astekaria 2016/11/25
arrowItzuli

mundua

KOLONBIAKO BAKE PROZESUA. ENRIQUE SANTIAGO. FARC-EPREN AHOLKULARIA BAKE NEGOZIAZIOETAN

«Integratzaileagoa da orain ituna; ehun neurri berri ditu»

Kristina Berasain Tristan

«Integratzaileagoa da orain ituna; ehun neurri berri ditu»

Iragan urriaren 2an sentitutako «tristura» atzean utzi, eta «baikor» da berriz ere Enrique Santiago (Madril, 1964). FARC-EPren aholkulari juridikoa izan da bake negoziazioetan eta, askoren iritziz, ezinbesteko pertsona une zailenetan korapilatuta zegoen mataza askatzeko, bereziki azken urtean. Juan Manuel Santos presidentearen gertukoek ere aitortu diote negoziaziorako dohaina, gakoa izan dela zehaztuz. Espainiako Izquierda Unida eta Alderdi Komunistako militantea, ibilbide oparoa dauka politikagintzan, baina baita abokatu gisa, bereziki, giza eskubideen alorreko hainbat auzitan; Pinocheten kontrako kereilan, CIAren hegaldien kereilan, eta Guantanamoko presoen ingurukoan hartu du parte.

Kolonbiarekin duen lotura ere kezka horretatik datorkio; Batasun Patriotikoa alderdiaren kontrako «genozidioaren» garaian joan zen aurreneko aldiz herrialdera, gazte zela, eta ordutik harreman estua dauka politikari, gerrillari eta ekintzaileekin. Bogotatik erantzun dio BERRIAri.

FARC-EPk eta Kolonbiako Gobernuak irailaren 26an sinatu zuen lehen bake hitzarmena. Plebiszitoan ezezkoa nagusitu ostean, bigarren bat etorri da. Zeintzuk dira bata eta bestearen arteko aldeak?

Integratzaileagoa eta aberatsagoa da orain akordioa, azken batean, ezezkoaren aldekoek defendatzen zituzten ehun proposamen jasotzen dituelako. Testua argiagoa da, bi zentzuzko tesiak baztertzen dituelako, hau da, oraingoak ez du aukerarik ematen interpretazio okerrak egiteko, esaterako, generoaren ideologian edo familia ereduan; aurrekoak auzitan jartzen zituztela salatu baitzuten batzuk. Egin ez dena da justizia eredua errotik aldatzen zituzten proposamenak jaso, edo gatazkaren jatorria amaitzeko adostutako neurriak baliorik gabe uztea bilatzen zituztenak; nekazaritza erreforma integrala, esaterako, edo paramilitarismoari aurre egiteko neurri zehatzak. Esan bezala, bateratzaileagoa da orain ituna, izan ere, ezezkoaren aldekoek justiziaren alorrean egin dituzten proposamenen %70 jaso ditugu. Plebiszitoan ezezkoa %0,3ko aldearekin nagusitu zela aintzat hartuta, hau da, ia berdinketa teknikoa izan zela aintzat hartuta, oraingoan akordioak kontsentsu zabalagoa izango duela pentsatzen dugu.

Konstituzioan txertatzen zen aurreneko akordioa. Orain, berriz, beste estatus bat dauka, akordio humanitario batena.

Ituna Konstituzioa aldatzera zetorrela esan zuten batzuk, baina, tira, akordioa babesteko mekanismo juridikoak bere horretan dira, eta akordio guztiei dagokien moduan, ez soilik bake akordioei, halabeharrez bete beharrekoa izango da. Konstituzioaren artikulu batean txertatu beharrean, artikulu berri bat erredaktatu da, eta testu horren puntu batek dio hiru legegintzaldiz errespetatu beharko dela hor idatzita dagoena. 2018an dira presidentetzarako hauteskundeak, beraz, 2030. urtera arte blindatuta egongo litzateke akordioa. Estatuaren betekizunak, beraz, zehaztuta daude, baita adostutakoa nola ezarri behar den ere.

Zenbateraino eman du amore gerrillak?

Gauza batzuetan amore eman du, noski; beti ere, adostasun nazional zabal bat lortze aldera eta sostengu handiagoa izate aldera.

Zertan eman du amore?

Amore eman du, esaterako, nazioarteko epaileei uko egitean, aurreko akordioan bermatu egiten baitzen hori, eta, orain, aldiz, hemengo epaileen eskuetan utzi da justizia, jakinda kutsatuago dagoela. Hala ere, nazioarteko juristak onartuko dira epaiketetan zalantzak argitzeko, nahiz eta ez duten botorik izango. Aholkulari izatera mugatuko dira; ez dira epaimahaiko kide izango. Era berean, orain arte nazioarteko zuzenbidea zen tresna juridiko bakarra, baina, orain barneko zigor kodea ere baliatu ahal izango da. Eta justizia trantsizionalaren baitan ere aldaketak izan dira; gerrillariek zehatzagoak izan beharko dute orain euren delituak aitortzeko garaian. Egiaren berri zorrotz eta sakon eman beharko dute kartzela saihesteko eta justizia leheneratzeko.

Ezezkoaren aldekoek behin eta berriz salatu dute gerrillariek prozesu honen ondorioz aske geratuko zirela, ez zutela zigorrik izango.

Ezezkoaren kanpainakoen gezurretako bat izan da. Beti aurreikusi dira hiru bide justizia egiteko, gerrillaria izan, estatuko agente izan edo zibila izan. Egia azkar aitortzen denean justizia leheneratzea aurreikusten da, hau da, kartzela beharrean bestelako zigor bideak aurreikusten dira; aitorpen hori epe luzeagoan egiten bada, auzibide bat aurreikusten da, eta kasu honetan zigorra kartzela edo lan komunitarioak egitea izan daiteke; eta, azkenik, aitorpena egiteari uko egiten zaion kasuetan, epaiketa egitea aurreikusten da, eta kasu honetan hogei urte arteko kartzela zigorrak ezarri daitezke. Eta hau esatea inportantea da itunak zigorgabetasuna sustatzen zuela salatzen zutenen aurrean. Uribe bera horretan tematu da, eta ez dugu ahaztu behar bera agintean zegoenean lege bat onartu zuela, talde paramilitarrak desmobilizatzeko legea, justizia eta bakearen 975 legea, 2005ekoa, zeinak aurreikusten zuen kartzela zigor gogorrena zortzi urtekoa zen, hortaz, %150 gogorragoak diren zigorrak aurreikusten dira orain.

Uribe aipatu duzu. Akordioaren kontra agertu da beste behin. Zer espero daiteke?

Zoritxarrez berretsi egin da gure susmoa. Ezezkoaren alde egoteko arrazoi asko dago: batzuentzat gerra negozio hutsa da, lurrak bereganatzen eta metatzen dituztelako; beste batzuentzat, berriz, bakeak zigorgabetasun estrukturala amaitzeko arriskua dakar. Zibilak, politikariak eta enpresariak daude horren beldur direnen artean, eta, bide batez, esan beharra daukat oraingoz epai bakar bat dagoela enpresa talde bat gatazkarekin lotzen duena. Eta sektore hauek badakite akordioa berresten bada justizia egingo dela. Eta, azkenik, beste sektore bati gerrak eta gorrotoak mesede egiten die hauteskundeei begira, eta, gatazka amaitzen bada, gorrotoaren politika ekonomikoa amaitzen da, eta horrekin batera izate politikoa izateko duten arrazoi nagusia ere. Inoiz ez dute aski izango, azken batean, ez dutelako bakean inongo interesik.

Azkenaldian paramilitarismoak indarra hartu du. Hainbat ekintzaile hil dituzte. Arriskuan ikusten al duzu bake prozesua?

Bai. Arriskua handia da. Beste bake prozesuetan gertatu den bezala, oraingoan ere gerra zikina jarri dute martxan prozesuaren aurka dauden sektoreek. Hainbat ekintzaile hil dituzte azken egunotan, guztiak bakearen aldeko kanpaina irmoa egin dutenak. Prozesua oztopatzen saiatzen ari dira, luzatu dadin, atzeratu dadin, hartara, itunak dakartzan neurrien inplementazioa ere atzeratzeko, paramilitarismoari aurre egiteko mekanismoak atzeratzeko. Gerra zikinaren ohiko praktika guztiak jarri dituzte abian eskura dituzten baliabide guztiekin.

Akordioa Kongresuaren bidez berretsiko da oraingoan. Ituna gotortzeko modu azkarrena eta seguruena bilatu da, ezta?

Bai. Kolonbiako Konstituzioaren 133. artikulua zalantzagabea da, eta hor dio herritarrak ordezkatzen dituztenek justiziarengan eta guztien ondasunengan pentsatzen jokatu behar dutela, erantzukizunez. Orain arteko saioetan senatari eta legebiltzarkideen gehiengoa bakearen alde agertu da, hortaz, aurreikusten da akordioa babesa jasotzea datorren asteko saioan. Azkar joango da.

FARC erreferenduma egitearen kontra agertu da hasieratik.

Bai. Gobernuak deitu zuen plebiszitua, puntu hori ez zen negoziazioetan adostutakoa. Santosen alde bakarreko erabakia izan zen. FARC horren kontra zegoen, bereziki, ohikoa delako hori horrenbeste denboraz luzatzen diren bake akordioen kasuetan. Eta, noski, arrisku bat zegoelako. Ezinbestekoa zen komunikazio politikak aldatzea, hau da, ezin duzu akordioa sinatu bezpera arte gerra diskurtso bat mantendu, eta handik hogei egunera, erreferenduma deitzen duzunerako, iritzi publikoa bakearen alde egotea espero, bereziki, aurkaria, gerra propagandaren bidez, etengabe kriminalizatzen aritu zarenean.

Argudio juridiko bat ere badago, eta da bakerako eskubidea, oinarrizko eskubide bat dela, eta bizitzarako, duintasunerako edo askatasunerako eskubideak bezala, ezin dituzula galdeketa batera eraman, berez sortzetik ditugun eskubideak direlako; ez dira gehiengo batek gutxiengo bati mugatu dakizkion eskubideak.

Zergatik hartu zuen Santosek erreferenduma egiteko arriskua?

Kalkulu politiko oker bat izan zela esango nuke, akaso hemendik bi urtera egitekoak diren hauteskundeei begira hartutako erabakia, eta ez herrialdearen interes orokorrari begira, aurkari politikoen presioen arabera jokatu zuela esango nuke.

FARCekoek politikan parte hartzeko aukera izango dute aurrerantzean. Hori bera ere salatu dute ezezkoaren aldekoek.

Bai, baina, armak hartu dituen erakunde matxino bat bake prozesu bat abiatu eta armak uzteko prest azaltzen denean, argi dago dela politikan parte hartzeko helburuarekin. Ez dugu ahaztu behar matxinadaren arrazoietako bat izan zela espazio politikoan lekurik ez izatea, non eta historikoki oposizio politikoa deuseztatua izan den herrialde batean. FARCk negoziazioen aurretik jarri zituen bi baldintzak hauek izan ziren: lehenengoa, bake akordio bat lortuz gero, hilko ez zituztela bermea, iraganean gertatu zena ez gertatzea, alegia; eta, bigarrena, politikan parte hartu ahal izateko bermea izatea. Ezezkoaren aldekoek hori ukatzeko tesia zabalduta lortu nahi duten gauza bakarra da akordioak trabatzea, hau da, bakea zapuztea.

BERRIAn argitaratua (2016/11/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA