astekaria 2016/12/02
arrowItzuli

bizigiro

Ezkutukoa bezain erreala

Ainara Arratibel Gascon

Ezkutukoa bezain erreala

Adinean aurrera joan ahala, pertsonek sexu harremanak izateko gogoa galtzen dute. Ez dute interes bera. Gizartean oso errotua egon diren eta dauden usteak dira. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da. Desio edo interes horiek aldatu egiten dira, baina ez dira desagertzen. Beste modu batera bizi dituzte harreman horiek. Askotan, modu afektiboagoan, eta aberasgarriagoan. Izan ere, musuek, laztanek eta besarkadek askoz garrantzi handiagoa hartzen dute. Modu ezkutuan egiten dute, ordea, askotan, seme-alabekin edo zahar etxeetan bizi direlako. Beste batzuetan, oraindik ere gizarteak ez duelako errealitate hori ikusi edo onartu nahi. Baina adinekoen ongizaterako eta bizi kalitaterako ezinbestekoa da sexualki aktibo egotea.

Nagusiki hiru faktorek markatzen dute sexualitatearen garapena edo bilakaera bizitzan, baita zahartzaroan ere: biologikoak, psikologikoak eta sozialak. Biologikoak, adinean aurrera joan ahala gizakiaren gorputzak duen bilakaerari daude lotuta; psikologikoak, norberak sexualitatearen inguruan duen ikuspegi kognitiboarekin; eta sozialak, gizartean horri buruz dagoen ikuspegiarekin.

Adinekoen sexualitatearen kasuan, faktore sozialei erreparatu die Agurtzane Ormatza sexologoak, egun pisu handia dutelako oraindik. Hala, aitortu du, nahiz eta «pixkanaka» gauzak aldatzen ari diren, adinekoen sexualitatea «tabua» dela oraindik. «Teorikoki eta intelektualki gero eta argiago daukagu sexualitatea jaiotzean hasten dela eta hiltzean amaitzen dela. Baina kasua gertukoa denean, kosta egiten zaigu onartzea: adibidez, gure gurasoez edo aitona-amonez hitz egiten dugunean». Bat datoz horrekin Naroa Amiama erizaina eta Silvia Camino psikologoa eta gerontologoa. «Modernotzat dugu geure burua, baina harritu egiten gara bi adineko musukatzen ikustean, adibidez. Batez ere, belaunaldi gazteagoei kostatzen zaigu hori onartzea», esan du Amiamak. Fraisoroko zaharren egoitzan egiten du lan Amiamak, Zizurkilen (Gipuzkoa).

Urteetan indarrean egon diren gizarte ereduei, mitoei eta estereotipoei egotzi diete hori. Gizarte eredu horiei lotuta, adinekoei beraiei kosta egiten zaie beren sexualitateaz hitz egitea, Ormatzak berretsi duenez. Gogorarazi du mendeetan«pribatuan eta intimitatean» bizi izan dela sexualitatea. «Ezkutuko bizipen bat izan da. Beraz, normala da adinekoei kosta egitea beren sexualitateaz hitz egitea eta beren bizipenak azaltzea eta kontatzea». Dena den, «pixkanaka» hori ere aldatzen ari dela berretsi du Amiamak. «Gurekin, adibidez, batzuk konfiantza hartzen ari dira sexualitateari lotutako gauzak komentatzeko eta galdetzeko. Gehienetan brometan datoz, baina egiten dizkigute galderak. Nahiz eta oraindik gutxi diren».

Eredu tradizional horien beste arrasto batzuk ere sumatzen dira oraindik ere. Adibidez, mendeetan uste izan da behin alargun geratuta ezin zela beste bikotekiderik izan, eta hor amaitzen zela bizitza sexuala ere. «Oraindik ere uste horrek badu pisua, batez ere emakumeen artean. Seme-alaba askok ere ez dute ondo ikusten gurasoek beste bikotekide bat izatea», gogorarazi du Kamiok.

Bestalde, egungo gizarte ereduek badute eragina. Adibidez, Kamiok gogorarazi du sexualitatea edertasunarekin eta gaztetasunarekin lotzen dela. «Hedabideetako publizitate iragarkiek eta haien bidez zabaltzen diren mezu eta edertasun ereduek ez dute batere laguntzen. Izan ere, horien ondorioz, adineko batek baino gehiagok uste du ezinezkoa izango dela inori gustatzea; are gehiago, beren bikotekideari ere gustatzeari uzten diotela».

Estereotipoak ere ez dituzte ahaztu. «Adineko gizon bati sexualitateaz hitz egiten entzunez gero, agure lizun bat dela esaten da; eta emakumea bada, bizimodu alaiko andre bat dela», gogorarazi du Ormatzak.

Mitoei dagokienez, bi aipatu ditu Kamiok: adinean aurrera joan ahala sexu desioa galtzen dela, eta sexuaren interesa galtzen dela. Biak ezeztatu dituzte. Desioaren kasuan, adinean aurrera joan ahala, aldaketak izaten dira gorputzaren erantzun anatomiko, funtzional eta psikologikoan. Horren eraginez, gizonek denbora gehiago behar dute erekzio bat edukitzeko, eiakulazioa ere txikiagoa da, eta koito batetik bestera denbora gehiago itxaron behar dute. Emakumeen kasuan, bagina ez da horren elastikoa, bularren tamaina txikitu egiten da, eta lubrifikazio txikiagoa dute. «Adineko askori kosta egiten zaie aldaketa horiek onartzea», nabarmendu du Kamiok. Hartzen dituzten botikek ere eragina izan dezakete desioan. «Badaude botikak eragina izan dezaketenak, albo ondorio gisa. Hori dela eta, mediku eta erizainen aldetik sustatu behar duguna da zerbait sumatzen badute guri komentatzeko. Izan ere, tratamendua alda daiteke. Oraindik, dena den, gutxi dira hori komentatzen digutenak».

Desagertzen ez den desioa

Baina horrek ez du esan nahi desioa desagertzen denik. Hala baieztatu dute hirurek. «Desio hori lortzeko moduak, bideak, maiztasuna eta intentsitatea aldatzen dira, baina ez da galtzen. Mito bat da hori». Ados dago horrekin Amiama. «Adinean aurrera joan ahala, harremanak kalitatean eta afektibitatean irabazten du: jolasak, hitzak, besarkadak, laztanak... Horiek hartzen dute pisua».

Aldi berean, fisikoki eta biologikoki izan ditzaketen muga horiek lagundu diezaieke plazeraren bide berriak topatzen. Hala uste du, behintzat, Ormatzak: «Gehiago ikertzeko. Ikerketa hori oso inportantea da. Nahiz eta bide horiek topatu ezean frustrantea ere izan daitekeen». Kamiok nabarmendu du gakoa dela beren errealitatera egokitzen jakitea.

Mito, estereotipo eta gizarte eredu horiekin batera, adinekoen sexualitatea baldintzatzen duten beste faktoreetako bat da asko seme-alabekin edo zahar etxeetan bizi direla. Seme-alabekin biziz gero, zenbaitetan biloben logela berean egon behar izaten dute. Gainera, askotan seme-alabek ez dute ondo ikusten, adibidez, bikotekidea izatea edo etxera ekartzea. «Paradoxikoa bada ere, horren ondorioz esan daiteke adinekoek nerabezarora edo gaztarora itzuli behar dutela. Orduan bezala, ezkutuan ibili behar dute seme-alabek ez ikusteko edo ez harrapatzeko masturbatzen ari direnean, adibidez», adierazi du Ormatzak.

Hori kontuan hartuta, adineko gurasoei kontuak eskatzen hasi aurretik beraien nerabezaroaz gogoratzeko eskatu die seme-alabei. «Pentsa dezatela nolako amorrua ematen zien bikotekidea etxera eramateko zailtasunak zituztenean, edo nola ibili behar zuten masturbatu behar zutenean». Rol aldaketa bat gertatzen dela berretsi du Kamiok. «Adinekoek nerabeen rola hartzen dute, eta alderantziz». Seme-alabengan «jarrera paternalistak eta maternalistak» ikusten ditu Ormatzak. Hala, Kamiok oharra egin die: «Adinekoek duten eskubide bat da beren sexualitateaz askatasunez gozatzea, beste edozeinek bezala».

Alde horretatik, Ormatzak «beharrezkoa» ikusten du komunikazio zubiak eraikitzea sexualitateaz, afektibitateaz eta erotikaz hitz egiteko bi aldeen artean. «Hori oso aberasgarria da, eta askotan ikusten da bilobek hobeto ulertzen dutela aitona-amonen errealitate hori, seme-alabek baino».

Zahar etxeen errealitatea kontuan hartuta, Amiamak aitortu du bide luzea dagoela egiteko, eta oraindik ez daudela behar beste prestatuta adinekoen sexualitateari bide emateko. Adibidez, bikote bat zahar etxe batera badoa, logela berean jartzen dute. «Baina kasu horretan ere, ohe bereizietan. Ez dago bikoitzik». Egoitzan bertan sor daitezke harremanak. «Bikote ez diren bi adineko laztantzen edo musukatzen ikusiz gero, adibidez, zaintzaileek berehala jakinarazten digute. Kasu horietan, ez badago inolako arazo kognitiborik edo mentalik, eta biak ados badaude, gu ez gara sartzen». Familiek, dena den, oraindik ere «pisu handia» dutela nabarmendu du. Adinekoak ere batzuetan kezkatzen dira beren senideek pentsatuko dutenarekin. «Familiarekin duten harremanaren araberakoa izaten da hori».

Sortutako bikote berriak logela berean egon nahi dutela esaten badiete, prozesua hau da: «Senideei jakinarazi egiten zaie, baina, adinekoak ez badaude ezgaituta, azken hitza haiena da». Amiamaren ustez, egoitzan bertan espazioak edo guneak sor daitezke bikote horiek elkarrekin egon daitezen.

Osasunerako onuragarria

Intimitate faltak, senideen presioak eta gizarte eredu, estereotipo eta mitoek, beren desioari bide ez ematera eramaten ditu adinekoetako batzuk. Faktore psikologikoa da hori, beren sexualitateari buruz duten ikuspegi kognitiboari lotuta dagoena. Mugak eragiten dizkien ikuspegi hori alde batera utzi eta beren sexualitateaz gozatzera deitu dituzte, eta hori ikusgarri egitera. Argi mintzatu da bide horretan Ormatza: «Ez dezatela beldurra eduki. Alderantziz, gozatu dezatela». Ikusgarritasun horretan asko lagunduko luke, adibidez, adinekoentzako sexualitate tailerrak antolatzeak, Kamioren ustez.

Izan ere, hirurak bat datoz: adinekoen bizi kalitaterako eta osasunerako ona da sexualitate aktiboa izatea. «Fisikoki, psikologikoki eta afektiboki osasuntsu egoten laguntzen die». Horien zerrenda luzea egin du Kamiok: giltzadurak eta hezurrak hobetzen ditu, defentsak areagotu, analgesikoa izan daiteke, odolaren zirkulazioa hobetu, estresari aurre egiten laguntzen dio, alaiago egoten, autoestimu hobea edukitzen... «Gainera, sexualki aktibo egotea da desioa eta interesa ez galtzeko beste faktoreetako bat».

Zahartzaro aktibo batekin lotu du Amiamak. «Gorputzak duen beste behar bat da sexuala, eta inportantea da hori beteta edukitzea. Zahartzaro aktibo baten adierazle da. Horrek bizi kalitate on bat izaten laguntzen du, kirola egiteak eta dieta orekatu bat izateak bezala». Izan ere, pertsona gizaki «biopsikosozial» bat da, eta sexualitatea horren parte da.

BERRIAn argitaratua (2016/11/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA