaso zuen, eta musika tresnaren, biolontxeloaren, «teknika» ikasi zuen, baita «idatzitako musika interpretatzen eta musika klasikoaren edo kultuaren lanak maitatzen ere», baina hala ere, aho zapore gozorik ez. «Akademikotasunak ez zidan batere lagundu musikari bezala edo interprete bezala nire buruarengan konfiantza izaten, moduren batean autoestima kendu zidan. Behin ikasketak bukatuta, musika irakurtzeko gogoa kendu zidan, baina esperientzia ere eman zidan, pertsona bezala garatzeko esperientzia». Denboraren talaiatik begiratuta, garbi dauka diagnostikoa, eta Bernaolarekin bat egiten du: «Orain argi daukat zein irakaslerekin ikasi nuen eta zeinekin ez, zein garrantzitsua den irakasle on bat izatea».

Musika irakasle onen inportantzia ezbairik gabe berresten du Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak ere (Urretxu, Gipuzkoa, 1976): «Oso irakasle onak edukitzeko izugarrizko zortea izan nuen. Jaso nuen hezkuntzak gero nire askatasun musikala garatzeko ezinbesteko oinarria eman zidan, askatasuna garatzeko baliabideak eman zizkidan, eta oraindik ere ematen dizkit». Alabaina, nota diskordantea jartzen du hezkuntza akademikoarekiko Arroitajauregik duen ikuspegiarekin alderatuz: «Agian gauza gehiago eman ziezadakeen hezkuntza horrek, baina nik uste dut artista batek bere bide propioa bilatu beharra daukala... eta hori ezin du hezkuntzak eman. Musika ikasi egiten da, ez da irakasten. Beraz, ezin diogu inori, edo sistemari, bota gure mugen errua. Horiek gure baitan baitaude». Musika irakaskuntza sistemak berak batere mugarik ez duen galdetuta, ordea, aitortzen du baduela bat, eta horretan Arroitajauregiren sintonia berean da. «Nire hezkuntzak muga argi bat izan zuen: partitura kentzen dizutenean, zer jo. Hori nire kabuz ikasi dut. Ez dakit hori irakats daitekeen. Egunero konturatzen naiz nire mugez, gabeziez, eta egunero saiatzen naiz horiek gainditzen».

Solfeoa, tresna ala galga

Bai Hermosa eta bai Arroitajauregi, biak ala biak, musikari izateaz gain, irakaskuntzan aritzen dira, nor bere alorrean. Santanderko (Espainia) Kontserbatorioan akordeoi irakasle da Hermosa duela hamar urte baino gehiagotik. 8 eta 18 urte bitarteko hamabost ikasle ditu. Duela hamabost urtetik musika eskolak ematen ditu Eibarren Arroitajauregik, udalaren musika eskolan (egun behar berezia duten haurrekin lan egiten du bertan), eta berak sortutako Arroitajauregi eskola propioan duela bi urtez geroztik. 2 eta 9 urtekoak ditu ikasleak, 45 inguru orotara. «Nire metodo propioa martxan jarri nahi nuen, nire kabuz lan egin eta musika erakutsi; gaitasun gehiago daukat ume txikiei musika erakusteko instrumentua jotzen irakasteko baino». Eta eraiki du bere metodo propioa: «Nahiko intuitiboki aritzen naiz, irakurri eta ikusitakoak nire modura moldatzen ditut klaseetan aplikatzeko. Kodaly, Dalkroze, Orff eta Willemsen metodologiak jarraitzen ditut, baina esperientzia da metodologiarik eraginkorrena. Irekia izan behar da, malgua, eta etengabeko ikerketari emana».

Metodo propio horren ardatza: jolasa. «Jolasten ikasten dena eraginkorra izan ohi da; ariketak jolas modura planteatzen ditut, musika bizi eta esperimentatuz, musikaren alde ludikoa garatuz». Hermosak ez du inolako metodologiarik jarraitzen. «Oso anarkoa naiz. Ikaslearen gozamena bilatzen dut etengabe. Ikaslea gozatzen badago, motibatua dago, eta motibatuta gaudenean errendimendua mila aldiz handiagoa ematen dugu». Gainera, ez du irakaskuntza musika ikuspegi hertsira mugatzen, musikarekin lotuta beste hamaika kontu helarazteen dizkie ikasleei. «Musika lagun izanik bidaia dezaten, lagunak egin ditzaten... Bizitza ez da soilik musika, eta musikak ematen dizkizun beste gauzak musika bera baino garrantzitsuagoak eta politagoak dira».

Adin desberdineko ikasleak dituzte Arroitajauregik eta Hermosak. Bataren ikasleen adin tartea amaitzen den lekuan hasten da bestearen ikasleena. Eta puntu horretan azaltzen da musika irakaskuntzaren totem nagusia: solfeoa. Antzinako Grezian jada musika notazioak egiten zirela jakina da, baina, Erdi Aroko musikatik aurrera, batez ere kantu gregorianoa lantzen hasi zirenetik, garatu zen musika notazioa, irakurketa eta lanketa sistema modura. Joseba Tapia musikari eta trikiti irakasleak atera berri du Larreko eskolatik. Trikitixarekin gozatzeko apunteak liburua (Tirikitauki). Trikitia, eta oro har, musika ikasteko egungo joera akademikoak ezbaian jartzen ditu bertan, eta halatsu egiten du solfeoarekin ere. Honela dio: «Musika ikasi nahi duenarentzat, abantailan bertan dauka solfeoak gaitza. Paperaren metodoak eragotzi egiten du belarria ernetzea, belarria ez baina begia lehenesten duelako. Entzun ordez, irakurri egiten dugu solfeoan. Absurdoa da, baina ez gara konturatzen: irakurleak sortzen ditu, ez entzuleak, solfeoaren nagusigo zurrunak. Nola landuko dugu belarria, belarria baztertzen duen sisteman?».

Tapiaren ikuspegiarekin ez du guztiz bat egiten Hermosak. «Musika lengoaia bat da, hizkuntza, beste bat den bezala. Eta ez dut inor ezagutzen irakurtzen edo idazten jakitea muga izan daitekeela dioenik. Oso musikari gutxi ezagutzen dut irakurtzen eta idazten ez jakiteaz harro dagoena». Baina, hor dator Tapiaren ikuspegiarekin bat egitea. «Beste kontu bat da, nondik hasi beharra dagoen ikasten. Egia da hizkuntza lehenengo entzuten ikasten dela, gero hitz egiten eta azkenik irakurtzen eta idazten. Eta musika, kasu askotan, lehenengo idatziz irakasten dela, lehenago entzumena batere garatu gabe. Hori bai ikusten dut aldatu beharrekoa».

Mursegoren iritzian, «musikaren atal bat» da solfeoa: «Idazteko modu bat, kodigo bat da, eta garrantzia handiegia ematen zaio. Solfeoarekin hasi baino lehen, musika bizi, sentitu, esperimentatu eta gorpuztu egin behar da. Hori da oinarri musikal bat jasotzeko bidea. Horretarako musikaren pertzepzioa gorputzaren osotasunaren bidez jaso behar da; belarriaren hezkuntza eta erritmoaren garapena, gorputz mugimenduarekin lotuz. Gorputza da gure musika tresna nagusia; musika gorputzaren osotasunarekin entzuten ikasi beharko genuke txikitatik».

Musika kultua eta elitea

Haur txikiek musika «jolas bezala ikas dezakete», Arkaitz Mendoza musika irakasle eta BERRIAko kritikariaren (Andoain, Gipuzkoa, 1983) iritzian ere. Baina behin adin batetik aurrera, solfeoa txertatzearen aldekoa da: «Iristen da une bat, 8 urterekin edo, musikari teoria aplikatu behar zaiona: metrika, matematika funtsean. Ezin da musika era abstraktuan landu, oinarririk izan gabe». Orkestra zuzendaritzako goi mailako ikasketak burutu zituen Musikene Goi Mailako Musika Ikasketen Zentroan, eta 2005etik piano irakaslea da Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan. 12 urtetik 20 urte inguru arteko ikasleak ditu. 28 ikasle guztira. Ikasleekin duen erronka nagusia: «Musika maite dezaten funtsean, lan seriotik lor daitezkeen sariak goraipatuz. Eta beren sentipenak musikaren bitartez komunikatzen ahalegindu».

Musika kultua eta akademia giroa ia gaztetxotatik ezagutu zituen Mendozak. Baiona eta Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioetan piano eta organoko Goi Mailako ikasketak burutu zituen. Musika kultuaren unibertsoa eta ikasketen akademikotasuna sarri elitismoarekin joa izan da. Mendozaren ustez, «garai batean bizi izan zen elitismo hori, baina gaur egun musika edonoren patriketarako egina dago, eta instrumentu bat jo nahi duenarentzat eskuragarri».

Akademian hezitako musikariak izanagatik, entsegu aretoak, tabernak eta kalea ondo ezagutzen dituzten musikariak dira Hermosa eta Mursego. Akordeoiarekin musika garaikidea lantzen jarraitzen du Hermosak ?hamaika sari irabazi ditu berak konposaturiko piezekin? eta areto klasikoak zapaltzen ditu; hala ere, bestelako proiektuak ere burutzen ditu, pop, rock edo herri musiketan barneratuz. Ikasketak burutu ondotik, rockaren mundu alternatiboan egin du bidea Mursegok, teknika sorkuntzaren menera jarriz, eta hainbat iturritatik edanez, lengoaia propio bat sortuz. «Argi neukan bazegoela musika klasikoaz gain beste musikarik, baina testuinguru hartan ez zeukala lekurik, horrek martziana samarra sentiaraztera eraman ninduen». Musika kultua, eta musika oro har, «testuinguru elitistetatik atera beharko litzateke», haren irudiko: «Kalera atera, kontzertu gehiago eskaini, antzokietatik atera, umeentzat egiten diren ekimenak ugaritu, kultua eta herrikoia konbinatu, sarrerak prezio herrikoietan jarri, ganorazko musika hezkuntza eskaini».

Musika gertuko eta jolasgarri egin, azken batean.

BERRIAn argitaratua (2016/11/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA