astekaria 2016/12/02
arrowItzuli

mundua

SOZDAR DERIK

«Kurduon nortasuna onartzea litzateke laguntza handiena»

Jose Miguel Arrugaeta Orsola Casagrande

«Kurduon nortasuna onartzea litzateke laguntza handiena»

Mosul (Irak), Alepo (Siria) eta Raqqa (Siria) inguruko guduak dira gaur egun Ekialde Hurbileko gerra egoeraren ispilu larrienak, eta argiro erakusten dute Estatu Islamikoak ekimena galdu duela eskualde hartan. Siriaren menpeko Kurdistango fronteko lehen lerrotik erantzun zituen Sozdar Derik komandanteak BERRIAren galderak azaro erdialdean. YPG Herriaren Babes Unitateen Kontseilu Militarreko kidea da. Egunotan, Manbij (Siria) defendatzeko prestatzen ari dira milizia kurduak.

Laburbilduko al diguzu zein den gaur egun eskualde hartako egoera militarra?

Gerra gupidagabe batean bizi gara, eta erresistentzia eredugarria egiten ari gara, hasi Rabiatik eta Sinjar mendietaraino [tradizionalki, huraxe da yezidien lurraldea Iraken menpeko Kurdistanen]. Martin Rubar operazioari ekin genion, korridore bat irekitzearren Tel Abiaderaino, eta, hala, Cizre eta Kobane kantonamenduak elkarrekin lotzearren. Esan dezakegu garaipen garrantzitsuak lortu ditugula, eta herritarrak ausarki eta gogotsu ari direla eusten. YPGak eta YPJ Emakumeen Babeserako Unitateak izan dituzte buru aurrerabide horiek. Koalizioan ari gara borrokatzen SDF Siriako Indar Armatuen kontra, eta garaipen handiak lortu ditugu Siria iparraldean. Orain arte, Estatu Islamikoak [EI] ez du garaitzeko aukerarik izan guk dihardugun ezein frontetan; aitzitik, jazartzen ari gatzaizkie nonahi aurkitzen ditugularik ere.

Zu zara arduradun militarra Manbij eskualdean.

Hain zuzen ere, EIk konkistaturiko hiri bat zen Manbij, eta hainbat astez aritu ginen erasoan hura askatzearren. Borroka latzeko egunak izan ziren. Estatu Islamikoa azkeneraino borrokatu zen, bere azkeneko gizonak eta balak amaitzeraino, eta armamenturik eta unitaterik onenak erabiliz. Azkenean, garaitu egin ditugu; hala eta guztiz ere, ordea, egunoroko bizimodua ez da normaldu, eta arriskutsua da oraindik ere. Itxurazkoa eta hauskorra da lasaitasuna, baina esan dezakegu gure unitateak prest daudela edozein gorabeherari aurre egiteko. Oro har, berriz, kontrolpean ditugu Siriako lurraldeko hainbat eremu.

Interes gehiegi gurutzatzen al dira gatazkan?

Handiustea izateko asmorik gabe, EIren kontra benetan borrokatu den indar bakarra izan gara, hasieratik; eta ez soilik Sirian. Orain, esan daiteke mundu guztia dagoela nahasia gerra honetan. Batzuek beren interesen alde dihardute, beste batzuekin elkarlanean; eta badira elkarren arerio direnak ere. Asko zerbait irabazi nahian dabiltza ur nahasiko ibai honetan, eta ez dute nahi ezein naziok ebats diezazkien beren eskubide eta askatasun oinarrizkoak; nazio diodanean, kurdu, arabiar, armeniar eta turkmenistandar esan nahi dut.

Zuk esana da elkarrekin ari zaretela borrokatzen indar arabiarren kontra. Zeintzuk dira zuen politikaren eta zuen aliantzen oinarriak?

Hau ez da liskar beliko bat soilik: gerra politiko bat ere bada. Zenbait indar gure aurrerabideak ezkutatzen ahalegintzen ari dira etengabe. Kurduak eta arabiarrak elkarrekin ari gara borrokan Siria iparraldean, EIren eta Al Nusra frontearen kontra; hala ere, horren kontra daude auzo estatu batzuk, eta ez dituzte begi onez ikusten gure lorpenak eta garaipenak. Ez dugu nahi inolako istilurik ez hurbileko estatuekin eta ez estatu horietan bizi diren herriekin ere, hau da, turkiarrekin eta arabiarrekin. Harreman onak izan nahi ditugu gure auzoekin; bakean bizi nahi dugu haiekin. Ez da gure asmoa besterenak diren lurrak okupatzea. Estatu Islamikoa da gure arerioa, haren kontra borrokatzen gara, eta borrokan segituko dugu, harik eta haren mehatxua desegiten den arte. Herrien elkarbizitzan eta askatasunean sinesten dugu, eta printzipio horiek buruan ditugula borrokatzen gara; uste dugu elkarrekin borrokatuz sendotu egiten dela lur honetan bizi garen komunitateen eta nazioen arteko senidetasuna.

Hainbat hedabidetan argitaraturikoaren arabera, Estatu Batuetako eta Frantziako armadak dituzue lagun. Horri buruz zerbait esango diguzu?

Hain zuzen ere, azken urte honetan koalizioko indarrekin lan egin dugu EIren kontrako gure borrokan. Haiek, batik bat, aire erasoez arduratzen dira; eta, hala eskatu digutenez, elkarrekin lan egin dugu lurrean ere. EIren kontra diharduten indarrekin koordinaturik lan egingo dugu, beti esan izan dugunez. Argi dago gure eskumenean dagoela lurrean lan egitea; kasu horretan, herriekiko harremana baita garrantzitsuena, eta guk ongi ezagutzen ditugu bai lurraldea eta bai tokiko jendearen bizimodua. Koalizioa indartsua da, eta ondo ezagutzen du airez egin beharreko lana. Horixe esan dezaket horri buruz.

Esan al daiteke EIk militarki hondamendi handia izan duela eta ekimena ere galdua duela?

Ezbairik gabe, esan daiteke Sirian ditugun indarrek eman dizkietela kolperik latzenak. SDFren indar siriar-arabiarrekin batean, gudu hauek irabaziko ditugu: Derik, Til Hemis, Til Barak, Sedade, Gri Spi, Suluk, Ayn El Isa eta, azkenik, Manbij. Gogora dezagun 2013tik 2014ra bitartean esaten zela ezingo ginela haien kontra borrokatu eta ezingo genituela garaitu, orduan ez baikenuen haiena bezain armamentu sofistikaturik, ez eta inoren babesik ere.

Rojavako eskualde autonomoak (Mendebaldeko Kurdistan) argi erakusten du zilegi dela bestelako elkarbizitza bat sustatzea komunitateen artean. Zein ikasbide atera duzue zuen eskarmentu politiko eta militarretatik?

Bi gauza geratu dira argi gure erresistentziarekin: gure indarrak zirela bakarrak EIren kontra benetan borrokatzen ari zirenak, hura gure lurretatik urrun egozteraino. EIrentzat, porrot mingotsa izan zen; elkarrekin eta erabakitasunez borrokatzen dakien jendearentzat, berriz, garaipen handia. Iraganean, Damaskoko erregimenaren politiken eraginez, arazo asko izan ziren lurralde honetako biztanleen artean; baina, egiaz, gure nazioak mendeetan bizi izan dira elkarrekin. Bestalde, ikuspegi politiko eta sozialetik, bestelako bizimodu eta antolakuntza baterako aukerari bide eman diogu Rojavan, non jendea bere egiten ari baita demokrazia kontzeptua, bizitzaren eta edozein erabakiren hainbat alderdiri dagokionez. Jakina, ezin ukatuzkoa da oraindik ere badirela arazoak.

Zuen kasuan, ezbairik gabe, emakumeen protagonismoa izan duzue nortasun bereizgarrietako bat, are eredu ere, eskualdeko pentsamolde tradizionalistarekin alderatuz gero.

Harreman demokratikoak sexu biei dagozkie; paradigma horretatik abiaturik, bada, ez da harritzekoa emakumeek Rojavan duten parte hartzea. Emakume kurduok betidanik bete izan dugu egiteko garrantzitsua bizitza politiko, sozial eta kulturalean. Baliteke Rojavako iraultzak are ikusgarritasun handiagoa ematea emakumeei. Nolanahi ere, hainbat mendetako esklabotasunaren ondoren, emakumeon askapenaren ikur bihurtua da Rojava. Berretsi egiten du, halaber, emakumeok egiteko garrantzitsua bete dezakegula bizitzako edozein arlotan, baita EIren gisako arerio gupidagabe bati aurre egiteko orduan ere; hura ezinago bortizki borrokatu da emakumeon kontra. Kurdistanen borrokatzen ari diren emakume gazteek egunero berresten dute ez dutela burua makurtu nahi haren basakeriaren aurrean. Nazio bateko kultura eta bizitzaren parte dira emakumeak.

Horretaz jabetuak gara YPJen lerroetako emakumeok, eta oraindik jabetu ez direnak ere gizon eta emakume milizianoen arteko elkarbizitzan ari dira izaten beren eskubide eta askatasunen berri. Kurduen historian, emakumeek ere erabakiak hartu dituzte, eta sekula ez gara egon gizonengandik bereiziak, beste borroka askotan beharbada gertatu izan den moduan. Nire iritziz, Rojavako iraultzan izan dute emakumeek lehenbizikoz hainbesteko protagonismoa. Guretzat, bizitza demokratiko, aske, ekologiko eta berdinen arteko bati lotua egon da, berez, emakumeen askatasuna.

Kobane berreraikitzeko deialdi nazioartekoak apenas ekarri duen emaitza materialik praktikan.

Estatu Islamikoaren kontrako erresistentziaren ikur bihurtu da Kobane mundu osoan. Borroka gupidagabe honetan, ehunka gazte hil zaizkigu, gizonezko zein emakumezko, eta beste milaka zauritu. Ezin heroiago eta sakrifikatuago jardun dute benetan; mundu osoa izan da gogo beteko indar horren lekuko; hala ere, ia erabat suntsitu zuten hiria, bai eta hari bizia ematen dioten inguruko herrixkak ere. Ia 60.000 pertsona lekualdatu dituzte, eta etxeak arpilatu dizkiete erradikal islamistek. Zure galderari erantzunez, Kobane erabat askatu eta gero, laguntza material urria eskaini diote benetan hiriari.

EIren kontra egunero bizia arriskatzeak ematen dizuen zilegitasunaz baliaturik, zer mezu emango zenioke munduari elkartasun politikoak egintza jakin batzuk ekar ditzan?

Kobanen bakarrik ez baizik eta Rojavan bizi diren guztiak aurre egiten ari zaizkie itzelezko arazo politiko eta ekonomikoei, eta badirudi itxiak dituztela ate guztiak. Lotsagarria da munduarentzat. Rojavako biztanle guztiak —kurdu, arabiar, armeniar, turkmenistandar eta kaukasoarrak— txirotasun eta premia egoeran daude, eta, berriro diot, ez dute jaso inolako laguntzarik. Hitz asko, baina laguntza zehatz gutxi benetan.

Guk egingo dugu egin beharrekoa lur hau militarki babestearren, baina munduari eskatzen diogu lagun diezaiola gure jendeari beren biziak berregiten: haurrei, emakumeei, zaharrei, komunitate hau babestearren beren senideak galdu dituzten familiei. Guk borrokan dihardugu, baina hemen bizi den jendeak zuen laguntza behar du beren bizimodu normalari ekiteko berriro.

Eta, aldi berean, laguntza politikoa ere behar dugu Rojavarentzako estatus bat lortzeko; izan ere, Rojavako herritarrentzako edozein giza laguntzak berekin dakar onartzea gure existentzia, kurduena eta gurekin batean bizi diren beste nazioena. Kurduoi eskubide guztiak kendu dizkigute; beraz, gure nortasuna onartzea litzateke laguntzarik handiena.

BERRIAn argitaratua (2016/11/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA