astekaria 2015/11/13
arrowItzuli

bizigiro

Liburutegiak biziberritzeko bultzada

Ainara Arratibel Gascon - Nora Arbelbide Lete

Liburutegiak biziberritzeko bultzada

Iaztik dago martxan Hego Euskal Herriko liburutegi publikoetan liburuak formatu digitalean hartzeko mailegu zerbitzua. Horrek beste zerbitzu eredu bati begira jarri ditu liburutegiak. «Aukera paregabea da liburutegien zerbitzuak liburutegitik kanpo ateratzeko», adierazi du Asun Maestrok, Nafarroako Liburutegi Sareko arduradunak. Liburu elektronikoaren ezarpena ere aukera gisa ikusten du Iñigo Agotek, Euskal Jaurlaritzako Kultur Ondarearen zuzendariak. «Liburutegiak espazio moduan berriz pentsatzeko beharra dago, eta erabilera eta zerbitzu berriek liburutegiak biziberritzeko balio dezakete. Ezagutza eta kultura zabaltzeko eta dinamizatzeko guneak izan behar dute, eta komunitateak mobilizatzeko. Politika publiko batean, oso zerbitzu gutxi egongo dira hain errentagarriak ». Liburutegien balio soziala aldarrikatu du, hain zuzen, Arantza Urkiak, Donostiako Udal Liburutegien Sareko arduradunak. Hirurek prest ikusten dituzte bai liburutegiak, bai liburuzainak eredu berri horietara egokitzeko.

Eusko Jaurlaritzak liburu elektronikoak mailegatzeko plataforma propioa jarri zuen martxan iaz. Bertan, udal liburutegi guztiak sartu ziren, Donostiakoak, Bilbokoak eta Santurtzikoak salbu. Baina horiek ere egin dute urratsa. «Plataforma propio eta publiko bat edukitzeak gure bidea egiteko aukera eman digu», uste du Agotek. Horren onurak zerrendatu ditu. «Argitaletxe guztiekin elkarlanean ari gara; martxan jarri dugun lizentzia eredua ere berritzailea da, ez baitu epe mugarik; titulu eskaintza ere oso zabala da, 8.000 titulu eskaintzen baititugu; protagonismo handia eman diegu, gainera, liburuzainei». Balorazio positiboa egin du lehen urteaz. Maestrok Jaurlaritzaren plataformaren indarguneak berretsi ditu. Nafarroak, ordea, Espainiako Gobernuak sustatuko plataformarekin egin zuen bat. Pozik agertu da lortutako datuekin Maestro. Gainera, izan dituzten trabak ekarri ditu gogora. «Adibidez, guk eskaintzen ditugun formatuak ez dira bateragarriak Kindlerekin; Amazonek ez du nahi halako plataformetan sartu. Kontuan hartuta liburu elektronikoa duten herritarren erdiek Kindle dutela, argi dago kopuru hori handiagoa izango litzatekeela».

Ipar Euskal Herrian, oraingoz, gailuak eskaintzen dituzte. Hala egiten dute, adibidez, Baionako mediatekan. Magalie Capoule mediatekako zuzendari ordeak azaldu duenez, zortzi dituzte orotara. Baina liburu elektroniko horietan, mementoko, bakarrik gutxienez duela 70 urte hil diren autoreen liburuak biltzen dituzte, egile eskubiderik gabeko liburuak direnak.

Kuantitatiboki ez ezik, kualitatiboki balorazio positiboa egin dute hasitako bideaz. «Aspalditik heldu nahi genion. Beharbada, zertxobait berandu iritsi gara, liburu elektronikoa oso errotua baitzegoen gizartearen zati batean, eta zerbitzu publiko moduan errealitate horri erantzun behar genion», esan du Maestrok. Atzera begiratu gabe, gerora begira jarri da Agote: «Orain ikusi behar duguna da, adibidez, ea beste eduki batzuetara zabal daitekeen: musika, ikus-entzunezkoak... Batzuk hasiak dira liburutegi amaigabeen kontzeptu edo filosofiaz hizketan». Bilakaera zein azkar gertatu den nabarmendu du Urkiak. «Duela hiru hamarkada eskas hasi ginen paperezko liburuen mailegua egiten».

Maestrok eredu aldaketa horri erantzuteko prest ikusten ditu liburutegiak. «Zorionez, liburu elektronikoa sartu aurretik hasiak ginen horretan pentsatzen. Ikusten genuen horren beharra». Behar hori ez zuten soilik ikusten liburu elektronikoaren zabalkundeagatik, baita liburutegietan paperezko liburuen maileguak behera egin duelako ere. «Egungo irakurleei nobedadeak irakurtzea gustatzen zaie; maileguak horiei lotuta daude. Aurrekontuan izan ditugun murrizketen ondorioz, nobedade gutxiago erosi ahal izan ditugu, eta irakurle gutxiago datoz».

Bestalde, formatu digitaleko liburuen mailegua Internetez egin daitekeenez, irakurleekin harremana apur bat galdu dutela aitortu du. «Hasieran etortzen dira galdetzera, batez ere kontu teknikoak. Baina, behin martxa hartuta, ez dira etortzen. Plataformaren bidez egiten dute mailegua». Agotek, dena den, gogorarazi du zenbait irakurlek denbora zeramatela liburutegira joan gabe, eta berriz itzuli direla plataformaren pasahitza eta abar lortzeko.

Erabiltzaile berriak lortze aldera, «hausnarketa eta azterketa fase batean» daudela nabarmendu du Maestrok. Haren ustez, abiapuntuak hau izan behar du: «Liburutegia espazio bat da, jendeak gauza askotarako erabil dezakeena, ez bakarrik irakurtzeko, liburuak maileguan hartzeko edo ikasteko. Eduki eta zerbitzu berriz bete behar ditugu». Antzera mintzatu da Capoule: «Oroz gainetik, guztiei irekia den leku bat da, sozializatzeko leku bat, eta urririk».

Zerbitzu berriak

Hortik abiatuta, liburutegiko bestelako zerbitzuen erabilera sustatzearen alde azaldu da Maestro. «Adibidez, teknologia berriei lotutakoak: wifi sarea, tabletak... Erresuma Batuan, esaterako, badira liburutegietan lanerako guneak deitutakoak. Wifi konexioa doan dute han, eta langileak hara joaten dira lan egitera. Bestalde, kontuan izan behar da azken urteetan gora egin duela liburutegietako wifi konexioen erabilerak. Etxe askotan, krisia dela eta, kendu egin behar izan dute, eta erabiltzaile asko gurera etortzen dira». Mediatekaren kasuan, adibidez, wifia urririk eskaintzen dute, eta bi tableta ere badituzte han erabili ahal izateko

Bestalde, Maestrok eta Agotek gogorarazi dute gaur egungo irakurketa gero eta sozialagoa dela. «Jendeak irakurtzen duenari buruzko iritziak trukatu nahi ditu, eta horregatik lortu dute arrakasta irakurketa klubek. Liburutegiak horiek egiteko gune izatea indartu behar da».

Bestalde, aurretik dauden zerbitzuak indartzearen alde ez ezik, berriak sortzearen alde ere azaldu da Maestro. «Adibidez, liburutegi batzuetan hasiak dira mintzapraktika egiteko guneak eta aukerak eskaintzen, eta artistek beren sormena lantzeko eta erakusteko lekuak ere izan daitezke». Beste hainbat proposamen egin ditu Agotek. «Adibidez, bitartekoak eskain daitezke editatzeko, edo teknologia berriei lotutako zerbitzu berriak: 3D inprimagailuak, adibidez. Bestalde, liburutegiek sare moduan duten indarra balia daiteke, sare proiektu asko bultzatzeko, ez bakarrik kultur alorrekoak, gainera». Hezkuntzari lotutako erabilera berriak aipatu ditu Urkiak. «Bizi osorako prestakuntza gero eta indar handiagoa hartzen ari den honetan, autoprestakuntzarako gune izan daitezke».

Capoulek azaldu du animazioak ugaritzearen alde egin dutela beraiek. «Ez daukagu espazio bereziturik animazioetarako. Baina ditugunak erakusketa, kontzertu eta hainbat animaziotarako egokitzen ditugu. Solastatzeko lekua ere izan daitezke» Hori guztia lortzeko eraikin modernoagoa izan nahiko luketela aitortu du.

Hain zuzen ere, eraikinak dira

liburutegiek dituzten indargune eta oinarrietako bat. Baina horiek dira, aldi berean, liburutegien bilakaera lortzeko trabetako bat. «Espazio horiek isiltasunarekin daude lotuta: ikastearekin, irakurtzearekin eta liburuen maileguarekin, eta kosta egingo da espazio horiek berriz egokitzea eta planteatzea. Gainera, askotan, balio arkitektoniko handikoak dira, eta ezinezkoa da horietan esku hartzea», esan du Maestrok. Diseinu eta arkitektura aldetik, liburutegi berriek ez dute zerikusirik garai batekoekin. «Indarra hartuz doazen zerbitzuen arabera, espazioen egituraketa eta beharra aldatuz joango dira». Etorkizuneko liburutegietan espazioak definitzerakoan orain arte baino malgutasun handiagoa egon behar duela nabarmendu du Urkiak. «Garrantzitsua da, era berean, espazio bat ez mugatzea erabilera bakar batera, eta gaitasuna izatea aldian aldiko beharretara egokitzeko. Horrek altzariak mugikorrak izatea eskatzen du»

Bestalde, Urkiak adierazi du orain arteko funts bibliografiko batzuk kentzen ari direla espazio berriak sortzeko. «Adibidez, entziklopediak pixkanaka kentzen ari gara». Dena den, ez dituzte guztiz kenduko. «Liburutegietako funts bibliografikoak berez dira murritzak. Tarte txikia dago kentzeko. Entziklopedien kasuan, gainera, ez ditugu guztiz kendu behar, badagoelako jendea Internet erabiltzen ez duena, eta horiek papera behar dute».

Liburuzainen egitekoak

Maestrok gogorarazi du errealitate berri horrek ez duela aldatuko liburuzainen egiteko nagusia. «Idazleen, liburuen eta irakurleen arteko bitartekariak izango gara aurrerantzean ere, eta bertan dauden liburuen aukeraketa ere egingo dugu». Horren garrantzia ikusarazi behar dutela uste du. «Irakurle batzuek esaten digute liburu elektronikoa dutela eta ez direla gehiago etorriko, ez gaituztela behar. Hori kezkagarria da». Horri lotuta, liburu elektronikoaren inguruan jaso duten prestakuntza gogorarazi du. «Beharbada, ez gaituzte beharko liburuak maileguan hartzeko. Baina beste gauza askotan lagun diezaiekegu. Adibidez, legezko edukiak doan topatzen». Bestalde, liburutegiak dinamizatzen jarraituko dutela uste du. Agotek adierazi du liburuzainek izan behar dutela liburutegien bilakaeraren «orientatzaile eta laguntzaile».

Liburuzainek irakurzaletasuna sustatzeko egin dezaketen ekarpena ere berretsi du Urkiak. «Irakurtzen duen gizarte bat gizarte kritiko eta hobe bat da». Hirurek prest ikusten dituzte liburuzainak erronka horri heltzeko: «Oso pertsona aktiboak dira. Alde horretatik, gogoz ikusten ditut. Ez da kolektibo itxi bat, berrikuntzari eta etorkizunari bizkar ematen diona, eta hori garrantzitsua da», esan du Agotek.

BERRIAn argitaratua (2015/11/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA