astekaria 2016/11/25
arrowItzuli

gizartea

Memoriari eta babesari oreka aurkitu ezinik

Ibai Maruri Bilbao

Memoriari eta babesari oreka aurkitu ezinik

Bada adostasun bat: indarkeria matxistaren biktimak eta haien ingurukoak babestu behar direla uste dute guztiek, eta, besteak beste, intimitate eskubidea aldarrikatzen dute. Baina Espainiako Gobernuak iaz onartutako Delituen Biktimen Estatutuak desadostasunak ere sortu ditu. Hildako biktimen kasuan, identitatea jakiteko eskubidea aldarrikatzen dute mugimendu feministako hainbat kidek, memoria, justizia eta erreparazioa lortzeko modu bakarra delakoan. Legeak, baina, ez du baimentzen. «Hildakoek ez dute eskubiderik, jadanik ez direlako pertsonak. Haien memoria baino ez da geratzen. Baina genero indarkeriak hildakoen seme-alabak eta, batzuetan, gurasoak ere biktima direla esaten du Espainiako legediak. Horregatik, haiek eska dezakete intimitatea babesteko neurriak hartzea», azaldu du EAEko Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarrak, debekuaz mintzatzean.

Intimitate eskubidearen eta informazio eskubidearen arteko talka dagoela zehaztu du. Biktimen estatutuaren arabera, adingabeen eta urritasunen bat dutenen kasuan beti gailenduko da intimitatea. «Gainontzekoetan, epaileak orekatu beharko du, betiere genero indarkeriaren biktimen intimitate eskubidea errespetatuz. Baina horrek ez du aterik ixten. Biktimek eurek izango dute zabaltzeko aukera, hala nahi badute, euren historia kontatuz».

Estatutu hori Europako Batasunak onartutako zuzentarau baten ondorio dela azpimarratu du. Esan du familiek sarri jo dutela eurengana jakinarazi den informazioagatik kexu. Horregatik, Ibarrari «zuzena» iruditzen zaio legeak ezarritako babesa. Andrea Momoitio kazetariak ulertzen du behar hori egotea, baina uste du ez dela «onargarria». Pikara agerkari digitaleko zuzendariordea da. «Zergatik dago biktima horien seme-alabak babesteko beharra? Hedabideek halako albisteak lantzeko duten moduagatik, gizartean zabaltzen diren mezuengatik. Azkenean, beti aurkitzen dute euren ustez hilketa justifikatzen duen arrazoiren bat: banandu egin zelako, edo ez zelako banandu; salaketa ipini zuelako, edo ez zuelako jarri; goizaldeko ordu txikietan ez dakit non zegoelako... Askorentzat, errua beti da biktimarena».

Ikusten du seme-alaba horiek babesteko beharra egon badagoela, baina iruditzen zaio hori ez dela bidea. «Gobernuak benetan babestu gura baditu, har ditzala genero indarkeriaren aurkako neurri eraginkorrak. Eta egin dezala lan gizartean, herritarren artean benetako kontzientzia sortzen, eta ume horiek ikasten duten eskoletan. Identitatea ezkutatzea publikoa den auzi bat pribatu bihurtzea da, eta hori ezin dugu inondik ere onartu».

Alderaketa egin du beste indarkeria mota batzuen biktimekin gertatzen denarekin. «Terrorismoarenak» aipatu ditu. «Genero indarkeriaren kasuan, familiek, seme-alabek eta lagunek ez dute elkarterik sortzen justizia, memoria eta erreparazioa eskatzeko». Momoitioren ustetan, herritarrek benetan ulertuko balute indarkeria matxista gizarte osoaren arazoa dela, ez litzateke haien identitatea babesteko beharrik egongo, gizarteak bere biktimatzat hartuko lituzkeelako. «Debekuak baino gehiago, horren atzean ezkutatzen denak kezkatzen nau: genero indarkeria familia jakin batzuen arazoa den ustea sendotzen du».

Ibarrak ere egin du bi biktima mota horien arteko alderaketa. Aitortu du Euskal Herrian «terrorismoaren biktimen» identitateak eta historiak jakinarazteak «herritarren enpatia eta babes handiagoa jasotzen lagundu» zuela. «Zein da aldea? Genero indarkeriarekin ez dela hori gertatzen. Oraindik ere estigmatizatuta daude gizartean». Miguel Lorente auzitegi medikuak eman du adibidea; Espainiako Gobernuan Genero Indarkeriarako ordezkaria izan zen Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentearen bigarren agintaldian: «Oraintsu ezagutu dudan kasu bat da. Erasotzaileak biktimari esan zion alferrik jarriko zuela salaketa. Biktimak erantzun zion, gutxienez herri osoak erasotzailea dela jakitea. Eta hau bota zion gizonak: 'Tratu txarren biktima izatea okerrago ikusita dago tratu txarren emailea izatea baino'». Hain zuzen ere, hamar biktimatik bik salaketa kentzen dute, «lotsagatik».

«Hori horrela den bitartean, haiek babesteko neurriak hartu behar dira», ohartarazi du Ibarrak. Haren ustetan, gizarteak ez du zertan geratu erail duten biktimaren kontakizun hori gabe, biktimaren senideek kontatzeko eskubidea dutelako, hala nahi dutenean. «Obligaziorik ez, ordea». Emakundek ere «ezinbesteko» ikusten du hildako emakumeak bizitza eta ibilbide jakin bat izan duela kontuan hartzea, eta indarkeriak hori «zapuztu» duela salatzea. Baina legea betetzekoa dela gogorarazi du Izaskun Landaida institutuko zuzendariak: «Uste dugu, haien identifikazioaz gain, badaudela emakume hauen erreparazioa eta aitortza ahalbidetzen dituzten beste modu batzuk».

Iaz Espainiako Biktimen Babeserako Estatutua onartu zuenetik, indarkeriaren biktima izan diren emakumeekin lanean dabil Emakunde. «Haien iritziak jasota ari gara gogoeta egiten. Hausnartzen ari gara biktima identifikatzearen ordez, zer modutan egin daitekeen aitortza edo erreparazio hori». Besteak beste, andrearen izen txikia bakarrik emanda egin daitekeen hausnartzen ari dira, edo indarkeria egoeretatik atera diren emakumeen testigantzak jasoz. «Gogoeta irekita dago une honetan».

Erasotzaileen historia

Lorentek ondo deritzo andreen memoria egiteari. Baina ez zaio iruditzen hildakoen identitatea ezkutatzeak dakarren «kalte» handiena memoria horren galera denik. «Identitatea gordetzen denean, batez ere, erasotzailea babesten da. Ez badakigu nor den hildakoa, deshumanizatu egiten da, zenbaki bihurtzen. Hala, erasotzaileak pertsona bat hil ordez, objektu bat hil duela dirudi. Hori da larriena». Horregatik, genero indarkeriari aurre egiteko eta seme-alabak babesteko, eraginkorragoa iruditzen zaio Lorenteri erasotzailearen identitatea ez ezkutatzea. «Gaur egun oraindik, andre bat hiltzen dutenean, hedabideek beti esaten dute ez dakit noren eskuetan hil dela, eta ez ez dakit nork hil duela. Badirudi hiltzaileak eskuetan hartua zuela eta berez hil dela».

Erasotzailea biktima bezain protagonista dela gogorarazi du, eta erantsi du ez duela ulertzen zergatik ez den erasotzaileaz hitz egiten biktimaz adina. «Nor den, zergatik egin duen, zer-nolako bizitza zuen... hori guztia kontatu beharko litzateke. Hori guztia jakin beharko luke gizarteak». Zehaztu du hedabideetan hari buruz auzokoek baino ez dutela hitz egiten, «zeinen gizon jatorra eta adeitsua zen esateko». Salatu du hilketa bat dagoenero emakumearen bizitza ardatz duten adierazpenak irakurtzen dituztela udalek. «Andre normalak ziren; haien biografian ez dugu aurkituko gertatutakoaren azalpenik».

BERRIAn argitaratua (2016/11/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA