iritzia
Ostiral beltza
Pilar Kaltzada
Hauxe da neuk gogoratzen dudan lehen ostiral beltza. Eta ez zen azkena izan.
Handik denbora batera, etxez aldatu nintzen auzune berri batera. Bizilagun berrietara ohitzeko betarik gabe, goiko pisuko zalaparta izan nuen ongi etorriko mezua etxe berrian igaro nuen lehen gauean. Garrasiak izan ziren aurrena, eta lasterketa txikiak gero, karrajuan gora eta behera, kolpe-hotsak tartean, eta negar isila azkenik. Goizean aldameneko bizilagunari galdetu nion hango berri, eta ez sartzeko esan zidan, goiko pisuko gizona arriskutsua baitzen oso. Ohitu egingo nintzela esan zidan emakumeak, eta begiak erretiratu egin zituen nireetatik, interpretatzen jakin ez nuen keinu batez. Ezin ohitu, ordea. Goiko pisuko zarata jasateko modukoa ez zenean, musika bolumen altuan jartzen nuen eta gau horietako baten entzun nuen lehen aldiz Suzzane Vegaren Luka izeneko kanta. Gau horretan neu izan nintzen negar egin zuena, isil-isilik. Poesiak beste edozein espresiobidek baino zehatzago azaltzen baitu dena; kantak modu lazgarrian azaltzen zidan zer geratzen ari zen nire buru gainean, zer gertatzen ari den gaur egun ere ehunka etxetan, besteok bestaldera begira ari garen bitartean.
Gisa bereko zenbat jazoko ote ziren Donostiara bueltan ekarri ninduen tren horretan bertan handik jaitsi nintzen arratsalde horretatik aurrera? Zenbat negar-zotinka, zenbat drama bizi izango ziren gau horretatik aurrera etxe ondoko pisuetan, edo autobusean, edo ondoko kalexka, taberna-zulo, parke edo plazatan? Auskalo. Horiek ez dira estatistikan sartzen, eta lantzean behin egiten diren galdeketetan baino ez dira islatzen. Alabaina, ez dago une horiek, edo horien parekoek, eragiten duten barne-burrunbadaren neurria ematen duen datu hotzik.
Bihar, Ostiral Beltza da. Kontsumismoaren egun sakratu berriarekin nahi izan du zoriak aurten, ironia ederrez, azaroaren 25a ere izatea, emakumeok pairatzen dugun biolentziaren kontrako egun ofiziala. Hori bai Ostiral Beltza.
Elkarretaratzeak, manifestazio eta manifestuak, irrati-elkarrizketa, telebistako erreportaje eta oraingo hau baino funtsa handiagoko iritzi-artikuluak noiznahi izango dira, biolentzia honen gordinkeriaz ohartarazteko eguna. Zenbakiek ikara eragiten dute, etxe barruan zein etxetik kanpo jazotako bortizkeriaren biktimen saldoak gerrako bajen partea irudi bailezake ohikotasunetik kanpo aztertuko bagenu. Txertatua dugu, alta, azalaren azpian, barru-barruan, eta horren sakon sartu zaigu ezen erroak bota baitituen geure baitaraino, eta kosta egiten zaigu egunero gertatzen zaizkigun asko eta asko izendapen horren barruan sartu behar ote ditugun ere jakitea.
Ni izan naiteke hurrengoa, toki okerrean ordu okerrean egonagatik. Edo zu izan zaitezke hurrengoa, tren bateko azken bagoia egokitzen bazaizu tunel luzeegian. Edo zure bizilaguna izan daiteke, edo haren seme-alabetako bat, Lukaren adin bereko umea, adibidez.
Ostiral beltz guztiak ez beltzak. Aurtengoa, alta, ikatza bezalakoa. Tunelik luzeena baino ilunagoa.