astekaria 2016/12/02
arrowItzuli

gizartea

NEKANE BALLUERKA

«Ikasleekin eseri behar dugu»

Garikoitz Goikoetxea

«Ikasleekin eseri behar dugu»

Espero baino emaitza hobeak lortu ditu EHUko bozetan, eta jasotako sostenguarekin pozik dago Nekane Balluerka (Ordizia, Gipuzkoa, 1966): hirutik biren babesa lortu zuen bozetan. Parte hartzea %12koa izan zen hauteskundeetan, ikasleen parte hartze oso eskasaren ondorioz —aurreko bozetan baino handixeagoa, hala ere—. Ikasleekin kezka berezia azaldu du Balluerkak. Urtarrilean hartuko du EHUko errektore kargua.

Egun luzea izan zen herenegungoa. Zer sentsazio geratu zaizu?

Gazi-gozoa. Oso gazia, egunean gertatu ziren gauzengatik; tristezia handia neukan. Bestetik, lasaitasuna, lortutako emaitzengatik.

Bi diskurtso zenituen prest. Galduz gero zer zenuen esatekoa?

Ez dugula asmatu. Eta beste hautagaitza bat babestuko nuela. Gauza asko nituen prestatuta...

Galtzeko beldurra bazenuen?

Bai. Baneukan beldurra, bai.

Zergatik?

Ez neukalako inputik. Kanpainan ez dut aurkaririk izan. Zentro bakoitza azterketa bat da: erantzuten duzu, gauza batzuk egingo dituzula esan dezakezu, eta beste batzuk ez. Ez dakizu zer gertatuko den hor. Ikasleen artean ere ez nekien giroa zein izango zen, aldarrikapenak alde guztietatik baitzetozen, normala den moduan. %33 oso gutxi zen; %40 bat lortuz gero, ez nuen aurrera joko.

Ez zenuen kargua hartuko?

Ez. %50etik pasatzea zen asmoa. Bestela ez nuen kargua hartuko.

Parte hartzea igo egin da, baina alde handia dago talde batetik bestera. Ikasleena %5ekoa da.

Beti izaten da oso desberdina. Oso txikia da ikasleen parte hartzea. Oso urruti gaude: errektorea oso urruti dago ikasleengandik, eta hor zubi lanak egin behar dira. Hori esanda, oso pozik ikusi dut ikasle gehiago direla babestu gaituztenak zuria eman dutenak baino. Oso lasaigarria izan da.

Administrazio eta zerbitzuetako langileen artean ere, aldaketa.

Aurreko hautagaitzak diferentziaz galdu zuen. Irabazi egin da orain.

Baina parte hartzea jaitsita.

Bai. Hau izan daiteke irakurketa: aurrekoan gehiagok parte hartu zuten, baina zuri bozkatzeko, nolabait ere hautagaitza zigortzeko; orain, batzuek ez dute parte hartu, baina ez dute hautagaitza hain gaizki ikusten, ez baitute kontra egin. Balorazio ona da. Eta oso balorazio ona da irakasle ez-iraunkorrena ere —okerren dagoen kolektiboa da, nire ustez—: orain dauden egoeran, ez nuen uste irabaziko genuenik, eta irabazi dugu. Horrek esan nahi du konfiantza daukatela, eta gustatuko litzaidake erantzutea. Iraunkorren kasuan, bermea oso handia izan da.

Haztatze sistema dago: ez dute berdin balio boto guztiek. Desoreka handia dagoela uste duzu?

Bai. Desoreka handia da, bai.

Eta konpontzeko biderik?

Araudi batzuk daude, ezin direnak ukitu. Guk nahiko genukeen ordezkaritza ezingo genuke jarri. Asmoa da estatutuak aldatzea, zertxobait gehiago orekatzeko.

Zein da nahiko zenukeen ordezkaritza? Pertsona bat, boto bat?

Pertsona bat, boto bat ez dut hain argi ikusten. Segun eta zenbat denbora daramazun hemen, beste ikuspegi bat izan dezakezu unibertsitateari buruz. Ez da gauza bera lehen mailan dagoen ikasle bat, edo laugarren mailan dagoen bat, edo bizitza osoa hemen eman duen irakasle bat. Ez dut ikusten haztatzerik gabeko sistema bat. Baina badaude desoreka batzuk.

Desoreka hori ere egon daiteke ikasleen protesten oinarrian, uste dutelako haien botoan ez duela apenas balio bozetarako?

Ikasleek kontuan hartu behar dute beren botoak administrazio eta zerbitzuetako langileenak baino gehiago balio duela, eta irakasle ez-iraunkorrenak baino askoz gehiago. Kolektibo oso handia dira, baina urte batzuk ematen dituztela. Izan ere, erabakigarriak izan dira hauteskunde guztietan.

Baina bistakoa da arazoren bat badagoela. Istiluak aparte utzita ere, badago zerbait ikasleekin.

Iruditzen zait ez dutela sentitzen beren parte hartzea izan beharko litzatekeena denik. Ikasle Kontseiluko kideek egin dituzte parte hartzearen aldeko idazkiak —ez gure aldekoak—, eta hor kritikatu egin dute gobernantza estrategietan ez dutela nahi beste parte hartzen. Buelta bat eman behar zaio horri. Aldarrikapen askok oinarri oso arrazoizkoa daukate.

Errektoretzan bada autokritika?

Egon behar da, noski. Ikasleriaren errektoreordetzak izugarrizko esfortzuak egin ditu. Baina, bai, ikasleekin eseri behar dugu.

Istiluak berriro Leioan.

Oso gogorra iruditu zitzaidan, oso gogorra. Harriak, bengalak... Adierazpen askatasuna egon behar da: manifestatu behar dira, nahi dutena esan, oihukatu. Ez daude ondo gauza batzuk, eta konpondu behar dira. Baina biolentzia egon zen. Oso balorazio ezkorra egiten dut.

Bildu zara ikasle talde horiekin?

Saiatu naiz. Ikasle Abertzaleekin hitz egin dut pare bat aldiz, baina ez dut lortu komunikazioa. Gauza bat da pertsona batzuekin hitz egitea, eta beste bat, komunikatzea. Ikasle mugimenduen atzean badaude beste zenbait kolektibo, eta nik ez dut lortu. Ahalegina egin dut.

Gertatutakoaren ostean, nola dago harremana zure partetik?

Gauzak konpontzeko, harremanak ezin dira hautsi. Beti egongo naiz prest hitz egiteko.

Formak ez, baina ikasleek egindako aldarriak ulertzen dituzu?

Ez. Baina ez dudalako aukerarik izan sakon hitz egiteko; agian aukera emango balidate... Uste dut sistemaren kontrako mugimendu bat dela. Esaten didate unibertsitate kapitalista dela, burgesa, enpresekin harremana duela. EHU ez da unibertsitate kapitalista inola ere, gizarte osoaren unibertsitatea da. Beste kontu bat da gauza batzuk aldatu behar direla.

Leku askotatik babestu zaituzte.

Ez nuen espero horrelako babesa jasotzea. Sektore guztietatik jaso dut; konfiantza ematen dit horrek. Gehienek ez dute ulertu ikasleen aldarrikapena, nik bezala; batez ere formetan. Atzean egon daiteke hobetzeko zerbait.

Lehen emakume errektorea. Altzairuzko sabaia aipatu duzu.

Beirazko sabaia gutxi da. Hemen emakumeentzat oso zaila da berdintasunean aurrera egitea. Gazteetan ez dut ikusten jarrera askoz irekiagoa. Diskriminazio positiboko politikak aldarrikatu ditut.

BERRIAn argitaratua (2016/11/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA