astekaria 2016/11/25
arrowItzuli

bizigiro

Zabaldu, partekatu, ordaindu ©

Iker Tubia

Zabaldu, partekatu, ordaindu ©

Eman eta zabal ezazu. Baina ordainduta. Horixe da Europako Batzordearen copyright lege proposamen berriaren filosofia. 2001. urtekoa da egungo legea, eta, teknologiak hain azkar garatzen diren garaiotan, oso aspaldikoa iduri du. Orduan ez zen ez Twitter, ez Facebook, ezta Google News ere. Sare sozialak ez ziren herritarren egunerokoaren parte. Hala, eskuetatik ihes egiten dion mundu hori arautu nahian dabil Europako Batasuna. Baina proposamenak pertsona asko sumindu ditu.

Oraingoz proposamena da, eta ikusteko dago azkenean legea zertan geratuko den. Hala ere, mahai gainean dago, eta batzuen ustetan kalte egin diezaioke erraldoiak ez diren enpresei. Bruselan, indarrean nahi dute 2018rako. Orain negoziaziorako tartea dago, eta bateko zein besteko presio taldeek edukia beren mesedera hurbildu nahiko dute.

Lege proposameneko bi puntuk harrotu dituzte hautsak, batik bat. Batetik, estekaren zergak. Esteka bat paratzeak egile eskubideak urratzen dituela argudiaturik, horiek zabaltzeagatik zerbitzariek kanon bat ordaindu beharko lukete lege proposamenaren arabera. Bestetik, iragazki automatikoak. Irudi batek egile eskubideak dituela identifikatuz gero, zuzenean blokeatu beharko luke zerbitzariak. Meme kulturan oso ohikoa da Internetetik irudi bat hartu, testua jarri, eta irudi ironiko edo irrigarri bat sortzea.

11. artikuluak zehazten du esteken zerga. Horrek hogei urteko egile eskubideak sortzen ditu editoreendako. Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko lehendakariak neurriaren alde egin zuen irailean Batasunaren egoerari buruzko eztabaidan: «Kazetariek, editoreek eta autoreek beren lanarengatik bidezko ordainsaria izatea nahi dut, estudioetan zein etxean egin, on line zein off line zabaldu, fotokopiagailu baten edo webgune bateko hiperesteka komertzial baten bidez publikatuta ere». Bide beretik mintzatu zen Andrus Ansip Barne Merkatu Digitaleko lehendakariordea: «Europako sormenezko edukiak ez luke itxia izan behar, baina ongi babesturik behar du egon, batik bat sortzaileen ordainsarirako aukerak handitzeko».

Baina nori eginen lioke mesede horrelako neurri batek? Espainian eta Alemanian, esteken zerga jasota dago legez. Espainian 2014. urte hondarrean onartu zen legea. Zerga ez ordaintzeko, Googlek Google News itxi zuen. «Badirudi legea ez dela aplikatu. Legea aldatu zen, eta ez du ibilbiderik izan, Googlek ordaindu zezan egina zelako», azaldu du Jorge Campanillas abokatuak. Zuzenbide teknologikoan aditua da, eta, egoera hori ikusirik, abokatuak uste du Europako Batzordearen lege proposamena presioa egiteko modu bat dela. «Herrialde batetik joaten ahal zara, baina, 28 merkatu ixten badizkizut, 28 herrialdetan itxiko duzu, edo negoziatzen hasiko zara?».

Aipatzekoa da Alemaniako Axel Springer auzia. Izan ere, talde editorial handi horrek gerra deklaratu zion Googleri, egile eskubideengatik ordaindu ziezaion. Horri erantzuteko, Googlek talde horren barruko hedabideetako tituluetarako sarbidea mugatzea deliberatu zuen. Emaitza: bilatzailetik zetorkion trafikoaren %40a galdu zuen, eta Google Newseko %80.

Batzuen aburuz, lege proposamena bere horretan aurrera aterako balitz, mesede baino, kalte gehiago eginen luke. Hori da Mikel Lizarralde Codesyntaxeko kidearen aburua, eta, hori arrazoitzeko, Madrilgo legearekin gertatutakoa jarri du adibide gisa. «Egunkariek ez dute lortu bestelako diru sarrerarik; inork ez du ordaindu estekak jartzearren, eta erabiltzaileok Google News galdu genuen, baita Niagarank Codesyntaxen garatu genuen agregatzailea ere». Baina erabiltzaileendako bakarrik ez, enpresendako ere ez da onuragarria, Lizarralderen esanetan: «Berrikuntza teknologikoa mugatu egiten du, ezin direlako horrelako proiektuak egin».

Muga handiagoak

Europako Batzordearen mahai gainean dagoen proposamena Espainiako legearekin alderatu dute askok. AEDE kanona deitutakoarengatik, batik bat. Hori da albiste agregatzaileei estekak jartzeagatik ezartzen zaien zergaren izena Espainian. Baina aldeak ere badira bi legeen artean. Haietako bat, esteken zerga informazio agregatzaileetara ez ezik eduki plataforma eta sare sozialetara ere zabaldu nahi duela Bruselak. Horrek jomugan jarriko lituzke oraingoz legea betetzen duten hainbat atari. Adibidez, Meneame. Sare soziala direla diote Espainiako legeari izkin egiteko. Egoera aldatuz gero, ezinen lukete jarraitu hedabideetako estekak ordaindu gabe zabaltzen.

Lizarraldek uste du «marrazoen arteko borroka» dela, komunikazio enpresa handien eta Googleren arteko talka. Horrek arazo bat dakar, Campanillasen aburuz: «Handiek ordaintzea nahi duzu, eta horrek Googlek bezainbeste diru ez duten beste agregatzaile txikiago batzuei eragiten die». Lizarralde neurri horren aurka dago. «Esteka Interneteko oinarrizko ezaugarria da. Blogean ezin dut esteka bat jarri?».

Dena den, Campanillasek azaldu duenez, estekak partekatzeagatik ordaindu beharko luketenak zerbitzua ematen dutenak dira, ez erabiltzaileak. Horrek ez dio kezka burutik kendu Lizarralderi. «Googlerentzat, 150 milioi euro huskeria da, Facebook eta Twitter ere salba litezke legeak jartzen dituen mugetatik, baina enpresa txikien berrikuntza zailtzen du. Artikuluak partekatzeko sare sozial bat muntatu nahi baduzu, ezin diozu aurre egin kostu handiari».

Afera korapilatsua da. Hedabideen negozio tradizionala gain behera doa, eta nork berea defendatu nahi du. Dena den, Lizarraldek albiste agregatzaileen alde egin du: «Gauzak partekatzean ikusgarritasun handiagoa lortzen da, trafikoa lortzeko bidea da. Gero, zuk bisitariak monetizatu behar dituzu». Baina interes talka dago. «Kalitatezko eduki informatiboak balio bat du, edozein dela ere merkatura eramateko modua», esan du Simon Peña komunikazio zientzietako katedradun eta EHUko irakasleak.

Hedabideek zabalkunde bila jo dute hainbat plataformatara, baina, negozio ereduak zabaldu ahala, agregatzaile horiek ere lortzen dute ordaina. «Balio erantsirik eman gabe, etekin ekonomikoa lortzen dute». Horregatik, Peñak uste du zilegi dela hedabideek beren merkataritza kontrolatu nahi izatea ahalik eta etorririk handiena izateko. «Oreka bat egon behar du. [Proposamenaren] printzipio orokorra ulertzen dut, nahiz eta agian ez nagoen ados erregulatzeko moduarekin».

Irudi hau blokeaturik dago

Esteken zergarekin batera, bada eztabaida piztu duen beste artikulu bat: 13. On line plataformei eta hosting-ei erabiltzaileek igotzen dituzten edukien monitorizazio masibo bat exijitzen die, eta egile eskubideak dituzten edukiak zuzenean blokeatzeko. Batzuek kezka azaldu dute, adibidez, meme asko blokea daitezkeelako modu horretan. «Zerbitzuak ematen dituztenek edukiak iragazteko sistemak izateak zentsura ekar dezake. Sarearen neutraltasuna arriskuan jartzen duela uste dut», esan du abokatuak. «Jabetza intelektuala babesteko, beste oinarrizko eskubide batzuk urra ditzake: adierazpen askatasuna eta».

Lizarraldek ere kezka agertu du. «Teknologiaren ikuspuntutik zentsura bultzatzeko egin daitezkeen gauzak beldurgarriak dira; Black Mirror telesaileko atal bat egiteko beste eman dezake». Applek bere sakelakoetan kontzertu batzuetan egindako argazkiak blokeatzeko aukera ematen duen teknologia duela etorri zaio burura. Egile eskubideen aitzakiarekin, memeak-eta debekatzeko gai ikusten ditu agintariak. «Kultura egiteko modu bat ere badira memeak-eta».

Hainbat esparrutan esan dute legea berritu beharra dagoela, egungo egoera 2001ekoaren oso bestelakoa delako. Campanillasek ez du oso argi. «Arautzen hasten diren bakoitzean, okerrago izaten da, gehiago mugatzeko izaten ohi da», dio. «Babes sistema eta egileei nola ordaindu birpentsatu behar da». Peñak orekaren beharra nabarmendu du, guzien onerako: «Informazio eskubidea bermatzeko erakundeak dira hedabideak, baina, horretarako, enpresa bideragarriak beharrezkoak dira». Kontua da ea copyright lege berriaren proposamenak horretarako balio duen. Komunikazio enpresa handien interesen neurrira egina delakoan, Lizarraldek galdera edo kezka bota du: «Herritarron eskubideak nork defendatzen ditu benetan?».

BERRIAn argitaratua (2016/11/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA